URTEAN ZEHAR VII IGANDEA
B zikloaIsaias profetaren liburutik 43,18-19.21-22.24b-25
Honela mintzo da Jauna:
“Ez oroitu lehengo gauzarik,
ez gogoan hartu aspaldikorik.
Begira, gauza berriak egiten ari naiz,
hasi dira, ez al duzue ikusten?
Bide bat irekiko dut basoan:
ibaiak basamortuan;
ase dadin nere herri aukeratuaren egarria:
nere gorespenak kantatzeko
Nik eratu dudan herriaren egarria.
Hala ere zuk, Jakob, ez ninduzun deitzen,
zuk, Israel, ez zenuen Nigatik nekerik hartzen,
ez ninduzun asetzen zure oparien koipez.
Zure bekatuz behartu egin ninduzun,
eta aspertu zure gaiztakeriaz.
Ni nintzen, Ni,
zure gaiztakeriak garbitzen nituena;
ez nituen gogoan hartzen zure bekatuak”.
ERANTZUN – SALMOA 40
SENDA NAZAZU, ENE JAINKO,
BEKATU EGIN DUDALAKO.
Bai dohatsu, behartsuaz eta dohakabeaz arduratzen dena,
egun gaiztoan onez aterako du Jaunak.
Jaunak gordeko du eta bizirik eukiko,
dohatsu egingo du lurrean:
ez du utziko etsaien menpean.
Ohean minez dela, Jauna zaio lagun etorriko,
gaitzaldiko ahultasun guztiak kenduko dizkio.
Hau diot nik: ‘Erruki zakizkit, Jauna,
senda nazazu, hoben egina bait nauzu zure aurka’.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Kor 1,18-22
Senideok: Ondo daki Jaungoikoak, zuenganako nere hitza ez dela izan batean ‘bai’ eta bestean ‘ez’; Silbanok, Timoteok eta nik zuei hots egindako Jaungoikoaren Seme Kristo Jesus ez zen izan batean ‘bai’ eta bestean ‘ez’; Harengan denak ‘bai’ egin ziren; Jaungoikoak egindako agintzariek ‘baietza’ izan dute Harengan; horregatik, Kristoren bitartez ‘Amen’ esaten diogu Jaungoikoari bere aintzarako.
Jaungoikoa da gu eta zuek Kristorengan sendotzen gaituena. Berak sagaratzen gaitu; Berak ezarri du gugan bere ezaugarria, eta gure bihotzetan Espiritua ipini du bere agiritzat.
ALELUIA Behartsuei Berri Ona ematera bidali nau Jaunak,
gatibuei askatasuna hots egitera. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 2,1-12
Aldi hartan, itzuli zen berriro Jesus Kafarnauna, eta etxean zegoelako hotsa zabaldu zen. Jendetza haundia bildu zen, ate aurrean ere lekurik ez izateraino. Eta Jesusek hitza adierazten zien. Eta han etorri ziren lau lagun, perlesidun bat zekarkiotela. Baina jendetzarengatik ezin bait zuten sartu, Jesus bera zegoen aldean teilatua altxa, zulo bat egin eta eraitsi zuten perlesiduna etzanik zegoen esku-ohea. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, honela esan zion perlesidunari:
- “Seme, barkatzen zaizkizu zeure bekatuak!”.
Ba zeuden han eserita idazlari batzuk, eta honela zioten beren baitan:
- ‘Zer ari da Hau biraoka? Nork barka ditzake bekatuak, Jaungoikoak baizik?’
Haiek beren barruan zerabiltena ezaguturik, Jesusek esan zien:
- “Zer burutapen darabiltzue zuen bihotzetan? Zer da errazago perlesidunari esaten: ‘Barkatzen zaizkizu bekatuak’, ala ‘jaiki zaitez, hartu esku-ohea, eta zoaz?’ Hara bada, jakin dezazuen Gizonaren Semeak ba duela lurrean, bekatuak barkatzeko eskubidea… -honela esan zion perlesidunari-: ‘Zuri diotsut: Jaiki zaitez, hartu zeure esku-ohea, eta zoaz etxera’”.
Jaiki zen berehala perlesiduna, hartu zuen esku-ohea eta guztien aurrean atera zen. Denak harriturik gelditu ziren, eta Jaungoikoa goresten zuten, esanez:
- ‘Ez dugu egundaino horrelakorik ikusi’.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.