ABENDUKO II IGANDEA
B zikloaIsaias profetaren liburutik 40,1-5.9-11
“Poztu, poztu ezazue nere herria”
-dio zuen Jainkoak-.
“Mintza bihotzera Jerusalemi, oihu egiozue:
betea duela morroi-aldia,
ordaindua gaiztakeria;
Jaunaren eskutik hartu duela,
bekatu guztien ordain betea”.
Mintzo bat ari da oihuka:
‘Urra ezazue basamortuan
bide bat Jaunarentzat;
zelaitu eremuan
bide zabal bat gure Jainkoarentzat.
Gora daitezela haranak,
behera, mendi eta muinoak;
berdin daitezela malkarrak,
zelaitu lur-maldak.
Eta Jaunaren aintza agertuko da,
eta gizaki guztiek ikusiko dute
-hala esan du Jaunaren ahoak!-‘
Igo mendi-gailurrera, Siongo mezularia;
egin deiadar haundi, Jerusalengo mezularia;
egin deiadar, ez izan beldurrik.
Esan Judako hiriei:
‘Hara hemen zuen Jaungoikoa,
hara, indarrez jantzita dator Jainko Jauna,
eta bere besoa nagusi da.
Hara, Berekin dakar saria,
eta bere aurretik, irabazia.
Artzaiak bere artaldea bezala du zaintzen,
eta bere besoaz biltzen.
Axuriak altzoan ditu hartzen,
eta ardi-amak samurki eramaten’.
ERANTZUN SALMOA 84
JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU,
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Entzungo dut Jainko Jaunak dioen hitza:
“Bakezkoa da Jainkoaren hitza”.
Hurbil zaie haren beldur direnei salbamena:
gure lurrean Haren aintza biziko da.
Onginahia eta leialtasuna elkarren bidera aterako dira,
zuzentasuna eta bakea laztanka biziko dira.
Lurretik erneko da leialtasuna,
zerutik begira egongo zuzentasuna.
San Pedro Apostoluaren epistolatik 2 Pe 3,8-14
Senide maiteok: Hau da zuek ahaztu behar ez duzuena: Jaunarentzat mila urte bezala dela egun bat, eta egun bat bezala, mila urte. Jauna ez da berandukorra agintzaria betetzen, batzuek hala uste badute ere; baizik eramanpena du zuekin; ez bait du nahi inor galtzerik, guztiok bihotz-berritzea baizik. Jaunaren eguna lapurra bezala etorriko da. Orduan zeruak zaratotsez bukatuko dira; lur-gaiak sutan ezereztuko dira, eta lurra eta bertako gauza guztiak kiskaliko.
Gauza hauek guztiak honela ezereztu-beharrak direnez gero, zeinen santu eta jainko-zale izan behar duen zuen bizitzak!
Itxaron ezazue eta aurrerarazi Jaunaren egunaren etorrera; egun hartan zeruak sugarretan ezereztuko dira, eta lurgaiak erre eta urtuko. Guk, ordea, Jaunak agindu bezala, zuzentasunaren bizileku diren zeru berriak eta lur berria itxaroten ditugu.
Beraz, hauek itxaroten dituzuela, senide maiteok, ahalegin zaitezte, Jainkoak bere aurrean garbi eta errurik gabe bakean aurki zaitzaten.
ALELUIA Urra ezazue bidea Jaunarentzat,
zuzendu haren bidexkak;
eta ikusiko dute guztiek Jaungoikoaren salbamena. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 1,1-8
Jaungoikoaren Seme Jesu Kristoren Ebanjelioaren hasiera. Isaias profetarenean honela dago idatzia:
Begira,
hor bidaltzen dut Nik mezularia zure aurretik,
Zuri bidea prestatzera.
Mintzo bat oihuka ari da basamortuan:
‘Urra ezazue bidea Jaunarentzat,
zuzendu haren bidexkak’.
Hala agertu zen Joan basamortuan, bataiatzen eta bihotz-berritzeko bataioa hotsegiten, bekatuen barkamenerako. Judeatik eta Jerusalendik harengana joaten zen jende guztia; haiek aitortzen zituzten beren bekatuak, eta hark bataiatu egiten zituen Jordan-ibaian.
Joan gamelu-larruz jantzia zegoen; eta gerrian, larruzko uhala; basalangostak eta basaeztia zituen janari. Eta honela hotsegiten zuen:
- ‘Nere ondoren dator, ni baino ahaltsuagoa dena, ni ez bait naiz inor, makurtuta, Haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik urez bataiatu zaituztet; Hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte’.
Homiliak
«Poztu, poztu ezazue nire herria». Abendua hitz gozoa da, orohar, Jaunaren etorreraren mezua baitakar. «Kontsolamenduaren» ukitu gozoa sumatzen dio Abenduari fededunak. Bihotzera jalkitzen zaion hitz isila da, gure sinestu-ezinaren mendi gainetan jotzen den garrasia den bezalaxe. Jauna badator. «Hona hemen zuen Jaungoikoa!».
Kontsolagarria izan zen zinez Isaias profetaren ahotik entzun dugun deia. Israel herria sakabanatuta zegoen, atzerriratuta. Baina, Jaunaren askatasun-eskaintzak bide berria urratuko zion basamortuan. Eta hainbeste urtetan bere herritik kanpo usteldu zen herri hark, bere barnean itxaropena esnatzen sentitu zuen berriro ere, askatasunaren berri onari esker. Jaunaren pazientziak, herriaren zorra kittatzen du eta ondorioz zegokion lotura eteten du. Jainkoak bere herria kontsolatzen du.
Baina Israel herriak bere askatasun-helmugara bidean basamortua igaro beharko du, desertua. Hainbestetan bezala, basamortuan biziko du Jainkoarekin topo egitearen esperientzia. Han biziko dute Jainkoak eta herriak itun-topaketa leihatsu eta latza. Basamortuan Israel herriaren bihotzak sakonera jo beharko du. Eta maitasuna zer den gordin-gordin ikasiko du. Basamortuan iritxiko da heldutasunera. Bakardadearen eskolan, Jainkoak bihotzera esaten dion hitz maitalea entzungo du Israel umeak. Han, esperientzia hezitzaile horretan, Jainkoaren presentziari bidea urratuko dio. Bere bekatuaren malkarrak berdinduko ditu, etsipenaren zuloak esperantzaz beteko ditu. Eta Jauna tarteko azalduko zaio. Eta horixe izango du askatasunaren berri on pozgarria.
Basamortuko bizitzaldi honek nolakoa izan behar duen, Joan bataiatzailearengan agertzen zaigu: pobre, latz, erosotasunik gabe, bihotz-berritu beharraren irudi bilutsa benetan! Adierazten duen bihotz-berritzeari dagokion biziera neurritsua bizi du. Basamortuko pobretasunean nabarmen entzuten den deia da.
Guk ere, askatasunezko zerumuga argitsua nabari dugu bizitzaren abendu luzean. Guk ere erbestealdi luzea bizi dugu. Gure bihotza ez dugu bere onean. Sakabanatuak, etsita, urte luzeegiz zoriona aurkitu ezinik, gauzetara isuriak, balio nagusiak begi bistatik galduta, bizitzari barne-koherentzia tajuzkoa falta zaiola, sofrimenduari aurre egiteko adorerik gabe, norabide pizgarririk gabe... Hainbeste eratara eta hainbeste alderditatik zehaztu daiteke gure erbesteko egoera! Eta ez ote da inolako askatasunik? Betirakoa ote da egoera hau? Ez ote da guretzat berri onik?
Izango ez da ba! «Urra ezazue basamortuan bidea Jaunarentzat». Badator! Gure «morroi-aldiak» jo du bere azkena.«Indarrez jantzita dator». Gure egoera hau «ezereztu beharrekoa» da, esan digu San Pedrok ere. Baina noiz dator? «Ez dakigu egunik, ez ordurik» esaten zitzaigun joan zen igandean. Halaxe esaten zaigu gaur ere, lapurra etorri ohi den ordu ezezagunean etorriko da. Zer egin behar dugu orduan?
Basamortuko esperientzia berritzailea bizi. Jaunarekiko topaketa bideratu. Gure ezinaren basamortuan Jaunaren etorrerari bidea erraztu. Edo San Pedrok esan duen bezala, «Jaunaren egunaren etorrera aurrerarazi». Horrek, noski, baditu bere baldintzak, Joan bataitzailea testigu. Gure gezurrezko gain-jantziak kendu beharra daukagu. Pobre bihurtu behar dugu; ez dirutan bakarrik, pobre bihotzean, bizitzan, bizitzeko moldeetan. Geure barruko hutsunea estali nahirik asmatu ditugun «beharrak eta premiak» bilustu beharra daukagu. Bihotz-berritzeko borondatea eskatzen zaigu. Gure bekatua aitortzeko lain egi zaletasun nahi litzateke. Itxaropen eginkorra, saiatua, eskatzen zaigu, egonean egon ordez, bidea prestatzen dakienaren esperantza eginzalea.
Horrek guztiak oso zehaztasun garbiak ditu bakoitzaren bizieran. Gure erbesteak zer izen du? Gure basamortuko malkarrek eta zuloek zer izen dute? Hori zehaztera iristen ez bagara, ez daukagu Abenduko espiriturik. Zuzengabekeria, atseginkeria, axolagabekeria, zapalketa, agintekeria, pobreekiko ardurarik eza, tristura, norabiderik eza, gezurra, azalkeria, errazkeria edo erosokeria... Nola du gure erbesteak izena? Geure egoerari izena eman nahi ez badiogu, ez dugu aldatzeko borondate gehiegirik erakutsiko. Baina, bestaldetik, gure bizitzaren egoerari erdi-erditik heltzen badiogu, Jaunarekin topo egitearen esperientzia berritzailea bizi dezakegu. Eta horretarakoxe da Abendua. Jainkoarekin topo egiten baduzu, haren etorrera, bien arteko topaketa, askatasun betezko topaketa gertatuko da. Egun berria gertatuko zaizu! Eguberri, Egun berria, izango da!
Goazen Eukaristia ospatzera. Basamortuko topaketa ederra bizi dezagun datorkigun Jaunarekin.
Iñaki Beristain (2014-12-2)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 1-8)
Abenduko 2. igandeak Joan Bataiatzailearen irudi latza jartzen digu begien aurrean. Ustekabean azaldu da Jordan ibaiaren ertzean, basamortu gorrian, garrasika, dei larria eginez. Itun Zaharrean Isaias profetak egin zuen dei bera dakar, prestatzeko Jaunaren etorrerari bidea.
Gure arazoa faltsua izan ohi da askotan, geure heziera okerrez erantsi zaiguna. «Bidea prestatu» entzun orduko, antena moral guztiak martxan jartzen zaizkigu. Eta hemen Ebanjelioak planteatzen diguna ez da arazo morala, bizi-arazoa baizik, arazo esistentziala. Azken batean kontua ez da gauza bat edo beste aldatzea, portaera bat edo beste, grina bat edo beste; bizitzaren ibilbidea beste norabide batean jartzea da. Gure bizitza beste sintonia batean jartzea.
Horrek zer esan nahi du? Aurrena kontzientzian ongi josi behar dugu «Jauna datorrela». Jaunaren etorreraren deiak bakarrik eragin diezaguke barrutik, sakonenetik. Bestela, beti azalean gelditzeko arriskua daukagu. Daukakeen garrantzia murriztu gabe, baina arazo morala azalekoa da, barruko sakonaren azalpena da. Bizia eta beraren edertasuna sakonagoan jokatzen dira, «Espiritu Santuak» eragiten duen maila barrukoan.
Zer egin? Bizitza biluzi. Joanen antzera gainjantziak erantzi eta garenaz jabetu, garena bistaratu. Geure bizi-mailaren kontzientzia hartu behar dugu. Eta, hori eginda, zer bizi dugun galdetu; zer kalitate, zer duintasun, zer gizatasun...
Hori zertarako? Barrua Espirituari irekitzeko. Azken sakonean, Jainkoa da bere lana egiten duena. Jainkoa da bere Berri Ona ematen diguna. Jainkoa da Jesusen aurrean kokatzen gaituena. Jainkoak bataiatzen gaitu Jesusen bidez. Eta Jainkoaren eskuetan, auskalo zer gertatuko zaidan! Jainkoari uzten diozu azken hitza, eta berak nahi duena egiten du.
Oraindik ere, aldatu behar ditugun gauzei bueltak ematen zeure buruan? Begira, Joanen irudi latzak ez du «penitentzia» markatzen. Gogoan hartu behar genuke gaurko ebanjelioa nola hasten den: «Honela hasi zen Jesu Kristoren Ebanjelioa». Ibilbidea bestela planteatzea, Ebanjelioaren pausora jartzea da. Abenduak ez digu eskatzen penitentzia penitentziagatik. Bizitza biluztea Ebanjelioari lekua egiteko da, bihotza Jainkoaren notizia handiari zabaltzeko.
Abenduak Bataio berri baten aurrean ipintzen gaitu. Joanen bataioa prestaera zen. Pertenentzia berriaren Bataioa Jesusek dakarrena da. Behin Eguberri gertatuta, behin Espirituaren eskuetan jarrita, inportantea ez da zer egiten duzun, baizik norena zaren. Eta, ondorioz, nor zaren. Petenentziak markatzen digu nortasuna, identitatea.
Abenduak bestelako bidean jartzen gaitu, Jesusen Berri Onaren bidean.
Iñaki Beristain (2014-12-2)