PAZKO-ALDIKO VI IGANDEA

B zikloa

Apostoluen Eginetatik 10,25-26.34-35.44-48


Egun haietan, Pedro sartzera zihoala, Kornelio bidera atera zitzaion eta oinetaraino ahuspeztu. Pedrok altxarazi zuen eta esan zion:
- ‘Zuti zaitez; ni ere gizona naiz zu bezala’.
Gero Pedrok honela esan zuen:
- ‘Garbi ikusten ari naiz, Jaungoikoak ez duela bereizkeriarik egiten; baizik-eta onartzen duela, Haren beldur dena eta zuzen dabilena, edozein herritakoa dela ere’.
Oraindik Pedro hizketan ari zela, Espiritu Santua jaitsi zen, hitza entzuten zeuden guztien gainera. Pedrorekin etorritako fededun erdainduak harriturik gelditu ziren, jentilen gainera ere Espiritu Santuaren dohaina jaisten ikusita, hizkuntza harrotzetan mintzatzen eta Jaungoikoa goratzen ari bait ziren. Orduan honela esan zuen Pedrok:
- ‘Uka al diezaieke inork Bataioko ura, guk bezala Espiritu Santua hartu duten hauei?’
Eta Jesu Kristoren izenean bataiatzeko agindu zuen. Eta gero haiek, egun batzuk berekin gelditzeko eskatu zioten.

ERANTZUN-SALMOA 97


IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA
Kanta Jaunari kantu berri,
egin bait ditu hainbat harrigarri.
Bere eskuinak eman dio garaipena,
bere beso santuak.
Ezaguterazi du Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
On eta leial izan dela gogoratu du,
Israel-etxeari buruz.

San Joan Apostoluaren epistolatik 1 Jn 4,7-10


Senide maiteok: Maita dezagun elkar, maitasuna Jaungoikoagandik bait dator, eta maite duen guztia Jaungoikoagandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. Maite ez duenak ez du ezagutzen Jainkoa, Jaungoikoa maitasuna bait da.
Jaungoikoak digun maitasuna honetan agertu zen: Jaungoikoak bere Seme bakarra bidali zuela lurrera, gu Haren bidez bizi gaitezen. Maitasuna badela, honetan agertzen zaigu: ez guk Jainkoa maite izan dugulako, baizik Harek gu maite izan gaituelako, eta bere Semea gure bekatuen bake-opari bidali zuelako.

ALELUIA Ni maite nauenak beteko du nere hitza –dio Jaunak-; Nere Aitak maiteko du,


eta harengana etorriko gara. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15,9-17
Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Aitak Ni maitatu nauen bezala, hala maite izan zaituztet Nik. Zaudete nere maitasunean. Nere aginduak betetzen badituzue, nere maitasunean egongo zarete; Ni ere, Aitaren aginduak betetzen ditudalako, Haren maitasunean nagoen bezala. Hori esan dizuet, nere poza zuengan izan dadin; eta bete-betea izan dadin zuen poza.
Hau da nere agindua: Maita dezazuela elkar, Nik maite izan zaituztedan bezala. Ez da maitasun haundiagorik, nork bere bizia bere adiskideengatik ematea baino. Zuek nere adiskide zarete, Nik agindua betetzen baduzue. Orain ez dizuet gehiago morroi esaten, morroiak ez bait daki nagusiak zer egiten duen: adiskide esaten dizuet, Aitarengandik ikasi dudan guztia adierazi bait dizuet zuei.
Ez nauzue zuek aukeratu Ni, baizik Nik aukeratu zaituztet zuek; eta ezarri zaituztet, joan zaitezten eta fruitu eman dezazuen, eta zuen fruituak iraun dezan. Aitari nere izenean eskatzen diozuen guztia, eman diezaizuen. Hau agintzen dizuet : Maita dezazuela elkar”.


Homiliak

Pazkoa! Amaitu ezinik ospatzen dugun festa ederra! Pazkoa! Zazpi astez irauten duen alaitasun betea! Mundu guztira Jesus berpiztuaren poza daraman argi dirdaitsua. Ebanjelioaren bihotza ukitzen duen ariketa osasungarria. Pazkoa! Gizon-emakumeon festa-nahia egoki asko asetzen duen musika zoragarria. Bai, Pazkoa!

Aurreko igandean irakurri genuenaren jarraipena da gaurko ebanjelio-zatia. Mahatsondoarena gogoan duzue, noski. Mahatsondoak eta mahats-adarrek, aihenek, bizi duten elkartasunak fruitu ugaria sorrarazten du. Aihenen etorkizuna mahatsondoari itsatsirik irautea baita. Jesus Aitarekin elkartua. Gu Jesusekin elkarturik. «Zaudete nire maitasunean». Bat eginda egon. Maitasunaren agindua betez, maitasunean iraun. Gehiegizkoa den maitasun ederrean iraun. Sekula aski bizi ez dugun maitasun ederrean iraun! Maitasuna da Pazkoaren emaitza betea!

Pazkoa eta maitasuna iturri beretik sortzen dira: Jainkoaren maitasun neurrigabekotik. Jainkoa maitasuna da. Bera da maitasunaren betea. Bera maitasunean aurrea hartzen diguna. Maitasuna Jainkoaren bihotzetik sortu eta sortzen da. Eta, maitasun hori, bere Semearengan agertu digu. «Jainkoak bere Semea bidali du» lurrera. «Ez da maitasun handiagorik, nork bere bizia adiskideengatik ematea baino». Eta hor, Jainkoaren maitasun betea Pazko bihurtu zaigu. Maitatuak izan gara!

Eta gaurko Jainkoaren Hitzak, horrenbesteko maitasunari eman behar zaion erantzuna zehazten digu. Jainkoak horrela eta horrenbeste maitatu baldin bagaitu, maita dezagun Jainkoa!, esango genuke guk, ez da? San Joanek ateratzen duen ondorioa beste hau da, ordea: «Maita dezazuela elkar». Eta elkar-maitasun horren neurria Jesusena bera da. Jainkoaren Pazko-maitasuna ezagutu dugula, batak bestea maitatuz erakutsiko dugu. Jainkoa maitasuna denez, Jainkoaren ezaguera askatzailean maitatuz bakarrik bizi daiteke. Lagun hurkoa maite ez duenak ez du ezagutzen Jainkoa!

Eta maitasunaren fruituak hortxe daude, erakargarri, eder: lehenengoa, poza. «Hori esan dizuet, nire poza zuengan izan dadin; eta bete-betea izan dadin zuen poza». Poz betea, gizon-emakume guztion ametsa, alajaina! Bizitza gihartzen eta gozatzen duen poz sustraitua. Barrena baretzen duen poz baketsua. Pazkoaren poza! Barruko ziurtasun sendoa, bigarren fruitua. Maitasunean onartuak eta barkatuak izatearen fruitu askatzailea. Jainkoak beretzat aukeratu gaitu eta gure bekatuak barkatu dizkigu. Eta, beraz, hau ere fruitu ederra: Jainkoaren adiskide izanez bizi gara pozik asko. «Zuek nire adiskide zarete».

Maitasuna bizi. Maitasunean iraun. Maitasuna non bizirik ez dugu falta. Lehenengo kristau elkarteari sortu zitzaion arazoa entzun duzue lehenengo irakurgaian. Kornelio paganoa zen, jentila. Beraz, Jesusen Ebanjelioa judutarrentzat baldin bazen, ez zeukan zer eginik! Baina Jainkoak bihotz handia ematen dio fedeari. Maitasuna ematen dio fedeari. Eta lehenengo Elizak katolikoa izaten ikasi zuen. Maitasunak bere tokian jartzen ditu usteak eta legeak. Zenbat pagano daukagun ondoan. Zenbat baztertu, zenbat ukatu: zahar eta gazte, jakitun eta ezjakin, hango edo hemengo... Maitasunak onartu egiten du. Eta ez dago inolako printzipiorik, maitasunaren printzipioa gaindi dezakeenik! Maitasunak muga eta tope guztiak gainditzen ditu. Maitasunak bazterrak zabalik nahi ditu, denak!

Gure familietan, gure elkarteetan, gure herrietan, gure euskal gizartean... zenbat aukera maitasuna azaltzeko! Detailea, hurbiltasuna, laguntza, bihotz handikoa izatea, barkatzea... maitasun errotu baten adar ederrak!

Maitasuna azaltzeko beste aukera bikaina, gaixoekin! Gaur gaixoaren pazkoa ospatzen du Euskal Herriko Elizak. Zenbat jende gaitzaren esperientzia iluna bizitzen! Zenbat jende une larrien bakardadea nozitzen erietxeetan! Ez da hitz egitea, hurbiltasuna erakustea baino. Ez da gaitza kentzea, gaixoari eskutik heltzea baino. Ez da gaixoa sendatzea, gaixoari maitasunaren osasuna eskaintzea baino. Maitasunak sendatzen du!

Goazen Eukaristia ospatzera. Jainkoaren maitasun Pazkoakoa hementxe emango zaigu ogitan bete-betean. Jan dezagun Jainkoaren maitasuna, elkar maitatzearen poza bete-betean bizi dezagun! Jainkoa maitasuna bait da!


Iñaki Beristain (2015-5-4)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 15, 9-17)

Erlijioez eta hitz egiten dugunean, sarri entzuten da esaten, erlijioa bizitzea eta zein erlijio bizi nor bakoitzak bere aukerara daukan zerbait dela. Pertsona bakoitzaren eskubidea izanik, bakoitzari bere aukera errespetatu behar zaiola. Eta nik ez dut ezetzik esango, noski. Nola esan ezetz, erlijioa giza eskubide oinarrizkoa izanik? Bakoitzak ikusi behar du zertan sinetsi eta nola sinetsi.

Baina, ikuspegi horren azpian, bada zerbait nik nire fedearekin ongi uztartu ezin dudana. Esan diezaioket norbaiti nik kristau izatea aukeratu dudala, katoliko izatea eta molde honetan sinetsi eta bizitzea. Baina, sakonera jota, nik ezingo nuke hori horrela esan. Nik, sentitzen dudana adierazteko, beste hau esan beharko nuke: Jesusek aukeratu nau, Jesusen Jainkoak aukeratu nau, eta nik sinetsi egin dut. Aukeraren subjektua aldatuko nukeela, alegia. Niretzat, alderdi horretatik, erlijioa ez da nik aukeratu dudan zerbait, baizik Jainkoarekiko harremanean aukeratua sentitu naiz.

Hau guztia esaten dut, gaurko ebanjelioak aipatzen duen horri erreparatuz: «Ez nauzue zuek ni aukeratu, nik aukeratu zaituztet zuek». Badaukat errezelo gordea, ez ote den aukera honen kontzientzia gure elizetan falta duguna. Ez dugula geure bizitza aukera pertsonal baten erregalutzat ikusten eta hartzen. Erlijioa halako gune ezezagun batetik gainera erori zaigun meteorito baten antzera ikusten dugula. Hemen jaio garelako, beti horrela egin dugulako, gure historia den bezalakoa izan delako...

Eta gero aukera pertsonal horren bizipoza falta zaio gure fedeari! Aukera pertsonal horrek bere barnean daraman maitasun-ukitua falta zaio. Eta ez gaitu gure fede horrek bizipozten. Gure elizkizunak ez dira festazko gertaera. Gure sakramentuak ez dira ezer askoren adierazgarri. Eta dena sentidu gabetu egin zaigu geure ohiturakeriaren esku aspertuetan. Eta ez dakigu gure kristau-elkarteak nola berritu eta nola sutu. Ez dakigu nola sor daitekeen biziera berritu baten eragin gaztetzailea. Eta gehiena ilun, triste.

«Honetaz hitz egin dizuet, nire poza zuengan izan dadin, eta zuen poza bete-betea izan dadin». Hau da bokazioa, oinarrizko bokazioa, maitasunezko aukerari dagokion biziera: poza. Eta pozaren eskasiak eraman beharko gintuzke gure kristau-fedearen barrenak aztertzera. Zergatik galdu dugu kristau izatearen biziera pozgarria? Zergatik ikusten da hain poz gutxi gure ospakizunetan? Zergatik etsi dugu? Zerk eusten zion orain arte gure sinesmenari? Ez ote zaigu barruko esperientzia sakona hustu?

Nik niretzako daukat maitasunezko aukera horren kontzientziak bakarrik eraman gaitzakeela pozik bizitzera. Beste gauza askok ere ematen dute poza. Baina Ebanjelioko pozaz ari naiz. Eta poz berezi hori ezertatik zintzilik baldin badago, honetatik dagoela esango nuke: neure bizitza Jainkoak aukeratu eta maitatu duela jakitetik. Gauzak era batera edo bestera egin, ez da berdin; zintzoa izan edo ez dakit nolakoa izan, ez da berdin; baina benetako poza ez dago gure gauzetatik zintzilik. Benetako pozaren giltza ez daukagula, alegia, guk, Jainkoak baizik.

Eta Ebanjelioa horregatik da Berri On, Jainkoak aukeratu gaituela esaten digulako; Jainkoak maitatu gaituela errepikatzen digulako. Eta horretatik pozten zaigu bihotza, gertatuak gertatu. Horretatik espero dugu barkazioaren berregitea. Aukera pertsonal horren kontzientziak ematen digu inork kenduko ez digun barne-poza. Eta gaur gure elkarteak berritu nahi ditugunean, uste dut ez genukeela adarretatik hasi behar, sustraitik baizik. Eta sustraia, esaten ari naizenez, uste dut Jainkoaren esperientzia pertsonala lantzea dela. Horretarako atera behar dugu behar adina adore eta baliabide, beste guztiak ez baikaitu berritze eder baten oinarrira eramango. Gu, pozetarako aukeratuak izan gara!


Iñaki Beristain (2015-5-4)