URTEAN ZEHAR XI IGANDEA

B zikloa

Ezekiel profetaren liburutik 17,22-24


Honela mintzo da Jauna:
“Zedro haundiaren gain-gainetik adar bat hartuko dut
eta landatuko;
haren adar-muturretik kimu bat kenduko dut,
eta mendi garai baten gainean landatuko.
Israel-mendi haundiaren gainean landatuko dut;
adarrak zabalduko ditu eta fruituak emango;
eta zedro tantai egingo da.
Era guztietako egaztiak biziko dira haren azpian;
haren babesean egingo dute kabia.
Eta lurreko zuhaitz guztiek ezagutuko dute
Ni naizela Jauna:
zuhaitz haundia zapaltzen duena,
eta zapaldua zutierazten,
zuhaitz ezea ihartzen, eta iharra ezetzen duena.
Nik, Jaun honek, hala esan dut, eta hala egingo”.

ERANTZUN-SALMOA 91


LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
On da Jaunari eskerrak ematea,
eta zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea;
goizean iragartzea zure maitasuna,
eta gauez zure leialtasuna.
Loratuko da zintzoa palmondoa bezala,
haziko da Liban-go izaia bezala;
Jaunaren etxean landatua,
gure Jainkoaren atarietan loratua.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Kor 5,6-10


Senideok: Beti uste onez gaude, eta ba dakigu, gorputz honetan bizi garen arte, Jaunarengandik urruti gaudela, erbestean. Sinesmen-argitan bait gabiltza, gure begiz ikusi gabe. Uste on hau dela-eta, nahiago dugu gorputz honetatik atera, Jaunarekin bizi izateko. Horregatik, ahalegintzen gara Jaunari atsegingarri izaten, bai gorputz honetan, bai gorputz honetatik kanpora. Guztiok Kristoren auzitegian agertu behar bait dugu, bakoitzak berea hartzeko, ona ala txarra, bere gorputzaren bidez egin duenaren arauera.

ALELUIA Hazia, Jainkoaren hitza da; ereilea, berriz, Kristo;


Honi aditzen dionak, izango du betiko bizia. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 4,26-34


Aldi hartan honela esaten zion Jesusek jendeari:
- “Jainkoaren erreinua lurrean hazia ereiten duen gizonaren antzekoa da: gizona lo dago gauez eta jaikitzen da goizean; hazia ernetzen da eta hazten doa, eta gizonak ez daki nola. Bere-berez ematen du lurrak uzta: lehenengo lastoa, gero burua, eta ondoren galburuaren beteko alea. Eta alea prest dagoenean, igitaia erasten zaio, helduak bait daude gariak”.
Beste hau ere esan zien:
- “Zeren antzekoa dela esango dugu Jainkoaren erreinua? Zer parabolatan adieraziko dugu? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereiten denean, hazirik txikiena da; baina jaiotzen denean, gora doa, eta barazki guztiak baino haundiagoa egiten da; adar haundiak botazen ditu, txoriek haren itzalpean habia egin ahal izateraino”.
Horrelako parabola askotan hotsegiten zien hitza, haiek uler ziezaioketen neurrian; eta parabolarik gabe ez zien hitzegiten; bere ikasleei, ordea, bakarrean, dena agertzen zien.


Homiliak

Liturgiaren ibilbideari jarraitzen diogunok ondo dakigu orain arte nolabaiteko bide berezia egin dugula. Garizuman hasi, Pazkoan segi eta ondorengo festaburu handiek gure kristau-bizitzaren errealitate handiak gozarazi dizkigute. Gaur esan dezakegu bide normalera edo itzultzen garela. Badakit jendea udaren gertutasuna sentitzen hasita dagoela, eta horrek ere bere berzitasuna ekarri ohi digula. Baina, liturgiaren giroan normaltasuna eskuratzen dugu gaur, horrela esaterik badago behintzat.

San Markosen ebanjelioaren orriek berriro ere Jesu Kristoren misterioan sartzen gaituzte. Jainkoaren erreinuak ari duen hazkundea eta erakusten duen presentzia ditugu gogoetagai eta barnerako lan. Erreinuaren leialtasuna berritzeko igande egokia dugu gaurkoa. Izan ere, gerta liteke Erreinuaren gako txikiak ahaztea. Pazkoak, Igakundeak, Mendekostek, Hirutasun Santuak, Gorputz-Odolen festak errealitate ikusgarriak biziarazi dizkigute. Baina, zer gertatzen zaigu? Bizi ditugun gauzak ez direla ikusgarriak. Gure errealitatea txikia dela. Eta kosta egiten zaigula Erreinuaren barruko eragina sumatzea eta sinestea. Horregatik esaten nuen Erreinuarekiko leialtasuna berritu behar dugula.

Egunerokotasuna zaila egiten zaigu. Egunerokotasunean sinesmena indarrean mantentzea, zaila. Eguneroko lan eta sufrimenduetan Jesusen bidean ikasle izaten jarraitzea, zaila. Izan ere, hainbeste iluntasun, hainbeste ezintasun, krisia, langabezia, beldurra, gaixotasunak, heriotzak, bizitzaren muga estuak... eta nola mantendu kristau-ilusioa indarrean? Eta ondorizko galdera: Jauna gurekin al dago? Gurekin ari al da? Jaunak eskutik utzi ote gaitu?

Igandearen lezio handia horixe dugu: Jaunak ez gaituela sekula bakarrik uzten. Jauna gurekin ari dela Jainkoaren erregetza gizartean ereiten eta txertatzen. Hori bai, Jaunaren jokamoldeari antzematen ikasi behar dugula, hark ez baitu gure eskema eta moldeen arabera jokatzen. Gure kontrolatu nahia, Jainkoa beti eskura eduki nahia, Jaunaren eginkortasuna gure usteetatik neurtzea, ez dira bide onak. Jainkoak jokatzen du, bai, baina beti bere erara eta nahira.

Eta zein da Jainkoaren jokatzeko era? Jesusek, beste askotan bezala, parabola bidez erakusten digu gaur ere molde hori. Gure presa eta antsietateek ez gaituzte jarrera onean kokatuko. Haziaren loa bizitzen jakin behar da. Haziari bere martxan utzi behar zaio. Gure ordulariek ez dute Jainkoaren ordua markatzen. Uste on izatea besterik ez zaigu tokatzen. Hori bai, hazia erein, haziaren indarrak bere lana egingo duela sinetsiz. Eta pazientzia!

Sarri galdetu ohi dugu: Jainkoak zergatik ez ditu gauzak egiten eta bere erara moldeatzen? Zergatik uzten du sufrimendua bere indarrean? Zergatik ez ditu gauzak azkar eta bizkor aldatzen? Laborariaren pazientzia behar da. Haziari bere erritmoa errespetatu behar zaio. Eta etorriko da fruitua, fruitu ona, fruitu betea. Orduan sartuko diogu gure sega eta emaitza mardula bilduko dugu. Ez da gurea izango emaitza, Jainkoaren neurrikoa baizik. Bizi betearen testigu izango gara.

Berez fruitua sortzen duen haziaren parabolaren ondoan, beste bat ere ematen zaigu, ezagunagoa: mostaza haziarena. Hazi txikia da, txikiena. Baina txiki horretan hazkunde-indar ikaragarria dago. Hazi eta hazi, beste zuhaitzak baino handiagoa egiten da. Eta hegaztiek haren adarretan hartzen dute atseden.

Gure bizitzan ere askotan oso txiki ikusten dugu Jainkoaren egintza eta eragina. Baina, gure neurriek ez dute honetan balio. Jainkoaren Erreinua hazi egiten da, Jainkoaren neurrietaraino hazten da. Eta, uste gabean bada ere, egun batean zure bizitza osoa haren adarretan sendotua eta baketua aurkitzen duzu. Ez genuen berehala pentsatuko bizitzak halako oinarria har zezakeenik! Hain kaskarra ikusten genuen gure fedea! Hain estalia Jainkoaren egintza! Hain ezereza dena! Baina orain, fruituak ikustean, konturatzen zara Jainkoaren emaitza dela zure ahalegin txikiari egin zaion erregalua. Emaitza ez da zure egintzaren neurrikoa, Jainkoaren Erreinuari dagokiona baizik.

Giro horretan irakur dezakegu bigarren irakurgaia. Konfiantzaz bizi gara. Ez gure egintzek ematen diguten konfiantzaz, Jaunaren egintza ziurrak ematen digunaz baizik. Ahuldadearen esparruan bizi gara, baina sinesmenaren sendotasunez. Itsu, baina Jaunak gidatuak. Ezinaren atzerrian, baina Jaunaren eskuetan. Kontua da, sinesmenak argiturik, Jaunari atsegin ematea, haren nahia bilatzea.

Orain esan dezakegu, profetak esaten duen bezala, «Jaunak esan eta egin egiten duela». Orain badakigu gure txikian gauza handiekin gabiltzala. Gure ahuldadean, Jaunaren sendotasunak estaltzen gaituela. Gure miserian, Jaunaren dohainaren balioa eman zaigula. Orain badakigu gure eguneroko zerbitzu txikiak Jainkoaren Erreinu handia eraikitzen duela. Gure bizitza parabola bat da, Erreinua egiten, hazten eta erakusten duen parabola.

Gure egunerokotasunak igandearen argia behar du. Gure ezintasunak Hitzaren bultzada behar du. Gure itsutasunak Espirituaren argia behar du. Gure miseriak Jainkoaren ukitua behar du. Eukaristia dugu Erreinuaren presentzia ederra gure artean. Izan dezagun uste on. Izan dezagun itxaropen. Izan dezagun sinesmen! Ez dezagun ahaztu Jesusen bideak ematen diola kalitatea gure bizitza osoari.


Iñaki Beristain (2015-6-9)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mk 4, 26-34)

Gaurko ebanjelio-atalak bi parabola ematen dizkigu, Jainkoaren Erreinua nola gertatzen den argitze aldera. Haziaren berezko indarrarena bata eta mostaza haziarena bestea.

Lehenengoari heldu nahi nioke gaurko iruzkinean. Jainkoaren Erreinuak barnean duen indarra handia da (lehenego parabola), nahiz eta guk era txikian jaso (mostazarena). Azken batean, Erreinuaren hazkundea ez dagoela gure esku. Eta Erreinuaren jokalege hori onartzea asko kostatzen zaigu. Dena kontrolatuta eduki nahi genuke. Hainbesteko ahalegina, hainbesteko emaitza! Hainbesteko programazioa, hainbesteko uzta! Baina, ez dago proportziorik.

Eta proportzioa kontrolatu ezinak urduri jartzen gaitu. Zertan eta zertarako ari gara? Dena Jainkoaren esku uztea, erreinuaren berezko ahalmenean sinestea, ezin dugu ongi eraman. Eta horretan asko jokatzen dugu. Eragintasuna bilatu behar da ala ez? Uzta eta fruitua bilatu behar da ala ez? Bada San Agustinen esaera bat, galdera horiei nolabaiteko erantzuna ematen diena: «Errezatu, dena Jainkoaren esku balego bezala; egin lan, dena zeure esku bazeneuka bezala».

Pastoralgintzak eta ebanjelizazio-lanak bere ahalegin guztia jokoan jarri behar du, programazioak eginez eta proiektuak landuz. Baina, bide batez, ezin da ahaztu Berri Onaren emaitza ez dela gure programazioen uzta. Orduan zer? Laborariaren adibidea ez digu ba jarri Jesusek? Zer egiten du laborariak? Lurra gozatu, hazia lurrera bota eta itxaron. Eta itxaron horrek esan nahi duena ikastea da beharrezkoa.

Itxaron: lurrari eta haziari beren denbora eman. Denbora pazientziaz emateko, haziaren indarrean sinetsi. Eta konfiantzan lo egin, esperantza indartuz. Lo egiteak ez du esan nahi, ezer ez egitea. Esan nahi du konfiantza izatea eta gure estres eta presa estuetan ez erortzea. Konfiantzaren gorabeheran jokatzen dugu Erreinua. Jainkoaren egintza barrutik ezagutu duenak badaki hark ez duela ezer hutsean uzten. Gure ahaleginaz baliaturik, baina beti ematen duela fruitua, gure ahaleginari zegokiona baino askoz handiagoa. Eta konfiantza horretan ez dugu sekula barruko bakea galtzen.

Gaur egun garai oso agorrak bizi ditugu. Eliz bideek, pastoralgintzak, ebanjelizazioak, badute halako susmo gorde bat: ez dugula, egiten dugun ahaleginaren neurriko emaitza jasotzen. Ez dakigu errua zeri edo nori egotzi, baina aurrera eraman nahi ditugun bideen fruiturik eza era askotara ikusi dugu. Eta zer egin? Nola jokatu? Etsipenaren tentazioa hor dago. Alegia, eutsi ahal denari ahal den moduan, eta aurrera. Gero eta indar gutxiago, gero eta jende gutxiago, eta azkenaren zain, nolabait esateko! Etsipen beltza!

Zer egin? Aurrena, erein, eskukadaka erein. Hazia bota han eta hemen. Errenditu gabe hazia erein. Hazia erein den lekuko lurra beratzen eta gozatzen saiatu: Jainkoaren Hitza, otoitza, gogoeta, bide-laguntza... Eta zer gehiago? Itxaron! Jaunaren egintzan sinetsi. Haziak beregan duen indarrean sinetsi. Eta uste on izan! Erein baldin badugu, horretatik aurrerakoa Jaunari dagokio. «Lurrak berez ematen du...». Eta, ziur eduki, Jaunaren haziak ez du huts egiten. Konfiantzak ez du huts egiten. Konfiantzak sinesmenean eusten digu, Jaunaren egintzak bere fruitua erakutsi dezan arte.

Konfiantza honek gaurko ere merezi du. Jaunak eman nahi duen fruituak gure heriotza eskatzen duela? Bedeinkatua izan dadila Jainkoa! Gaurko ereduek ezkutatu behar dutela, beste eredu batzuk azaltzeko? Bedeinkatua izan bedi Jainkoa! Guk uste eta espero ez genuen lekutik eta modura ematen duela haziak bere fruitua? Bedeinkatua izan beti Jainkoa! Baina, konfiantzan Jaunak emango du fruitua. Guk nola ez dakigula, baina emango du, ematen du!


Iñaki Beristain (2015-6-9)