URTEAN ZEHAR XXIV IGANDEA
B zikloaIsaias profetaren liburutik 50,5-9a
Jaunak belarria ireki dit,
eta nik ez diot gogorrik egin; ez dut atzera egin.
Bizkarra ipini diet, jotzen nindutenei;
masaila, bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei;
ez diet aurpegia saihestu irainei eta listuei.
Nere Jauna nuen laguntzaile;
horregatik ez nintzen lotsatu;
horregatik ipini nuen aurpegia, harri gogor bezala;
eta badakit ez naizela lotsagarri gertatuko.
Ondoan dut nere laguntzailea,
nork eraman ni auzitara?
Jar gaitezen aurrez aurre,
nork du nerekin auzirik? Datorrela!
Hara, nere Jauna dut lagun,
nork galduko nau?
ERANTZUN – SALMOA 114
IBILIKO NAIZ ZURE AURREAN,
BIZI DIRENEN LUR ZABALEAN.
Maite dut Jauna, bait du entzuna
nere eskariaren oihartzuna.
Itzuli bait du nigana belarria,
dei egin diodan egunean.
Atera bait du nere bizia heriotzatik,
begiok malkotik, oinok erortzetik.
Ibiliko naiz Jaunaren aurrean,
bizien lurrean.
Santiago Apostoluaren epistolatik 2,14-18
Ene senideok: Zertarako du batek, ‘nik sinesten dut’ esatea, egintza onik ez badu? Horrelako sinesmenak salba ote dezake? Egin dezagun, anaia edo arrebaren bat jantzirik gabe eta eguneroko ogirik gabe daudela, eta zuetako batek honela esaten diela: ‘Zoazte bakean, bero zaitezte eta ase’; gorputzerako beharrrezko dutenik ematen ez badiezue, zertarako litzateke hori esatea? Horrela gertatzen da sinesmenarekin: egintza onik ez badu, hilik dago bere baitan.
Norbaitek esan dezake: ‘Zuk sinesmena duzu; nik, berriz, egintzak. Erakustazu zure sinesmena, egintzarik gabea; nik, berriz, egintzetatik erakutsiko dizut nere sinesmena’.
ALELUIA Jainkoak libra nazala harrotzetik,
Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzean izan ezik.
Gurutze horretan gurutziltzatua dago
mundua niretzat, eta ni munduarentzat. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 8,27-35
Aldi hartan, joan zen Jesus ikasleekin Filipoko Zesarean dauden herrisketara, eta bidean honela galdetu zien ikasleei:
- “Ni nor naizela dio jendeak?”
Haiek erantzun:
- ‘Batzuek, Joan Bataiatzailea; beste batzuek, Elias; besteek, berriz, profetaren bat’.
Hark orduan:
- “Eta zuek, nor naizela diozue?”
Eta Pedrok erantzun:
- ‘Zu Mesias zara’.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz.
Eta erakusten hasi zitzaien:
- “Beharrezkoa da Gizonaren Semeak neke haundiak jasatea: zaharrek, apaiz nagusiek, eta idazlariek gaitzetsi egingo dute eta hil; baina hirugarren egunean biztuko da”.
Eta horrela, argi eta garbi mintzatzen zitzaien. Orduan, Pedrok, bereiz harturik, haserre-antzean erantzun zion. Jesusek, itzulirik eta ikasleei begira, haserre egin zion Pedrori:
- “Ken zaitez nere aurretik, Satanas! Zure gogoetak ez bait dira Jaungoikoarenak, gizonarenak baizik”.
Eta jendea eta ikasleak batera deiturik, honela esan zien:
- “Nerekin etorri nahi duenak, uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea, eta jarrai biezait. Izan ere, bizia salbatu nahi duenak, galdu egingo du; baina bere bizia Niregatik eta Berri Onarengatik galtzen duenak, salbatu egingo du”.
Homiliak
Senideok: galdera nagusiaren aurrean gaude: Ni nor naiz zuretzat? Arduraz eta arretaz hartu eta erantzun beharreko galdera, sinestedun sentitzen baldin banaiz behintzat. Besteen informazioa ematea erraza da; norberak buruz zer dakien edo iritziz zer uste duen adieraztea ere ez da zaila. Eta askotan hori da egiten duguna: dakiguna esan, ikasitakoa; barneratuta dauzkagun portaera batzuen usteak azaldu. Azken batean, kanpoan gelditu, geure barrua eta bizitza inplikatu eta konplikatu gabe.
«Batzuek Joan Bataiatzailea, besteek Elias, besteek profetaren bat». Ikasleek ere horixe egin zuten, besteen erantzunak azaldu. «Gizon ospetsu eta interesgarria, gaur egunerako baloreen profeta, gizatasunaren eredua...» izan litezke gure eratzunak. Baina, Jesusek barrura jotzen du: «Baina, zuk zer? Zuretzat nor eta zer naiz?». Eta hor barrutik harrapatuak sentitzen gara, biluztuak.
Bakoitzak ikusi behar du Jesusengana nondik eta zenbat hurbildu den. Bakoitzak eman behar du, ordezkorik gabe, bere erantzuna. Bakoitzak erakutsi behar du zenbateraino lotzen duen Jesusekiko harremanak. Noraino iristen den, gainera eta barrura heldu zaion zirrara.
Jesusek, eman behar dugun erantzunaren aurrean, ez gaitu engainatzen. Garbi adierazten du berari jarraitzea ez dela batere gozoa eta samurra. Jerusalem eta gurutzea hor daudela osagai ukaezin bezala. «Beharrezkoa da Gizonaren Semeak neke handiak jasatea; hil egingo dute». Argi eta garbi hitz egiten zien. Jesus ez dabil zurikerietan bereganako atxikimendua nola erosiko. Jesusekiko lotura ez da propaganda errazez lortzen. Pertsonaren hondo-hondoko oinarriak harrapatzen dizkigu, pertsonak bere guztia jokatzen dueneko sakonena harrapatzen digu.
Pedrorena gertatzen zaigu. Ez dugula ulertzen. Guk espero genezakeen mesianismoa askoz dirdaitsuagoa dela. Ez genuela uste horrelako kolore arreak dauzkanik. Eta ez da harritzekoa Pedroren eskandaloa. Jesusek berak ere sentitzen baitzuen mesianismo erraz horren lilura. Horregatik Pedroren eskandaloan bera ere eskandalizatu egiten da, Pedroren asmotan deabruaren irudia ikusteraino. Akordatzen hasierako tentazio haiek, basamortukoak? Gauza bera da Ebanjelioparen une zedarri honetan sentitzen eta bizi duena. Baina Jesusek argi dauka Aitaren nahia beste bide batetik doala, azkenerainoko maitasunetik, guztizko zerbitzutik. Eta hori izango da Jesusen bidearen eta gurutzearen muina: maitasuna, zerbitzua!
Lehenengo irakurgaian profetak esan dizkigunak hitzez hitz betetzen dira Jesusengan. Ez dio sufritu beharrari ihes egingo, maitatzeko baldin bada, zerbitzatzeko baldin bada. Bere izate guztia jokoan jartzen du, Aitak hala eskatu diolako. Badaki orain arte segika etorri zaion jende askok ihes egingo diola. Mesianismo garailearen erakarpen errazak bukatu dira. Orain hasten da gurutzeko entrega betean burutuko den mesianismoa. Eta eskaintza horren aurrean, jendeak atzera egiten du. Pedrok eta beste ikasleek ere ez dute bide hori onez hartu nahi.
Gaur guretzat da galdera. Nor da Jesus niretzat, guretzat? Zer harreman bizi dut berarekin? Edonolako harremanak ez du balio. Doktrinazkoak, burukoak, ideiazkoak, azalekoak... ez du balio. Jesusek bestelako harreman sakonera gonbidatzen gaitu. Gure guztia entregatzera egiten digu dei. Harreman sakon eta afektiboak balio du, gure bizitzari espiritu berria ematen dionak, gure guztia Jesusen eskuetan uzten dakienak.
Harreman berri honen argitan irakurri beharko genuke gaurko bigarren irakurgaia ere. Egintzetan gorpuzten ez den sinesmenak ez du neurri ona ematen. Sinesmena, lehen aipatu dugun harreman sakon horretan gertatzen da. Eta harreman horretatik sortzen diren egintzak goraipatzen ditu Santiagok. Hitz hutsek ez dute balio. Eta, dena esateko eta muina laburki azaltzeko, maitasunera iristen den sinesmenak bakarrik balio du. Jesusek Jerusalemgo gurutzean emango du bere maitasunaren neurria, eta maitasun horixe da gure sinesmenari eskatzen zaiona.
Baina, hori nola, gure ahuldadeak ezagututa? Zalantzarik ez dago: Jesusekiko harreman hau ez da gurea, ez da guregandik jaiotzen. Jainkoari bihotza zabaldu eta dohain bezala hartzea dagokigu. Noski, horrek ez du gure ahalegina moteldu behar; gure ahaleginak bildu behar du bihotza zabal irekitzera, Jaunaren dohainari baietz esatera, maitasunari diogun beldurra zuritzera.
Badakigu, eta ondo, horrenbesteko maitasunak izutu egiten gaituela. Nahiago dugu bizitza kontrolatuz bizitzea. Maitasunak gure barrua «deskontrolatu» egiten digu, ekimena Jainkoaren eskuetan utziz. Horrek esan nahi du, egunero eta uneoro sinesmenaren abentura bizitzea, gure segurantzak arriskatzea, Jesusekin bidea egiteko adorea izatea.
Eukaristia ospatzera goaz, eta Eukaristian ematen zaigu bide honetarako Espiritua. Eukaristia dugu segiziorako dohaina. Ireki dezagun uste onez gure barrua eta utz diezaiogun dohainari gure bizitza osoa hartzen.
Iñaki Beristain (2015-9-10)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 8, 27-35)
Denok, era batera edo bestera, bizi egin nahi dugu. Eta egiten ditugunak, zuzen edo oker, asmatuz edo erratuz, bizi nahiz egiten ditugu. Zoriontsu eta libre bizitzea guztion bihotzean idatzita daukagun bokazioa da. Eta bizitze aldera (ustez!), mila eskaintza eta proposamenen aurrean aurkitzen gara une bakoitzean. Hau egiten baduzu, hau lortzen baduzu, hau pilatzen baduzu, hau garaitzen baduzu..., biziko zara; alegia, zoriontsu eta libre izango zara.
Gizadiaren historia eta, ondorioz, gizakiarena ere bai, frustrazio handien historia da. Barrutik bilatu beharrean, kanpotik bilatzen da bizigarria, eta kanpoko gauzek, ase ordez, gero eta gehiago behar izatera eragiten digute. Eta pentsatzen dugu asko edukiz gero, asko pilatuz gero, besteek baino gehiago edukitzera iritsiz gero, biziko garela, zoriontsu izango garela. Eta ez da horrela gertatu inoiz, eta ez da horrela gertatzen gaur ere.
Jesusek ere badu bere eskaintza, badu bere bidea proposatzeko. Gaurko ebanjelioak zehazten diguna. «Bere buruari uko egin, bere gurutzea hartu eta jarraitu». Posible ote? Guk gizartean jasotzen eta eskaintzen dugunaren kontra-kontrakoa ematen du, eta hala da. Posible ote? Askori gertatzen zaiona da, uko egitearen eta gurutzea hartzearen kontu horiek oso era gaizto eta gaizkilean dauzkatela barneratuak, eta ez dituzte entzun ere egin nahi. Eta, barneratuta daukaten bezala barneratuta edukitzeko, askoz hobe entzun ere ez egitea!
Uko egitea zer da? Adibide batzuk jarriko nizkizuke. Adibidez, mila euro irabazteko ez al diezu bost eurori uko egingo? Emakume edo gizonezko batez enamoratzen zarenean, hura zeureganatzeko ez al diezu beste guztiei uko egingo? Adiskide batekin une gozo bat igarotzeko, ez al diezu goza ditzakezun beste aukera askori uko egingo? Jakina!, esango duzu, irabazia argi dagoenean, beste guztiei uko egitea ez da zaila. Adiskidea, Jesusen kontu honetan, ordea, ez dago nonbait oso argi irabazia! Jesusen ondoren joateak zer mesede ekar diezazuke?
Eta hor dago auzi honen sustraia: ez dugula esperientziaz dastatu zer ematen duen Jesusen ondoren joateak, ez dakigula zer onura sor diezagukeen bizitzan haren segitzaile izateak. Eta txikitatik barneratu ditugun irudiak oraindik ezabatu ez baditugu, susmo txarrak gailentzea ulertzekoa da. Ez dugu ba esan, denok bizi egin nahi dugula? Beraz, lehen-lehenengo galdera garbia da: bizi al naiz?, libre eta pozik bizi al naiz?, edo barnean sentitzen dudan hutsunea estaltzeko gauza askoren gose-egarri bizi naiz?
Eta galdera horri erantzuterakoan, bizi-galderari erantzuna ematerakoan, zintzoak izan behar genuke. Honetan besteak engaina ditzakegu, baina geure burua engainatzea gehiegizkoa izango litzateke. Besteen aurrean zorion-itxurak egin ditzaket, baina geo gaueko ordu isilean zer esaten dit barruak, zer garrasi sortzen zaizkio? Baina, beti galeran eta ukapenetan eta gurutzetan ibiltzea ere! Eta gauzak ondo ulertu behar genituzke. Ez da gauzak uztea, gero ordainetan Jainkoak bizipoza eman diezazun. Ez da aurrena gorputza kastigatzea, gero kastiguaren ordainetan Jainkoaren dohaina jasotzeko. Ez da hori eta ez da horrela! Garai bateko ikuspuntua da hori, zorionez!
Gure kristau-bizitza Jainkoaren dohain erregaluzkotik abiatzen da. Jesusen bidean abiatzea Jainkoaren erregalua da, opari handia. Eta opari horren edertasunak liluratzen zaitu, zeure bizitza eta bihotza harrapatzeraino. Eta, lilura horren aire berritan, bihotza poz berri batera esnatzen zaizu. Gauzek beste era bateko sentidua hartzen dute. Zure bizitzako baloreen zerrendan ordena aldatu egiten da. Zure estimazioak hankaz gora jartzen zaizkizu.
Eta bizi egiten zara. Esango dizute ez dakizula bizitzen, baina zuk badakizu orain bizi zarela. Esango dizute ez dakizula bizitzaz gozatzen, baina zuk badakizu inoiz ez bezalako askatasuna eta gozamena bizi duzula. Uko egitea eta gurutzea eta, gauza gogorrak izan daitezkeela? Bai, maitatzea gogorra den bezala! Baina ez ginen ba ari bizitzeaz, libre eta sentiduz bizitzeaz? Bizia galdu edo bizia gorde, hori da kontua!
Iñaki Beristain (2015-9-10)