PENTEKOSTE-IGANDEA

B zikloa

GAUBEILAKO EUKARISTIA


Senide maiteok, hasi dugu Pentekosteko Gaubeila. Apostoluak eta ikasleak, Jesusen ama Mariarekin otoitzean ari izan ziren, Jaunak hitzemandako Espirituaren zain. Guk ere, otoitz-giroan, Jainkoaren hitza entzungo dugu orain arretaz. Gogora ditzagun, Pazko Gauean bezala, Jainkoak bere herriaren alde eginiko egintza miresgarriak. Eta eska dezagun, Aitak sinesdunei lehen-dohain bidali zien Espiritu Santuak eraman dezala salbamen-egintza hori bere betera.
1. Genesis liburutik 11,1-9
Lur osoak hizkuntza bakarra zuen eta hitz berak. Sortaldetik aterata zetozela, ibar bat aurkitu zuten gizonek Senaarko lurraldean; eta hantxe gelditu ziren. Orduan honela esan zuten: ‘Egin ditzagun arrilu gordinak, eta sutan erre’. Eta horrela arrilua izaten zuten harri, eta pikea ore.
Gero esan zuten: ‘Egin dezagun herri bat eta dorre bat zerurainokoa; izen haundiko egin gaitezen, eta munduan zehar ez sakabanatzeko’.
Jaitsi zen Jauna, gizonak egiten ari ziren herria eta dorrea ikustera, eta honela mintzatu zen: “Horra!, guztiak herri bat dira, hizkuntza bakarra dute, eta hori hasiera besterik ez da. Orain ez dute izango nahi guztia egin ezinik. Jaitsi nadin, beraz, eta nahas dezadan hoien hizkuntza, inork uler ez dezan bere lagunarena”.
Lur guztian zehar sakabanatu zituen Jaunak; eta utzi zuten herri-egitea. Horregatik Babel ezarri zioten izen, han nahastu bait zuen Jaunak mundu guztiaren hizkuntza, eta handik sakabanatu zituen lur guztian zehar.
ERANTZUN-SALMOA 32
JAUNAREN GRAZIAZ
BETERIK DAGO LURRA.
Bai dohatsu, Jauna Jainko duen jendea,
bere oinorde hautatu duen herria.
Begira dago Jauna zerutik,
ikusten du gizaseme guzti.
Gure bihotza Jaunaren zain dugu,
lagun eta babes Bera baitugu.
Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zugan baitugu geure usteona.
Otoitza
Jainko ahalguztiduna,
egizu, zure Eliza beti familia santua izan dadila,
Aitarekin, Semearekin eta Espirituarekin
batasuna eginez bildua; ager diezaiola munduari
zure batasun eta santutasunaren misterioa,
eta gida dezala zure maitasunaren betera.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

2. Irteera liburutik 19,3-8a. 16-20b


Egun haietan, Moises Jaungoikoagana igo zen. Eta Jaunak menditik dei egin, eta esan zion: “Honela hitzegingo diozu Jakoben etxeari, eta hau hotsegingo israeldarrei: ‘Ikusi duzue ejiptoarrei egin diedana, eta zuek arrano-hegaletan eraman zaituztedala eta Nigana erakarri. Orain, beraz, benetan entzuten baduzue nere hitza, eta nere elkargoa gordetzen, zuek izango zarete nere ondasun berezi, herri guztien artean, nerea bait da lur osoa; zuek, berriz, apaiz-herri eta herri santu izango zarete Neretzat!’ Hau da Israelgo semei esan behar diezuna”.
Joan zen Moises; bildu zituen herriko zaharrak, eta Jaunak agindu zion guztia esan zien. Herri guztiak aho batez erantzun zuen: ‘Egingo ditugu Jaunak esandako guztiak’.
Hirugarren egunean, egun sentian, trumoiak eta tximistak izan ziren, eta hodei lodia mendi gainean, eta turutots haundia; eta oihal txaboletan zegoen herri guztia dardara batean jarri zen.
Moisesek herria oihal txaboletatik aterarazi zuen, Jaungoikoaren bidera; eta mendiaren oinean gelditu ziren.
Sinai mendia ketan zegoen guztia, Jauna suartean jaitsia bait zen mendi gainera. Eta kea, labeko kea bezala igotzen zen, eta mendi guztia dardara bizian zegoen. Turutotsa gero ta haundiagoa zen. Moisesek hitzegiten zuen, eta Jaunak trumoi hotsez erantzuten. Sinai mendira jaitsi zen Jauna, mendi tontorrera, eta Moisesi mendi gailurrera dei egin zion.
ERANTZUN-SALMOA Dn 3
Bedeinkatua Zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa:
R/ AINTZA ETA GORESPEN ZURI GIZALDIETAN.
Bedeinkatua zure izen santu eta aintzagarria: R/
Bedeinkatua Zu jauretxe santu eta aintzagarrian: R/
Bedeinkatua Zu zeure erreinuko aulkian: R/
Bedeinkatua Zu, kerubin gainean eseriz,
leizeak ikusten dituzuna: R/
Bedeinkatua Zu zeru sapaian: R/
Otoitza
Jainko Jauna, Zuk, su dizdiratsuan agertuz,
lege zaharra eman zenion Moisesi Sinai mendian,
eta gaurko egunez, Espiritu Santuaren sutan,
Itun berria agertu zenuen;
egizu, Apostoluei era miresgarrian isuri zenien
Espiritu hark sutu ditzala gure bihotzak,
eta, herri guztietatik bildua duzun Israel berriak
har dezala pozkarioz Zuk
betidanik emandako maitasun agindua.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.
3. Ezekiel profetaren liburutik 37,1-14
Egun haietan, Jaunaren eskua nere gainean jarri zitzaidan, eta bere espirituz atera ninduen eta hezurrez beteta zegoen zelai baten erdira eraman. Haien ingurumari guztian igaro erazi ninduen. Hezurra erruz zegoen zelai gainean, eta hezurrak zeharo ihartuak zeuden.
Eta honela esan zidan: “Adanen seme, biziberritu ote daitezke hezur hoiek?” Nik, berriz: ‘Jauna, Zuk dakizu hori’.
Orduan Harek: “Hotsegin hezur hauei profeta-hitza, eta esan: ‘Hezur iharrak, entzun Jaunaren hitza. Hara zer esaten dien Jaunak hezur ihar hauei. Nik sarreraziko dut espiritua zuengan, eta biziko zarete. Ezarriko ditut zuengan zainak, sortaraziko dut zuengan haragia, zabalduko larruazala, emango dizuet espiritua eta biziko zarete. Eta ezagutuko duzue Ni naizela Jauna’”.
Agindu zitzaidan bezala, hotsegin nuen nik profeta-hitza; eta nik profeta-hitza hotsegitearekin batera, zaratotsa haundi bat izan zen. Eta dardar batean, hezurrak elkartu egin ziren. Begiratu nuen eta, horra, zainak hezurrei gainean ezartzen ari zitzaizkien, haragia sortzen, eta larruazala gainean zabaltzen; baina han ez zen espiriturik.
Harek orduan esan zidan: “Hotsegin iezaiozu profeta-hitza espirituari, hotsegin profeta-hitza, Adanen seme. Hau esango diozu espirituari: ‘Horra zer dioen Jaunak: Zatoz lau haizeetatik, espiritu, eta haizeman hildako hauei, bizi daitezen’”.
Hotsegin nuen nik profeta-hitza, agindu zitzaidan bezala, eta sartu zen haietan espiritua; eta biziberritu ziren eta beren hanka gainean zutitu, egundainoko gizatalde izugarria. Orduan esan zidan: “Adanen seme, hezur hoiek Israel-etxe osoa dira. Hor bait dabiltza esaten. ‘Ihartu dira gure hezurrak, galdu da gure itxaropena; gureak egin du’.
Hotsegin, beraz, profeta-hitza; hau esango diezu: “Horra zer dioen Jaunak: Nik irekiko ditut zuen hilobiak, ateraraziko zaituztet zuen hilobietatik eta eramango zaituztet berriro Israelgo lurrera. Eta Nik zuen hilobiak irekitzean, eta zuen hobietatik ateratzean, ene herri, orduan ezagutuko duzue, Ni naizela Jauna, Nere espiritua emango dizuet Nik, eta zuek biziberrituko zarete; eta zeuron lurrean ezarriko zaituztet, eta ezagutuko duzue, Nik Jaun honek, esan eta egin egiten dudala” -dio Jaunak-.
ERANTZUN-SALMOA 106
ESKERRAK JAUNARI,
HAREN MAITASUNA BETIKOA BAITA.
Haren hitzera jaiki zen ekaitz haizea,
uhinak harrotuz oso gora;
zeruraino igotzen ziren, hondarreraino jaisten,
haien barrena larritasunez ari zen urtzen.
Deiadar egin zioten larrialdi hartan Jaunari,
eta atera zituen beren nahigabetik.
Haize leunez baretu zuen ekaitza,
itsas-uhinketa isildu baitzen.
Otoitza
Poztu bedi, Jainko Jauna, zure herria
bere burua Espirituak nola berritu
eta gaztetu duen ikusiz,
eta berriro zeure seme-alabak egin gaituzulako pozturik,
aintzatsu pizteko itxaropena ere sendo dakigula.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.
4. Joel profetaren liburutik 3,1-5
Honela mintzo da Jauna:
“Gizaki guztien gainera nere espiritua isuriko dut;
zuen seme-alabek profeta-hitza hotsegingo dute,
zuen gazteek ikuskariak ikusiko dituzte,
eta zuen zaharrek ametsak egingo.
Nere morroi eta mirabeen gainera ere
isuriko dut nere espiritua, egun haietan.
Harrigarriak egingo ditut zeru-lurretan:
odola, sua eta ke mordoak.
Eguzkia ilundu egingo da,
eta ilargia odol bihurtuko,
Jaunaren egun haundi eta ikaragarria
etorri baino lehen.
Eta Jaunaren izenari dei egiten dioten guztiak
onik aterako dira.
Izango bait da Sion mendian eta Jerusalemen,
bizirik gelditutako hondar bat,
-hala hitzeman du Jaunak-;
eta bizirik gelditutako hondarretik
deituko ditu Jaunak bere aukeratuak”.
ERANTZUN-SALMOA 103
BIDAL EZAZU, JAUNA, ZURE ARNASA,
ETA BERRIERAZI LUR-AZALA.
Ene arima, goretsazu Jauna!
Guztiz haundi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Haundi eta eder zaude jantzia,
estalki duzu argia.
Bai ugari direla, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago!
Ene arima, goretsazu Jauna!.
Otoitza
Bete ezazu guregan, Jainko Jauna, Zerorrek hitzemana:
isur ezazu zeure Espiritu Santua,
munduaren aurrean Jesu Kristoren Ebanjelioaren
testigu gartsu egin gaitzan.
Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan AMEN.
Aintza

Kolekta otoitza


Jainko ahalguztidun betierekoa,
pazko-misterioa berrogeita hamar egunez
ospatzea nahi izan duzu;
egizu, zure Espirituak bil ditzala bekatuak
eta gorrotoak sakabanatutako herriak,
eta hizkuntza ezberdinetakoak
bat eginak gerta daitezela zure izenaren aitormenean.
Zure Seme Jesu Kristo … AMEN.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,22-27


Senideok: Badakigu izadi osoa orain arte, erdiminez eta intzirika dagoela. Eta ez hura bakarrik; baita gu ere, Espiritua lehen dohain bezala daukagunok intziriz gaude geure barruan, noiz Jaungoikoaren seme-alaba izango, noiz gure gorputza salbatuko! Salbatuak gaude; itxaropenean, ordea. Baina ikusten den itxaropena, ez da itxaropena. Izan ere, ikusten dena nola itxaron? Eta ikusten ez duguna itxaroten dugularik, iraupenez itxaroten dugu.
Baina, gainera, Espiritua datorkigu gure ahuleriaren lagun, guk ez bait dakigu zer eta nola eskatu; Espirituak berak eskatzen du, ordea, gure alde, esan ezin-halako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituenak, ezagutzen du zer den Espirituaren gogoa, eta Espirituak Jaungoikoaren asmoen erara eskatzen duela, zintzoen alde.

ALELUIA Zatoz, Espiritu Santu!


Bete itzazu zure fededunen bihotzak,
eta piztu haiengan zure maitesua. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 7,37-39


Azkeneko egunean, jaietako egunik haundienean, Jesusek zutik honela oihu egin zuen:
- “Egarri dena betor Nigana; Nigan sinisten duenak edan beza; Liburu Santuak dioen bezala: ‘Haren sabeletik ur bizizko ibaiak jarioko dira’”.
Berarengan sinismen dutenek hartuko zuten Espirituagatik esan zuen hori. Espiritua ez zen oraindik emana izan, Jesus ez bait zen oraindik goretsia izan.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.