ABENDUKO IV IGANDEA
B zikloaSamuelen liburutik 2 Sm 7,1-5.8b-12.14a-16
Dabid erregea bere etxean bizi zela, eta Jaunak inguruko etsai guztietatik bakea eman zionean, honela esan zion erregek Natan profetari: ‘Begira, ni zedrozko etxean bizi naiz; Jaungoikoaren kutxa, berriz, larruzko txabolan’.
Natanek erantzun zion erregeri: ‘Zoaz, eta egizu bihotzak eskatzen dizun guztia, Jauna zurekin dago-ta’.
Baina gau hartan bertan Jaungoikoaren hitza etorri zitzaion Natani:
- “Zoaz, eta esaiozu nere morroi Dabidi: Hau dio Jaunak: ‘Zuk eraiki behar al didazu etxea, nire bizileku izan dadin? Nik atera zintudan zure larreetatik, artaldeen atzetik, neure herriaren buru izan zintezen. Zurekin izan nauzu, ibili zaren alde guztietan. Nik garbitu dizkizut aurretik etsai guztiak. Eta Nik emango dizut zuri izen haundia, lurreko haundizkiena bezalakoa. Leku bat emango diot Nik neure herri Israeli; han landatuko dut bera; leku hartan iraungo du, eta ez du gehiago estualdirik izango; gaizkileek ez dute zapalduko, hasiera hartan bezala, epaileak nere herriaren gain ipini nituen hartan bezala. Bakea emango dizut, etsai guztietatik. Haundi egingo zaitut eta jatorria sortuko dizut.
Zure egunak betetzen direnean eta zure gurasoekin atseden hartzen duzunean, ondorengo bat emango dizut, zure erraietatik aterea, eta sendotu egingo dut haren erreinua. Aita izango nau harek Ni, eta hura seme izango dut Nik.
Zure etxeak eta zure erreinuak betiko iraungo dute nere aurrean, eta zure errege-aulkiak sendo iraungo du beti’”.
ERANTZUN SALMOA 88
JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Elkargo egin dut neure hautatuarekin,
Dabid neure morroiari nion zin egin:
“Betiko sendotuko dut zure hazia,
menderen mende eraikiko zure aulkia”.
Berak deituko nau: ‘Zu zaitut Aita,
ene Jainko, nere salbamenaren Harkaitza’.
Gordeko diot beti neure maitasuna,
zintzo edukiko, egin nion ituna.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 16,25-27
Senideok: Jesukristoren berri ona dela-ta –betidaniko gizaldietan ezkutuan egon den misterioa, baina orain Profeten bidez agertua izan dena, eta betiereko Jaungoikoaren erabakiz adierazia, atzerri guztiak sinesmenera erakarriak izan daitezen-, hau da: nik hotsegiten dudan ebanjelioaren arauera, indar zaitzaketen Jaungoikoari, jakintsu bakarrari, aintza Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta gizaldietan. Amen.
ALELUIA Hona hemen ni, Jaunaren mirabea;
gerta bekit Zuk diozun bezala. ALELUIA
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen Liburutik 1,26-38
Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jaungoikoak, Nazaret deritzan Galileako herri batera, birjina batengana; Dabiden etxeko Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen birjina, eta Maria zuen izena. Aingeruak, haren etxean sartuta, honela esan zion:
- “Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zurekin”.
Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak, orduan:
- “Ez izan beldurrik, Maria; Jaungoikoaren ederra aurkitu duzu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu; eta Jesus ezarriko diozu izen. Haundia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko dute; eta Jainko Jaunak Haren aita Dabiden errege-aulkia emango dio; Jakoben etxean errege izango da beti, eta Haren erregetzak ez du azkenik izango”.
Baina Mariak orduan aingeruari:
- ‘Baina nola daiteke hori? Nik ez bait dut ezagutzen gizonik’.
Eta aingeruak:
- “Espiritu Santua jaitsiko da zuregana, eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik zuregandik jaioko den Santua, Jaungoikoaren Seme deituko dute. Hara, zure ahaide Isabel ere, bere zaharrean, haurdun dago; eta agorra omen zena seigarren hilabetean aurkitzen da; Jaungoikoarentzat ez bait da ezer ezinik”.
Mariak orduan:
- ‘Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; gerta bekit, zuk diozun bezala’.
Orduan aingeruak utzi egin zuen.
Homiliak
Senide maiteok: Abenduak, bere ibilbide ederrean, aldaketa dezentea jo du gaurko liturgian. Hain gertu, hain bertan sumatzen da, Abenduan amets egin dugun guztiaren betetzea. Hain gertu, hain bertan!... Gaurko igande honek jartzen baitio abenduari koroa. Eguberri atarian uzten gaitu gaurko ospakizunak. Aro berrien garaia heldu zaigu, senideok!
Eta, begira, gertatzera dihoanaren gertaera, eraiki behar den etxe baten gorabeheran eman zaigu. Dabidek, Israel herri osoaren ordezko bezala, Jainkoari, Jainkoaren Kutxa santuari, etxe bat eraiki nahi dio. Berak bizi duen handitasunaren neurriko bizitokia eman nahi lioke Jainkoari ere. Jainkoaren handi izatea, mundu honetako handi izatetik neurtzen baitugu beti. Dabid eta Israel etxea lasai geldituko lirateke Jainkoari etxea emanda. Jainkoak eman dien guztia ordaindua geratuko litzateke. Dabidek ez luke kontzientzia txarrik izango bere handitasunen erdian.
«Zuk eraiki behar al didazu etxea, nire bizileku izan dadin?». Eta Jainkoak banan-banan, eman dizkion ondasunak kontatzen dizkio Dabidi. Esanez bezala: Errege izendatu zintudanean, ni zurekin egon naizenean etsaiak garbi zenitzan, eta aurrerantzean emango dizkizudan guztiak emango dizkizudanean, nik egin dizut eta nik egingo dizut zuri etxea! Nik egiten dizut zuri etxea! Arazoa ez baita, zuek ni toki egokian jartzea; nik zuek non jarri zaituztedan ulertzea baizik! Jainkoaren ekimena ulertuko bagenu!
Eta, hala, Jainkoak etxea egiten dio Israel herriari, mundu osoari. Maria da etxea! Mariarengan beteko da Jainkoak Dabidi esandakoa. Eta, bide batez, Mariarengan beteko daDabiden ametsa ere. Jainkoak badu etxea! Gizon-emakumeok badugu etxea! Mariarengan, Elizarengan, Jainkoa gurekin biziko da! Eta Mariarengandik ematen zaigu betirako Errege izango dena. Hark zainduko eta maitatuko du herria. Hark askatuko gaitu. Eta etxea guri Jainkoak berak egiten digula uler dezagun, gizakiaren eraginik gabe sortuko da Jesus! Guri esker onean misterioa ulertzea dagokigu! Jainkoak berak egin du egitekoa! Munduak bakean iraun dezake, Jainkoa beregan baitu.
San Paulok esker on ederra jarri digu ezpainetan bigarren irakurgaian: gauzak horrela eratu eta egin dituen Jainkoari, «jakintsu bakarrari, aintza Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta gizaldietan!». Zer gehiago esan genezake, Eguberriko gertaera betearen aurrean? Berriro ere, geure ordaindu behar kaskarretan hasi? Ez, ez! Harritu eta eskertu!
Horra, adiskideok, horra gertatzera dihoakiguna. Horra gertatu zaiguna. Guk, geure eginbeharrean, Jainkoa gustura eduki nahi genuen. Eta horra, Jainkoak aurrea hartu digu! Izan ere, Eguberri zer da, maitasunean aurrea hartu digun Jainkoaren Egun Berria baizik? Mariak, bere sabel edertuan, Jainkoaren egintza harrigarriak eskaintzen dizkigu. Gaur, gaur ere, Jainkoak aurrea hartzen digu! Eta betidanik ezkutuan egon den misterioa, oraintxe argitzen zaigu, gure fedearen begibistan. Jainkoak bere maitasun neurrigabea hezur-mamiturik aurrean jartzen digula!
Gaur guretzat zer?! Dena geuk egin uste dugunok, geure segurantza, geure zoriona, geure nortasunaren garapena, geure kabuz garatu nahi ditugunok, ez ote dugu ulertuko Jainkoak aurrea hartu digula? Gure nahi txikien bihotzean, Jainkoak bere egintza borobila burutzen du. Eta harez gero, gure segurantzia, gure zoriona, Jainkoak beregandik ematen dizkigu. Eta Jainkoak ez digu tenplu edo bizitoki eder bat eskatzen, Jainkoak ez ditu handikeriak maite, Jainkoak bere bizitoki izateko Mariaren bihotza besterik ez du eskatzen, Joseren fede xumea, gure bihotz ezindua... Eta gure bihotza irekitzeko kapaz bagina, Jainkoak bere askatasunaren betea utziko liguke barnean, mugarik gabe hazi behar duen askatasunaren hazi txikia, geure haragiz egindako hazi gordea! Haziz-haziz, Jainkoaren betetasuna geureganatuko digun dohaina!
Onartzea, Jainkoak egiten diguna onartzea, horixe da Abenduari ipini nahi zaion koroa! Barruko obedientzia hori, esker onez irekitzen den bihotz pobrea! Besterik ez! Gaur ere, geuri ere, ez zaigu besterik eskatzen. Baina ez ote zaigu gertatuko hainbesteri hainbestetan bezala: beste kezka eta ardura batzuk bizi ditugula. Kanpora isuriak bizi garela: hainbeste prestatu behar, hainbeste erosi behar, hainbeste gastatu behar, hainbeste krisi... Horretan dabiltzanak dabiltzala! Zuk, horretan ibiltzeko aukerarik edo gogorik ez baduzu, zaude lasai: poza ez daukazu erosiko diren gauzetan. Zure ahalmena ez duzu erakutsiko zure erosketen neurrian. Jainkoak erosi dizkizu pozetarako behar dituzunak! Jauna zeurekin daukazu, eta aski duzu, zinez nahikoa duzu! Gehiegi ere! Zabal iezaiozu zeure bihotza, den bezalakoa! Aski da!
Oraintxe ere Jauna badatorkigu! Mariarengan gertatu zena oroitzera goaz Eukaristian! Jauna gurekin daukagu. Eukaristia, Jainkoak doan ematen digun etxea gertatuko zaigu! Zer gehiago behar dugu?a
Iñaki Beristain (2014-12-17)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 26-38)
Eguberri gainean izanik, zer Maria baino irudi hoberik, alde batetik Jainkoaren egintza ikusteko eta, bestetik, gure jarrerak sendotzeko? Abenduko azken egunotan, Mariaren edertasun betea sumatzen dugu liturgian, irakurgaietan bereziki. Elizak Mariaren argazkia jartzen digu Eguberriko esperientziarako eredugarri.
Begira diezaiogun, beraz, Mariari. Aurrena, entzumen irekia. Maria ez dago lo. Jainkoa mintzatzen zaionean, entzule aurkitzen du, bihotz-zabal, prest. Entzun, baina, bere errealitate apalaz jabeturik entzuten du. Bere burua ezerez ikusten du, ez daki nola gerta daitekeen Jainkoak esaten diona, bere mugak aurrean jartzen dizkio Jainkoari; baina mugak ere irekiak, bai baitaki Jainkoak muga guztiak gaindi ditzakeela. Eta, azkenik, esaneko, obediente, Jainkoak nahi duenari mirabe.
Eta prestasun, beldur eta esanekotasun guztiak biltzen dituen jarrera ederrean ikusten dugu Maria, harritua, txunditua. Harridura horrek dei nabarmena egiten digu gaur egungo kristauoi, geure kristau-bideetan asperturik eta ohiturik gabiltzanoi. Harriduraren ezean, ez dugu ezer berrituko, ez edertuko.
Harritzea, hala ere, ez da dekretuz egiten den zerbait, ez da erabaki baten ondorio, ez da une bateko jarrera bilatua. Harridura bihotz iraulia da, eskema apurtuen poza da, bihotz gaindituaren zoramena da. Eta, iruditzen zait, harridurarako bideak itxita dauzkagula aspaldian, ikusteko denak ikusita baitauzkagu. Ez dugu ezer berririk espero, ez dugu inor ezezagunik espero. Eta, hala ere, aurreko igandean Joanek esaten zigun: «Bada zuen artean norbait ezagutzen ez duzuena». Asko dakigu hartaz, baina ezagutu apenas!
Eta hor dago arazoa edo tragedia: dena dakigula Jesusi buruz, egiak badakizkigula; baina egiazkoa falta dugula, egiazko esperientzia, egiazko harremana. Egia denak eduki eta egiazkoa falta!
Gaurko Elizak –eta eliztarrak– harridura sortzea bilatu behar du nola edo hala. Eta, horretarako, egiazkoaren ibilbidea zehaztu eta adierazi behar die fededun guztiei eta bakoitzari. Mariak gaurko ebanjelioan marrazten digun koadro hori berregin dezagun gurean: Jainkoa eta zu elkarrizketan, horretarako belarriak irekiz; zeure errealitate apaletik, Jainkoak dena gaindi dezakeela uste izanez; eta obedientzia librean, Jainkoaren esku utziz zeure bizitzarekiko azken hitza.
Eta, jakin seguru, Jainkoak harritu egingo zaitu, txunditu egingo zaitu. Uste ez duzuna eta uste ez duzun bezala gertatuko zaizu. Eguberri gertatuko zaizu. Ez dituzu beharko kanpoko akuilagarriak, barrutik izango baituzu su aski, zure pozaren mugak erre eta errealitate berrira jaikitzeko. Jainkozko mundu berrira zabalduko zaizu bihoitza, eta zurean jainkozko errealitatea jaioko da. Ba ote ezer harrigarriagorik!
Gaurko Elizari harridura falta zaio, nire uste apalean. Eta Eguberririk ez dugu izango, hark harritzen ez gaituen bitartean. Izan bekigu ikasbide Mariaren harridura!
Iñaki Beristain (2014-12-17)