KRISTOREN GORPUTZ-ODOL SANTUAK
B zikloaExodo liburutik 24,3-8
Egun haietan, jaitsi zen Moises, eta Jaunaren hitz eta agindu guztiak jakinarazi zizkion herriari; eta herri guztiak, aho batez, erantzun zion: ‘Beteko dugu Jaunak esandako guztia’.
Moisesek idatzi zituen Jaunaren hitz guztiak; eta goizean goiz jaiki; eta mendiaren oinean aldare bat egin zuen, eta hamabi harri ipini zituen, Israelgo hamabi leinuen oroigarri. Eta israeldar mutil batzuei agindu zien, erre-opariak eta zekorrak Jaunari eskaintzeko, bake-opari bezala. Moisesek, odolaren erdia hartu eta ontzietan sartu zuen; eta beste erdia aldare gainean isuri. Eta itun-agiria harturik, herriari irakurri zion. Eta herriak erantzun zuen:
- ‘Beteko dugu eta egingo, Jaunak esan duen guztia’.
Moisesek odola hartu eta herria zipriztindu zuen, esanez: ‘Hau elkargoaren odola da: Jaunak bere agindu guztietaz zuekin egiten duen elkargoarena’.
ERANTZUN-SALMOA 115
SALBAMEN EDONTZIA DUT HARTUKO,
ETA JAUNAREN IZENA DEITUKO.
Zer bihurtuko diot Jaunari
eman dizkidan guztiengatik?
Salbamen-edontzia dut hartuko,
eta Jaunaren izena deituko.
Jaunaren begietan balio haundikoa
haren zintzoen herioa.
Zeure morroi nauzu ni, Jauna,
zeure morroi eta zeure neskamearen semea,
askatu dituzu nere kateak.
Ebertarrei egindako epistolatik 9,11-15
Senideok: Kristo, beti iraungo duten ondasunen apaiz nagusi bezala etorri zaigu; Haren etxola haundiagoa eta osoagoa da; ez giza-eskuz egina, hau da, sortutako mundu honetakoa; Kristo ez bait da Santutegian aker-odolez, ez zekor-odolez sartu, bere-bere odolaz eta behin betirako baizik, honela betiko askatasuna irabazirik.
Aker-odolak eta zezen-odolak, eta bigantxa errearen hauts zipriztinduak, kutsadunak garbitzeko indarra baldin badu, azaleko garbitasuna emanez, zenbatez indartsuago ez da izango Kristoren odola, gure barrua egite usteletatik garbitzeko, guk Jaungoiko bizia gurtu dezagun, betiko Espirituaren indarrez bere burua Jaungoikoari opari garbi eskaini dionez gero!
Horregatik, Kristo elkargo berri baten bitarteko da, eta heriotza bat izan da, lehenengo elkargoko bekatuak ordaintzeko; horrela ‘deituek’ betiko oinordekotasunaren agintzaria berengana dezaten.
ALELUIA Ni naiz ogi bizia, zerutik jaitsia –dio Jaunak-;
Ogi honetatik jaten duena betiko biziko da. ALELUIA
Jesukristoren Eb san Markosen liburutik 14,12-16.22-26
Ogi-hilen lehenbiziko egunean, Bazko-bildotsa opari eskaintzen zenekoan, ikasleek honela esan zioten Jesusi:
- ‘Gu nora joatea nahi duzu, Bazko-afaria egiteko gauzak prestatzera?’
Jesusek bere ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
- “Zoazte hirira; gizon bat aterako zaizue bidera, ur-suila daramala; jarrai iezaiozue; eta sartzen den tokian, esaiozue etxe-nagusiari: Hau dio Maisuak: ‘Non da nere afaltokia, nere ikasleekin Bazkoa jan dezadan?’
Hark, etxe-goian, gela haundi bat erakutsiko dizue jarlekuekin. Presta iezaiguzue hantxe afaria”.
Joan ziren ikasleak; eta, hirira iritsi zirenean, Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena; eta Bazko-afaria prestatu zuten.
Jaten ari zirela, Jesusek ogia hartu, eta bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu zuen eta eman zien, esanez:
- “Har ezazue: hau nere gorputza da”.
Gero, edontzia hartu eta esker-otoitza eginez, eman zien, eta guztiek edan zuten bertatik. Eta esan zien:
- “Hau nere odola da, itunaren odola, guztientzat isurtzen dena. Hara Nik egia esan: Ez dut gehiago ardorik edango, ardo berria Jainkoaren erreinuan edango dudan egunera arte”.
Abestu zituzten salmoak, eta Oliamendira atera ziren
Homiliak
Senideok: Jaunaren Gorputz-Odolen festaburua ospatzen ari gara. Jesus Eukaristiari begira jarrita, jai egiten dugu. Gorpuzti festaburuak gure Jainkoaren dohainik ederrena ospatzera ekarri gaitu. Eta Jainkoaren Hitza entzunez, poza du gure bihotzak.
Igandero-igandero biltzen gara Meza santua ospatzera, Eukaristia ospatzera. Ia iganderoko ohitura eder bihurtu zaigu, hortxe nonbait! Eta igandero egiten dugun hau ohitura huts bihur ez dakigun, urtean behin sakon eta luze begiratu nahi izaten diogu igandero ematen zaigun poz horri. Eta urtean behineko hori Gorpuzti eguna izaten da.
Eukaristia! Jesusen Pazkoko bihotzera garamatzan misterio ederra! Izan ere, Eukaristia hain aberatsa izaki, alderdi asko azter daiteke. Baina, aurtengo Jainkoaren Hitzak, Pazkoko Jesusen odoletara ekarri gaitu. «Hau da nire itunaren odola». Pentsatzen jarrita, ikusgarria da, adizu!: Moisesek abereen odola hartu eta biak bustitzen ditu, altarea eta herria. Altarea, Jainkoaren irudia da. Jainkoa eta herria odol berean bustiak. Elkartasun sakona, odola sakona baita. Odoletan sortzen den elkartasunak lotura hauskaitzean korapilatzen ditu. Odolaren batasunarekin ez dago jolasean ibiltzerik. Odola, odola da. Odola gauza sakratua da.
Moisesek itun zaharrean egin zuena, are eta bikainagoa bihurtzen zaigu itun berrian: Jesusek bere odola ematen digu edaten. Eta odol horretan Pazko gertaera dago bildua, pazko-maitasuna. Jainkoak odoletaraino maitatu gaitu. Horrenbesteraino irrikatu du gurekiko elkartasuna. Jainkoarekin sakon eta estu lotuak gaude, odolaren korapiloz. Maitasun-hitz paregabea esan du Jainkoak bere Semearen odoletan. «Hartzazue eta edan, hau nire odola da». Eta gizon-emakumeok edan egin dugu, eta Jainkoarekin batasunean gertatu gara. Komunioaren misterioa gertatu zaigu.
Igandero-igandero ospatzen dugun misterio ikusgarri hau, gaur festaz eta harriturik begiratzen dugu. Gauzak zenbat balio duten ikusteko, batzuetan ona izaten da, gauza hori faltatuko balitzaigu zer gertatuko litzaigukeen pentsatzea. Esaidazu: zer izango litzateke gure bizitza Eukaristiarik gabe? Mundura joan, lanera joan, eguneroko borrokan buru-belarri sartu, gizarteko joera eta ibilbide guztien erdian munduko gizon-emakume... eta nola bizi esperantzan?, nola bizi maitasunean?, nola poztu gure erorialdiak?, nola bizi batak besteari lagunduz, intereskeriarik gabe?, nola bizi, dena begi txikiez begiratu gabe?, nola barkatu?, nola pertsonaren duintasuna eta balioa aitortu?, nola...?
Eskerrak Eukaristia daukagun! Eskerrak, zure bihotza askotan Eukaristiako maitasun horretara eraman dezakezun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren barkazioa hartzen duzun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren bidea egiteko indarra ematen zaizun! Bestela, auskalo! Hain gara ahulak, hain erraz makurtzen gara bide hutsaletara, hain bizkor tristetzen gara, hain ustekabean galtzen ditugu gizatasunaren bideak! Eukaristia, eskerrak Jainkoak horrenbesteraino maitatu gaituen! Ez genuke asmatuko ezaugarri hori gabe bizitzen!
Esan dugun hau guztia ondo dago eta hori horrela da! Baina, pixka bat aurrerago ere begiratu behar dugu. Izan ere, Jainko Semearen Odola eman zaigunetik, odolak asko balio du! Eta ez da batere txokatzekoa gaur Caritasen eguna ospatzea, Karidadearen eguna. Gizon-emakume bakoitzaren odolak asko balio du. Pobreen odolak asko balio du. Gure lagun hurkoaren duintasunak asko balio du! Eta ezin ulertua da, Eukaristian Odola edan eta gero giza odola zikintzea. Eukaristian sinestu eta gero gizon-emakumeak zakurrak bezala odolustu!? Eta ez dakit gure euskal gizartean, nahiago nuke oker banengo, ez dakit ez ote zaigun aspalditxoan odola balio-hustu! Jesusen Odolagatik errespeta dezagun lagun hurkoen odola! Zaindu ditzagun pobreak! Maita ditzagun gizartearen aukerak bazterrera bota dituenak! Onar ditzagun beharrean aurkitzen diren guztiak. Eukaristiak besoak zabaltzen erakutsi digu. Odoletan maitatuak izan garenok, bizi dezagun odolaren elkartasuna!
Hau guztia horrela izanik, mezakide adiskide, Eukaristia estimatzen ikasi behar dugu. Ez dugu ohiturakerian erori behar. Ohiturakerian ez dugu erori behar, ez Eukaristia ospatzerakoan, ez eta ere Eukaristiaren erara bizitzerakoan. Eukaristiari ez diogu kendu behar bere festa eta alaitasuna, eta ez diogu kendu behar pobreen aldeko bere garrasia. Eukaristiari ez diogu kendu behar odola! Jainkoak gurekin odoletan ituna egin duenez gero, bizi dezagun itunaren elkartasuna Jainkoarekin eta senideekin! Eta esan dezagun kalean, fabrikan, nonahi eta noiznahi, ez dela baliogabean zapaldu behar inoren odolik! Odola baliotsua baita!
Ospa dezagun Jainkoaren maitasuna, Eukaristia honetako ogi eta ardotan, Jesusen Odoletan!
Iñaki Beristain (2015-6-1)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mt 28, 16-20)
Erlijio monoteistak, Jainko askodun erlijioak, jainkorik gabeko bizimoldeak... era askotako jarrera eta jokaerak daude han eta hemen. Jesus gabeko Jainkozaleak, Jainkorik gabeko Jesuszaleak, Jainko gabeko eta Jesus gabeko ateoak... Eta horien bereizketan sartuko bagina, betikoa gertatuko litzaiguke, eztabaida azken gabea. Azken gabea eta alferrikakoa. Hirutasunaren festaburua ospatzen dugu fededunok igande honetan. Hemen ere bilatu izan da eztabaidarako aitzakia: zer esan nahi du Jainko bat izatea hiru pertsonatan?, nola hiru pertsona Jainko bakarra izanik?
Zoritxarrez, azken batean eta denbora luzez, alferrikako zenbaki-ariketan ibili izan gara gure elizetan ere. Zenbaitek, gainera, horretan jarri du bere borondate osoa eta zenbaki-ariketaren arabera neurtu izan du jendearen fedea. Eta ez da hori inondik inora!
Auzia badakizu zer den? Honako hauxe: nik «ikusi» ote dut, «bizi» ote dut, «sentitu» ote dut, «sumatu» ote dut Jainko bakarraren esperientzia? Edo, galdera beste aldetik eginez, Jainkoaren esperientzia era hain sakonean bizi izan ote dut, «bakarra» dela ikusteko? Jainkoa bizitzaren «florero» bezala hartzen denean, asko eta era askotakoak izan daitezke J(j)ainkoak. Baina, Jainkoa ez da bizitza apaintzeko «florero».
Esaten da, Jainko guztiek balio bera dutela eta errespetatu egin behar dela guztien esperientzia. Errespetatu, noski! Horixe behar genuen, ez errespetatzea! Baina, Jainko guztiek teorian balio bera badute ere, galdera beste hau da: niri nor egin zait, zein Jainko egin zait, bihotzaren jabe? Betiko adibidea jarriko dizut beste behin: emakume guztiek duintasun bera dute eta teorian balio ere berdin balio dute; baina, bat egiten zaizunean bihotzaren jabe, emakume batez enamoratzen zarenean, emakume bakarra daukazu zeuregan! Eta, alderantziz, gizonaren kasuan ere berdin da.
Jainkoari gagozkiola, beraz, galdera hau da: Jesusen Jainkoa egin al zait bihotzaren jabe? Mendekostez ospatzen genuen Espirituak barrutik eman didan argiak Jesusen Jainkoa «esperientziaz ezagutzera» ekarri al nau? Hori gertatu baldin bazaizu, Jesusen Jainkoa «ezagutu» duzula, argi eta garbi ikusten duzu Jainkoa bakarra dela. Errespetatu denak egingo dituzu, baina zuretzat ez da besterik, Jesusen Jainkoa baino. Kristau-sinesmenaren esperientzia egin duenak «badaki» ez dela besterik.
«Esperientziaz ezagutu» esan dut, eta hala da. Kontua ez da Jainkoen filosofian aditua izatea, baizik Jainkoaren esperientzia egitea. Eta, atrebentzia eta guzti, esango nuke, gure eliztarren artean Jainkoaren esperientzia gutxi landu dugula. Eta gero nahasketak etortzen dira: Jainkoa Elizaren jokaeraren galbahean pasatzen da; eta nola Eliza gaizki dabilen, beste Jainko batzuk erakargarriago egiten zaizkigu. Elizak badu, noski, bere erantzukizuna, Jainkoaren irudi garbia ematen ez duelako; baina erantzukizun handiagoa duela esango nuke, Jainkoaren esperientzia lantzen ez duelako.
Nola landu daiteke Jainkoaren esperientzia, Jainkoa ez ikusi, ez ezagutu, ez entzun, ez neurtu ezin dugularik? Bide bakarra daukagu: Jesusen bidez hurbiltzea Jainkoarengana. Jesus da Jainkoaren argazkia, Jesus da Jainkoaren definizioa. Jesus da Jainkoaren neurria, Jesus da Jainkoaren hitza. Jesusi ere begira diezaiokegu, ordea, giza begi hutsez! Espirituak ematen du barruko begia Jesusengan Jainkoa ikusi eta ezagutzeko. Espirituaren argitan Jesus irakurriz Jainkoa ezagutzen da.
Eta, dudarik gabe, Jesusen Jainkoa «ezagutzen» duzunean, haren egintza askatzailea «ikusten» duzunean, haren dohaina «gozatzen» duzunean, haren presentzia askatzailea «sumatzen» duzunean, badakizu ez dela beste Jainkorik. Jesusen Jainko horrek bihotza hartzen dizu eta bihotzeko «bakar» egiten zaizu. Adituek eta filosofoek, teologoek eta moralistek, erlijio-zientzialariek, jarrai dezatela beren eztabaidetan. Zuri bihotza Jesusen Jainkoak harrapatu dizu, eta «bakarra» da!
Iñaki Beristain (2015-5-26)