URTEAN ZEHAR XII IGANDEA
B zikloaJoben liburutik 38,1.8-11
Jaunak ekaitzaren barrutik hitzeginez, honela esan zion Jobi:
Nork itxi zuen itsasoa atez,
amaren sabeletik ibaika atera zenean,
hodeia soineko eta lainoa haur-zapi
jantzi nizkionean?
Nik ezarri nizkion mugak,
Nik ipini ateak eta morroiloak.
‘Honetaraino iritxiko zara -esan nion-,
eta ez aurrerago;
hemen lehertuko da zure olatuen harroa’.
ERANTZUN-SALMOA 106
ESKERRAK JAUNARI,
HAREN MAITASUNA BETIKOA BAITA.
Ontzietan itsasora sartu zirenak,
ur haundiz sal-erosketara joan zirenak;
haiek ikusi zituzten Jaunak eginak,
ur zabalean Haren mirariak.
Haren hitzera jaiki zen ekaitz-haizea,
uhinak harrotuz oso gora:
Zeruraino igotzen ziren, ondarreraino jaisten,
haien barrena larritasunez ari zen urtzen.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Kor 5,14-17
Senideok: Kristoren maitasunak behartzen gaitu; jakinik, bat denengatik hil bada, denak hil direla. Kristo denengatik hil zen, bizi direnak ez daitezen berentzat bizi, berengatik hil eta biztu den Harentzat baizik. Horregatik, hemendik aurrera guk ez dugu inor giza legez ezagutzen. Eta inoiz Kristo giza legez ezagutu badugu ere, orain ez dugu hala ezagutzen. Kristorena dena, sorkari berri da; zaharrarenak egin du; berria hasi da.
ALELUIA Profeta haundi bat agertu da gure artean.
Jaungoikoak ikustaldi egin dio bere herriari. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 4,35-41
Egun hartan, ilunabarrean, Jesusek honela esan zien ikasleei:
- “Goazen uraz beste aldera”.
Eta jendea utzi, eta ontzian eraman zuten, zegoen bezala. Beste ontzi batzuek ere jarraitu zioten. Haize-ekaitz haundi bat sortu zen, eta ontzi barruraino sartzen ziren ur-palastak, ontzia ia betetzeraino. Bera, berriz, txopan, burko baten gainean lo zegoen. Esnarazi eta esan zioten:
- ‘Maisu, galtzera goaz, eta ez zaizu axolarik?’
Orduan jaikirik, agindu zion haizeari, eta itsasoari esan:
- “Ixo! Hago geldi!”
Gelditu egin zen haizea, eta barealdi haundia sortu zen. Gero honela esan zien.
- “Zergatik zarete horren beldurti? Ez al duzue oraindik sinesmenik?”.
Eta harriturik gelditu ziren; eta honela zioten elkarri:
- ‘Nor dugu, ordea, Hau? Haizeak eta itsasoak ere obeditzen bait diote!’
Homiliak
Senideok: itsasoak giza-bizitzaren ibilbidea nahi du adierazi. Eta bizitzan, itsasoan bezalaxe, ekaitzak eta uhin-aldi handiak sortzen dira. Ebanjelioko kontakizunean, apostoluen aurpegian ikusten dugun urduritasun hori, inoiz geurean ere ikusi ohi dugu. Eta ez da harritzekoa. Bizitza den bezalakoa da eta ez dago askoz gehiago esan beharrik.
Eta gure bizitzari begira dioguna, berdintsu esan behar gizartera begira jarrita ere. Olatu handiek, menperatu ezineko oletuek, buruz gain altxatzen zaizkigun olatuek, erakusten digute askotan oso ahulak garela. Gure indarrek ez dute askotarako ematen.
Seguru asko, gure eta gizarteko ekaitzaldiak aipatzen hasiko bagina, ez genuke berehala amaituko. Baina, gaurko gure eginkizuna ez da gure ekaitzaldiei buruz jardutea. Baizik ekaitzaldien erdian presente dagoen Jesus horri buruz jardutea. Hori da garrantzizkoena. Egia da, gure arazoak ez ditugu ahaztu eta alde batera utzi behar. Baina are gutxiago egin behar dugu hori Jesusen presentziarekin. Izan ere, eta zer esatera noan ondo pentsatua daukat, giza bizitzaren gakoa ez dago arazoak ez edukitzean, Jesus presente eta gertuan sentitzean baizik.
Begira, entzule, kristauoi ez zaigu esan arazorik ez dugula izango edo bizitza samurra suertatuko zaigunik, ez. Hori ere egin zezakeen Jainkoak. Baina ez du hori gizon-emakumeontzat hain garrantzizko ikusi. Arazoak izan edo ez izan, benetan erabakiorra beste hau da: Jauna hurbil senti dezagula beharrean edo ezbeharrean. Beti Jauna gertuan senti dezagula. Kondairari gainbegiratu bat ematea aski: Elizaren historia olatu-kolpe handiez zauritutako historia da. Olatu sendoak. San Markosek gaurko ebanjelio-zatia idatzi zuenerako, Elizak asko zekien erasoaz eta sufritu-beharraz.
Baina San Markosek ez du gure gaitzaldiak eta arriskuak zenbatzea eta zerrenda batean biltzea nahi. San Markosek esan nahi dio kristau-elkarteari, Jesus, nahiz eta iruditu lotan edo arduragabe dagoela, Jesus presente eta kezkatua dabilela gure ondoan. Eta gure bizitzaz kezkatzen den hori ez dela nornahi, ahalmena eta indarra bere esku dituen Jaun ahaltsua baizik. «Nor da baina hau? Itsasoak eta haizeak ere obeditzen diote!».
Geure gurpilera etorriz, entzule, (eta galdera soila da), zergatik kezkatzen ote gaitu gehiago ez sufritzeak, Jauna gurekin dagoela sinesteak baino? Ez sufritzeak ez du zoriona ematen. Jauna gertuan sinesteak bai! Ez sufritzeak ez du giza-barnea pozez asetzen. Jauna gertuan dagoela sumatzeak bai! «Hala ere, esango duzu agian, ez sufritzea hobe!». Sufrimentua ez da guk bilatu behar dugun jeneroa, ezta pentsatu ere! Baina sufritu edo ez sufritu, Jaunaren esku bizitzea da giza-izate osoa eskuratzen digun jarrera.
Job bere sufrimenduak kezkatzen du. Eta Jaunak ez dio sufrimenduaren argitasunik ematen. Bera Jauna dela erakusten dio, eta bere sufrimenduan gertuan daukala. Hori nahikoa da! Maitasuna sinesteak ez du prolemarik eta arazorik aurrezten. Baina arazo guztien azpian dagoen arazo nagusia konpontzen du: maitasunaren arazoa. Hori bai dela benetan garrantzizkoa!
Gauza bat eduki behar genuke gogoan. Fededun helduak ez du Jainkoa erabiltzen bere beharren gora-beheran. Jainkoa berekin duela sendo sinetsirik, berak egiten dio aurre bizitzari, sufrimenduari, injustiziari. Jainkoarengan sinesteak ez baitu gure erantzukizuna gutxitzen. Guk egin behar dugu mundu zuzenagoa. Guk jaso behar ditugu eroriak. Guk gainditu behar ditugu arriskuak. Guk berritu behar dugu Eliza. Jainkoak bere presentziaren ziurtasuna eman digu. Aski dugu. Utz diezaiogun Jainkoari lo egiten, nolabait estaeko, eta heldu diezaiogun eguneroko lanari sendo eta adorez.
Badugu honetatik guztitik zer ikasi:
• Lehenengo apaltasuna: Ez gaitezen bizitzan seguruegi senti. Geure indar hutsetan uste izatea, zorakeria gehiegizkoa izango litzateke. Noiznahi sor daiteke ahultasunaren zorabioa bizitzaren olatu artean.
• Ona da geure bizitzaren egia erakusten diguten zalantza eta krisialdia nozitzea. Ahulak garela ahaztea arriskutsua da oso. Bakoitzak bere ibilaldia indarka burutu behar du. Begira Mariari. A zer nolako erromesaldi latz eta saiatua burutu zuen!
• Baina ikasi beharrekoena, zalantzarik gabe, zera da: zailtasun guztiak fedez eta itxaropenez behar ditugula eraman. Haize eta kontra-bolada gogorrak sor daitezke. Baina Jainkoaz fidatu behar du fededunak. Gure bizitzan irtenbiderik gabeko une estu horietan ez genuke erori behar. Indartsua gurekin daukagu. Eta indartsuak maite gaitu! Zeren beldur, entzule fededun?
Eta hau guztia ez dut harrotzeko esaten. Ez ote dugu asmatuko sendotasuna eta apaltasuna bizitzan elkarrekin uztartzen? Datozen egunotan emango zaizkigu testigu bikain askoak: San Joan bataiatzailea, alde batetik. San Pedro eta San Paulo, bestetik. Beren fedearen borroka sendotasunez bizitzen asmatu zuten, ahulak izanik ere.
Ba al dakigu zer sinesten dugun? Edo hobeto galdetuta, ba al dakigu Nor daukagun ondoan?
Baina kuadro honetan ez dut San Paulok bigarren irakurraldian eman digun datua ahaztu nahi: Jainkoaren maitasunak ematen digun sendotasun hau konpromisoa da. «Kristoren maitasunak behartzen gaitu». Zertara behartu?, galdetzen duzu! Zertara izango da ba! Batek gure alde bizia eman zuen bezala guk ere besteen zerbitzuan gure bizia aletzera!
Eukaristia ospatzera goaz. Kristoren maitasunaren konpromiso ikusgarria! Zerbitzu eder horrek egingo gaitu zerbitzurako gai. Goazen ospaketa alaia egitera. Eta bizitzaren itsasoan aurrera egiteko indarrak jaso ditzagun!
Iñaki Beristain (2015-6-15)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 4, 35-40)
Jainkoaren Hitzak, Ebanjelioko eskaintzak, berriro ere eguneroko itsasora ateratzen gaitu. Eta itsaso horren beste ertzean daukagu deia eta beste ertzean helmuga. Itsasora salto egitea dagokigu, eta itsasoak berekin dituen arriskuei apalki aurre egitea. Itsasoan murgiltzeak segurantzarik eza esan nahi du, zoru ahul eta mugikorra, heldulekurik ez izatea. Eta gu bestetara gaude ohituak: dena seguru lotzera, hankak tinko ezarriak edukitzera, heldulekuak eskura izatera.
Jesusek, ordea, itsasora bidali gaitu: «Goazen itsasoaz beste aldera». Gure eliz elkarteak borroka hori bizi du: alde batetik, garbi ikusten du beste bide batzuk urratu beharra daukala, beste jokamolde batzuk sortu beharra, Berri Onaren zabalkundeak beste itsaso batzuetara dei egiten digu –Berri Ona eskaintzeko beste molde eta hizkera batzuk bideratu behar ditugula, alegia–, liturgia beste era batera ospatu eta bizi beharra ikusten dugu... Baina ezin dugu itsasora salto egin.
Hemen, itsasertz honetan seguru gaude: doktrina segurua, arau moral finkatu tinkoak, «abenturarik ez», betiko errezoak beti bezala esanak, dena seguru eta ongi lotua. Bide berriak urratzen saiatzen diren «abenturariek» zigorra merezi dute. Gure eliz elkarteei, Berri Onaren ordez edo Berri Onaren izenean, garai bateko doktrina eta ikusmoldeak ezarri zaizkie. Eta hortik irteten denari salaketa eta epaia datorkio.
Beste zenbaitek bestela jokatzen du. Berri Ona bere gordinean onartzeak arazoak ditu, eta geure moldeetara muga dezagun. Berri Onean Jesusen deia jasotzen saiatu ordez, haren eskabideak samurtu ditzagun, geure eguneroko biziera lasaia epaitua senti ez dadin. Jesusen deia gordinegia izan daiteke bere horretan, eta egosi dezagun geure uste eta ulerbide «modernoetan».
Nahiz jarrera batean, zein bestean, galdera hau da: Berri Onak itsasora ateratzen al nau?, Jesusengatik eta haren deiarengatik, prest al nago nire biziera arriskuan jartzeko?, edo ikuspegi batek zein besteak neurean lasai uzten naute? Gehiegi hitz egiten dugu doktrinaz eta teologiaz eta liburuez eta maisuez... eta falta zaiguna da Jesusen itsasora salto egingo duen jendea. Jesusek ez digu eskatu doktrina bat edo beste onartzeko. Hori gure kontua da.
Itsasoa esatean zer esan nahi da? Esan nahi da gizarteko pobreen ondoan eta haien alde jartzea. Esan nahi da, krisiaren aitzakiatan gizon-emakumeak zapaltzen dituzten sistemak salatu eta borrokatzea. Esan nahi da gezurrari eta ustelkeriari garrasi egitea. Esan nahi da, biktimak babesteko aitzakiatan zenbait gizon eta emakume eskubide gabetuen egoera salatzen ausartzea. Esan nahi da gezurrari aurre egitea. Itsaso honek askotan olatu handiak eragiten ditu, badakigu ondo asko. Jarrera lasaien haize guztiak kontra jartzen dizkigu. Gure bateltxoak ezin eutsi dio itsasoaren indarrari eta urak arnasarik gabe uzten gaitu. Etsi eta utzi egingo genuke gustura. Ez du merezi, ezer ezin duzunean egin, egiten saiatzea.
Gure ahalegin txikiak zer egin dezake? Sinesmenaren jarrera lasai eta baketsuan ez al gaude hobeto, Jaunaren ondoan gozo? Geuk bakarrik zer egin dezakegu, ahal duguna eginda ere? Eta Jauna non da? Jaun berpiztua non da? Geure ondoan daukagu! Lotan dagoela ematen du eta ez duela ezer egiten. Baina, han dago eta, Jauna dagoen tokian, beti izaten da maitasunaren ziurtasuna. Segurantzarik apenas, baina ziurtasuna sendoa.
Bihar zer gertatuko zaigun seguru eduki?, ez! Baina Jauna geure ondoan izango dugula ziur dakigu, Jesusek bere Pazkoan ematen digun ziurtasun sendoz. Horregatik arriska dezakegu dena: doktrina, morala, baretasuna, usteak... eta bizia bera! Gure Elizak sinesmenezko arrisku eder honen beharra dauka. Ez daukagu ezer seguru, baina maitasunaren ziurtasunak eguneroko itsasora ateratzen gaitu. Zer gertatuko zaigun, ez dakit. Baina badakit, gertatuak gertatu, Jauna ondoan izango dugula beti, salbatzaile!
Iñaki Beristain (2015-6-15)