URTEAN ZEHAR XXXIV IGANDEA

A zikloa


JESU KRISTO ERREGE


Ezekiel profetaren liburutik 34, 11-12. 15-17
Honela dio Jaunak: “Ni neroni joango naiz neure ardiak biltzera, haien aztarrenei jarraituz. Artzainak, bere artaldea sakabanatuta aurkitzean, ardien aztarrenei jarraitzen dien bezala, hala jarraituko diet Nik neure ardien aztarrenei; eta egun ilun eta lainotsuan sakabanatu diren toki guzietatik nere eskuz aterako ditut.
Neronek larratuko ditut nere ardiak, eta abaro egin araziko diet –dio Jaunak–. Bilatuko ditut nere ardiak, bilduko ihes joanak; lotuko zaurituak; sendatuko gaisoak; gizen eta indartsuak zaindu egingo ditut eta behar bezala larratuko”.
Zuek, ene ardiok, entzun Jaunak dioena: “Epai egingo dut Nik ardi eta ardiren artean, aharien eta akerraren artean”.


ERANTZUN-SALMOA 22


JAUNA DUT ARTZAIN,
EZ NAIZ EZEREN BEHARREAN.
Jauna dut artzain, ez naiz ezeren beharrean;
larre gurietan etzan arazten nau.
Atsedenezko iturrira narama,
eta berpizten dit barrena.
Banarama bidezidor zuzenetatik,
bere izenagatik.
Zoriona eta grazia ditut aldean,
nere bizi guztiko egunetan;
eta Jaunaren etxean naiz biziko
luzaroen luzaro.


San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1Ko 15, 20-26a. 28


Senideok: Piztu da Kristo hilen artetik, hildakoen lehen-fruitu bezala. Izan ere, gizon baten bidez etorri bazen heriotza, gizon baten bidez etorri da hildakoen biztuera ere. Adanengan guztiek heriotza duten bezala, Kristorengan bizia izango dute guztiek. Baina bakoitzak bere mailan: aurrena Kristok, lehen-fruitu bezala; gero kristau guztiek, Hura berriz etortzean. Ondoren, azkenekoek, Kristok Jainko Aitari erreinua itzultzen dionean, ahalmena, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren.
Berak eduki behar du erregetza, Jainkoak ‘etsai guztiak Haren oin-azpian ipini arte’. Heriotza izango da, azkenik ezereztuko den etsaia. Gauza guztiak bere menpean aurkitzen direnean, orduan Semea bera ere menpean jarriko zaio, gauza guztiak azpian ipini zizkion Aitari. Eta horrela, guztia izango da Jaungoikoa guztientzat.


ALELUIA Bedeinkatua, Jaunaren izenean datorrena!


Bedeinkatua,
gure aita Dabidengandik datorren erreinua! ALELUIA!


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25,31-46


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak Harekin– bere aintza haunditan etortzen denean, bere jaun-aulki ospetsuan eseriko da; eta herri guztiak Haren aurrean bilduak izango dira. Hark batzuk besteengandik bereiziko ditu, artzaiak ardiak ahuntzengandik bereizten dituen bezala: ardiak bere eskuin aldean ipiniko ditu; ahuntzak, berriz, ezker aldean. Orduan erregek honela esango die bere eskuinekoei:
- “Zatozte, nere Aitaren bedeinkatuok; har ezazue, munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoen erreinua. Gose bait nintzen, eta zuek jaten eman zenidaten; egarri nintzen, eta edaten eman zenidaten; arrotz nintzen, eta etxean hartu ninduzuen; bilutsik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaisorik nintzen, eta ni ikustera etorri zineten; espetxean nengoen, eta Niregana etorri zineten”.
Orduan zintzoek erantzungo diote:
- ‘Jauna, noiz ikusi zintugun goserik, eta eman genizun jaten; edo egarri, eta edaten eman? Noiz ikusi zintugun arrotz, eta etxean hartu; edo bilutsik, eta jantzi? Noiz ikusi zintugun gaisorik edo espetxean, eta joan ginen Zuregana?’
Eta erregek erantzun eta esango die:
- “Benetan diotsuet: Nere senide diren txiki hauetako bati egina, neuri egin zenidaten”.
Orduan honela esango die ezkerrekoei:
- “Alde niregandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren aingeruentzat prestaturik dagoen betiko sutara. Gose bait nintzen, eta ez zenidaten jaten eman; egarri nintzen, eta ez zenidaten edaten eman; arrotz nintzen, eta ez ninduzuen etxean hartu; bilutsik nengoen, eta ez ninduzuen jantzi; gaisorik eta espetxean nengoen, eta ez zineten ni ikustera etorri”.
Haiek erantzungo diote:
- ‘Jauna, noiz ikusi zintugun goserik edo egarri, arrotz, bilutsik, gaisorik edo espetxean, eta guk lagundu ez?’
Orduan erantzungo die:
- “Benetan diotsuet: Txiki hauetako bati egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”.
Eta hauek betiko oinazetara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara”.



Homiliak

Azkenean maitasunaz galdetuko zaigu, adiskideok. Liturgi urtearen amaiera era askotara pentsa zitekeen eta begira nola antolatu duen Eliza amak: Jesu Kristo aitortzen dugu gure bihotzen Jaun eta maite. Gaurko festaburuak maitasunaren aurrean jartzen gaitu bete-betean. Hartu dugun maitasunaren aurrean, aurrena. Eta eman behar dugun maitasunaren aurrean, hurrena. Batek erantzukizunez betetzen baldin bagaitu, besteak poztu ere sakon-sakonetik pozten gaitu. Maitatuak izan gara eta maitasunak maitatu egiten du!

Bai, jauna, maitatuak izan gara! Gaurko lehen irakurgaiari darion gozotasun sakona begiratu eta barruratzekoa da: Jainko Aita gure atzetik dabilkigula gure bila; artzaina ardi galduaren bila bezalaxe, arduraz, kariñoz; sakabanatzen garenean, barruak bere bidea galtzen digunean, bizitza iluntzen zaigunean, Jaunak gure bide galduak jarraitzen dituela, bere bizkarrean hartu eta maitasunera itzularazteko; beti maitasunaren larre marduletan bazkatzen gaituela; gaixorik eta zauriturik gaudenean, berak sendatzen dizkigula zauriak; ondo gaudenean, bera pozten dela gure ongizateaz; hitz batean, kutuntasunez maite gaituela! Hori guztia egia da, horrela da. Eta hori sinesteak, gure bizitza aldatzen du.

Bizitza aldatzen duela? Arazo asko bizi dugu. Batzuek era bateko arazoak; besteek bestelakoak; baina denok bizi ditugu arazoak eta ezinak eta tristurak eta. Larrialdi eta zorion-falta nabarmenak daramatzagu barnean. Garai bateko ilusio franko non ote da?! Bizitzari espero genizkion zorion eta edertasun haiek non ote dira!? Eta dena badakizu nondik sortzen zaigun? Maitasun ezetik! Gizakiok, maitasuna falta dugunean, ez dakigu bizitzen, ez dakigu pozik bizitzen. Eta horrexegatik esaten nizun Jainkoak maite zaituela, kutuntasunez maite zaituela. Maitasun horrek dena aldatzen baitigu, dena!

Beharbada esango didazu, erraz esaten dudala nik Jainkoak maite gaituela, baina zuk ez duzula hori sentitzen, ez duzula sinesten, ez duzula ikusten. Nire esku balego, pozik sentiaraziko nizuke maitasun hori. Baina zeuk ikusi behar duzu. Eta badakizu non ikusten den garbien? San Paulok bigarren irakurgaian esan digun leku horretan, Jesusen gurutzean! Bizirako egin gaitu Jainkoak, eta Jesusen gurutze-piztueraz biziaren bokazioa berritzen digu. Zer dela uste duzu gurutzea eta piztuera, guretzako maitasunaren bizi-deia ez bada? Jainkoak dena maitasunaren oinetan jarriko du, gizon-emakumeok maitasunaren askatasun betea bizi dezagun. Jesusen heriotza eta piztueran neurririk gabe maitatuak izan gara. Artzain Onaren maitasun betean, bere maitasunaren askatasunera eraman zaitu. Eta orain Jesusen Erreinuko biziera berria duzu zeure bokazio.

Hemendik pentsa dezakezu nolakoa den gaur ospatzen dugun Erregetza. Jesu Kristok ez du indarrik eta aginterik behar bihotzak bereganatzeko. Maitasunaren indarrez, inork baino gehiago maitatuz, egin zaigu bihotzaren jabe. Eta giza mailan gure menpetasunak derrigortuta aitortu behar izaten baldin baditugu, hemen ez da horrela: galtza beteko pozez aitortzen dugu, gehien maitatu gaituenaren zerbitzari izan nahi dugula. Izan ere, eta hau beti horrela da, maitasunezko morrontza baita gure bihotza askatzen duen menpetasun bakarra. Maitasunak bakarrik lor dezake zerbitzuan pozik bizitzea.

Eta hortik sortzen da eta hortik ulertzen da, maitasunez bizitzea. Nondik bestela? Gose-egarri den bakoitza zure senidea dela?, arrotz eta aterpe gabeko bakoitza zure etxekoa dela?, biluzik dagoen bakoitza zeure haragi duzula?, gaixo bakoitza zaindu beharreko senide duzula?, kartzelatu bakoitza bisitatu beharreko senide duzula?, hori dena hala esan zaigulako, besterik gabe? Ezin daiteke! Era horretako senidetasuna, bihotza beteko maitasunak sortzen du. Ez dago beste erarik. Egia esate aldera, denok amestu izan dugu inoiz, denok, era honetako maitasunez bizi den gizartea, ez da egia? Baina, berehala ulertzen dugu hori amets hutsa dela. Baina, zergatik ametsa? Ez dugulako maitasuna bizi eta gozatzen. Eta, jakina!, barruan maitatua sentitzen ez bazara, eta ez nolanahi maitatua, ez duzu sekula sinestuko maitasunezko gizarterik eraiki daitekeenik.

Ba, begira: maitatuak izan gara, eta maitasuna josi zaigu erraietan. Jaunak maitasunera ekarri gaitu eta maitasunak pobreengana eramaten gaitu, haiengan aurkitzen baitugu maite gaituen Jauna. Maitatuak izan garenetik, badakigu, Jauna ez dugula bilatu behar otoitzean edo elizetan edo sakramentuetan bakarrik; Jaunarekin topo egitekotan, zoaz beharrean dagoen edonorengana eta hantxe aurkituko duzu beste horietan baino argi eta garbiago. Akaso pentsatuko duzu, hori ere hala ikusten baitugu, maitasun-lege hau oso gogorra dela. Ez da gogorra. Maitasuna dagoenean, maitasunaren legea bizitzeak pozten du barrena. Hori bai, arrazoi duzu, maitasuna bizi ez baduzu, maitatu beharra oso gogorra izaten da, oso gogorra!

Baina zuk maitasuna bizi duzu, eta nolakoa! Zaren bezala izan zara maitatua. Zu maite zaitu Jaunak, zu bilatzen zaitu, zutaz arduratzen da. Jaunak zure poza nahi du. Horregatik esaten dizu zein den berarekin topo egiteko bidea: beharrean dagoen lagun hurkoa.

Zer egin behar dugun? Aurrena, maitasuna eskertu. Jesusi esan izan dadila zure bihotzaren jaun eta jabe. Indartu eta sendotu itzazu zeure barruan errukizko erraiak. Eta gero, maitasunari libre utzi, behartsuengana joan dadin. Eta behartsuengan aurkituko duzu bizitza zoriontsu egiten duen komunioa. Orduan ikusiko duzu, behartsuekin egotea ez dela eginbeharra, zorion-eskaintza ederra baino. Ospa dezagun beste behin maitasunaren betea, gure bihotzen Jaunaren mahaian.


Iñaki Beristain (2014-11-19)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 25, 31-46) 

Ate ondoan dago eskalea - Iñaki Beristain - Gizarte sekularizatu honetan, zer sentidu eduki dezake Jesu Kristo diren guztien errege aitortzeak? Orain berrogeita hamar urte errazagoa eta bistakoagoa izan zitekeen hori; baina gaur? Gizartea beste doinura dabil, beste eskakizunetara, beste kezkatara, beste interesetara. Eta ez du ez asko ez gutxi kezkatzen Jesu Kristorenak. Gaurko soinuak bestelakoak dira. Jesu Kristo erregeren festa sortu zenean ere, sekulaziozazio-garaiak ziren. Eta horregatik gertatzen da kuriosoa festa honetan ematen zaigun ebanjelioa.

Ebanjelio-atal honek Jesusen jauntasunaren ezaugarri zokoratuekiko maitasuna jartzen du. Normalena izan zitekeen Elizak garai haietan berekiko begirunea eta menpetasuna aitortzea, Elizako Jesu Kristo errege zela aitortzean. Baina ez, eta hau da txokantea: Jesusen erregetza ez da ikusten eta ez da erakusten Elizarekiko menpetasunean, pobreenekiko menpetasunean baizik. Eta, azken batean, behartsuekiko jokamoldea gelditu da Elizan fededunaren neurri. Gure sinesmenak behartsuak zerbitzatzen dituen neurrian balio du, ez gehiago, ez gutxiago.

Jesu Kristoren erreinuak, beraz, badu bere dinamika berezia: pobreen lehentasuna. Eta lehentasun hori errukizko egintzetan erakusten du Jesu Kristoren menpeko aitortzen denak. Gizakiari bere sufrimenduan egiten diogun harrerak erakusten du gure kristautasunaren egia eta mamia. Sufrimenduan dagoena modu pribatuan begira dezaket: nirekin topo egiten duen kaleko eskalea, erietxean inork bisitatzen ez duen adinekoa...; edo begira dezaket kolektibo bezala: kartzelatuen eskubideen alde ari diren taldeak, Hirugarren Munduko pobreen alde saiatzen diren erakundeak... Era batera edo bestera, sufritzen ari den edo zapaldua den gizakiak hartzen du protagonismoa.

Eukaristia ospatzen dugunean, han-hemen askotan azaltzen da Jainkoaren errukizko egintza. Beraz, Eukaristiak gizon-emakume errukitsuak sortzea du eginkizun. Hasteko, Mezaren hasieran eskatzen dugun errukia, irakurgaietan ematen zaigun errukizko historia, errukiz entregatuaren maitasuna ogi-ardotan, Jaunaren erreinua etor dadila; eta azkenean errukiaren sakramentua ospatzen dugu errukiaren ogi-ardoak jan-edanez. Eukaristia osoa errukiaren ospakizun dugu.

Baina, zer gertatzen da? Hori guztia ospatzen dugunak pribilegiatu zoriontsuak garela. Eta eskaleak elizako atean gelditzen direla limosna eske. Gure elkarteetan eroso sentitzen direnak ez dira pobreak. Nahiago dute ate ondoan geratu, barruko «aukeratuak» noiz aterako eta haien patrika aberatsetatik xemaiko batzuk noiz jasoko.

Eta eliza barruan eroso sentitzen garenok hizkera oso bigunak erabiltzen ditugu, hizkera neutroak, mintzaera espiritualak. Zerbait zehatza edo konpromisozkoa esanez gero, «apaiza politikan sartzen da». Gure elizetako jende «katolikoa» zergatik da politikan gehienbat kontserbadorea?

Ondorio gordinegiak ateratzea ez da nire asmoa, baina... Elizan gaudenean edo ari garenean, esaten dugu Jesus bere Hitz santuan dagoela, Jesus ogi-ardotan ematen zaigula, Jesusek bere maitasuna elkarri ematen diogun gure besarkada gozoan mamitzen duela... Ez dakit ba! Ez ote dugun Jesus ate ondoan uzten, han etzanda gelditu den eskale harengan! Barruan errege? Edo kanpoko behartsu horrengan errege? Kanpoko eskaleari maitasunaren egia eskaintzen ez diogun bitartean, ez dakit ez ote zaigun barruko guztia gezur bihurtzen! Ez dakit! Edo badakit?

Jesus diren guztien errege aitortu nahi izatekotan, ez dezagun begiratu zenbat jende dagoen eliz barrura ospakizunera etorrita; begira dezagun ate ondoan zeuden eskaleak barrura, maitasunaren berora, sartu ote ditugun! Ate ondoan dago eskalea, ate ondoan Jesusen maitea, ate ondoan Jesus!


Iñaki Beristain (2014-11-19)