URTEAN ZEHAR XXIX IGANDEA

B zikloa

Isaias profetaren liburutik 53,10-11


Jaunak nekeetan
lehertu nahi izan zuen.
Bere bizia ordain ematen badu,
izango du ondorengo ugari,
luzatuko zaizkio egunak,
beteko da Jaunaren nahia haren bitartez.
Bere oinazeen sari,
ikusiko du argia eta aseko da.
Jasan duenaren bidez,
nere serbitzariak zuzentasuna emango dio askori,
haien hutsegiteak bere gain hartuz.

ERANTZUN-SALMOA 32


GURE ARTERA BETOR, JAUNA,
ZURE BETIKO BIHOTZ ONA.
Zuzena baita Jaunaren Hitza,
leiala Hark egin duen guztia.
Zuzen eta bidezko dena du maite,
Haren graziaz lurra dago bete.
Geure bihotza Jaunaren zain dugu,
lagun eta babes Bera baitugu.
Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zugan baitugu geure uste ona.

Ebertarrei egindako epistolatik 4,14-16


Senideok: Jesus, Jaungoikoaren Semea, dugu zeruetan sartu zen apaiz nagusi haundia; eutsi diezaiogun, beraz, sinesmen-aitormenari; gure apaiz nagusia ez bait da gure ahuleriaz erruki ez daitekeen norbait; baizik geure antzera gauza guztietan aztertua, baina bekatutik garbi. Goazen, beraz, uste osoz, graziaren aulkira, errukia iritsi eta behar orduko laguntza emango digun mesedea aurki dezagun.

ALELUIA Gizonaren Semea besteak serbitzatzera etorri da,


eta bere bizia askoren erospen-sari ematera. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 10,35-45


Aldi hartan, [Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten:
- ‘Maisu, eskatuko dizuguna Zuk ematea nahi genuke’.
Jesusek galdetu zien:
- “Zer nahi duzue, bada, niregandik?”
Eta haiek :
- ‘Zu zeure aintzara iristean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar gaitezela’.
Jesusek esan zien:
- “Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kaliza edateko, edo Nik murgildu behar dudan bataioan murgiltzeko?”
- ‘Bai, gauza gara’ -esan zioten.
Jesusek, orduan:
- “Nik edan behar dudan kalizatik, bai, edango duzue, baita nik murgildu behar dudan bataioan murgilduko ere; baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori, ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat prestatua duen, hari emango zaio”.
Beste hamarrak, hori entzutean, Santiago eta Joanen aurka haserre jarri ziren.]
Jesusek dei egin eta esan zien:
- “Dakizuenez, herrien buruzagi direnek menpean hartzen dituzte herriok, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean haundien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena, izan bedi guztion morroi. Zeren Gizonaren Semea ere ez da etorri zerbitua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera”.


Homiliak

Senideok, kristau-bideek ez dute aginte- eta indar-bideekin zer ikusirik. Jesus ez baitzen mundu honetara etorri bere buruarentzat zerbitzuak eta ahalmenak bilatzera, besteak zerbitzatzera baizik, eta haien mesederako bere bizia ematera. Eta Jesusek nekaldirainoko maitasuna erakutsi zuenetik, zerbitzu-bidea lege eta bide egina geratu da fededunontzat.

Egia da, geurez eta geuretik sortzen zaiguna ez da zerbitzatzea, ez da kobrantza gabeko maitasuna erakustea. Joanen eta Santiagoren eskari interesatuak askoz hobeto erakusten du guri sortzen zaiguna: aulki ahaltsuak bilatzen ditugu, agintea, ospea, besteen gorespena, besteen gainetik azaltzea. Ez dakigu zerbitzatzen. Ez dakigu besteei begira eta ingurukoen beharrak kontsideratuz bizitzen. Eta geure intereskeria itsuak ez digu uzten bizitzen. Beti lehian gabiltza. Beti norgehiagoka. Beti besteak nola azpaian hartuko. Eta bide horretatik, gizarte lehiatsua, gizarte gogorra, egin dugu.

Jesusen bidea geuri geurez ez sortzea ez da asko harritzekoa. Izan ere, maitasunak sufrimendua dakar beti berekin. Maite duenak eta besteen mesedea bilatzen duenak, gaur ez bada bihar, honengatik ez bada hargatik, baina sufritu egin behar izaten du. Ama bati gertatzen zaiona: beti bere seme-alabengatik sufritzen bizi da. Jaiotza-uneko erdiminek amaigabeko bokazioa adierazten dute: sufrimenduz sortu dituen amak sufrimenduz maitatuko ditu beti bere seme-alabak. Eta halaxe gertatzen zaio fededunari: beti besteen ona bilatzera eragiten dio bere fedeak, eta besteen interesa bilatzeak geure buruaz ahaztea ere esan nahi du, eta horrek beti sufrimendua darama berekin. Sufrimendurik gabeko benetako maitasunik ez dago mundu honetan. Zerbitzua ez da, beraz, berezkoa inorengan.

Zerbitzatzen ikasi egin beharra daukagu. Nola ikasi? Nik uste dut bide bakarra dagoela: Jesusi begira! Nola ikasi zuten Santiagok eta Joanek zerbitzu-bidea, lehen aginte-zale izanik? Jesusen esperientzia bizi izan zuten, eta nola bizi gainera! Jesusen nekaldiko esperientzia latza bidea ikasteko eskola izan zen. Ikusi zuten Jesusek, ahalmen guztiak izanik eta bizia nolanahi eta nonahi sortzeko ahalmena izanik, ez zuela bere indarra bere burua salbatzeko erabili; baizik eta maitasunaren alde eta gizon-emakumeokiko zerbitzuaren alde, bere bizia ahuldade gorrian eman zuela. Eta hiltzerainoko zerbitzu isil eta apal hark ez zituen lehenean utzi. Gurutzeko ikuskizun sufritzaileak barrua erabat berritu zien. Eta Jesusen zerbitzu erabatekoa ikusi zutenetik, ederki ulertu zuten zertan eta nola zehazten zen Jesusen segizioa. Jesusi jarraitu nahi zionak ez zeukala gizarteko norgehiagoka eta borroka interesatuetan ibiltzerik; Jesusek zerbiztua eskatzen ziola bere jarraitzaileari.

Gaurko fededunok ere ez daukagu beste biderik zerbitzua ikasteko: Jesusi begiratu. Eta Jesusengan ederki ikusten da gaurko Elizak ere ez daukala zer eginik zerbitzuan eta maitasunean urtzen ez bada. Eta, egia esate aldera, badaukagu zer ikasia: oraindik ere gure Elizak garai bateko botereen ezaugarri dezente dauzka eranzteko. Oraindik ere gizartean bere lekua eta bere eragina mantendu nahi duela erakusten duten seinale dezente dauzka. Eta zerbitzu-bidea eta ezkutatze-bidea onez onartzen ez dituen bitartean, Eliza hau bere azalkerian indargabetuko da. Elizak gaur egun erakusten duen ahuleziara tolestatu beharra dauka. Eta erabili behar duen indar bakarra zerbitzuarena eta xumetasunarena da. Handikeriek ez diote Elizari sekula atarramendu onik ekarri.

Gaur, DOMUND eguna ospatzen dugunean, hortxe daukagu adibide eta eredu ederra: Elizak bere historian ederki asko erakutsi du zer den zerbitzatzea, eta gaur ere hala erakusten ari da hirugarren munduko herri askotan. Zenbat gizon eta emakume misio-lurretan eguneroko zerbitzu eta maitasun benetakoa erakusten pobreenen alde! Zenbat heldu eta gazte, bere ordu onenak pobreen zoriari lotuta ematen! Zenbat apaiz, erlijioso/sa eta laiko munduko pobreenen zoria hobetzen eta askatzen! Beren lurra eta bizibide lasaia alde batera utzi eta biluzik joan dira eta misio-lurretan ari dira beren bizia eguneroko jardunetan aletzen. Eliztarrok geure misiolariengan daukagu kristau-bizitzaren adibide eder askoa, zerbitzatzen ikasi nahi bagenu!

Gure gizarteak ere behar ditu ba zerbitzariak, ezer behar baldin badu. Inoiz ez bezainbat zerbitzu dauzkagu gizartean: osasuna, heziera, bideak... inoiz ez bezala zerbitzatuak gabiltza eguneroko bizibidean. Baina, beharbada, pertsona bera zerbitzatuko duten gizon eta emakumeak behar dira: zaharrekin beren denbora emango dutenak, gaixoak bisitatu eta pozteko beta hartuko dutenak, gazteekin hauen arazoez hitz egiteko pazientzia izango dutenak, ezkonduen arazoak entzun eta haiek konpontzen lagunduko dutenak, pertsonen bakardadea lagunduko dutenak, kalean adiskidetasunezko agurra egingo dutenak, gutxitu fisiko edo psikikoei eskua luzatuko dietenak, drogomenpetuen barruko arazoak aditu eta ulertuko dituztenak, etxetik aldegin eta kale bazterrean bizi direnei kariño pixka bat erakutsiko dietenak, beren herria utzi eta gure herrira etorri diren etorkinei etxeko eta bihotzeko ateak irekiko dizkietenak... Zerrenda hau asko luza daiteke, horretan hasita!.

Jesusen segitzaile izatekotan, geureaz ahaztu eta besteei begira bizitzen ikasi behar dugu. Sufrituarazi egingo digula zerbitzuak? Bai, noski! Baina aurrez eta gehiago sufritu duenak babesten du gure zerbitzua eta gure sufrimendua. Eta haren besarkada izango dugu, eta halaxe dugu gaur ere, gure sari betea. Agintearen ezker-eskuinak utzi eta gatozen zerbitzuaren neurrietara eta bila ditzagun gizarteko pobreenak, haien zoria askatzeko eta pozteko.

Gure Ama Mariak eta Jesus berak eman diezagutela zerbitzurako espiritua eta talentua. Eta orain ospatzera goazen Eukaristiak erakuts diezagula ogi zatitu eta banatua izaten. Hori baita Jesusek egin zuena eta egiteko esan ziguna.


Iñaki Beristain (2015-10-6)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mk 10, 35-45)

Santiago eta Joanen jarrera ez zaigu gustatzen eta, hala ere, gure jarrerek haienaren antz handia izan ohi dute normalean. Botere-zaleak gara, aginte-zaleak. Ia oharkabean, boterea bilatzen dugu, lehen postuengatik borrokatzen gara. Eliz elkartean ere, behar baino gehiagotan, agintea boterea erakusteko erabiltzen da, «herriak zapaltzen eta azpian hartzen dituzten» jauntxoen antzera. Ez da beti horrela gertatzen, baina gertatu gertatzen da.

Beharbada, erraza da, errazegia, eliz erakunde handiaren kritika egitea; baina, hobe dugu, seguru asko, geure begiko haga begiratzea. Jesusen hitzak erabakiorrak dira Elizan agintea nola erabili behar den jakiteko. Historian zehar, gehiegitan hitz horien arnasa ez dugu bizi izan. Baina, begira dezagun bakoitzak zer egitera jotzen dugun agintea eskura daukagunean. Nahiz txikia izan daukagun agintea, erakutsi nahi izaten dugu nork agintzen duen familian edo lanean. Gehiegikeriak egiten ondo asko asmatzen dugu, geure burua inportantea dela erakusteko.

Handinahikeriak gure espiritu-bideari ere erasaten dio, edo erasan diezaioke. On itxura eman nahi izaten dugu. Bertuteetan goi-mailako azaldu. Inork ez du guk adina otoitz egiten. Behartsuen aldeko apustuan ere inork ez du guk adina jokatu eta arriskatu. Jainkoarekiko atxikimenduan, beraz, inor gutxi gurekin konparatzeko. Eta, noski, hori erakutsi egin nahi izaten dugu, ahal dela. Jesus, ordea, beste bidetik dabil. Bera gizakia zerbitzatzera etorri da, ez zerbitzatua izatera. Eta ikasleari ere bide bera proposatzen dio. Ikaslearen nahia Jesusi jarraitzea da.

Eta segizio-molde horren deia baztertzean, ikaslea ere handinahikerien borroka eta lehia kaskarrean erortzen da, Jainkoaren erreinua zerbitzatzea bere interes eta botere-gose gordeekin nahastuz. Eta ez daukate batak bestearekin zer ikusirik zerbitzuak eta botere-goseak. Irizpidea argia eta garbia da: prest al gaude Jesusen kaliza edateko, harekin apaltasuna bizitzeko, benetako eragintasuna bizia ematen duen solidaritatzea dela ikasteko? Irizpide horren galbahean pasatu behar ditugu atergabe gure jokaerak eta sentierak, barruko eragin ezkutuko eta okerren atzaparretan ez kateatzeko.

Horrek zer esan nahi du, agintea ez dela erabili behar? Bai, agintea erabili behar da, erantzukizunari ihes egin gabe. Gezurrezko apaltasun-jarrerak ez du balio, agintea ez erabiltzeko aitzakiatzat. Agintea erabili behar da, baina Ebanjelioaren moldera, Jesusek erabiltzen zuen modura. Eta ez geure irudia haziarazteko edo puzteko.

Zer esan nahi du agintea Ebanjelioaren moldera erabiltzeak? Eguneroko gorabehera txikietan agintea erabili behar da, zerbitzu-jarreraz: besteak jasoz eta besteei igotzeko aukera emanez; besteei entzunez; erantzukizunak erdibanatuz; besteek egin nahi ez dutena eginez; kritikak era onean jasoz; pertsonen berezko balioa kontuan hartuz, egiten dutenaren edo bete behar dutenaren aurretik; arrakastaren aurretik balio etikoak ipiniz... Bide luzea eta aukera asko.

Hori eguneroko bizitzan. Baina etor daitezke une bereziak ere, une askoz kritikoagoak. Esate baterako, prestijioa galtzeko prest egotea, besteen ongia jokoan jartzen denean; frakasoari sentidua ematen ikastea; norberaren ezintasuna otoitz bi­hurtzea; taldeko behartsuenen alde jartzea; gezurrezko bakearen gainetik egia aitortu eta bilatzea... Garbi gelditzen da jarrera eta jokaera hauen azpian zer sekretu dagoen: zerbitzatzen duen maitasuna da sekretua.

Eta zerbitzu horren hartzaileak pertsona guztiak dira, inolako bereizkuntzarik egin gabe. Eta bereizkuntza egitekotan, beti pobreak eta baztertuak hobetsiz. Hori guztia galtzailearen dinamika dela? Ez horixe! Galtzailearen dinamika ez, Ebanjelioak eskaintzen duen handitasunaren dinamika baizik!


Iñaki Beristain (2015-10-13)