URTEAN ZEHAR XXXII IGANDEA
B zikloaErregeen liburutik 1 Erg 17,10-16
Egun haietan, jaiki zen Elias, eta Sareptara joan zen. Hiriko ateetara iritxi zenean, emakume alargun bat zebilen han, zotzak biltzen. Eliasek deitu, eta esan zion:
- ‘Ekatzu ontzian ur piska bat edateko’.
Eta bila zihoala, atzetik oihu egin zion:
- ‘Ekatzu ogi-zati bat ere eskuetan’.
Harek erantzun:
- ‘Ala Jauna, zure Jaungoikoa! Ez dut ogirik; eskutada bat irin besterik ez daukat katilu batean, eta olio piska bat olio-ontzian, hain zuzen, oraintxe nindoan zotzak biltzera, neretzat eta nere semearentzat opila egiteko; hura jan, eta hil gaitezen’.
Eliasek esan zion:
- ‘Ez izan beldurrik; joan eta egizu esan duzuna; baina egidazu lehenbizi neretzat sut-opil txiki bat, eta ekar ezaidazu; zeuretzat eta zure semearentzat gero egingo duzu. Hau bait dio Jaunak, Israelgo Jaungoikoak: “Irinik ez da ahituko katiluan, ezta oliorik agortuko ere olio-ontzian, Jaunak lur-gainera euria bidaliko duen egunera arte”’.
Joan zen emakumea eta egin zuen Eliasek esana; eta jan zuten Eliasek eta ama-semeek; eta harrez gero ez zen irinik ahitu katiluan, ezta oliorik agortu ere olio-ontzian, Eliasen ahoz Jaunak esan zuen bezala.
ERANTZUN- SALMOA 145
GORA JAINKOA, EGIN KANTU,
BIHOTZ HAUTSIAK BIZTEN DITU.
Atzilotuak Jaunak askatzen ditu,
itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
Konkor daudenak Jaunak ditu zutiarazten,
zintzoak Jaunak ditu maitatzen.
Arrotzak Jaunak ditu zaintzen,
umezurtz eta alargunak laguntzen.
Errege izango da Jauna sekuletan,
zure Jainkoa, Sion, menderen mendetan.
Ebertarrei egindako epistolatik 9,24-28
Kristo ez zen sartu giza eskuz egindako Santutegi batean, egiazkoaren antzera egindakoan baizik, zeruan bertan; orain gure alde Jaungoikoaren aurrean bitarteko dugularik. Eta ez du bere burua askotan eskaintzen, apaiz nagusia besteren odolarekin Santutegian urtero sartzen zen bezala; horretarako askotan hil beharko zukeen, munduaren hasieratik; baina orain, garaiak bete direnean, behin bakarrik agertu da, bere burua opari emanez, bekatua ezerezteko.
Eta gizonentzat behin bakarrik hiltzea erabakia dagoen bezala eta gero auzia, era berean Kristok, askoren bekatuak kentzeko, behin bakarrik eman zuen bere burua opari; bigarren aldiz, bekatuarekin zerikusirik gabe agertuko zaie Beraren zain daudenei, haiek salbatzeko.
ALELUIA Zorionekoak, gogoz behartsu direnak;
berena dute-eta zeruetako erreinua. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 12,38-44
Aldi hartan [honela esaten zion Jesusek jendeari:
- “Kontuz ibili idazlariekin! Jantzi ederretan ibili nahi izaten dute; enparantzetako agurrak, sinagogetan aurreneko aulkiak, eta afarietan lehenengo jarlekuak nahi izaten dituzte; eta otoitz-luze aitzakiatan, alargunen ondasunak iresten dituzte. Horrelakoen epaia zorrotzagoa izango da”].
Dirutegiko atabaka aurrean eserita, Jesus jendeari begira zegoen, atabakara txanponak nola botatzen zituzten. Aberats askok ugari botatzen zuen. Etorri zen alargun behartsu bat, eta txanpon bi bota zituen. Ikasleei deituta, honela esan zien:
- “Benetan diotsuet: Alargun gaiso honek, atabakan botatzen duten beste guztiek baino gehiago bota du. Beste guztiek, gehiegi zutenetik eman bait dute; honek, ordea, beharrezko zuenetik, bizitzeko zeukan guztia eman du”.
Homiliak
Harra hor, ba, Ebenjelioko bidea eta biziera nondik doazen. Eta, ondorioz, horra hor kristauren bideak eta bizierak nondik joan behar duten. Pentsatzekoa da, nolanahi ere, ez dugula behar adina eskertuko Jainkoaren Hitza edukitzea. Zergatik ezen, zer eta nolakoak izango ote ginateke, Jainkoaren Hitzak bere bideetara erakarriko ez bagintu?
Hau guztia zergatik diodan? Ez al dituzu entzun Ebanjelioa eta lehenengo irakurgaia?: Berri Onaren bideak eta Jainkoaren presentzia, behartsuaren eta bihotz handikoaren eskuetan gertatzen dira soilik. Eta, egia esan, gizartearen bideak eta erantsi nahi zaizkigun jokamoldeak ez doaz behartsu eta bihotz handiko izatearen bidetik. Eta Igandero Jainkoaren Hitzak bideratuko ez bagintu, seguru asko gizartearen bideetara moldatuko eta egokituko ginateke, eta horregatik diot eskertzekoa dela Jainkoaren Hitza entzun ahal izatea.
Lehenengo irakurgaian agertu zaigun alargunak eta Ebanjeliokoak ba ote dute ezer berdinik?! Biak berdinak direla esango nuke nik. Biak alargunak dira. Biak behartsuak, ez daukate ezer handirik. Eta biak bihotz handikoak. Eta, nik uste dut oker-beldurrik gabe esan daitekeela, bihotz handiaren neurria, behartsuak bakarrik dakiela ematen. Behartsu ez denak beste gauza eta neurri asko erakutsiko ditu: daukanaren neurria, denaren neurria, bizi duen erlijioaren neurria, bere buruaren handitasun-neurria...
Ebanjelioak margotu dizkigun idazlariei begiratu besterik ez daukagu: ez dira diruz aberatsak, ez daukaten gauza ugariaz. Erlijioz dira aberatsak, eta erlijio-bizieran bizi duten maila hori jendeak txalotzea nahi dute. Jantzi luze eta dotoreak eta jarlekuak eta agurrak eta... horiek denek beren irudi handizalea gordetzen dute azpian. Eta, bere burua handi nahi duenak, beti bihotz txikia du: "Alargunen ondasunak irensten dituzte" esan du horietaz Ebanjelioak, bihotz txikia dute.
Begira iezaiezu, aldiz, alargun biei. Zein baino zein pobreak! Batek egun bat justu bizitzeko adina dauka, ez gehiago. Besteak, berriz, tenpluko atabakan botatzeko txanpon bi besterik ez dauka. Eta, hain gutxi daukate eta, ezin ba asko eman! Asko eman?! Ikaragarri! Dena eman dute. Zeukaten dena, eta ziren dena! Hori da bihotz handia, behartsuaren bihotz handia!
Baina, nik uste hemen galdera bat behintzat sortzen zaigula: beste zerbait beharko da horratio, hain pobre izaten ausartzeko! Nola eman daiteke dena eta berak hain pobre geldi!? Ederra galdera! Jainkoa dute bai batak eta bai besteak beren ondasun oso eta betea! Eta ez dute beste ezer gainetik eta aurretik jartzen. Jainkoarengatik dena uzteko prest zeuden, harengan sinesten zutelako. Eta Jesusek jokabide horixe jarri digu eredu eta jarraibide. Alargun defentsa gabeko eta pobre hauen jainkozaletasuna eta bihotz handia dugu eredu eta jokalege! Ez dago beste biderik!
Seguru asko, gauzak horrela baldin badira, tokitan gabiltza, ezta?! Ba, Jesusek esan diguna ez genuke ahaztu behar: "Kontuz ibili idazlariekin!". Kontuz ibili besteak baino hobeak sentitzen direnekin. Kontuz ibili beste guztiak beren irudiaren gurtzaile bihurtzen dituztenekin. Kontuz ibili on-ustetan bizi direnekin! Kontuz ibili 'satisfetxo' sentitzen direnekin. Kontuz ...
Jokalege horien guztien kontra, dena Jainkoaren eta lagun hurkoaren zerbitzura jartzea eskatzen zaigu. Horixe dugu geure zorion "Zorionekoak gogoz behartsu direnak...". Ez zaigu asko ematea eskatzen, besteentzat izatea baizik. Besteentzat bizitzea. Besteen beharretatik zintzilik bizitzea. Bihotza libre eduki geure gauzez, besteentzat tokia izan dezagun geure bihotz horretan! Ez ote dugu ikasiko elkartekoak garela, elkarrentzakoak. Eta elkar zerbitze horretan Jainkoa bera ari garela zerbitzen! Ez ote dugu ikasiko gurea ez dugula geuretzat. Guri eman zaiguna guztientzat eman zaigula. Ez ote dugu ikasiko Jainkoa gurtzeko atabaka hori lagun hurkoaren beharra dela. Eta han geure dena bota behar dugula!? Ez ote dugu ikasiko!
Hor daukagu, gailur argitsu, Kristo beraren jokabidea: "bere burua opari emanez agertu da". Hemen daukagu horren adierazgarri Eukaristia. Jauna emana, besterentzat zerbitzu bihurtua. Eta azken batean, honetan guztian eskatzen zaiguna, zera da: ez dituela gaurko munduak eta gaurko Elizak, gizon edo emakume onak eta zintzoak eta behar lehen-mailan, gizon eta emakume zerbitzariak behar dituela. Beren bizieraz eta izateaz gaurko behartsuak eta Jainkoaren maiteak zerbituko dituzten gizon-emakume fededunak. Ez dezagun gure neurria, jantzi edo otoitz edo itxura edo moral edo izen edo satisfakzio maila horietatik neurtu. Egiazko neurria zerbitzuaren eskutik emango dugu.
Goazen Eukaristia ospatzera. Zerbitzuaren mahaia. Hitz honek hor aurkituko du bere egintzazko egia. Jainkoa gizakiaren atabakan bere bizi handiaren poza botatzen ikusiko dugu. Eta hori aski dugu guk ere geure jokabidea ikasteko.
Iñaki Beristain (2015-11-2)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 12, 38-44)
Gaurko ebanjelioak, erabat Jesusena den jarrera eta moldea erakusten digu. Alde batetik, tenpluko gidarien jokamolde harroa daukagu eta, bestetik, alargunaren jokamolde apal eta bihotz handikoa. Alde batetik, erlijioaren erabilera interesatua eta, bestetik, Jainkoaren aurrean maitasuna eta apaltasuna erakusten duen jokaera garbia. Eta Jesusen aukera zalantzarik gabekoa da.
Gaur esaten da erlijioak galdu duela garai bateko prestigioa, eta egia da hori. Hala ere, ezin gintezke inuzenteak izan, pentsatuz erlijio-molde guztiak garbiak direla. Oraindik ere erlijioak balio du kontzientziei eragiteko, eta horretarako tentazioak ez dira gaur ere falta. Gaur, oraindik ere, erlijioak izan dezake eta badu nolabaiteko boterea, garai batean baino estaliagoa bada ere.
Jesusen oharra eliz gidarientzat doa. Ezin daiteke erlijioa erabili, Jainkoa erabili, geure buruaren promozioa egiteko, txaloak bilatzeko, jendearen harrera ona gozatzeko edo pobreez aprobetxatzeko. Jainkoarekiko harremanak bestelako posturak eskatzen ditu, bestelako apaltasuna, bestelako zerbitzu-jarrera.
Eta jarrera garbi hau erakusteko, Jesus alargun baten bihotz handiaz baliatzen da. Alarguna da, horrek adierazten duen babes-eskasia guztiarekin. Pobrea da, ez dauka ezer. Bihotz handikoa da, daukan guztia ematen baitu, bizitzeko daukana. Eta alargun honen apaltasun bihotz handiko horretatik ateratzen ditu Jesusek kristau-bizitzarako ikasgai nagusiak.
Lehenengoa, Jainkoak ez dituela gure irizpideak erabiltzen Elizaren egintza bere neurri onean baloratzeko.
Bigarrena, Kristau-liturgiak erakusten duen Jainkoarekiko entrega beharrezkoa dela; baina ezer gutxitarako balio duela, horrek pobreekiko sentiberatasuna eragiten eta ugaltzen ez badu.
Hirugarrena, guk sarri handitasunera eta ikusgarritasunera jotzen dugula geure kultuan, baina Jainkoak bihotza begiratzen duela, pertsonaren barrukoa. Laugarrena, maitasuna neurtzeko garaian, Jainkoari ez zaizkiola asko inporta gure opari eta sakrifizio handiak; eguneroko txikian mamitzen dela benetako maitasuna. Zerrenda hau asko luza daiteke, baina ez al da nahikoa?
Jesusen logika eta dinamika propio honetan sartzeko, alargunaren xumetasuna behar da, bihotz tolesgabea. Bere beldurrei bueltak ematen gelditu gabe (ez daukat jateko, ez daukat biharko...), uste on izan, konfiantza izan. Ai gure beldurrak!: errealista izan beharra dago, etorkizuna ere prestatu behar da, ez dago gauzak inprobisatzerik... Beldurraren argumentu eta burutazio kaskarrak!
Ez ote dugu oraindik ere ikusi Jesusen Jainkoa askoz handiagoa eta bihotz-zabalagoa dela? Beti dena kontrolatua eduki nahi dugu, dena eskura, dena seguru. Zergatik ez gara ausartzen konfiantza izatera?
Nire bizitzan, baina, zer esan nahi du konfiantza izateak? Akaso nire habi beroak uztea. Desinstalazioa. Akaso, beldurra ematen didan lan horretan arriskatzea. Berria eta kontrolatu gabea den zerbait berritan abiatzea. Neuk gobernatuko ez dudan zerbaitetan zerbitzatzen jartzea. Neuretzat eskas antzean daukadan diru hori pobreen alde erabiltzea. Ez dakit, baina bakoitzak ezagutzen ditugu geure beldurrak eta geure gordeleku eta gotorlekuak.
Garbi geratzen da konfiantza dela honen guztiaren giltza. Nola eman lezake ebanjelioko alargunak bizitzeko daukana, norbaitek zaintzen duela uste ez badu. Dena emateko konfiantza behar da bihotzean. Kristau-konfiantzak Jainkoaren hurbiltasunaren esperientzia sakona eskatzen du.
Gure Elizak ere askotan dena ongiegi antolatua dauka, arriskurako tarte gutxirekin. Kristau bakoitzak ere horrela joka dezake: dena lotua, dena ziur, eta azkenean konfiantza izan beharrik ez! Baina kristauaren neurria eta bizi-kalitatea konfiantzak erakusten du. Kontua ez da asko edukitzea. Kontua da konfiantza izatea!
Iñaki Beristain (2015-11-2)