URTEAN ZEHAR V IGANDEA
B zikloaJob-en liburutik 7,1-4.6-7
Egun haietan, honela mintzatu zen Job:
‘Gizonaren bizitza lur-gainean morrontza bat da;
haren egunak, langile-egunak dira.
Morroiak bezala itzala irrikatzen du,
eta langilea bezala lan-sariaren zain dago.
Hilabete latzak igaro ditut nik,
gau negargarriak ematen dizkidate.
Etzaten naizenean, hala diot:
‘Noiz jaikiko ote naiz?’
Eta jaikitzen naizenean:
Noiz etorriko ote da gaua?’
Goizetik gaueraino hor nabil batera eta bestera.
Euleen anezka baino arinago dira egunak,
eta esperantzarik gabe akitzen dira.
Oroi zaitez, nire bizitza arnasaldi bat dela,
eta nire begiek zorionik ez dutela berriz ikusiko’.
ERANTZUN – SALMOA 137
GORA JAINKOA, EGIN KANTU,
BIHOTZ HAUTSIAK BIZTEN DITU.
Goretsazue Jauna,
ona bait da gure Jainkoari eresi egitea;
gozoa, Hari dagokion gorespena ematea.
Jerusalen Jaunak eraikitzen du,
Israeldik banatuak biltzen ditu.
Bihotz-urratuak Berak ditu sendatzen
eta haien zauriak lotzen.
Izarrak bat-banaka ditu zenbatzen,
bakoitza bere izenez izendatzen.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 9,16-19.22-23
Senideok: Ebanjelioa zabaltzen dudala-eta, ezin harro naiteke. Beharrezkoa bait dut nik hori; eta errukarri ni, Ebanjelioa zabaltzen ez badut!
Horretan nire gogoz ari banintz, hori bera nuke sari; baina nahi ezta egiten badut, ezarri didaten eginkizuna dut. Zer da, beraz, nere saria? Ebanjelioaren zabalkundea egitea; eta hori, berri ona hutsean zabaltzeagatik dagozkidan eskubideetaz baliatu gabe.
Inoren menpeko ez izanik ere, guztien morroi egin naiz, guztiak irabazteko. Argalentzat argal egin naiz, argalak irabazteko; guztientzat guzti egin naiz, nolabait norbaitzuk irabazteko. Eta guztia Ebanjelioarengatik egiten dut, berri on horretan neuk ere parte izan dezadan.
ALELUIA Kristok gure ahuleriak hartu ditu,
eta gure gaitzak eraman. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,29-39
Aldi hartan, Jesus, sinagogatik aterata, Simon eta Andresen etxera joan zen, Santiagorekin eta Joanekin. Simonen amagiarreba ohean zegoen, sukarrarekin; eta berehala harengatik hitzegin zioten. Ondora joan zitzaion Jesus, eskutik heldu eta jaikierazi zuen; eta sukarrak utzi zuen, eta serbitzatzen hasi zitzaien.
Arratsaldean, eguzkia sartu zenean, gaiso eta deabrudun guztiak zekarzkioten; eta herri guztia ate aurrean bildu zen. Hark asko sendatu zituen era guztietako gaitzetatik, eta deabru asko uxatu zuen. Eta deabruei ez zien uzten hitzegiten, bai bait zekiten Bera nor zen.
Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, jaiki zen eta aterata, leku bazter batetara joan zen, eta han otoitzean hasi. Simon eta Simonekin zirenak, Haren bila atera ziren; eta aurkitu zutenean esan zioten:
- ‘Denak zure bila dituzu’.
Eta Hark:
- “Goazen hemendik inguruko herrietara, han ere hitzegin dezadan; horretara etorria nahiz-eta”. Eta hala Galilea guztian barrena zebilen, sinagogetan hitzegiten eta deabruak uxatzen.
Homiliak
Senideok: Elizak, gizon-emakumeak geure eguneroko izanbide mindu eta gogorrean ikusten gaitu. Eta, engainurik gabe, inolako sasiameskeriarik gabe, geure egia larri eta odoltsu horretan sendatu nahi gaitu. Joben liburuko hitzez egin du gaurkoan Elizak gure argazkia. Eta bakoitzak aitortu behar dugu egiazkoa dela gutaz egin den argazki hori: gaixorik gaude, morrontza astun eta ikaragarrien menpe bizi gara, gozo-ametsak ditugu, eder-grinak ... baina, negarrari negarra dario. Etzanik, jaiki-gogoz; jaikirik, etzan-gogoz. Batetik bestera inolako sentidurik gabeko ibilian. Zorion-amets handiekin bai, baina zorion-errealitate oso txikiarekin. Askotan horrela, gehiegitan...
Etsipena deitzen zaio gaur egoera horri, bizi-ezina, hutsunea, gose-egarria, ilunpea, tristura... Zorigaitza! Eta hau guztia, geure giro hurbileko honetan begiratu eta aztertu behar dugu. Geure izatearen ondoezaz eta geure munduaren bake-faltaz zauri ospel eta mingarria bizi dugu. Gaixorik gaude.
Hala ere, Joben liburutik irakurri dugun zati honek badu itxaropenezko eskaria, azken-azkenean: «Oroi zaitez, nire bizia arnasa bat dela eta nire begiok zorionik ez dutela berriz ikusiko». Jaunari egiten zaion otoitza da.
Eta Jesus, Aitaren erregetza zabalduz, gizaki mindu eta gaixo honi urreratzen zaio. Zer du, Jainkoak maite duen gizon edo emakumeak? Gaixorik dago, ezinaren sukarrez erreta, ez du zorionik, etzanda dago bere etsipenean, ez da ezer onetarako gauza...
Eta hona harrigarria: Jesusek eskutik heldu eta sendatu egiten du. Erreminezko sukarra baretzen dio. Bizi berri baten edertasuna ematen dio. Jainkoak eskua luzatu baitio gizakiari. «Hurbil da Jainkoaren Erregetza». Gaitza desegiten duen Erregetza. Maitasuna ezartzen duen Erregetza. Gizakia askatzen duen Erregetza. Gaixo asko dakarzkiote Jesusi, eta Jesusek denak sendatu.
Jesusek ematen duen sendabidea ez da, noski, gorputzekoa bakarrik. Gorputzeko osasuna ematen badu Ebanjelioan, barruko beste sendabidea aditzera emateko ematen du. Inguruan zituen gaixo haiek guztiek uste zuten, Jesus sendalaria zela, gorputzeko sendalaria. Eta Jesusek pertsona osoa sendatu nahi du, ez gorputza bakarrik. Gorputza sendatzea ezaugarria da. Jesusek esperantza sendatu nahi dio gizon-emakumeari, zoriona eman nahi dio, bere giza izatearen bokazioa berriro eskuratu nahi dio, ez du lehengo galbidean etzanda utzi nahi. Jainkoak gizakiari emandako bokazioa berriro ere gizakiak eskuratu behar du, benetako giza maila jatorrean bizi dadin.
Izan ere, gizakiok baditugu sendagileek eta psikologoek senda ezin ditzaketen gaitzak. Gorputza eta burua gaitzak harrapa baditzake, espiritua ere harrapatzen digu. Eta espiritua gaixotzen zaigunean, dena gaixotzen zaigu. Nondik datozkigu gure bizi-ezinak eta gure barruko atsekebeak eta gure kabitu-ezinak eta gure maitau-ezinak eta? Espiritua daukagu gaixorik. Eta badira gorputza sendatzen dakitenak. Jesusek bihotza sendatzen du, espiritua sendatzen du. Barrura begiratzen du Jesusen hitzak.
Baina, hemen beste zera izan behar dugu gogoan. Nola sendatzen du Jesusek gizaki gaixoa? Ez kanpotik eta ez urrutitik. Bere gain gizakiaren gaitza eta galbidea hartuz. Gure etsipena berak edango du hondo-hondoraino. Eta era horretan libre egingo gaitu. Gaitza Jesusengan hustu da, gizon-emakumeok gaitzaren beldurrik ez dezagun izan. Hauxe da, hauxe notizia: Jainkoaren Erregetzak aske egin du gizon eta emakume bakoitza. Jainkoaren Erregetza etorri da.
Zertarako egiten gaitu libre? Zerbitzatzeko. Pedroren amagiarreba zerbitzatzen hasi zitzaien. Paulo, sendaturik, Ebanjelioa zerbitzatzen ikusten dugu. Maitasunerako libre, Jainkoaren Erregetza zerbitzatzeko libre. Izan ere, egia da: gaitzari gehienbat maitasun-faltan antzematen zaio. Eta, beraz, sendaketari, maitasunerako gaitasunean antzematen zaio. Eta, San Paulok dioenez, Ebanjelioa bera da Ebanjelioa zerbitzatzen duenaren saria. Ebanjelioa zerbitzatzeko sendatua izatea, horixe da saririk ederrena. Sendatuak ez daki, bestalde, geldirik egoten, zerbitzatu egiten du.
Hau dena, entzule, ez da guregandik sortzen. Kontuz! Jende sendatu hark, Pedrok, Santiagok eta besteek, Jesus han ondoan ikusi nahi dute jendea sendatzen. Baina Jesus Aitarengana biltzen da otoitzera. Aitarengandik bizi da Jesus, gizaki sendatua ere Aita Jainkoarengandik bizi da. Hori ahazten bada, eginbeharraren morrontzak gizakia gaixotu eta erre egiten du. Jainkoaren Erregetza zabaltzeko jardunak ezin lezake ahaztu Jainkoagandik datorkiola benetako salbamena.
Hau dena, fededun, gure egoerari lotu behar diogu. Mundu zabalean indarrean dagoen injustizia gogoratu behar dugu. Gure munduko biziezinak, morrontzak, gure munduko etsipenak duen izena, injustizia da. Jesusek gaitzetik askatu eta sendatu gaitu. Libre egin gaitu. Zerbitzurako libre, maitatzeko libre. Guk Ebanjelioaren indarrez eta eraginez gaitzaren kontra borrokatu behar dugu: injustiziaren eta gosearen kontrako kanpaina azkengabean saiatu behar dugu. Ez da limosna baten arazoa. Jainkoa Errege agertzearen arazoa da. Jainkoaren Erregetza zabaldu behar dugu. Eta hori gaitza deseginez, gizon-emakumeak gaitzaren morrontzatik askatuz, egiten da.
Nola egin borroka hori? Lehenengo, Jesus otoitzera bezala, gu Eukaristiara biltzen gara. Eraman eta zabaldu behar dugun askatasuna eta sendabidea jasotzera. Eta gero zabaldu, eraman. Nola? Zer jana emanez, diruz, gehiegikeriak utziz, alferrikako beharretan ez eroriz. Eta daukaguna denena dela jakinez. Goazen Jesusengana. Berak sendatuko gaitu gure bekatutik, gure ezinetik, gure etsipenetik. Berak jantziko gaitu goi-ondasunez. Eta gero, gure bizi-giroan, Berri Onaren poza zabaldu ahal izango dugu.
Iñaki Beristain (2015-2-2)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 29-39)
Esaldi honek («arratsaldean, eguzkia sartu ondoren») biltzen du gizakion esperientzia mindua. Eguzkia sartzen zaigu gure bizitzatik eta iluntasunak hartzen gaitu. Egun argizko poz eta askatasun ederretik ezinaren gauera pasatzen gara aitaren batean. Gaitzak egiten digun pikardia handia da eta era askotakoa. Gutxien uste dugunean geure mundu amestu guztiak erortzen zaizkigu eta bihotzari iluna sortzen zaio. Gure dramak! «Eguzkia sartu ondoren».
Jesusek ordu horretan egiten du sendaketa asko. Mundu honetara etorri baldin bada, gauak harrapatutakoen bila etorri da, eta horiei esan nahi die maitasunaren Jainkoak nolako osasuna ematen duen bihotzean. Jainkoak ez duela, alegia, gaitzaren ilunpea maite. Jainkoak biziaren eguteran nahi gaituela, ongizatearen egun argitan. Bati eskutik heldu, besteari gaitza kendu, besteari gaiztoaren erasana sendatzen dio... Hainbeste jende zetorkion gauean, «eguzkia sartu ondoren», laguntza eskatzera!
Gaur ere «eguzkia sartu ondoren» ote gauden iruditzen zait. Gerrak (gogoratu Gaza ezaguna eta Afrika ezkutatua), gaixotasun senda ezinak (Afrikako SIDAren erauntsia, hainbeste minbizi gaizto...), tratu txarren zerrenda beltza (zenbat emakume hildakoak!), haurren ustiaketa zapaltzailea (pornografia, neurri guztietatik ateratzen diren lanak...), krisi ekonomikoa (egia askoren min eta gezur askoren estalgarri...), politika-jarduera (zenbat gezur eta manipulazio!)... «Eguzkia sartu ondoren» aurkitzen gara» zeordubait!
Jesusek ez dio gizakion gauari ihes egiten. Gau honetarako etorri da, eta gure gaua sakontasun zapaltzaileenean bizi du. Ez ditu gezurrezko argiak pizten; nahiago du gizakia sakonetik argitara jaso. Grinaren sukarrak erretzen duen horri eskutik heldu eta bizitza baretuko dio. Gaitzak argi guztiak itzali dizkion horri maitasunaren argi berria pizten dio bihotzean. Gaixotasun larriak zauritzen duen horri ohe-ertzean esertzen zaio, berarekin luze egoteko. Hitz huts eta gezurtiek zapaldutako gizaki salduei bere presentzia askatzailea erregalatzen die, poztu daitezen.
Jesusi berari ere eragiten dio gaitzak. Izan ere, gaitzaren kontra ari duen borroka latz honetan eta gaitza barrutik sendatu behar horretan, Jesus ere nekatu egiten da, Jesusi ere «eguzkia sartu ondorengo» ilun-uneak etortzen zaizkio. Eta, goizean goiz, egun berriaren argi bila joaten da bere Aitarengana. Eta maitasunaren bakardadean bere Aitarekin solasean ari dela, haren askatasun-asmoa berritzen du bere bihotzean eta gaitzari borroka egiteko ahalmena berritzen du. Jesusen Aitak gizaki guztion salbazio osoa nahi baitu.
Gaurko fededunok ere, gaitzaren kontrako borrokan nekatuta gu ere, Jesus bezala goizean goiz argi berrien bila jo beharko genuke Aitarekiko harremanera. Gure eliz elkartean, beste gauza asko ez bezala, otoitzerako isiltasuna gero eta gehiago bilatzen da. Ulertu dugu, neurri hobean, otoitzaren arnasaldirik gabe ez daukagula «eguzkia sartu ondoren» zer eginik, barruko argiak ongi piztuta ez baldin badauzkagu.
Eta argiak piztu nola? Jainkoarekin elkarrizketan. Egun guztia borrokan eman nahia, asko egiteko gutxi gaudela eta gelditu nahi eza, jarrera desegilea da. Ez da asko egitearen kontua; askoz gehiago da argiak piztearen kontua. Eta gure eginbehar gero eta handiagoan, gero eta denbora gehiago behar dugu barruko argiak pizteko. Gelditzen ez bagara, gaitzak jango gaitu. Gaitzaren indarra, handia izateaz gain, gupida gabea da.
Bai, gaitzari maitasunetik egiten zaio borroka. Eta maitasuna Aitarekiko bakardadean bizi behar da. Bihotza berritu eta berriro gizartera itzuli, hango gauean, «eguzkia sartu ondoren» datorren ilunaldian, argiak pizteko. Ez zaigu hitz asko eskatzen. Ez zaigu jakintza berririk eskatzen. Maitasunaren argia suabe piztu eta dena poztuko da argiaren inguruan. Eta gaurko gizon eta emakumeek argia nahi dute, argia behar dute. Egon ere, «eguzkia sartu ondoren» aurkitzen baikara!
Iñaki Beristain (2015-2-2)