JAINKOAREN AMA MARIA

B zikloa

Urtarrilak 1


Zenbakien liburutik 6,22-27
Jauna honela mintzatu zitzaion Moisesi:
- “Hitz egiozu Aaroni eta haren semeei, eta esan: Honela bedeinkatuko dituzue israeldarrak:
‘Bedeinka zaitzala Jaunak, eta zaindu.
Ager diezaizula Jaunak bere aurpegi argia,
eta erruki dadila zutaz.
Ager diezaizula Jaunak bere aurpegia,
eta eman bere bakea’.
Honela aipatuko dute nere izena israeldarren gainean, eta Nik bedeinkatuko ditut”.

ERANTZUN-SALMOA 66


AGERTU ZURE BIHOTZ ONA.
EMAN ZUK, JAUNA, OSASUNA.
Erruki bekigu Jainkoa, bedeinka gaitzala,
ager diezaigula aurpegi alaia;
ezagutu dezaten lurrean zure bidea,
herri guztietan Zugandiko salbamena.
Poztu bitez kantari atzerriak,
zuzenbidez baitaramazu izadia;
zintzo baitituzu gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei 4,4-7


Senideok: Garaia bete zenean, bere Semea bidali zuen Jaungoikoak, emakumeagandik jaioa, Legepeko egina, Legepean zaudenak erostera, guk seme-ordetza har genezan. Eta seme zaretelako, bere Semearen Espiritua bidali du Jaungoikoak zuen bihotzetara, ‘Abba!, Aita!’ deika ari dena. Beraz, gehiago ez zara morroi, seme baizik; eta seme bazara, baita oinordeko ere, Jainkoari esker.

ALELUIA Askotan eta era askotara


hitzegin zien Jaungoikoak Profeten bidez
aspalditik gure arbasoei;
eta azkenak diren egun hauetan,
Semearen bidez hitzegin digu. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,16-21


Aldi hartan, artzainak laisterka joan ziren, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakin erazi zuten, haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren, artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jaungoikoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenagatik.
Haurra erdaintzeko zortziurrena bete zenean, Jesus ezarri zioten izen, sabelean sortu baino lehenago aingeruak esan zuen izen bera.


Homiliak

Bi mila eta bederatzigarren urteari hasiera ematean, ez dakit zer sentimenduk eragiten digun barrutik. Ziurtasunik eza, zorte onaren nahia, etsipena, esperantza, adorea, motelaldia..., ez dakit. Gerta daiteke askok eta askok galdetu ere ez egitea urte berriaren aurrean sentitzen duenaz. Gauzak joango dira, gertatu behar duten bezala gertatuko dira...., eta zertarako kezkatu konpondu ezin dugunaz?

Hala ere, urte berriaren aurrean jarrera ezberdinak har daitezke. Eta urtea, era batekoa izan edo bestekoa izan, onerako urte izatea lor dezakegu. Ez, noski, guk urtearen ibilbidea alda dezakegulako, ez; baizik gure urtea ondu dezakeen haren eskuetan bizi gaitezkeelako. Aukera hortxe dago: geure ahaleginaren ahalmenen arabera bizi edo Jainkoaren eskuetan bizi. Konfiantzaren gorabehera, alegia.

Gaurko liturgiak konfiantzara eraman nahi gaitu, konfiantzaz bizitzera. Lehenengo irakurgaiak esan digunez, konfiantzaz bizitzeko gure egunak eta gauak Jaunaren bedeinkazioaren eskuetan uztea da egin behar duguna. Jainkoak bere hitz mesedekoa esaten badu gure gain, bizi gaitezke bakean, Jaunak dena on bihurtuko baitigu. Horixe da «bedeinkazioak» esan nahi duena, Jaunak dena onerako bihurtzen digula. Eta gertatua gertatu dena onerako baldin badut, zeren beldur izan beharko nuke? Jainkoaren bedeinkazioak ez du gauzen eta gartakarien haria aldatzen, baina beti bere besoetan gauzka, eta dena mesedeko egiten du guretzat, maite gaituelako.

Beharbada, egin daitezkeen galdera askoren artean, maitasunaren ziurraz galdetzen dizu zure barruak. Nola jakin Jainkoak dena on bihurtzeraino maite gaituela? Bigarren irakurgaiak, bere laburrean, ziurtasun horren oinarria ematen dizu: «Garaia bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, bere seme-alaba egin gaitzan». Orain, garenak garela, Jainkoak bere seme-alabatzat hartu gaitu eta ez gaitu gaitzaren menpe utziko. Gaitzaren ezaugarriak asko izango ditugu bizitzan, seguru asko; baina, gaitza ez digute gertakariek egiten, geure bihotzeko bakardadeak baizik. Jainkoak bere familiako egin gaitu eta Jainkoa «Aita» egin zaigu. Haren eskutik goazela, ez daukagu zer beldurturik.

Nola etorri konfiantza horretara? Zein da maitasunaren ziurtasunaz jabetzeko bidea? Gaurko ebanjelioko pasadizoak bide zidor ederrak eskaintzen dizkigu. Artzainak, inguruko pobreak, jabetu dira gertatu denaz. Jerusalem handia bere eginkizunetan dabil eta ez da ohartu Jainkoaren bisitaz. Pobrezia, barruko apaltasuna, txiki izatearen kontzientzia ezinbestekoak dira Jainkoaren maitasunaz ohartzeko. Gauza gehiegitan gabiltza, sakabanatuta gabiltza, aparretan, eta ez dugu hutsaren lurruna besterik jasotzen. Zarata gehiegi darabilgu, hitz txiki eta isil honen soinu maitalea aditzeko.

Begira diezaiogun Mariari han, Belengo kobazuloan edo Nazareteko sukalde txikian. Ikusten zituen guztiok bere bihotzean gordetzen zituen hausnartuz. Mariak izan zuen arazorik bizitzan. Izan zuen ulertu ezinik. Izan zuen barrua apurtu zion berririk. Baina, zer egin zuen? Bere barruan gordetako maitasunaren galbahetik pasa zituen denak. Eta dena, une ilunena ere, Jainkoak erakutsi zion maitasun hartan argitu zitzaion. Mariak ikusi zuena ikusita, konfiantzan bizitzen ikasi zuen. Maitasunaren konfiantzan!

Guk ere begira ditzagun geure errealitateak. Pertsonalak, aurrena. Nola gaude? Zer min eta ezintasun bizi ditugu? Zerk kentzen digu bihotzetik baretasuna? Zerk mintzen eta zauritzen gaitu? Hori horrela, bere gordinean bizitzeak ez digu bihotza zimurtu eta tristetu besterik egingo. Pasa Jainkoaren maitasunaren galbahetik. Zaude seguru, urte berria izango da aurtengoa.

Pasa ditzagun maitasunaren galbahetik gure harremanak ere, etxekoak, auzokoak. Hainbeste ulertu ezin gertatzen zaigu elkarren artean. Maitasunaren filtrotik pasata, dena berritu eta ondu egiten da. Harremanen artean, gure herriarenak ekar ditzagun gogora. Bakearen esperoan jartzen gara urte berriaren lehen egunetik. Garai ilunak bizi ditugu, esperantza gutxikoak, tristeak. Hau ere Jainkoaren maitasunaren galbahetik pasa beharko dugu, ondo izatekotan. Jainkoaren maitasunak eman diezaguke bakearen konfiantza. Elkarri konfiantzaz begiratzea ezinbestekoa da bakea egiteko.

Mariak eraman gaitzala gaurko ospakizunean eskutik eta ikas dezagula berarengandik konfiantza ederrean bizitzen, dena berria eta dena ona gerta dakigun. Eukaristia honek emango dio bihotza gure konfiantzari.


Iñaki Beristain (2014-12-29)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 1-18)

Garai zalapartatsuak bizi ditugu aspaldian. Informazioaren mundializazioak elaboratu ezin adina jakingarri eskaintzen digu atergabe. Lehen geure inguruko zarata besterik entzuten ez bagenu­en, orain mundu guztikoa entzun beharra daukagu, nahi ala ez nahi. Eta esango nuke, kanpoko hainbeste zarata entzun beharrak geure barruko soinuak estali egiten dizkigula. Eta ez gabiltza ondo. Urduri sentitzen dugu geure barrua, ondoezik. Pertsona izatearen oinarrietara itzuli beharra edo...

Eguberri ondorengo bigarren igande honek geure sustraietara itzularazten gaitu. Geure barrura. Geure arnasbideetara.

Gure mundua ez dago kanpoan, ez dago inongo urrutian. Geure mundua barruan daramagu, eta mundu horri jaramon egin behar diogu. Geure barruaren nahiak eta esperantzak arduraz zaindu behar ditugu; geure barruaren minak eta ezinak gozoz sendatu behar ditugu; geure barruaren nortasunari bere hitza esaten utzi behar diogu; eta, batez ere, geure barruari entzuten, aditzen, ikasi behar dugu.

Eta barruari aditzen ikasita, aurrena barruko hutsuneari entzun behar diogu. Zer adierazten digu barruko hutsuneak? Izatezko hutsunea dela esango nuke, berezko egarria, izate osoa harrapatzen duen hutsune sakona, esistentziala, biziari sakonenean eragiten diona. Zeren egarri gara? Zer behar eta zer falta dugu? Hutsune hori zerekin bete dezakegu? Hutsune hori ase behar al dugu? Hutsune hori ez ote da giza izatearen berezko eta betiko egarria? Ez al gara «egarri»?

Gaurko ebanjelioak emango digu onenean egarri eta hutsune honen giltza. «Egindakoetan ez da ezer hura gabe eginik». Jakina!, Jainkoak beretzat egin baldin bagaitu, nekez aurki daiteke sentidua beretzat egin gaituen harengan izan ezik. Alegia, gaurko gizon eta emakumeok, gaurko gizarteak bere osoan, gure munduak bere globalean, ez ote du Jainkoaren egarria bizi? Egarri horrekin zer egin behar den edo zer ez, hori beste kontua da. Baina egarria hor dago.

Denak ez dira, noski, diagnostiko honekin bat etorriko. Zilegi da hori. Baina, nik hori horrelakotzat onarturik, espiritualtasuna zaindu eta landu beharra azpimarratu nahi nuke. Geure barruko sakonena axolaz hartu behar dugu. Eta landu, gozatu, poztu... Eta horretarako, isiltasuna dugu beharrezko. Zaratak isildu. Sakabanatuta bizitzetik barrura etorri. Sentsazioen azaletik barruaren muinera etorri. Isiltasuna, barruko soinuak aditzeko. Isiltasuna, neure barruaz ohartzera iristeko. Isiltasuna, Jainkoaren presentzia aditzeko.

Eguberrik bere alderdi builoso eta dirdaitsua izan du (Gabon gaua, Eguberri, urte zahar, urte berri...). Gaurko igandeak isiltasunera biltzen gaitu. Emaiogun denbora barruari. Emaiogun aukera barruari. Emaiogun hitza sentimenduari. Hitzak isildu ditzagun, HITZA aditzeko. Zaratak moteldu, Espirituaren hegaldiari antzemateko. Eta Espirituak bere hegoen haize suabez, Hitzaren altxor isila aurkituaraziko digu. Eta orduan, geure barrua baretuko duen maitasuna adituko dugu. Eta maitasuna aditutakoan, dena argitzen da.

Maitasunaren isiltasunetik beste molde batean joango zara eguneroko errealitatera. Maitasunaren isiltasunetik beste gebirada batez begiratuko duzu zeure bizitza. Eguneroko ezinaren zarata minduak ez dizkizu beste hitz gordeak ezkutatuko. Gaixoaldian poza aditzen ikasiko duzu. Bakardadean presentzia aditzen ikasiko duzu. Eta, aditzen hasita, Eguberriko mezu eta presentzia isilean, mundua eraikitzen ari den Hitza adituko duzu. Eta dena oker eta dena gaizki jartzen zaizunean ere, Erreinua eraikitzen ari den Jainkoaren lan azken gabea sumatuko duzu.

Barrua hutsik? Hutsean aditzen da maitasuna. Hutsean egiten du oihartzun maitasunaren ukituak. Hutsean betetzen da amets handiena. Hutsean egiten zaio lekua maitasunari. Isiltasuna aditzen ikasten badugu, Jainkoak beteko gaitu barrutik.


Iñaki Beristain (2015-1-2)