PENTEKOSTE IGANDEA
A zikloa
Eguneko Eukaristia
Sarrerako antifona
Jaunaren Espirituak beterik dauka lurra; eta guztia batean daukanak ba du mintzo guztien berri. Aleluia.
Kolekta otoitza
Pentekoste-misterioaren bidez, Jauna,
herri eta jendalde guztietan santutzen duzu zeure Eliza;
isur itzazu Espiritu Santuaren dohainak
mundu zabalaren gainera,
eta berri ezazu orain fededunen bihotzetan,
Ebanjelio-zabaltzearen hasieran
errukiz egin zenituen mirariak.
Zure Seme Jesu Kristo... AMEN.
Apostoluen Eginetatik 2,1-11
Iritsi zen Pentekostes eguna, eta ikasle guztiak elkarrekin leku berean bildurik zeuden; bat-batean, zerutik hots bat etorri zen, haize-bolada indartsu batena bezalakoa, eta haiek zeuden etxe dena bete zuen. Suzkoak bezalako mihi batzuk agertu zitzaizkien; banatu ziren hauek eta bakoitzaren gainean gelditu. Guztiak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzetan mintzatzen hasi, bakoitzari Espirituak ematen zion bezala.
Bazen egun haietan Jerusalenen judutar jainkozalerik asko, zerupean diren herri guztietakoak. Hots hura entzun zenean, jendetza haundia bildu zen eta harriturik gelditu, norberaren hizkuntzan mintzo zirela entzunda. Harri eta zur eginik, honela zioten:
- ‘Ez al dira, bada, galilearrak, hizketan ari diren guzti horiek? Nola entzuten diegu, bada, bakoitzak geure jatorriko hizkuntzan? Gure artean badaude partiarrak, mediarrak, elamdarrak; badaude Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton, Asian, Frigian, Panfilian, Ejipton eta Zirene ondoko Libian bizi direnak; badaude erromatarrak, judutarrak eta proselitoak, greziarrak eta arabiarrak; eta denok gure hizkuntzan entzuten diegu Jaungoikoaren mirariak adierazten’.
ERANTZUN-SALMOA 103
ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR-AZALA BERRITU, JAUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna!
Guztiz haundi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Bai ugari direla, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago!
Aurpegia gordetzen baduzu, ikara dira,
arnasa kentzen badiezu, hiltzen,
beren hautsetara bihurtzen.
Zure arnasa bidaltzen baduzu,
izatea ematen diezu;
lur-azala berriarazten duzu.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 12,3-7;12-13
Senideok: Ezin dezake inork esan: ‘Jauna da Jesus!’ Espiritu Santuak eraginez izan ezik.
Era askotakoak dira dohainak, baina bat-bera Espiritua; era askotakoak serbitzuak, baina bat-bera Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat-bera guztiengan dena egiten duen Jaungoikoa. Bakoitzari guztien onerako ematen zaio Espirituaren agerpena.
Gorputza bat izanik ere, atal asko dituen bezala, eta gorputzeko atal guztiak, asko izanik ere, gorputz bat diren bezala, berdin Kristo ere. Gu guztiok –judutar nahiz greziar, menpeko nahiz askatu– Espiritu berberarengan bataiatuak izan gara, gorputz bat bakarra izateko. Eta guztiok Espiritu bakarretik edan dugu.
SEKUENTZIA
1. Zatoz, bai, Gogo Guren,
eta bidal zerutik
zure argi izpia.
Zatoz, gaisoen aita,
zatoz, dohain emaile
zatoz, bihotzen argi.
2. Poz-emaile bikaina
etxelagun atsegin,
sargorian haize pin.
Lan artean atseden,
nekean aringarri,
malkoetan pozgarri.
3. Bete, argi dohatsu,
zintzoen bihotzeko
zirrikiturik barnena.
Zure laguntza gabe
ez du gizonak ezer,
ez du ezer on denik.
4. Garbi, zikin dagoena,
busti, lehor dagoena,
zauriak oro senda.
Zurrun dena bigundu,
makur dena zuzendu,
hotz dagoena berotu.
5. Zugan uste on duten
zintzoeri isuri
zazpi dohain zerutik.
Zintzo-saria eman,
osasun hil artean,
poza betierean.
Amen. Aleluia.
ALELUIA Zatoz, Espiritu Santu!
Bete itzazu zure fededunen bihotzak,
eta biztu haiengan zure maitesua. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 20,19-23
Astearen lehenengo eguneko ilunabarrean, etxe batetan bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, judutarren beldurrez. Sartu zen Jesus eta, haien erdian zutik, esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziren, Jauna ikustean.
Jesusek berriro:
- “Bakea zuekin. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik ere bidaltzen zaituztet zuek”.
Eta hori esanez, haizeman zuen haien gainera, eta esan zien:
- “Har ezazue Espiritu Santua: zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie”.
Homiliak
Adiskideok: Pazkoaren betetasuna ospatzen ari gara Espirituaren ekintza askatzailean. Berrogeita hamar egunen buruan esan dezakegu Misterioaren edertasun betea eman zaigula. Esan dezakegu Jainkoak bete-betean maitatu gaituela. Esan dezakegu dena berria dela Espirituaren begirada berrian. Eta pozik ari gara ospakizunean. Pozik gaude.
Espiritua, esaten dugu. Espirituak ez dauka «aurpegirik», baina berak ematen die aurpegia errealitate guztiei. Espirituak «aurpegia» ipintzen dio Jainko Aitari, lehen maitasunaren aurpegia, errukizko eta harrera onezko aurpegia, «mundua hainbat maite izan duen» aurpegia. Espirituak Jainkoaren esperientzia itsasten digu bihotzetan. Gaur, zorionez, Jainkoa ezagutzen dugu.
Espirituak ematen dio «aurpegia» Jesus berpiztuari. Espirituak sumarazten digu Jesusen jarduera askatzailea. Espirituak itsasten digu bihotzean «Zoriontasunen» ibilbidea. Espirituak ematen digu Jesusen maitasuna, pobreak askatzeko, baztertuak jasotzeko, tristeak pozteko, gaixoak sendatzeko, bakarrik daudenak maitatzeko. Espirituak egiten gaitu Jesusen segizioan leial. Espirituaren eraginak Jesusen proiektua mamitzera garamatza.
Espirituak ez baitauka «aurpegirik», sinboloaren erabilpena ugaltzen da gaurko irakurgaietan. Mihiak, sua, hizkuntzak, ulermen berria. Dohainen ugaritasuna, aniztasunean batasuna, batasunean aniztasuna, gorputz bat atal asko, ekintza asko guztien on bakarra, izaera asko Espiritu bakarra. Sinbolo hauetako bakoitzak Espirituaren alderdi bat argitzen digu. Irudiek bilatzen dutena ez da Espiritua zer den adieraztea, Espirituak zer egiten duen eta nola jokatzen duen adieraztea baino.
Sinbologiak, ordea, dena azal hutsean bil dezake. Hori da arriskua. Azal hutsean ez geratzeko, behar dena «esperientzia» da, Espirituaren eragina barnean bizitzea. Esperientzia hori ezin daiteke beste ezerekin ordezkatu. Espirituaren eragina barruan bizi ez duenak, ez du sinetsiko Espiritua badenik eta ezer egiten duenik.
Nolanahi ere, eta esperientzia pertsonalaren beharraz jabeturik, gaurko festaburuak misioaz hitz egiten du batik bat. Pazko eguneko mezu berak mundura bidaltzen gaitu ikasle guztiok. Bakea eman eta gure kokalekua mundua dela adierazten digu. «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet zuek». Eta bidaltze hori Espirituaren dohainetan gertatzen da: «Hartzazue Espiritu Santua».
Misioa, jakin bai baitakigu gure bizia dagoeneko ez dela gurea. Gure bizia Jainkoaren eskuetan utzi dugu eta gizaki bakoitzaren bidera ateratzen gara, ez hari ezer ezartzeko, baizik Jainkoaren egintzari lekua egiteko. Misioa, Ebanjelioak barrutik erre egiten gaituelako; baina ez da dena erretzeko sua, zerbitzurako grina baizik. Misioa, eguneroko eginkizun txikienak Aitarekiko menpetasun libre bihurtuz. Ez daukagu gauza handiak egin beharrik, ezta gauzak espiritualizatu beharrik ere. Baizik, kontua da egiten dugun txikienari sakontasuna eta kalitatea ematea. Misioa, maitasuna geldiarazi ezin den indarra delako eta mundua aldatzera garamatzan indarra delako. Misioa, nahiz lana egin nahiz otoitz egin; inportantea ez baita zer egiten den, baizik Espirituaren eskuetan bizitzea.
Gauza handiak, benetan! Baina desioaren hego hutsaletan amets egin gabe. Eta gure bizitza txikiaren araberako asperduran lo hartu gabe. Kontua da «misioan bizitzea». Gure bizitza osoa, errealismoz, misio bihurtzea. Espirituaren eskuetan gaudela sinestea.
Gaur burutzen dugu Pazkoa. Zer aldatu da gure bizitzan Garizuman sartu ginenetik eta hona iritsi garen bitartean? Pazko-ospakizunak izan ahal du presentziarik gure bizitzan? Utzi dezagun Espirituaren eraginaren eskuetan gure guztia.
Iñaki Beristain (2014-6-4)
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

Iñaki Beristain (2017-5-30)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Jn 20, 19-23) Arnasa falta dugula esatea, ez dakit gehiegi esatea ote den, ez dakit. Baina, uste dut baietz, arnasa falta dugula. Bizi-barruti askotan falta dugu bakoitzak arnasa; baita gure gizarteak eta gure Elizak ere. Arnasa horri izen asko eman dakioke, noski: Espiritua izan daiteke, adorea izan daiteke, sormena izan daiteke, ilusioa izan daiteke, gogoa izan daiteke, itxaropena izan daiteke, barne-indarra nolanahi ere, arnasa alegia. Eta esan beharrik ez dago, arnasa falta denean, oinarrizkoena falta da, bizia falta da.
Elizari dagokionez, gure arnas faltak aztarren asko uzten ditu, ikusi nahi dituenarentzat. Egia da, ez gaudela etxafuegoak botatzeko. Gure elizetan ez da ilusioa eragin diezagukeen gazte-andanarik ikusten. Zalantza handiak jasateko lain fede sendoa ere ez zaigu ageri. Orain gutxira arte ustez oinarrizko genituenak orain duda-mudan jartzen zaizkigu. Gizartearen bideak erabat bestelakoak dira. Ematen du gureak egin ote duen. Askok hala esaten digu gainera, gureak egin duela. Arnasak motelaldia izatea ez da, beraz, harritzekoa.
Eliz gidarion artean ere arnasa falta da. Ez dugu ordezkorik. Inoiz pentsatu izan baldin badugu eskaintzen dugun zerbitzua benetan ederra dela, badirudi gaur egun ez zaiola inor askori interesgarria gertatzen. Eta jardunaren poderioz, emaitza handirik ez ikustearen poderioz eta urteen pisuaren poderioz, arnasa motel, bularra melar. Bestalde, gaurko gizartearekin elkarrizketan bizitzeko ahalegina egiten baduzu, gerta liteke (gertatzen da) eliz erakundetik ere arnasa moteltzeko arrazoiak izatea.
Gure familietan ere arnasa falta da, ezta? Gauzak asko aldatu dira, eta ez bakarrik fedeari dagozkionetan. Elkarbizitza, harremana, heziketa, balioak... oraindik orain oso bestelakoak ziren. Gauza askotan hobera egin dugula bistakoa da, baina beste gauza askotan... Eta guraso askok beren seme-alaben etorkizunak zer bide izango ote duen kezka bizi du; seme-alaba horiek hasi duten proiektua aurrera eramaterik izango ote duten; «suertea» izango ote duten ba! Eta jende askotxo dabil arnasa ahituta. Gure familietan bide berriak aurkitu ezin bagenitu bezala. Famili eredu berria marraztu ezingo bagenu bezala.
Gure gizartean ere arnasa falta ote den! Bakegintzaren ilusioak indarra galdu digu. Zerbait aldatzen hasi ote zen, baina... Inoiz baino gertuago ote geunden bakearen gozotik. Baina, badakigu eta eskarmentuz dakigu, gure ilusioak askotan lehertu zaizkigula eskuetan, eta oraingoan ere hala izan da. Hainbestetako frustrazio izan dugu eta neurritsu (etsita?) mantentzen gara. Bakegintzan hori. Eta lanaren ahuldadea; ohituren aldaketa; balio-galera; indibidualismo eta bakarkeria; beldurra...
Gaur Mendekoste ospatzean, arnasaren ahulaldi asko eta era askotakoak aipa daitezke. Baina, gaur Mendekoste da. Arnasa hartzeko eguna. Gure arnas motelaldia bizkortzeko eguna. Hormak puskatzen diren eguna. Denek ulertzen duten maitasun-hizkerak indar berria hartzen duen eguna. Eliza gizartera ateratzen den eguna. Berri Onak bere beldurra galtzen duen eguna. Kaleak pozez blai jartzen diren eguna. Harreman berrien eguna. Mundu anitza senide eta gertuko egiten den eguna. Denok elkarren kideko senti gaitezkeen eguna. Bizitzeko poza eta sentidua ematen zaigun eguna. Itxaropenak sentidu izan dezakeela eta baduela ikusten den egun berezi eta handia.
Horregatik, bakoitzak arnasa hartzeko eguna da gaur. Fededuna sar bedi bere fedearen sakonenera eta utz biezio Espirituari bere berritasun-durundia gertarazten, eta dena berritzen, barru eta kanpo. Kristau-fededun ez dena sar bedi bere gizatasunaren erraietara eta utz biezaio arnasari giharretaraino aide freskoa sarrarazten. Gizatasunak ere bere egun handia baitu gaur.
Eta ez fede eta ez gizatasun sentitzen ez duenak, hel biezaio «bere beharrari» gerri-gerritik, gure beharrean ere bai baitaki Mendekosteko Espirituak bere dohaina erregalatzen.
Eta Espirituak arnasa emango digu, arnasa behar baitugu!
Iñaki Beristain (2014-6-4)
Arnasa falta dugula esatea, ez dakit gehiegi esatea ote den, ez dakit. Baina, uste dut baietz, arnasa falta dugula. Bizi-barruti askotan falta dugu bakoitzak arnasa; baita gure gizarteak eta gure Elizak ere. Arnasa horri izen asko eman dakioke, noski: Espiritua izan daiteke, adorea izan daiteke, sormena izan daiteke, ilusioa izan daiteke, gogoa izan daiteke, itxaropena izan daiteke, barne-indarra nolanahi ere, arnasa alegia. Eta esan beharrik ez dago, arnasa falta denean, oinarrizkoena falta da, bizia falta da.
Elizari dagokionez, gure arnas faltak aztarren asko uzten ditu, ikusi nahi dituenarentzat. Egia da, ez gaudela etxafuegoak botatzeko. Gure elizetan ez da ilusioa eragin diezagukeen gazte-andanarik ikusten. Zalantza handiak jasateko lain fede sendoa ere ez zaigu ageri. Orain gutxira arte ustez oinarrizko genituenak orain duda-mudan jartzen zaizkigu. Gizartearen bideak erabat bestelakoak dira. Ematen du gureak egin ote duen. Askok hala esaten digu gainera, gureak egin duela. Arnasak motelaldia izatea ez da, beraz, harritzekoa.
Eliz gidarion artean ere arnasa falta da. Ez dugu ordezkorik. Inoiz pentsatu izan baldin badugu eskaintzen dugun zerbitzua benetan ederra dela, badirudi gaur egun ez zaiola inor askori interesgarria gertatzen. Eta jardunaren poderioz, emaitza handirik ez ikustearen poderioz eta urteen pisuaren poderioz, arnasa motel, bularra melar. Bestalde, gaurko gizartearekin elkarrizketan bizitzeko ahalegina egiten baduzu, gerta liteke (gertatzen da) eliz erakundetik ere arnasa moteltzeko arrazoiak izatea. Gure familietan ere arnasa falta da, ezta? Gauzak asko aldatu dira, eta ez bakarrik fedeari dagozkionetan. Elkarbizitza, harremana, heziketa, balioak... oraindik orain oso bestelakoak ziren. Gauza askotan hobera egin dugula bistakoa da, baina beste gauza askotan...
Eta guraso askok beren seme-alaben etorkizunak zer bide izango ote duen kezka bizi du; seme-alaba horiek hasi duten proiektua aurrera eramaterik izango ote duten; «suertea» izango ote duten ba! Eta jende askotxo dabil arnasa ahituta. Gure familietan bide berriak aurkitu ezin bagenitu bezala. Famili eredu berria marraztu ezingo bagenu bezala.
Gure gizartean ere arnasa falta ote den! Bakegintzaren ilusioak indarra galdu digu. Zerbait aldatzen hasi ote zen, baina... Inoiz baino gertuago ote geunden bakearen gozotik. Baina, badakigu eta eskarmentuz dakigu, gure ilusioak askotan lehertu zaizkigula eskuetan, eta oraingoan ere hala izan da. Hainbestetako frustrazio izan dugu eta neurritsu (etsita?) mantentzen gara. Bakegintzan hori. Eta lanaren ahuldadea; ohituren aldaketa; balio-galera; indibidualismo eta bakarkeria; beldurra...
Gaur Mendekoste ospatzean, arnasaren ahulaldi asko eta era askotakoak aipa daitezke. Baina, gaur Mendekoste da. Arnasa hartzeko eguna. Gure arnas motelaldia bizkortzeko eguna. Hormak puskatzen diren eguna. Denek ulertzen duten maitasun-hizkerak indar berria hartzen duen eguna. Eliza gizartera ateratzen den eguna. Berri Onak bere beldurra galtzen duen eguna. Kaleak pozez blai jartzen diren eguna. Harreman berrien eguna. Mundu anitza senide eta gertuko egiten den eguna. Denok elkarren kideko senti gaitezkeen eguna. Bizitzeko poza eta sentidua ematen zaigun eguna. Itxaropenak sentidu izan dezakeela eta baduela ikusten den egun berezi eta handia.
Horregatik, bakoitzak arnasa hartzeko eguna da gaur. Fededuna sar bedi bere fedearen sakonenera eta utz biezio Espirituari bere berritasun-durundia gertarazten, eta dena berritzen, barru eta kanpo. Kristau-fededun ez dena sar bedi bere gizatasunaren erraietara eta utz biezaio arnasari giharretaraino aide freskoa sarrarazten. Gizatasunak ere bere egun handia baitu gaur. Eta ez fede eta ez gizatasun sentitzen ez duenak, hel biezaio «bere beharrari» gerri-gerritik, gure beharrean ere bai baitaki Mendekosteko Espirituak bere dohaina erregalatzen. Eta Espirituak arnasa emango digu, arnasa behar baitugu!
Iñaki Beristain (2017-5-30)