GARIZUMAKO I IGANDEA

B zikloa

Genesis Liburutik 9,8-15


Egun haietan, Jaungoikoak hau esan zien Noe-ri eta Noe-ren semeei: “Hara, elkargo egiten dut Nik zuekin eta geroko zuen ondorengoekin, eta zuekin izan diren bizidun guztiekin: hegaztiekin, abereekin eta lurreko piztiekin; hitz batean: kutxatik atera eta orain zuekin diren lurreko abere guztiekin. Elkargo egiten dut zuekin, ez dela gehiago izango, lurra hondatuko duen uholderik”.
Eta Jaungoikoak esan zuen gainera:
- “Hau da nire eta zuen artean, eta zuekin diren bizidunen artean, gizaldi guztietarako Nik egiten dudan elkargoaren ezaugarria: nire ortz-adarra ipintzen dut hodeietan; eta bera izango da, lurrarekin egin dudan elkargoaren ezaugarri. Hodeiak lur-gainera bidaltzen ditudanean, ortzadarra agertuko da hodeietan, eta gogoratuko zait, zuekin eta bizidun guztiekin dudan elkargoa; eta ez da izango gehiago, bizidunak hondatuko dituen uholderik”.

ERANTZUN-SALMOA 24


LEIALA ZARA ZINTZOEKIN,
ITUNA GORDE DUTENEKIN.
Erakus neri, Jauna, zeure bideak,
adierazi zeure bideskak.
Eraman nazazu zeure egi bidetik eta argitu,
Zu bait zara nere Jainko salbatzaile,
Zu zaitut egun osoan neure itxaropide.
On eta zuzen da Jauna,
horregatik erakusten die hobendunei bidea.
Apalak zuzenbidez daramazki,
erakusten die bere bidea apalei.

San Pedro Apostoluaren epistolatik 1 Pe 3,18-22


Senide maiteok: Kristok heriotza jasan zuen bekatuengatik behin betiko -Zintzoak, zintzo ez direnengatik-, gu Jaungoikoarengana eramateko. Heriotza jasan zuen bere gorputzean, baina bizia hartu zuen berriro Espirituarengatik. Espiritu honengan joan zen bere mezua hotsegitera giltzapetuak zeuden espirituei, garai batean sinesgogor izan zirenei: Jainkoak bere eramanpena luzatu zuen garaian, alegia; Noe kutxa egiten ari zenean, eta gutxi batzuk –zortzi bakarrik- uretatik kutxan salbatu zirenean.
Orduko hura, gaur salbatzen zaituzten Bataioaren iduri da; eta salbamen hori ez da gorputzeko zikin bat garbitzea, baizik Jaungoikoagandik bihotz garbia iristea, Jesu Kristoren menpean ezarriak izan bait dira aingeruak, aginteak eta indarrak; eta orain, zerura igo ondoren, Jaungoikoaren eskuin-aldean dago.

EBANJELIOA


Gizona ez da ogiz bakarrik bizi,
Jaungoikoaren ahotik ateratzen den
Hitz guztitik baizik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,12-15


Aldi hartan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus. Berrogei egunez egon zen basamortuan, eta Satanasek tentaldian jarri zuen; basapiztien artean zegoen, eta aingeruak zituen serbitzari.
Joan bahitu zutenean, Jesus Galileara joan zen, Jaungoikoaren berri ona hotsegitera; honela esaten zuen:
- “Ordua bete da, hurbil da Jaungoikoaren errreinua.
Bihotz-berri zaitezte eta sinets Berri Ona”.


Homiliak

Adiskideok, Garizuman sartu gara. Eta horrek erabat berritu digu Liturgiaren giroa. Pazkora begira jarri gara, Pazkoa baitu helburu Garizumako ekintzak. Jesu Kristoren misteriora bilduko gara, beraren Pazko askatasuna bizi eta jasotzeko.

Hausterre egunean, joan zen asteazkenean, Hitzak dei egin zigun indar ikusgarriz, atzeratu ezin daitekeen gonbita eginez: Sinetsi, bihotz-berritu! Zer da guretzat gaur sinestea, bihotz-berritzea? Zer eskakizun eta zer dohain ditu gaur niretzat Jainkoaren deiak?

Garizumaren hasieran, bakoitzak eta denok geure bizitzari begiratu behar diogu. Eta begiratu, sakon eta serio, gainera! Geure izaeraren sustraietara itzuli behar dugu, geure onera etorri behar dugu. Jesus bezala, Jainkoaren elkargoaren basamortura itzuli behar dugu, han Jainkoarekin topo egiteko. Basamortuko prueba hori bizi behar dugu, geure bizieraren oinarriak pozteko. Garizumak, bere sakonean, Jainkoaren elkargora erakartzen gaitu. Jainkoaren maitasunera. Izadia bere onean jartzen duen Jainkoaren onginahira. Jainkoaren bakezko begirada horrek sendatuko digu gure bizitzaren laztasuna.

Ez ote genuke Garizuma hasi beharko, geure izateari eta gure inguruari begirada berri bat botaz? Nola begiratzen diogu geure buruari, nola izadiari, nola lagun hurkoari? Guztiaz nagusitu nahi amorratu horrek, ingurukoak geure probetxurako erabili nahi itsu horek, geure burua jainkotu nahi ustetsu horrek, geure bizitzaren neurriak galtzera ekarri gaitu. Eta, hala ere, Jainkoak adiskidetasun gozoan nahi gaitu. Jainkoak izadiarekin egindako elkargo baketsu horretan zoriontsu nahi gaitu.

Horrexegatik ikusten dugu Jesus izadiaren bakardadera etorrita. Hantxe abere artean, gizakion desarmoniaren prueba latza igarotzen. Izan ere, Jesusen nekaldia eta heriotza, gizakia berriro ere bere onera eta bere bakera ekartzea izango baita. Etsaiak dena hautsi eta bere onetik atera nahi du. Jesusek tentaldia garaituko du. Jesusek berriro ere adiskidetasunaren eta elkargoaren ortzadar koloretsua jarri nahi du gizakion bihotzetan. Bai, Jesus ortzadarraren bakea, erreinuaren elkartasun berria, hots egitera etorri da. Jesus da garai berrien profeta. Berriro ere galdera bera da erabakiorra: Nor da Jesus, zer da Jesus, nire bizitzan? Jesus hori ezagutzea da Garizuma, labur esanda.

Hau inportantea da egiaz. Kristau izatea ez baita izadiarekin onean aurkitzea, armonia baketsua lortzea, ez. Mesiasekin topo egin dugu, eta berak Jainkoaren maitasunaren sakontasun hondogabera eramaten gaitu. San Pedrok bigarren irakurgaian esan digun bezala, jabetu zaitez zer goazen ospatzera Garizuman eta Pazkoan: Jesusen heriotza-piztuera askatzaileak, geure bataioa, Jainkoak Jesusengan egin duenaren harridura sineslea. Erreinuaren bihotzera ekarri gaitu Garizumak.

Baina... honek guztiak zer esan nahi du gaur niretzat? Aurrena, maitasunaren basamortura erretiratu behar dugula Garizuma honetan. Kanpora oso isuriak bizi gara. Barnetasunaren premia ikusgarria bizi dugu, ezeren premiarik bizi baldin badugu. Geure barruari beldur diogu. Eta begira: ezer berririk egin edo aurkitzekotan, ezer ederrik burutzekotan, barrutik hasi behar dugu. Barruan ez daukaguna ez zaigu kanpotik etorriko. Garizumak barrurako deia egiteak ez gintuke asko txokatu behar.

Baina, beharbada galdetuko duzu: barrura zertarako sartu, ordea? Aurren-aurrena, Jesusekin topo egiteko! Zenbaitentzat aski izaten da bizitza bake eta ordena pixka batekin bizitzea, bizitza bere onean edukitzea. Guretzat ez da hori aski. Jesusekin aurrez aurre jartzen gaitu Garizumak elkargoaren basamortuan. Garizuma honetan begiz begi begiratu behar diot Jesusi, begiak bajatu gabe, hari begira luze iraun. Eta Jesusen begirada horretan, Jainkoaren maitasun hondogabea ezagutu behar dut. Sinetsi behar dut Jainkoak bere Semea eman duela heriotzara niregatik. Jesusekin begiz begi egon, eta nire barruko bekatua ikustearen lotsa ere onartu behar dut. Eta neure bekatua gainditzen duen Jainkoaren errukia gozatzera iritsi. Berez lotsa behar lukeena, errukia bihurtu zaidala ikusi behar dut pozik.

Bigarrenik, basamortuko bakardade horretan, Jainkoaren bihotz berarekin egin behar dut amets. Maite nauela ikusi nahi dut. Garizumako penitentzi giro neurritsuak horixe adierazi nahi du: bizitzaren sastrakarte nahastutik atera eta isilune bat egin nahi dudala, Jainkoaren bihotzaren maitasuna ikusteko eta gozatzeko. Bizitza arduraz eta kezkaz josia daukagu, eta nolabaiteko toki gordea bilatu behar dugu Garizuma honetan, Jainkoarekin aurrez aurre, begiz begi, bihotzez bihotz, luze egoteko.

Hirugarrenik, beste pauso bat eman behar dugu. Jesusek Aitaren maitasun ikusgarria azaltzen digunean, gure bihotzak errenditu beharra dauka. Maitasun horrek bere testigantza odolez emango digu. Eta maitasun odolezko horrek zeure egiaren aurrean eta lagun hurkoaren aurrean utziko zaitu. Zeure barrua maitatua sentituko duzu, azkeneraino maitatua. Jainkoak zaren bezala, zeure txikian, maite zaitu. Jainkoak zaren bezala onartzen zaitu. Jainkoak odoletaraino maite zaitu, adiskidea! Eta Garizumak, Jainkoaren maitasuna erakusten digulako, ingurukoen sufrimendua maitatzera eramaten gaitu. Besteen sufrimendua zeure sufrimendu egiten duzunean, orduan badakizu ez duzula bilatzen zeure bizitza gozatzea bakarrik, zeure bizitzan ordenan egotea bakarrik. Orduan badakizu Jainkoaren munduarekiko grina maitale horretan sartu zarela. Orduan badakizu Erreinuaren Pazkoan sartu zarela.

Orain ospatzera goazen Eukaristia ere, fedea sustatzeko aukera eder askoa da. Jainkoak eskuerara jartzen digun maitasunaren agiria jaso behar dugu. Baketu ditzagun gure bihotzak Jainkoaren maitasunean.


Iñaki Beristain (2015-2-16)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 12-15)

Berriro ere Garizumara etorri gara. Pazkorako bideari ekiten diogu itxaropenez. Garizumak dakarren deia esnatzeko deia da, Jaunari begira jartzeko tronpeta-dei ozena. Denbora askoan beste gauza batzuetarako gonbita ikusi izan dugu Garizuman. Dena tristetzen zen, dena atsekabetzen, dena iluntzen. Penitentzia eskatzen zen, bizitzaren alderdi gozoak uztea, nolabaiteko zigorpean sartzea, zigorrak azkenean on egingo zigulakoan. Festa itzali eta dolu garaia hasten zuen Garizumak.

Garai horiek joan ziren, zorionez! Gauzak onez ulertuz gero, bistakoa da Garizumak baduela bere tonu berezia, baina ez prexixo triste eta morea. Garizumaren tonu berezi hori egoki azaltzen duela uste dut «basamortu» hitzak. «Basamortuan geratu zen Jesus berrogei egunez». Baina, hemen ere «basamortu» hitz horrek esanahi desber­di­nak izan ditzake, eta ez denak egokiak. Ikus ditzagun batzuk.

«Basamortuak» gizartetik aldentzea esan nahi izango balu, ez litzateke gure kasurako egokia izango. Garizumak ez gaitu gizartetik aldentzen. Garizuma ez da iheslaria. Garizumako «basamortua» gizarte-bizitzaren barruan gauzatu behar da. «Basamortuak» bizirik eza adierazi nahi izango balu, ez da Garizumakoa. Garizumak bizia bilatzen du, ezer bilatzekotan. Garizumako «basamortua» bizitzeko da, ez heriotzaren lehorra eta agorra eskaintzeko.

Beraz, zer esan nahi du gure «basamortu» honek? Nik inolako zalantzarik gabe esango nuke, intimitatea adierazi nahi duela. Jesusek, basamortu-esperientzian, intimitate-esparru bat sortu nahi du. Aitarekin egoteko esparru gode eta isila. Bere barruko egiarekin topo egiteko isilune eta bakardade adierazgarria. Jesusentzat basamortua ez da tristea, maite duenarekin jardutea baizik. Eta bere barruari bizi-mezua eskaintzea. Jesusek bere Aita eta bere barruaren aztarnak ulertu nahi ditu «basamortuan».

Guk ere Garizumako «basamortua» behar dugu. Guk ere isilunea eta bakardadea sortu beharra daukagu bizi garen eta ari garen lekuan. Izan ere, denbora asko dugu Jainkoak zer esaten eta zer eskatzen digun ulertu ezinik. Denbora asko dugu geure barruaren eskabideei tankera hartu ezinik. Hainbeste zarata dugu inguruan! Hainbeste zarata barruan! Ezin dugu, eman eta esan nahi zaigun mezua entzun eta ulertu. Baina zerbait esaten zaigula badakigu ondo asko.

Goazen, beraz, «basamortura». Goazen geure barruaren soinuak aditu eta irakurtzera. Goazen geure barruaren maitasun-eskabideei erantzun egokia ematera. Goazen geure buruari kasu egitera. Goazen barruan xuxurlatzen zaizkigun maitasun-hitzei jaramon egitera. Geure barrua haserre eta mezu gozorik gabe dugun bitartean, ez dugu onik izango gure bizitzan. Barru minduaren errotan minez pasatzen den guztia mina areagotzeko izango da, ez barrua pozteko.

Goazen, beraz, «basamortura». Goazen Jainkoaren Hitzaren eskolara. Han eta hartan ikasiko dugu Jainkoaren hitz gordea irakurtzen eta ulertzen. Jainkoaren Hitza ez da Garizumako zigorra, bizitzari sentidua ematen irakasten digun dohaina baizik. Eta Garizuman gure Jainkoak asko dauka esateko, asko dauka komunikatzeko, asko irakatsi eta erakuteko. Jainkoaren Hitza da Garizuma ospatzeko «basamortu» argizkoena.

Aspaldian «basamortutik» irtenda gabiltza: karnabalak, politikoen mitinak, hainbeste eskaintza eta promesa... Itzul gaitezen geure bizitzaren egiara. Berriro ere argizta ditzagun gure barruko zoko itzaliak. Berriro ere aurki dezagun bizi eta jasaten dugunaren sentidu argizkoa. Berriro ere jaso dezagun pozaren arrazoi sakona. Bizitzea dugu bokazio eta bizitzea da Garizumak bilatzen eta eskaintzen diguna. Garizuma ez baita Garizuman bukatzen, Pazkoaren argitan baizik. Berrogei egun dira Garizuman. Poz luze eta azkengabea Garizumaren elkarrizketa maitasunezkoan. Intimitatearen ordua dugu. Ondo etorriko zaigu, oso ondo!


Iñaki Beristain (2015-2-19)