JAUNAREN BATAIOA

A zikloa

(urtarrilaren 6 ondorengo igandea)


Isaias Profetaren liburutik 42,1-4.6-7
Honela mintzo da Jauna:
“Hona Nik eusten diodan nire serbitzaria,
atsegin zaidan nire aukeratua.
Honengan ipini dut neure espiritua:
berak ekarriko die zuzenbide atzerriei.
Ez da deiadarka ariko, ez du oihuka hitz egingo,
ez du kaleetan entzunaraziko bere mintzoa.
Kainabera pitzatua ez du hautsiko.
doi-doi piztua dagoen metxa ez du itzaliko.
Zuzenbide ekarriko du;
ez du etsiko, ez da hautsiko,
zuzenbidea lurrean ezarri arte,
uharteek itxaron duten Haren legea jarri arte.
Nik, Jaunak, zuzentasunez dei egin dizut,
eskutik hartu zaitut;
herri baten elkargo izateko;
atzerrien argi izateko aukeratu zaitut,
itsuen begiak zabal ditzazun,
giltzapetuak espetxetik atera,
eta kartzelako ilunpetan daudenak aska ditzazun”.

ERANTZUN-SALMOA 28


JAUNA DA GURE SALBATZAILEA,
GURE INDARRA ETA BAKEA.
Eman, Jainkoaren seme-alabok, Jaunari,
eman ospe eta indar Jaunari.
Eman ospe Jaunari bere izenaren ederrez,
jauretsi Jauna apainduria deunez.
Horra Jaunaren mintzoa ur gainean:
Jauna ur ugarien gainean.
Jaunaren mintzoa indartsu,
Jaunaren mintzoa ospetsu.

Apostoluen Eginetatik 10,34-38


Egun haietan, Pedrok honela esan zuen:
- ‘Garbi ikusten ari naiz, Jaungoikoak ez duela bereizkeriarik egiten; baizik eta onartzen duela, Haren beldur dena eta zuzen dabilena, edozein herritakoa dela ere. Berak bidali zien Israelgo semeei bere hitza, eta guztien Jauna den Jesu Kristok ekarriko zuen bakearen berri ona eman zien.
Badakizue zer gertatu zen, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek erakutsitako bataio ondoren: Nazareteko Jesusena, alegia, Jaungoikoak Espiritu Santuaren indarrez gantzutua, eta on egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen igaro zena: Jaungoikoa Harekin baitzegoen’.

ALEUIA Zerua zabaldu zen eta Aitaren ahotsa entzun zen:


“Hau da nere Semea, nere Maitea.
Entzun iezaiozue”. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 3,13-17


Egun haietan, Jesus Galileatik Jordana etorri zen eta Joanengana agertu, honek bataia zezan. Joanek, berriz, ez zion utzi nahi, eta honela esaten zion:
- ‘Ni naiz Zuk bataiatu beharrekoa, eta Zu al zatoz niregana?’
Jesusek erantzun zion: “Utzi oraingoz; horrela bete behar dugu Jaungoikoak nahi duen guztia”.
Orduan Joanek utzi egin zion. Jesus, bataioa harturik, atera zen berehala uretatik; zerua zabaldu zen, eta Jaungoikoaren Espiritua ikusi zuen uso-irudian jaisten eta bere gainera etortzen.
Eta zeruko mintzo batek honela esaten zuen:
“Hau da nire Semea, nire Maitea; Honengan dut nire atsegina”.


Homiliak

Adiskide maiteok, harrigarria da benetan gaur ikusten duguna: Jesus bataiatua. Gure bekatuzko ur kutsatuetan, bizi berri baten eskaintza egin zaigu. Jesusek, gure errealitatearen bihotzean, Aitaren salbamen-ametsa piztu du. Eta horretarako, bekatuaren errealitatea bere gain hartu ez ezik, bekatu egin nahi izan du. Maitasunaren muga gabeko zabaltasuna erakusten du gaurko festak.

Harrigarria da, bai, edonondik begiratuta ere. Harrigarria Ebanjelioak kontatzen diguna. Ezertxo ere gertatuko ez balitz bezala, Jesus etorri zen bataiatua izatera. Joanek, noski, ez du ulertzen. Mesianismoaren bihotza bera zauritzen baitzuen postura horrek: Mesiasek ezin zezakeen bekaturik izan. Bataiatzen ziren guztiek espero zutena zen, eta ez zukeen bataiatu beharrik izan behar berez.

Baina Jesusek baiatatua izan nahi du. Badaki une garrantzizkoan aurkitzen dela. Badaki, Aitaren aurrean pauso inportantea ematera dihoala. Badaki bere ageriko jardunari hasiera ematean, giza-izatearen sakontasun guztia bereganatu behar duela. Eta hori ez dela azaletik egiten. Hori ez dela hitzen kontua. Berri Onez poztu nahi duen giza izatearekin bat egin behar du. Eta giza izatearen uretan sartzen da, egintza horren ondorio guztiak bere gain hartuz. Eta ondorio horiek ezagutzen ditugu: kutsatuekin kutsatu egiten da. Giza bideak bere gain hartzen ditu. Gure loturak bere lotura ditu. Gure ezinak bere ezin. Egiazko ezkontza-elkartasun betean aurkitzen gara gaurko jai honetan.

Eta zer gertatu da? Jesusek ukitu dituen gure urak askatasunezko ur bihurtu direla. Ordurarte bekatuzko ur kutsatu zirenak askatasunezko ur bihurtu dira. Gure ur zikinen barnean honako oihu hau entzun da: «Egarri zareten guztiok, zatozte uretara; dirurik ez duzuenok ere bai; zatozte, erori garia eta jan ordaindu gabe, ardoa eta esnea hutsean». Horra zer gertatu den: uretan Jainkoaren eta gizakiaren batasuna gertatu da, eta Jainkoak gure urak garbitu eta salbamen-ur, askatasun-ur bihurtu dizkigula. Eta orain arte zorigaitzaren urak zirenak, orain zorionaren ur bihurtu zaizkigu. Eta orain geure zoria edan dezakegu, pozik edan ere. Orain arte lotura zitzaiguna, orain askatasun baitzaigu. Ez al da ederra? Bai, alajaina! Ederra!

Hau guztia gerta dadin, Jesusek prest azaldu behar du. Eta bataioko gertaeran, zerbitzurako prest azaltzen da Jesus. Zerbitzurako libre, esango nizuke. Jesusek badaki zer bide hartzen duen. Bide horren joan-etorri eta zoko guztiak ikusten ez baditu ere, badaki Aitaren gizakieko maitasunak ez duela azkenik. Eta badaki maitasuna zerbitzatu nahi duenak, azkenerainoko maitasunerako prest azaldu behar duela. Jesus erabat inplikatzen da gizakion zorian. Gizakiok zerbitzatzea izango du bere guztia. Horrek emango dio sentidua bere bizitzari eta ekintzari. Aitaren borondate maitasunezkoak horretara ekarri du.

Honek zer esaten dizu, adiskidea? Aurrena, dei bat entzun behar zenukeela iruditzen zait niri: zure uretan sartu nahi duenari sartzen uzteko deia entzun behar zenioke. Zure uretan sartu nahi du. Zure uretan izan nahi du bataiatua. Zure zoria bere gain hartu nahi du. Urak zikinak dauzkazula? Garbiak edukiko bazenitu ez zeukan sartu beharrik! Zoria zikina eta kutsatua daukazulako sartu nahi du zurean. Sinestu iezadazu: zure ur galdu horietan ere entzun daiteke, entzun dezakezu, askatasunaren oihua: «Egarri zarena, zatoz». Zure ur horiek, edateko ur bihur daitezke. Zeure historiarekin adiskidetu zaitezke. Zeure barruarekin baketu zaitezke. Zeure uretan maitasuna aurki dezakezu. Eta hori esker onez bizi behar zenuke, dudarik gabe.

Eta esker onean entzun behar zenukeen dei horren ondoan, beste gauza bat ere esan behar dizut: gaurko festa hau, zerbitzurako deia duzu. Edo hobeto esanda: libre izateko deia duzu. Zerbitzurako libre egin nahi zaitu zure bataioak. Bataiatu zinenetik, zure nortasuna ez duzu zeurekiko zerbitzuan bilatuko, ingurukoekiko zerbitzuan baino. Eta ingurukoekiko zerbitzuak, besteen uretan sartzea eskatzen dizu, besteen zoria zeure egitea, besteei lehentasuna ematea zure bizitzan. Ezkon-elkartasuna, hitz batean. Jakina, jarrera hau ez zaigu berez sortzen. Zeure bataioa maitatuz, zeure bataioa landuz, zeure bataioaren norabideak aztertuz eta sakonduz, zerbitzurako libre izaten ikasi behar duzu. Maitatua izan zarenez, maitatzea dagokizu. Horretarako aukeratu zaitu bataioak.

Eguberriko misterioa burutzen duen Eukaristia ospatzera goaz, Gaur bukatzen da Eguberri! Eta eman zaigun notizia ez da edonolakoa! Jainkoak maite zaitu, maite nau! Nire bizitza sendatu dit barru-barrutik. Ez daukazu urruti edertasuna! Oraintxe ospatzera goazen Eukaristiak ere gure Bataioaren sustraietara garamatza. Maitasunaren uretara! Jan dezagun eta edan maitasuna debalde! Eman ere, debalde eman zaigu eta!


Iñaki Beristain (2017-1-2)

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.