PAZKO-ALDIKO IV IGANDEA

B zikloa

Apostoluen Eginetatik 4,8-12


Egun haietan, Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, esan zuen: ‘Herriko agintari eta zaharrok, entzun: Sendatu den gaixo hau dela-eta, honen sendatzea nondikakoa izan den galdetzen diguzue; jakizue, bada, zuek denok eta Israel-herri guztiak, zuek gurutziltzatua eta Jaungoikoak hilen artetik biztu duen Nazareteko Jesu Kristoren izenean daukazuela gizon hau zuen aurrean sendaturik.
Jesus da zuek ‘etxegileok baztertu duzuen harria; baina orain giltzarri egina dago’. Ez dugu beste salbatzailerik; eta ez zaigu eman gizonoi eguzkipean beste izenik, gu salba gaitzakenik’.

ERANTZUN-SALMOA 117


KANTA JAUNARI KANTU BERRI,
EGIN BAIT DITU HAINBAT HARRIGARRI.
Eskerrak Jaunari, ona bait da,
Haren maitasuna betikoa bait da.
Hobe da Jaunagana biltzea,
eta ez gizonengan uste on izatea;
hobe da Jaunagana biltzea,
eta ez handizkiengan uste on izatea.
Eskerrak Zuri, entzun nauzulako.
salbamen gertatu zatzaizkidalako.
Etxegileek baztertutako harria
berori gertatu da giltzarria.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri.

San Joan Apostoluaren epistolatik 1 Jn 3,1-2


Senide maiteok: Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme izena daramagu, baita izana ere.
Hona zergatik munduak ez gaituen ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako. Senide maiteok, orain Jaungoikoaren seme gara; gero izango garena, oraindik ez da ageri. Ba dakigu, Jauna agertzen denean, Haren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko bait dugu.

ALELUIA Ni Naiz Artzain Ona, -dio Jaunak-;


ezagutzen ditut nire ardiak,
eta nireek ezagutzen naute Ni. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10,11-18


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek farisearrei:
- “Ni naiz artzain ona. Artzain onak bere bizia ematen du ardiengatik. Morroiak, ordea, artzain ez denak, ardiak bereak ez dituenak, ikusten du otsoa etortzen eta, ardiak utzita, ihes egiten du; otsoak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu, morroiari ez bait zaio axolarik ardiengatik.
Ni naiz artzain ona; ezagutzen ditut nere ardiak, eta neureek ezagutzen naute Ni; Aitak Ni ezagutzen nauen bezala, eta berdin Nik Aita; gainera nere bizia ematen dut Nik ardiengatik. Ba ditut, artegi honetakoak ez diren beste ardi batzuk; haiek ere erakarri beharrak dauzkat; adituko dute nere ahotsa, eta artalde bakarra izango da, eta artzain bakarra.
Aitak horregatik maite nau: nere bizia ematen dudalako, berriro hartzeko. Ez dit inork kentzen: Neuk ematen dut neure gogoz. Nere esku dago, bizia ematea; eta nere esku, berriro hartzea: agindu hau hartu dut nere Aitarengandik”.


Homiliak

Pazkoa ospatzen ari gara eta nolako ilusioz! Pazkoaldi honek ez dizkigu gertaera asko jartzen begi-aurrean, igandero-igandero gure arreta pizteko. Misterio eta gertaera bat bera da, Jesus berpiztu dela. Eta igandez igande gertaera horren barrenak miatzen eta geureganatzen ari gara. Eta gertatu dena hain da ederra, hain da aberatsa! Oparotasun hori guztia eman nahi liguke Elizak ulertzera. Horregatik jartzen dizkigu Jainkoaren Hitzean hainbeste irudi ezberdin.

Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, esan du: «Jesus da giltzarria». Alegia, edozein eraikuntza sendok Kristo beharko du oinarri. «Ez dugu beste salbatzailerik; eta ez zaigu eman gizakioi eguzkipean beste izenik, gu salba gaitzakeenik». Jesus berpiztua izan denean, munduari zutabe guztiak aldatu zaizkio, egia guztiak aldatu zaizkio, abiapuntu eta helmuga guztiak aldatu zaizkio. Jainkoak nagusiki esan dio munduari, non duen bere salbazio-bidea. Eta, esanak esan, munduak Jesusengan aurki lezake salbazioaren segurantza eta Ebanjelioko gizatasunaren betea.

Hau ez da horrela, noski, halabeharrez aginduta dagoelako. Jesu Kristorenak garelako baizik. Beraren ardiak garelako. Berak maitatu gaituelako, inork inoiz maita ezin dezakeen bezala. Berak guregatik, ardiengatik, bizia eman duelako. Berak ezagutu gaituelako eta ezagutu esatean, zera esan nahi da: Berak gure izatearekin bat egin duela, eta barru-barrutik ezagutu gaituela. Gure gaitza bere gain hartu, eta askatu egin gaitu, artzainak bere ardiak etsaiaren beldurretik askatzen dituen bezala. Begira, entzule, nolako elkartasun berria sortu den Artzain onaren eta ardion artean: «Aitak ni ezagutzen nauen bezala eta berdin nik Aita». Egia ote gero, Aitak eta Semeak duten elkartasunean sartu garela gu? Hala da, «bizia ematen dut ardiengatik».

Horregatik, San Joanekin berarekin esan genezake harriturik eta bihotz-dardarrez: «Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jainkoaren seme-alaba izena daramagu, baita izana ere». Bai, Jainkoaren seme-alaba egin gaitu Pazkoak. Semearekin izate-maila berri batera jasoak izan gara. Hau da gure Berri Ona.

Gaur mundu osoko kristau-elkarteek, bokazioen aldeko otoitz-eguna ospatzen dute. Jainkoak dei egiten du eta, batez ere, gazteei dei egiten die. Zertara dei? Pazkoan eman zaigun Berri On hau zerbitzatzera dei. Salbatuak izan baldin bagara, mundu guztira eraman beharko litzateke salbazioaren poz hau. Baina, noski, Jainkoaren deia entzun egin behar da. Eta dei hori entzuteko giro berezia behar da gure bihotzetan, gazteen barnean, gure familietan, gure herri eta gizartean, giro berezia mundu guztian. Horregatik zerikusi handia dugu fededunok bokazioen arazo honetan.

Hain beharrezko ote dira bokazioak? Jesusek esan du Ebanjelioan: «Baditut, artegi honetakoak ez diren beste ardi batzuk; haiek ere ekarri beharrak dauzkat». Baina nola Jesusen artegira erakarri gizon-emakume guztiak, Jainkoaren deia entzun eta Ebanjelioa zerbitzatzeko prest inor ez balego? Munduak ez daki nor den salbatzailea. Guk badakigu Kristo beste salbatzailerik ez dela. Baina, etsai asko du egia honek munduan: beste sasi-salbatzaile eta askatzaile asko tentetzen baita harro gure herrietan. Horregatik, gezur eta sasikeria horiek salatuko dituzten gizon-emakume berriak behar dira. Jainkoaren deia entzun eta egiazko Berri salbatzailea zabalduko duten gizon-emakumeak.

Gure herrietan eta familietan, zer-nolako giroa bizi dugu: Jainkoaren deia entzuteko aukera ematen duen giroa? Edo-ta, erosotasuna eta gehiago-nahia dauzkagu beste edozeren gainetik? Eliz gidariok ere, eliz artzainok, begira dezagun eta hausnartu, zer irudi ematen ari garen geure inguruan! Gure jokamolde okerrak zerikusi zuzena izan dezake bokazio berrien auzi honetan. Familiak ere zerikusi erabakiorra du dudarik gabe, bokaziodunak sortzeko eginkizun honetan.

Bokazioari entzunbera izatea, Jesu Kristoren jokabidea benetan hartzea da: «Artzain onak bere bizia ematen du ardiengatik». Jokalege hau onartzeko prest dagoenik gure artean ez bada, horrek esan nahi izango luke, gure herriari eta gizon-emakume guztiei salbatzailearen berri jasotzea ukatzen diegula. Eta hori erantzukizun astuna, astunegia, izango litzateke. «Uzta-jabeari otoitz egin diezaiogun, bidal ditzaka langileak bere uztara». Batez ere gazteen alde otoitz egin dezagun, beren bihotzak Jainkoaren deiari zabal diezazkioten.

Goazen Artzain Onaren Pazko-oparia eskaintzera. Bizia eman zuen guregatik. Jaso dezagun bizia. Ezagutu dezagun hainbat maitatu gaituen Artzain ona. Eta, beraren bidez, ezagutu dezagun artalde osoaren Aita den Jainkoa. Eta gure fedea aitortu dezagun lehenik.


Iñaki Beristain (2015-4-23)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 10, 11-18)

Igande honetako ebanjelio-zatiak, pentsatzen jarrita, karga dezentea dakar. Karga, eliz artzainentzat edo artzaintza-eginkizuna Elizan ari dugunontzat. Ziurrenik, atal hau garai jakin batean idatzi zen, bestelako «artzainak» azaltzen hasi ziren garaian. Eta, egoera hartatik, Jesusi begiratu nahi izan zitzaion, Jesusek nola jokatu zuen ikus-ikasteko eta haren araberako «artzaintza» edo «lidertza» proposatzeko. Talde bat dagoen tokian, ia beti izaten baitira zerbitzua «kargutzat» hartzen dutenak.

Eta, nire ustez, gaur ere garai jakin horietako batean aurkitzen gara. Gaurko artzain asko, ez denak, bestelako borroketan dabiltzala ematen du. Botere-kontuak, doktrina-eztabaidak, aulki-lehiak, guneak irabazteko ukondokadak, gotzainen eta teologoen arteko tiki-takak, gotzainen aukeraketako interes eta azpijokoak..., eta artaldea bere ahulean ahaztuta. Ez ahaztuta bakarrik, artaldea gaizki pasatzen, bidea argitu ezinik, artzainen irudi zelebrearekin eskandalizatuta, edo nazkatuta.

Eta borroka eta lehia horiek guztiek zerikusi eta antz gutxi dute Jesusekin. Jesus ez da botere-borroka ilunetarako etorri, bera artaldea zaintzera etorri da eta, hala behar balitz, «ardiengatik bizia ematera». Artaldeari kaltea zetorkiola ikustean, Jesusek ez du ihes egin, han gelditu da «bereak» zaintzen eta babesten. Maite dituelako, bere-bereak sentitzen dituelako. Jesusek ez ditu taldearen interesak bilatzen, ardi bakoitzaren bizia babesten du.

Bakoitza ezagutzen du, bakoitzarekin harremanetan bizi da, bakoitzarena inporta zaio. Interes pertsonal hori taldekeria bihurtzen denean, orduan sortzen dira bestelako borroka horiek. Taldearen interesak eta posizioak bilatzen dira, bakoitzaren bizimina zaindu ordez. Gaur egun, gure Elizan, taldearen auziaz gehiago hitz egiten dugu, «ardi» bakoitzaren bizinahiaz eta bizi ezinaz baino. Garai bateko lekuak kontserbatzeaz edo irabazteaz gehiago jarduten dugu, ardi bakoitzaren sufrimenduaz baino. Eta hori ez da Jesusena.

Jesusek banan-banan ezagutzen gaitu. Banan-banan erakarri gaitu bere maitasunera. Eta banaka maitatuz, maitatuen elkartea osatu du. Eta elkartearen bizkortasuna zaindu nahi baldin bada, fededun bakoitzaren bizi-sendotasuna zaindu eta landu beharko da. Artzainon arazo nagusia ez da Elizari zer ari zaion gertatzen gizartean, baizik nola aurkitzen den gure elkarteko ardi bakoitza.

Eta bakoitzarekiko kezka honek gauza bat erakutsi behar digu: pastoral lana, gero eta gehiago, buruz burukoa izango dela, talde txikietan burutu beharrekoa. Garai bateko betekadak bukatu dira. Garai bateko zenbaki-kezkak alde batera utziko bagenitu, hobe! Azkenean, Jesusen Ebanjelioaren poza ez baita taldean jokatzen, baizik elkartea osatzen duen pertsona bakoitzarengan. Eta hori zaintzea dagokigu.

Eta Elizaren eskubideak non gelditzen dira? Artzainen eskubideak? Artzainok eskubide bakarra daukagula esango nuke, ardien alde bizia ematekoa. Eta hori egiten baldin badakigu, «ardiek entzungo dute gure ahotsa». Maite baditugu, maitatuko gaituzte. Eta denok, artzainok eta ardiek, Jesusen artalde bakarra osatuko dugu. Eta hartara, elkartetik kanpo dabilen zenbait ere etorriko da edertasun honen bila. «Bai baitira artalde honetakoak ez diren beste ardiak ere». Gaur, sarriegi, gure elkartearen ertzean daudenak, erakarri ordez, uxatu egiten ditugu geure jokabide friboloaz. Eta ez ertzekoak bakarrik; zoritxarrez, barrukoak ere zalantzaz eta kezkaz uzten ditugu.

Eman zaigun enkargua zein den hausnartzea ondo egingo genuke. Zeinen kontra gabiltzan kontsideratzea baino hobe genuke zeinen alde egin behar dugun begiratuko bagenu. Jesusek bere maiteak utzi dizkigu gure zaintzara, eta horien biziaz eta pozaz arduratzea dagokigu. Bestela, gu ere, artzain izan ordez, morroi interesatuak izango gara. Kontuz artzainok!


Iñaki Beristain (2015-4-23)