URTEAN ZEHAR XXXIII IGANDEA
A zikloa
Esaera Zaharren liburutik 31,10-13.19-20.30-31
Nork aurki lezakeen etxekoandre ona!
Harribitxiena baino haundiagoa da haren balioa.
Harengan du uste on senarraren bihotzak;
eta ez da harekin galduan aterako.
Bizitzako egun guzietan,
emango dio onik asko, txarrik ez.
Artilea eta lihoa eskuratuko ditu,
eta eskulanetan trebe ariko da.
Lotzen dio eskua linaiari,
eta eragiten diote haren behatzek ardatzari.
Ez duenari zabaltzen dio eskua,
eta behartsuari luzatzen besoa.
Gezurtia da liraintasuna, iheskorra edertasuna,
goresgarria, ordea,
Jaunaren beldur den etxekoandrea.
Goretsazue bere eskulanengatik,
eta haren egiteak izan bitez haren goresgarri
herriko ateetan.
ERANTZUN-SALMOA 127
BAI DOHATSU, GAU TA EGUN,
JAUNAREN LEGEA AUSNARTZEN DUENA.
Dohatsu, Jaunaren beldur dena,
Haren bideetan dabilena!
Zeure eskuen lana bait duzu jango,
zoriontsu izango zara eta ongi zaizu joango.
Zure emaztea mahasti emankorraren antzean,
zure etxe barnean;
zure seme-alabek badirudite olio-kimuak,
zure mahai inguruan.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 5,1-6
Senideok: Noiz eta nola izango denik, ez duzue nik idatzi beharrik; zeurok dakizue aski ongi, Jaunaren eguna lapurra gauez bezala etorriko dela.
‘Bakea eta lasaitasuna’ esaten ari direnean, orduan, ustekabean etorriko zaie hondamendia gainera, haurdun dagoenari erdiminak bezala; eta ez dute ihes egiterik izango. Zuek, ordea, senideok, ez zarete ilunpetan bizi, egun horrek lapurrak bezala harrapatzeko zorian; guztiok argiaren eta egunaren seme zarete. Ez gara gauarenak, ez ilunarenak. Beraz, ez dezagun lorik egin besteek bezala; gauden erne, eta izan gaitezen neurritsu.
ALELUIA Zaudete Nigan eta Ni zuengan –dio Jaunak–;
Nigan dagoenak fruitu asko ematen du. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik. 25,14-30
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien bere ikasleei:
- “Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak utzi zizkien. Bati bost talentu eman zizkion; beste bati bi; beste bati bakarra; bakoitzari bere trebetasunaren arauera. Eta gero joan egin zen. Bost talentu hartu zituena, haiekin lanean hasi zen berehala, eta beste bost irabazi zituen. Bi hartu zituenak ere berdin egin zuen, eta beste bi irabazi zituen. Bat hartu zuenak, ordea, lurrean zulo bat egin eta han gorde zuen bere nagusiaren dirua.
Handik luzarora, etorri zen morroi haien nagusia, eta kontuak garbitzen hasi zitzaien. Hurbildu zen bost talentu hartu zituena, eta beste bost eraman zizkion, esanez:
- ‘Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; begira, beste bost irabazi ditut’.
Nagusiak esan zion:
- “Ederki, morroi zintzo eta leiala! Gutxian zintzo izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sar zaitez zure nagusiaren pozetara”.
Hurbildu zen bi talentu hartu zituena, eta esan zion:
- ‘Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; begira, beste bi irabazi ditut’.
Nagusiak esan zion:
- “Ederki, morroi zintzo eta leiala! Gutxian zintzo izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sar zaitez zure nagusiaren pozetara”.
Azkenean hurbildu zen talentu bat hartu zuena, eta esan zion:
- ‘Jauna, ba nekien gizon zorrotza zinela; erein ez duzun tokian igitaitzen duzuna, eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna. Beraz, beldurrez joan nintzen, eta lurpean gorde nuen zure talentua. Hor duzu zeurea!’
Nagusiak erantzun zion:
- “Morroi gaizto eta alferra! Ba zenekien, beraz, nik, erein ez dudan tokian igitaitzen dudala, eta zabaldu ez dudanean, biltzen. Horregatik nire dirua dirulariei utzi behar zenien, nik, etortzean, irabazi eta guzti jaso nezan. Ken iezaiozue talentu hori, eta eman hamar dituenari. Duenari eman egingo bait zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, berriz, duen hura ere kendu egingo zaio. Eta morroi alfer huts hori bota kanpoko ilunbeetara. Han izango da negarra eta hortz-karraska!”.
Homiliak
Adiskideok: Datorren igandean, Kristo Erregeren festaburua ospatuz, amaituko dugu aurtengo liturgi urtea. Eta abenduaren bidez, urte berri bati hasiera emango diogu. Hori horrela, azken igandeotan, geure azkenari eta munduaren azkenari begira jarrita gaude, azkeneko misterioari begira jarrita. Azkena, Jaunaren Etorrera izango da. Jauna etortzekoa da. Eta bera datorrenean, burutuko du bere askatasun-misterio osoa.
«Jaunaren eguna lapurra gauez bezala etorriko da» oroitarazi digu San Paulok. «Gauden erne eta izan gaitezen neurritsu». Arrazoizko jokalegea, nolanahi ere, zergatik ezen Jaunaren Etorrera izango baita jokabide eta balio guztien azken irizpidea eta neurria. Joan den igandean, ikusi genuen hamar neskatxen parabolan, zeintzuk diren Jaunarekin topo egiteko barne-postura jatorrak.
Gaurko parabolak, azken eguneko epaiaren aurrean jartzen gaitu: zer egin dugu Jaunak eman dizkigun baliabide eta dohain guztiekin? Lanari ekin diogu, Jaunaren egintza ugaldu eta zabaldu nahiz? Edota, Jauna estua ikusi dugulako, nagikeriari eta alferrari eman diogu? Bakoitzari bere trebetasunaren arabera ematen zaio parabolan. Eta batzuek zintzo azaldu diren bezala, bestea benetan nagia eta beldurtia agertu da. Bik, Jaunak emaniko eginkizuna ongi burutu zuten, hirugarrenak, lurpean gorde zituen Jaunaren ondasunak, Jaunari beldur ziolako. Ez zuen aski hirugarren honek, Jaunaren dohainak alferrik galtzea, horrez gainera, bere jokaera gaiztoa estaltzeko, Jauna bera estutzat eta zorrotz jotzen du, Jauna bera gaiztotzat alajaina!
Parabola honen haritik, adierazgarria da lehenengo irakurgaiko etxekoandrearen jokabide ereduzkoa ere. Familia aurrera ateratzen du, beragan uste on dutenen segurantza da, behartsuentzat esku-zabala, ez da liraintasunaz eta edertasunaz fio, bere lanaz eta saiatzeaz baizik. Ez ditu berak jasotako dohainak lotan eduki. Lanak ez dizkio eskuak erre.
Hitz hau garbi dago, nik uste, ulertzeari bagagozkio behinik behin. Baina ulertzeaz aparte, hitz hau galdera bihurtzen zaigu gure eskuetan. Galdera edo epaia, ez dakit! Zer egin dugu, zer egiten dugu Jaunak eman dizkigun dohainez? Jaunak eman dizkigun eginkizunak eta eginbideak, bere horretan gordeta eta utzita dauzkagu, edo Jaunak eman digun lanean jo eta ke ari gara?
Dohainak lurperatu, era askotara egin daiteke. Geure intereskeriaren eta irabazi hutsaren bila jokatzea, besteen zerbitzuaz arduratzeke, hori Jaunaren dohainekin arduragabe izatea izango litzateke. Edo guri komeni zaizkigunetan bakarrik saiatzea, edo lan errazak bakarrik burutzea, gure erantzukizunak zabarkeriaz betetzea... axolagabekeriazko jokabide guztiok gure kristautasunaren azalkeria agertzen dute.
Edo, beste kasura etorriz, gure fede-bizitza ohiturakeriazkoa denean, eta lege batzuk betetzeaz konformatzen garenean, edo gure barne-bizitzak ere hazi eta heldu egin behar duela kontutan hartzen ez dugunean, hori guztia parabolako alferraren zakuan sartzen da.
Gaurko gizarteari begira jarrita, fededunok galdera asko egin beharko genioke geure buruari. Kontua ez baita lantegiko arduradunak edo herriko alkateak edo etxeko norbaitek ikusten gaituen edo ez. Kontua da, benetan kontu erabakiorra gainera, Jaunak ikusten gaituela. Eta fededunak Jaunaren epaia du irizpide gorengoa. Eta irizpide gorengo horrek gure bizitzako maila guztiak hartzen ditu. Familia, lana, kulturgintza, politika, fede-bizitza, harremanak... Mundu honetako gauzak izanik ere, Jaunak eman dizkigun dohain eta talentu ditugu. Eta Jaunaren ondasun bezala zaindu beharrekoak.
Kontzilioak ederki esan zuen, eta ez da ahaztekoa: Gure eguneroko lanez, jatekoa irabazteaz batera eta gure familiak aurrera ateratzeaz batera, Kreatzailearen lana aurrera eramaten ari garela, anai-arreben mesedea zerbitzatzen eta Jainkoaren asmoei aurrera-bidea urratzen. Eta hori serioa da.
Azterketa eskatzen zaigu gaur, geure buruaren azterketa. Batzuek estu-estu hartzen dute beren burua, egiten dutenaz edo ez dutenaz antsietatez kezkaturik. Hori ez da ona. Beste batzuek, beren burua akastun eta gaizto ikusten saiatzen dira errudun-sentimendu minduz, horrela Jainkoaren errukiaz jabetzeko. Hori ere ez da ona. Beste batzuek, ekintzaren ekintzaz, ez dute beren buruari begiratzeko astirik hartu nahi. Azterketari ihes egitea ere ez da batere ona. Egunean eguneko azterketa bizitzea da egin beharrekoa. Egunean egunekoa bizitze hori serio hartzea. Antsietaterik gabe eta iheskeriarik gabe, Jainkoaren eskuetan egoteak ematen duen bake sendoz. Ez daukagu Jainkoa edo etorkizuna kontrolatu beharrik, hori Jainkoari dagokio. Baina, Jainkoaren Erreinuko lanetan ari garelako, erantzukizunez jokatzen dugu.
Egin beharreko galdera badakizu zein den? Hauxe: zer kalitate ematen diot nire eguneroko bizitzari? Gure esperantzak zer zabalero bizi du? Gure fedeak edertzen al du egunean bizi dugun errealitatea? Hitz batean hauxe da galdera: zer kalitate bizi dut bizitzan? Bizi al naiz?!
Gaurko Eukaristian errezatu dugun otoitza askotan errepikatu behar genuke Jaunaren aurrean: «Jainko gure Jauna, emaguzu Zuri beti pozik zerbitzu egitea; on guztien egile horren zerbitzuan bizitzea baita guretzat egiazko zorion betea». Pozik zerbitzu egin. Jaunaren dohainez zerbitzu pozgarria egin munduan. Zerbitzuan saiatu. Jaunak ez baitigu ezin dugun maila bateko betebeharra eskatzen. Saiatzea. Erreinuaren zabaleroa garatzen saiatzea. Jesu Kristoren Berri Ona lagun hurkoari zerbitzea. Eta hori pozik egin, Jainkoarentzat lanean ari garela jakiteak ematen duen pozez. Eta gainerakoa, Jainkoaren eskuetan utzi, esku onak dira eta!
Horrela biziko bagina, beren talentuak ugaldu dituzten parabolako morroiak izango ginateke. Jaunaren aurrera aurkeztuko ginateke, beraren dohainaren emaitzak esku betean ditugula. Eta dohain horiek maitasunez eta arduraz erabili ditugulako, betiko bizitzaren dohain paregabea jasoko genuke. Izan ere, adiskide, hasierakoa ez dugu ahaztu behar: Jauna etortzekoa da. Eta egiten dugun edo ez dugun guztiaren irizpide erabakiorra, Jauna izango da. Bakoitzak badugu zer aztertua eta zer berritua irizpide nagusi horren aurrean.
Goazen Eukaristia. Jauna datorkigu indar-emaile eta poz-emaile. Jaso dezagun bizitzarako leialtasuna.
Iñaki Beristain (2014-11-11)
Beti bidean, beti bila
(Eguneko Ebanjelioa: Mt 25, 14-30)
Ebanjelio-zati honen argitasuna lehenengo irakurgaiko etxekoandre jatorrarengandik datorkigu, eta hori oso argigarria iruditzen zait. Etxekoandre arduratsuaz ematen diren zehaztasunak kontuan hartzekoak dira. Eta zehaztasun guztien artean bat azpimarratuko nuke. Emakume honek ez ditu gauza harrigarri edo neurriz kanpokoak egiten; egiten duena da egunerokotasuna kalitatez jantzi. Eguneroko lan eta eginkizunei bihotza itsasten die.
Horretatik garbi ikus dezakegu, Jesus talentuez ari denean, ez dela ari aparteko baliabideez edo dohainez; egunerokotasunari kalitatea emateaz ari da. Eguneroko jardunari sakontasuna emateaz. Geure buruaren azterketa egiten dugunean (egiten badugu), geure eginbeharrak eta geure ilusioak aztertu ohi ditugu, eta aztertu beharko genukeena bestea da, nolako maitasun-karga ematen diogun eguneroko bizitzari. Moralkeriaren lokarri nahasietan erori baino hobe genuke geure pertenentzia oinarrizkoa bilatu eta lantzea.
Anekdotak eta pasadizo zehatzak alde batera utzita, Jainkoari eguneroko bizitzan erakusten diogun menpetasun libreaz gogoeta egin beharko genuke. Jainkoaren dohainak, segizio-deia, alde batera utzi edo lurpean sartu izana ez da pasadizo baten edo besteren gorabehera. Bizitzan batek hartu edo utzi dezakeen eratzukizunaren gorabehera da. Etorkizunean gureaz zer izango den Jainkoaren aurrean, hori pentsatzeak antsietatea edo itolarria sortzen digu. Bizitza eskuetatik galtzen zaigula ikusteak ondoezik jartzen gaitu.
Baina fededunak ez dio antsietateari lekurik uzten. Badaki Jainkoaren dohainak eusten diola; badaki bere izatea neurtua eta mugatua dela; eta hori jakinik ez du bere bizitza eta ez ditu bere emaitzak kontrolatu nahi izaten. Egunero, bere bizitza Jaunaren esku utzi eta Jainkoaren dohaina bizitzeak bihotza bakean jartzen dio. Ez dauka, beraz, desio eta proektuetan hegan ibili beharrik. Ez du denetara iritsi nahi izaten, bakea galduz. Ez dauka kontroletan eta jakinminean sakabanatuta ibili beharrik, bere izate osoa Jaunak bateratzen baitio.
Bihotza batua dauka, bateratua, eta horrek ematen dio pertsona bezala haztea eta handitzea.
Lehen egin dugun galderara gentozke, beraz: Zer nolako maitasun-kalitatea bizi dut? Nola eta zertan zabaltzen da nire itxaropena? Eguneroko istilu eta ezbaien artean egosten al dut nire itxaropena, urrutiko espektatibetan galdu gabe? Nire fedeak eguneroko errealitatea irakurtzeko argia egiten al dit, eguneroko bizitzak dakarzkidan ezustekoei heltzeko gaitasuna emanez? Merezi du gure eguneroko bizitzaren epaia Jainkoaren eskuetan uztea eta haren konfiantzan bizitzea. Egin dezagun egiten duguna, eman zaizkigun dohainak eguneroko jardunean zehazten eta hazten baitira. Eta bizi gaitezen konfiantzak sorrarazten digun baretasun sakonean.
Egin dezagun egiten duguna, baina kalitatez, duintasunez, gure bizitzaren jabea den Jaunaren eskuetan biziz. Etxekoandre jatorraren jatortasuna ez da azaltzen etxetik kanpora noizbehinka egin ditzakeenetan; egunero etxean erakusten duen goitasunean baizik. Etxekoandre jatorraren argazkitan begira dezagun gure eguneroko jarduera txiki eta «baliogabea». Eta ikas dezagun «baliogabe» horri balioa ematen.
Etxekoandre jatorrarena!
Iñaki Beristain (2014-11-11)