PENTEKOSTE IGANDEA

B zikloa


EGUNEKO EUKARISTIA


Apostoluen Eginetatik 2,1-11
Iritsi zen Pentekostes eguna, eta ikasle guztiak elkarrekin leku berean bildurik zeuden; bat-batean, zerutik hots bat etorri zen, haize-bolada indartsu batena bezalakoa, eta haiek zeuden etxe dena bete zuen. Suzkoak bezalako mihi batzuk agertu zitzaizkien; banatu ziren hauek eta bakoitzaren gainean gelditu. Guztiak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzetan mintzatzen hasi, bakoitzari Espirituak ematen zion bezala.
Bazen egun haietan Jerusalenen judutar jainkozalerik asko, zerupean diren herri guztietakoak. Hots hura entzun zenean, jendetza haundia bildu zen eta harriturik gelditu, norberaren hizkuntzan mintzo zirela entzunda. Harri eta zur eginik, honela zioten:
- ‘Ez al dira, bada, galilearrak, hizketan ari diren guzti horiek? Nola entzuten diegu, bada, bakoitzak geure jatorriko hizkuntzan? Gure artean badaude partiarrak, mediarrak, elamdarrak; badaude Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton, Asian, Frigian, Panfilian, Ejipton eta Zirene ondoko Libian bizi direnak; badaude erromatarrak, judutarrak eta proselitoak, greziarrak eta arabiarrak; eta denok geuron ihizkuntzan entzuten diegu Jaungoikoaren mirariak adierazten’.


ERANTZUN-SALMOA 103


ZURE ARNASA BIDAL GUGANA
TA LUR-AZALA BERRITU, JAUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna!
Guztiz haundi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Bai ugari direla, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago!
Aurpegia gordetzen baduzu, ikara dira,
arnasa kentzen badiezu, hiltzen,
beren hautsetara bihurtzen.
Zure arnasa bidaltzen baduzu,
izatea ematen diezu;
lur-azala berriarazten duzu.


San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 12,3-7;12-13


Senideok: Ezin dezake inork esan: ‘Jauna da Jesus!’ Espiritu Santuak eraginez izan ezik.
Era askotakoak dira dohainak, baina bat-bera Espiritua; era askotakoak serbitzuak, baina bat-bera Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat-bera guztiengan dena egiten duen Jaungoikoa. Bakoitzari guztien onerako ematen zaio Espirituaren agerpena.
Gorputza bat izanik ere, atal asko dituen bezala, eta gorputzeko atal guztiak, asko izanik ere, gorputz bat diren bezala, berdin Kristo ere. Gu guztiok –judutar nahiz greziar, menpeko nahiz askatu- Espiritu berberarengan bataiatuak izan gara, gorputz bat bakarra izateko. Eta guztiok Espiritu bakarretik edan dugu.


ALELUIA Zatoz, Espiritu Santu!
Bete itzazu zure fededunen bihotzak,
eta biztu haiengan zure maitesua. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20,19-23


Astearen lehenengo eguneko ilunabarrean, etxe batetan bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, judutarren beldurrez. Sartu zen Jesus eta, haien erdian zutik, esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziren, Jauna ikustean.
Jesusek berriro:
- “Bakea zuekin. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik ere bidaltzen zaituztet zuek”.
Eta hori esanez, haizeman zuen haien gainera, eta esan zien:
- “Har ezazue Espiritu Santua: zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie”.


(Ziklo B-n ondorengo irakurgai hauek egin daitezke)

San Paulo Apostoluak Galaziarrei 5,16-25

Senideok: Ibil zaitezte Espirituari dagokionez, eta ez dituzue beteko haragiaren irritsak. Haragiak Espirituaren aurka irrikatzen bait du; eta Espirituak haragiaren aurka. Bi horiek elkarren aurka dabiltza; horregatik, ez duzue nahi zenuketena egiten. Espirituak eragiten badizue, ordea, ez zaudete Legepean.
Haragiaren egiteak ezagunak dira: haragikeria, lizunkeria, lasaikeria, sasi-jainkokeria, sorginkeria, haserrea, eztabaida, espa, gorrotoa, norgehiagokeria, alderdikeria, seta gaiztoa, bekaizkeria, hordikeria, sabelkeria eta horrelakoak. Eta lehen esan nizuena esaten dizuet berriro ere: Horrela dabiltzanak ez direla Jaungoikoaren erreinuaren oinordeko izango.
Espirituaren emaitza, berriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, bihotz zabala, elkarren serbitzua, bihotz bera, leialtasuna, samurtasuna, bere buruaren jabe izatea. Legea ez dago hauen aurka. Eta Kristo Jesusenak direnek gurutziltzatua daukate haragia, bere grina eta irritsekin.
Espirituaz bizi bagara, ibili ere gabiltzan Espirituari dagokionez.

1. Zatoz, bai, Gogo Guren 
eta bidal zerutik
zure argi izpia,
Zatoz, gaisoen aita,
zatoz, dohain emaile
zatoz, bihotzen argi.

2. Poz-emaile bikaina
etxelagun atsegin,
sargorian haize pin.
Lan artean atseden,
nekean aringarri,
malkoetan pozgarri.

3. Bete,argi dohatsu, 
zintzoen bihotzeko
zirrikiturik barnena.
Zure laguntza gabe
ez du gizonak ezer,
ez du ezer on denik.

4. Garbi, zikin dagoena,
busti, lehor dagoena,
zauriak oro senda.
Zurrun dena bigundu,
makur dena zuzendu,
hotz dagoena berotu.

5. Zugan uste on duten
zintzoeri isuri
zazpi dohain zerutik.
Zintzo-saria eman,
osasun hil artean,
Poza betierean.
Amen. Aleluia.


ALELUIA: Zatoz, Espiritu Santu! 
Bete itzazu zure fededunen bihotzak,
eta biztu haiengan zure maitesua. ALELUIA

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15,26-27.16,12-15

Aldi hartan honela esan zien Jesusek bere ikasleei: 
- “Nik Aitarengandik bidaliko dizuedan laguntzailea etortzen denean -Aitarengandik den egiaren Espiritua-, Hark egingo du aitormen Niretaz; eta zuek ere egingo duzue aitormen, hasieratik Nirekin bait zaudete.
Gauza asko dauzkat zuei esateko; baina orain ezin jaso dituzue; egiaren Espiritua datorkeenean, ordea, Berak zuzenduko zaituzte egia osoraino. Hark ez bait du bere buruz esango ezer; entzuna esango dizue eta etorkizuna adieraziko. Hark goretsiko nau, neretik hartuko bait du, eta zuei adieraziko dizue. Aitak duen guztia nerea da; horregatik esan dizuet: ‘Neretik hartuko duela, eta zuei adieraziko’”.



Homiliak

Fededun adiskideok: ederki gaude Pazkoaren bihotzean! Ederki, Pazkoa betetasunez burutzen duen Festaburuan! Ederki gure kristau bizieraren oinarritan! Ederki Berpiztuarean mahaian! Festaburu honek geure izaeraren sustraietaraino eramaten gaitu.

Gaur Pazkoa da! Pazkoa betetasunean lehertu duen eguna! Jesusen agintzaria betetzen den unea. Jesus betiko gure artean gelditu den egun librea. Elizari arima eman zaio gaur. Gure fedeari eginkizunerako arnasa. Gure esperantzari aurrera-nahia eman zaio. Gure maitasunari maiteminduen elkartasun-boterea eman zaio. Gure giza bizitzari bokazio berria eman zaio. Eta munduari edertasuna eman zaio. Egintza guztietan askatasun-historia idazteko argia eman zaio.

Espiritua, irakurgaietako sinboloak erabiliz, sua da, arnasa da, haizea, hizkuntza berria, ura... Begira iezaiozu egur gozoz egindako suari. Nola kiskaltzen duen, berritzeko. Nola berotzen duen. Zein ederra den. Begira haizeari, bere ahalmen guztia erakusten duenean. Ez duzu ikusten, baina bai antz ematen horratio! Dena mugimenduan jartzen du. Begira urari. Nola garbitzen duen. Nolako uholde-indarra edukitzera irits daitekeen. Hizkuntzak, batzeko ala banatzeko? Espirituarena batzeko, inolako zalantzarik gabe! Arnasa! Bizi-aidea! Hori dena Espirituari lotzen badiozu, ez duzu artean jakingo Espiritua nor den, baina jakingo duzu zer egiten duen.

Espiritua, Espiritua... baina ari al da Espiritua gure mundu nahastu honetan? Ariko ez da ba! Bai, ari da! Egunero maitatzen duten gizon-emakumeengan, hortxe ari da. Pozik bizi diren guztiengan, nork sortzen du poza? Beren bizi-indarrak pobreen alderako eskaintzen dituztenengan nor ari da ba? Gure familien bihotzean maitasuna pizten nor ari da ba? Pobreen bihotzetan esperantza sortzen nor ari da ba? Justizia egiteagatik sufritzeko ere prest daudenengan, nork sortzen duela uste duzu indar eta gogo hori? Haurtxoen bizi-alaitasuna nondikakoa dela uste duzu? Herrien arteko harremanak justizian oinarritu eta bideratzeko gogoa nork eragiten du Espirituak ez bada? Etsai zirenak adiskidetzen direnean, noren obra dela esango zenuke? Edo zaharrak heldutasunaren edertasun gozoz betetzen dituena nor? Gehiago oraindik. Izadiaren edertasuna nondikakoa dela uste duzu? Gure mendietako argitasun berde eta oparo hori... Gure hirietako aurrerapen koloretsuak nork eragindakoak? Erietxeetan, kartzeletan, beren bisitaz, poza sortzen ari diren gizon-emakume maitale horien presentzia nork eragiten duela uste duzu? Ariko ez da ba Espiritua!

Eta Elizaren bihotzean ere ari da. Egunero fededunen bihotza eta bizitza maitasunera eragiten, fedearen berritasuna gozarazten, etsipenak dena iluntzen duenean itxaropenaren izpi txikiak pizten… nor ari da Jesus Berpiztuaren Espiritua ari ez bada? Eliz elkarteak bere barruan dituen miserien artean elkartasuna sortu eta indartzen, Jesusen Espiritua ari da. Egunero ate itxien beldurra kendu eta leiho eta ateak irekitzen, Eliza gizartera atera dadin, Jesus Berpiztuaren Espiritua ari da. Espirituak eguneroko maitasun-zerbitzu txikien bihotzean jokatzen du atergabe. Bai, eliz elkartean ere ari da!

Ez dugu begirik itxi behar, hala ere. Injustizia ere hortxe dago, heriotza, zapalketa, biolentzia... Hor dago Elizaren aldatu eta berritu ezina, ebanjelizazio-lanerako adore-falta, miseria askoren pisu astuna…Baina Espiritua ari da. Espirituak ari du bere lana. Eta ederki ari du. Hain zuzen gaurko festaburuak badakizu zer eskatzen digun? Mundua Espirituaren eraginez berritu behar dugula. Eliza eta mundua Espirituaren egintzaz edertu behar ditugula. Era batean eta era betean! Horretarako eman zaizkigu sua eta haizea eta arnasa eta hizkuntza eta ura eta... horretarako! Mundu hau eraberri daitekeela sinesten ez duenak, ez du Espirituarengan ere sinesten!

Ederra da gaurko festa. Gure bihotzak esperantzaz janzten dizkigu. Jarrai dezakegu lanean. Erorialdiak baditugu eta izango ditugu. Baina festa ere badugu eta izango dugu. Igandero-igandero misterio hauxe ospatzen dugu. Eta fededunok igandetik igandera Pazkotik giza askatasuna eginez bizi gara!

Ospa dezagun Espirituak gure artean gertarazten duen Pazkoa ogi-ardotan!


Iñaki Beristain (2015-5-20)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-23)

Mendekoste eguna iritsi orduko, sekulako irudi andana datorkigu liturgian eta bestelako testuetan. Espiritua zer den esateko eta beraren alderdi asko eta anitzak azaltzeko, aukera bakarra irudi desberdinak erabiltzea da. Zenbaitetan elkarren kontrako irudiak ere bai: adibidez, haize fina eta haize-bolada indartsua. Biak dira egiak, Espirituak bai baitaki aire finez barrua gozatzen eta badaki haize bulartsuz bazterrak dantzan jartzen. Noiz zer behar, hala jokatzen du Espirituak.

Izan bekit zilegi, gaurko lantxoan haize indartsuaz jardutea, gure Elizak behar baitu haize indartsua eta gure gizarteak ere behar du haize-bolada indartsua. Eliza barrutik garbitzeaz gain, Elizaren ateak kanporantz irekiko dituen haize indartsua behar dugu. Gizartearen begirada garbituko duen haize indartsua. Zabor eta sastraka guztiak erre eta garbituko dituen haizea behar dugu, pertsonaren duintasuna agerian azal dadin eta biziaren balioa bistaratu.

Afaltokian zeuden ikasleek ederki sumatu zuten Espirituaren haize-bolada. Beren lozorrotik atera zituen eta guztiengan beste hizkera bat sortu zen, esperientziaren hizkera, dena argiz janzten duen bizikizuna. Eta kalera atera ziren eta kalea ulermen berriz eta harriduraz bete zuten. Ez ziren lehengoak. Ez zeuden normal. Zerbait berezia bizi izan zutela sumatzen zitzaien. Espirituaren haizeak erabat berri eta berritzaile egin zituen.

Gure Eliza maiteak ere haize horren erasana behar du. Eliza osatzen dugun fededunok Espirituaren eragin sakona behar dugu. Aspalditik sumatzen dugu ez gabiltzala bizi-indarrez. Aspalditik ikusten dugu gauza asko berritu beharrean gaudela. Ikusten dugu gizartera beste era bateko hurbiltasunez iritsi beharra daukagula, baina ez dakigu nola. Ikusten dugu eskuartean darabiltzagun moldeak hilak dauzkagula. Zerbait berria sortu eta ernarazi beharko genuke. Baina ez dakigu nola edo ez daukagu hartarako indarrik.

Eta dena zahartu egin zaigu, zaharkitu, indargabetu, hustu. Bizirautea besterik apenas bilatzen dugun. Ahal den bitartean, segi. Zerbait berriaren aztarren txikienak poztu egiten gaitu. Baina, non dira gazteak? Non dira gizarteko eragileak? Non da elkarteetako poza? Non da senidetasun bizia? Non dira, pobreen kezka benetakoa bizi dutenak? Non dira, kristau-elkartea zerbitzatzeko borondatea daukatenak? Non da ilusioa eta aurrera-nahia? Non da, gizon eta emakumeen bidera aterako den Eliza pobre eta librea? Bistan da, Espirituaren haize-bolada sendoa behar dugula!

Eta gure gizartean, nork babestu behar du pobreen bizia? Nork babestu behar du ahulenen bizi-poza? Nork alaitu behar ditu zaharrak eta gaixoak? Nork bideratu behar ditu emakumeen eskubideak? Nork geldiarazi behar ditu armagintza hiltzaileak eta horien jarduera beltzak? Nork poztu behar ditu minbiziaren berriak tristetu dituenak? Nork poztu behar du seme edo alaba gaztea hil zaion ama samindu hori? Nork hots egin behar ditu giza balioak eta pertsonaren eskubide oinarrizkoak? Bistan da, gizarteak ere Espirituaren haize-bolada sendoa behar duela!

«Bidaltzen zaituztet», esaten digu Jesusek. Hara ba! Guk izan behar omen dugu haize-bolada sendo hori. Guk eragin behar omen dugu, bai Elizan bai gizartean, Jainkoaren erreinuaren berrialdia. Guk babestu behar omen dugu bizi babesik gabea. Guk eraman behar omen dugu poza harremanetara. Guk hots egin behar omen dugu egin daitekeela bestelako mundua. Guk salatu behar omen dugu injustizia eta eginarazi justizia pobreen alde. Guk! Guk, gizagajo ahulok!

Betor Mendekoste! Gerta bedi berriro, giza legez espero ezin dezakegun berrialdia. Eliza osatzen dugun fededunok senti dezagula Espirituaren indarra. Gizarteak senti dezala biziera berri eta bestelako baten poza. Berriro ere, ateak ireki eta entzun dadila soinu berria. Espirituaren haize indartsua!


Iñaki Beristain (2015-5-20)