URTEAN ZEHAR XIII IGANDEA
B zikloaJakinduriaren liburutik 1,13-15;2,23-25
Ez zuen Jaungoikoak egin heriotza,
ez du atseginik bizien ondamendian;
bizirik irauteko egin zituen Harek gauza guztiak;
munduko izaki guztiak osasungarri dira;
ez da hoietan heriotzarako pozoirik,
ezta leize-zuloaren aginterik ere lur gainean;
zuzenbidea hilezkorra bait da.
Hilezkor egin zuen Jaungoikoak gizona,
eta bere izatearen iduri zuen egin.
Deabruaren bekaizkeriaz sartu zen heriotza munduan,
harenak direnak sumatuko dute berengan.
ERANTZUN-SALMOA 29
JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Goretsiko zaitut, Jauna, onik atera nauzulako,
etsaiak nitaz pozten utzi ez dituzulako.
Jauna, Leizetik nere bizia atera duzu,
zulora dihoazenengandik bizirik gorde nauzu.
Eresi egiozue, zintzoak, Jaunari,
eman eskerrak Haren izen santuari.
Une baterako da Haren haserrea,
bizi guztirako Haren on izatea.
Negarra dator arratsaldean,
baina poza goizean.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Kor 8,7.9.13-15
Senideok: Aberats zarete sinesmenean, hitzean, ezagueran, denerako arduran eta gureganako duzuen maitasunean. Izan zaitezte aberats, eskuzabalean ere. Badakizue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabala: aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik, Haren behartsu izatetik zuek aberats zaitezten. Hemen dabilgun asmoa ez da besteak lasaitu eta zuek estutzea, guztien berdintasuna baizik. Gaur egun, zuen ugariak haien eskasia betetzen du; eta egunen batean haien ugariak zuen eskasia beteko du; honela guztion berdintasuna egingo da. Hori dio Liburu Santuak: “Asko bildu zuenak, ez zuen gehiegirik; eta gutxi bildu zuenak, ez zuen gutxiegirik”.
ALELUIA Jesu Kristo gure Salbatzaileak hondatu du heriotza,
eta argitara atera bizia, Berri Onaren bidez. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 5,21-43
Aldi hartan, Jesus, ontzian itsasoaz beste aldera itzuli zenean, jende asko bildu zitzaion eta itsas ertzean gelditu zen. Etorri zen sinagogako nagusietako bat, Jairo izenekoa, eta ikusi orduko, oinetan ahuspeztu, eta arren eta arren ari zitzaion:
- ‘Alabatxoa azkenetan daukat; zatoz, eta ezar iezaizkiozu eskuak gainean, senda dadin eta bizi’.
Jesus harekin joan zen, jendetza haundia zuela ondotik, estutzen.
[Ba zen han, hamabi urte haietan odoljario zegoen emakume bat, sendagile askotan ibilia, zituen guztiak horretan xahutu zituena, eta sendatu beharrean gero eta okerrago zihoana. Jesusen berri entzunda, jende artean joan zitzaion atzetik, eta soinekoa ukitu zion, bere baitan honela bait zioen: ‘Soinekoa bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz’. Eta berehala odol-iturria agortu zitzaion, eta sendatu zela sumatu zuen bere gorputzean. Jesus, indar bat atera zitzaiola oharturik, jendearengana bihurtu zen berehala, eta esan zuen:
- “Nork ukitu dizkit soinekoak?”
Ikasleek erantzun zioten:
- ‘Ikusten duzu jendeak estutzen zaituela, eta “nork ukitu nau” diozu?’
Eta ingurura begira zebilen, hori egin zuenaren bila. Orduan emakumea, gertatu zitzaiona jakinik, beldur-ikaratan, ahuspez jarri zitzaion, eta egia esan zion. Baina, Jesusek esan zion:
- “Alaba, zure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta osasunean”.
Oraindik hizketan ari zela,]
Sinagogako nagusiaren etxetik etorri ziren, esanez:
- ‘Hil da zure alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?’
Baina Jesusek, esaten zutena entzunik, honela esan zion sinagogako nagusiari:
- “Ez izan beldurrik, zuk, sinets bakarrik”.
Eta ez zuen inor hartu nahi izan lagun, Pedro, Santiago eta Joan, Santiagoren anaia, besterik. Iritsi ziren sinagogako nagusiaren etxera, eta hango zaratak, jendearen negarrak eta garrasiak ikusten egon zen. Gero sartu eta esan zien:
- “Zertarako zarata eta negar horiek? Ume hau ez dago hila; lo dago”.
Haiek, ordea, barre egiten zioten. Baina Hark, denak kanpora aterarazi, eta nexkaren aitamak eta Berekin zeramatzanak hartu zituen, eta nexka zegoen tokira sartu zen. Nexka eskutik hartu eta esan zion:
- “Talitha, kum” -hau da: “Ume, zuri esaten dizut: altxa!”.
Berehala zutitu zen nexka, eta ibiltzen hasi zen; hamabiren bat urte zituen. Guztiak harrituta gelditu ziren; eta Jesusek zorrotz agindu zien, inork ez zezala jakin; eta nexkari jaten emateko esan zien.
Homiliak
Senideok: Jaunak bere mahai ingurura biltzen gaituenean, biziaren eta askatasunaren mezua emateko biltzen gaitu. Igandero-igandero ikusten ari garen poza da hori. Azken igande hauetan, Jesusek Jainkoaren Erreinua, pixkanaka hazten ari den mundu askatuaren hazia bezala agertu digu. Agertu eta halaxe egin gainera. Gaur zortzi, ekaitza baretzen ikusten genuen. Eta gaur bertan, gaixotasunaren eta heriotzaren gainetik duen mesianitar indarra erakusten azaltzen zaigu, beti gaixo eta gaitzaren menpe daudenek agertzen duten fedearen arabera. Oso polita da, nola agertzen zaion Ebanjelioko emakumeari Jesusen pertsona.
Izan ere, gure bokazioa ez da gaitza eta heriotza. Gizakiok ezin etsi dugu gaitzaren menpean lotuta. Gure barrua altxatu egiten zaigu, gaitzaren aztarren guztietatik libre nahi duela erakutsiz. Eta, hala ere, gaixotasuna eta heriotza hortxe dauzkagu beti, azpiratu ezineko indar boteretsu, azkazalaren azpian sartutako arantza zital. Askotan eta era askotara nozitzen dugu gure giza izatearen moztadea, bai geuregan eta baita geure inguruan ere. Giza bizitza horraino iristen da. Eta, azkenean, heriotzak gure amets eta asmo guztiak husten dizkigu.
Ebanjelioko emakumearen esperientzia guztiok bizi dugu. Gaixotasunak, gure ahalmenen mugak garbi zehazten dizkigu. Eta hor, muga horretan, pertsonak bere izatearen ezina nabarmen sentitzen du. Osasuna galtzean, gogoa ere galtzen dugu. Eta erabat eroriak ere gerta gaitezke. Ezin! Eta esperientzia horren gailurrean, heriotzarena dago. Hil egin behar. Jairoren alabarena. Eta ez dago «irtenbiderik». Denok aurkitzen gara ahul hemen. Heriotzaren galdera, beti izango da erantzun gabeko galdera. Eta galdera latza benetan!
Hala ere, Jainkoak bere gizakien bizia nahi du. Jainkoaren proiektua, biziaren asmoa da. «Ez zuen Jaungoikoak egin heriotza, ez du atseginik bizien hondamendian». Jainkoak bizi gaitezen nahi du. Gaixotasun eta heriotzaren esperientziak, «berri onaz» poztu eta askatu nahi dizkigu. Erantzun-salmoan kantatu dugun bezala, poza eta dantza opa dizkigu gure Jainkoak.
Eta Jesus gaixoari edo hildakoari urreratzen zaio. Ez dizkigu gaixotasuna eta heriotza kendu. baina Jesus bizi-emaile hurbiltzen zaigu. Gure mundu zaurituari urreratzen zaio. Eta gure izaera eta biziera zapaldua argitu egiten dizkigu. Pazkoko Jesus bera da. Gure gaitza bere gain hartu zuen Jesus berpiztua da hurbiltzen zaiguna. Heriotza nozituz, gure heriotz kateak eten zituen Jauna da. Beraz, Jesus hauxe dugu gure irtenbidea.
Eta Jesusek, hurbiltzen zaigunean, gauza bat bakarra eskatzen digu: fedea, sinesmena. Jesus «ukitzen» du emakumeak. Ukitzen duten askoren artean, batek «ukitzen» du. Eta ukitu horren «sinesmena» sendatzaile gertatzen zaio. «Zuk, sinetsi bakarrik» esaten dio hildakoaren aitari. Sinesmena izan ezik, hemen beste guztiek oso gutxi balio dute. Sinesmenean izan ezik, apenas «irtenbiderik» gelditzen zaigun.
Honetatik guztitik, entzule adiskide, ondorio pare bat atera behar dugu gure giza esperientzia mindua argitzeko.
• Eta aurrenekoa hauxe da: gure bokazioa bizia dela. Jainkoak ez gaitu egin heriotzaren morrontzan bizitzeko. Badakit heriotzari ez dagoela ihes egiterik. Ez zuek eta ez nik. Baina, sinesmenean, heriotza bera ere beste argi batean ikusten da. Bizi-bokazioa argitzen zaigu. Heriotzak berak ere itzaltzen ez duen «berri ona» pizten da gure bizitzan. Eta «berri on» horren argitan, bizitza guztia «hiltzen ikasteko» aukera bihurtzen zaigu. «Hiltzen goaz» Jesusen jarraipidean eta anai-arreben zerbitzuan, baina heriotza bera ez da orduan hilgarri gertatzen. Heriotzaren beldurra kenduta, besteren zerbitzuan urtzen dakienak, bizia jasotzen du heriotzan ere. Harrigarria eta ederra.
• Eta bada bigarren ondorio bat ere, kontuan hartu beharrekoa. Berri onak heriotzaren beldurretik askatzen gaituenean, eginkizun baten aurrean jartzen gaitu. Gure inguruko gaixotasuna eta heriotza argitu beharra dauzkagu. Gure hurbiltasuna, gure laguntza, gure hitza, gure isiltasun adierazgarria... argi askatzaile baten presentzia bihurtzea dugu eginkizun. Hemen ez gabiltza «egia» batzuen gora-beheran, teoria ederretan. Heriotzak edo gaixotasunak zauritzen dituen pertsonen aurrean gaude. Eta pertsonak bizia balio du. Gu izango ote gara «berri onezko» askatasunaren agerpide? Bizia nahi duen eta ematen duen Jainkoa agertuko ote dugu? Heriotzaren esperientzia ilun eta ugaria, berri onez gozatuko ote dugu? Ez dugu inondik inora etsi behar heriotzaren aurrean.
Eukaristian, Jesus hil eta berpiztua ospatzen eta jaten dugu. Haren heriotza gure bizi gertatu da. Eta Eukaristia ospatzeak Jesus «ukitzera» garamatza, Ebanjelioko emakumea bezalaxe. Fedez «ukitzen» duenak jasoko du askatasuna. Izango du Jainkoaren bizi-erantzuna. Eta biziaren berri ona jasota, «jaikiko» gara eta herrira joango gara. Han biziaren mezua hots egingo dugu, heriotzaz zauritua dagoen gizon-emakumeentzat.
Iñaki Beristain (2015-6-22)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 5, 21-43)
Ez dago irudimen eta ideia handiak bilatzen saiatu beharrik. Bizitzak sarri uzten dizkigu gure hauskortasunaren seinaleak bistan. Zenbat heriotz mingarri eta absurdo! Zenbat neurrigabeko ezbehar gure mundu hinetan. Urtero, hilero, egunero! Heriotzak ematen dituen kolpe ikaragarriak, beste ezbehar guztein gainetik!
Eta zaila da bizian sinestea. Zaila da, gaurko ebanjelioko «jaiki zaitez» hori sinestea. Zaila da, bizia jarioka galtzen ikusita, bizirako eginak garela sinestea. Zaila! Zaila eta askotan mingarria!
Gaurko irakurgaiek, eta ebanjelioak bereziki, Jainkoak egiten duen biziaren aldeko apustua erakusten digute. «Jainkoak ez du egin heriotza». Jesusek odoljarioa sendatzen dio emakumeari eta Jairoren alabari bizia ematen dio. Eta bizirako deia da, ezer baldin bada, Jesusen Ebanjelioa. Beraz, Jesusen Berri Onak eta gure bizi-bokazioak bat egiten dute beren grina sakonenean, bizinahiaren grina ederrean.
Igande honetako ebanjelioko Jesusek geure odoljarioak aztertzera garamatza. Nondik eta zergatik ihes egiten digu biziak? Non dauzkagu itoginak? Egiten dugun guztia, bizi nahirik egiten dugula ez daukat zalantzarik. Baina askotan bizitzeko bidea erratzen dugu. Gauzak pilatzea, atseginaren irrika, besteen gainetik azaltzea, geure izenari ospe ematea, ez dakit nolako etxea edo kotxea... Besteen konparazioan oinarritzen dugu bizitza. Eta ez da gehiago bizi gehiago daukana. Bizipoza ez da erosten diruz. Bizipoza ez da itxuraren arabera neurtzen.
Bizia eta bizirik eza, biak barrutik doaz. Odoljarioak barrukoak dira. Askotan gauzen grinari heltzen diogu biziak ihes egiten digula sentitzen dugunean. Eta gauzek ez digute jarioa areagotu besterik egiten, itogina handitu. Ebanjelioko emakumeak bezala, guk ere zenbat sendabide bilatu izan dugun. Ez alferrik! Ahalegina alferrik galdu eta azkenean hutsa lortzeko.
Zer egin? Gaurko ebanjelioak ederki esaten du. «Emakumeak ukitu egin zuen Jesus». Ikasleek ez dute ulertzen zeinek uki dezakeen, denek estu-estu hartuta daukatenean. Baina, Jesusek badaki «norbaitek» era berezian «ukitu» duela. Beharretik «ukitu» duela. Benetako sinesmenez «ukitu» duela. Fededun askok askotan ukitzen dugu Jesus: Hitzean, Eukaristian, otoitzean... Baina ukitzetik ukitzera tarte handia egon daiteke. Ohiturakeriaz ukitzeak ez du ezer sendatzen.
Aurrena, beharra sentitu behar da, beharrez ukitu behar da Jesus. Eta Jesusek ez du sekula behartsua erantzunik gabe uzten. Jesusek ongi ezagutzen ditu gure bizijarioak. Jesusek ezagutzen du gure bizinahia eta ezina. Ebanjelioko emakumeak bezala ukitzeko, behartsua izan behar da.
Gero, sinesmena behar da: «Ukitzen badut biziko naiz». Jesusen eskaintzak sortzen duen ziurtasun sendoa da. Inork sendatzekotan, Jesusek sendatuko digu gure bizi ezina. Berak geldiaraziko du jarioa. Jairok ere sinesmen bera erakusten du, heriotzaz harutza daraman sinesmena.
Ingurukoek ez dute ulertuko. Batzuek barre ere egiten diote Jesusi. Gaur egun ere ez da bide oso ohikoa ikusten Jainkoarengan bizia bilatzea. Zorionaren aldarera beste gauza asko daukagu jasota. Eta inor gutxik bizi du, zoritxarrez!, Jesusek ematen duen bizipozaren esperientzia. Kristauen artean ere oso gutxik. Elizakoak egin bai, baina gero bizipoza beste gauzetatik espero dugu.
Hortxe dago biziaren esperientzia ederra. Beharretik abiatzen den barne-aitortza, biziaren betetasun ederrean burutzen da. Jesusek ez gaitu heriotzean uzten. Gure giza bokazio nagusia, bizitzearen bokazioa, erabat berritzen da Jesusen hitzera. Jesus bizia ematera etorri zen, ez bizia kentzera. Eta gure bizi ezinaren bideetara agertzen zaigu, biziaren dohaina emanez. Debalde, baldintzarik gabe, edonori, nahi duen orori, Jesusek bizia eskaintzen dio, bete-beteko bizia. Zertan ibili bizia jarioka galtzen?
Iñaki Beristain (2015-6-21)