URTEAN ZEHAR XXI IGANDEA
A zikloaIsaias profetaren liburutik 22,19-23
Honela dio Jaunak Sobna-ri, errege-etxeko buruari:
“Kendu egingo zaitut zure lekutik
eta atera zure eginkizunetik.
Egun hartan nire serbitzari Eliakini dei egingo diot,
Alkiasen semeari:
zure soinekoa eta zure gerrikoa jantziko dizkiot,
eta zure aginpidea haren eskutan ipiniko dut;
eta aita izango da Jerusalenen bizi direnentzat
eta Judako etxekoentzat.
Hari ipiniko diot lepotik Dabiden etxeko giltza;
hark irekia, ez du inork itxiko;
hark itxia, ez du inork irekiko.
Ziria egur gogorrean bezala sartuko dut,
bere aitaren etxeari aulki ospetsua emango dio”.
ERANTZUN-SALMOA 137
JAUNARI KANTA, ONA BAITA,
HAIN DU HAUNDIA BERE BETIKO ERRUKIA.
Jauna, bihotz-bihotzez dizkizut eskerrak emango,
nire hitzak entzun dituzulako.
Eresi egingo dizut aingeruen aurrean,
ahuspeztuko naiz zure jauretxe santuan.
Benetan garai da Jauna, umilari dio begiratzen;
harroa, berriz, urrundik du ezagutzen.
Betiko dago, Jauna, zure maitasuna,
ez eskutik utzi zeure eskuz egin duzuna.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 11,33-36
Senideok: Bai handia, Jaungoikoaren esku-zabala, jakinduria eta ezaguera! Bai aztertuezinak Haren erabakiak, eta ezagutuezinak Haren bideak! Nork ezagutu ditu inoiz Jaunaren asmoak? Nor izan da Haren kontsejatzaile? Nork eman dio Berari lehendabizi, Berak gero bihurtzekotan? Harengandik dira gauza guztiak, Haren bidez eta Harentzat. Berari aintza gizaldietan. Amen.
ALELUIA Zu Harria zara;
harri horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza:
eta heriotzaren indarrak ez zaizkio nagusituko. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 16,13-20
Aldi hartan, Jesusek, Filipoko Zesarea aldera etorri zelarik, honela galdetu zien bere ikasleei:
- “Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?”
Eta haiek: ‘Batzuek, Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek, Elias; besteek, Jeremias edo profetaren bat’.
Jesusek orduan: “Eta zuek, nor naizela diozue?”
Eta Simon Pedrok: ‘Zu Mesias zara, Jaungoiko biziaren Semea’.
Jesusek orduan:
- “Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea! Ez haragik, ez odolek, ez bait dizu adierazi hori zuri, zeruan dagoen nire Aitak baizik. Eta horra Nik esan: Zu ‘Harria’ zara; harri horren gainean eraikiko dut Nik nire Eliza; eta heriotzaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zuri emango dizkizut zeruetako erreinuaren giltzak. Eta zuk lurrean lotua, zeruetan ere lotua izango da; eta zuk lurrean askatua, zeruetan ere askatua”.
Orduan, Bera Mesias zenik inori ez esateko agindu zien bere ikasleei.
Homiliak
Gaurko ebanjelio-zatiak zedarrian kokatzen gaitu. Gaurko ebanjelio-zatiak garrantzi handia baitu Mateoren ebanjelioan. Pedrok egin duen mesiastasun-aitorpen honek, Nekaldiko bidean jarriko du Jesus, argi eta garbi. Eta nekaldiko bide honek sustrai-sustraitik aterako ditu mesiastasun politiko baten uste sasikoak. Gainera, gerora eliz tradizioan garrantzi handia izan duen Jesusen deklarazioaren aurrean gaude: «Harria zara zu».
Jesusek dakarren askatasun salbatzaileak baditu bere bitartekoak. Eta ez goitik behera zerutar euriz etorritako bitartekoak, hain justu. Pedro da bitarteko horietako bat. Jainkoak horrela nahi izan du. Jainkoak giza bideetan ez ezik giza erara ere jokatzen baitu. Hitza gizaki egin denetik, gizakia bitarteko egina izan da. Erabat gizatar bihurtu da Jainkoaren dohaina. Jainkoak, hain zuzen, Pedroren sendotasun-gainean eraiki nahi izan du Eliza. Pedrok sendotasuna demaio fedeari. Eta sendotasun horrek eragin berezia du. Askotan, kritikaren begirada estuak oso ikuspegi estura eramaten gaitu bitartekoak epaitzerakoan. Igande hau aproposa izan daiteke, behin baikere Pedroren ondorengoaren egitekoa, Aita Santuaren egitekoa, begiratu eta maitatzeko.
Hala ere, Pedro ez dago dagoen tokian, bera zintzoa delako, bera argitasun bereziko gizona delako. Pedroren egitekoa ez da Pedroren zintzotasunean oinarritzen, ez, bere fede-aitorpenean baizik. «Nor naizela diozue?». «Zu Mesias zara, Jaungoiko biziaren Semea». Pedrok, noski, formula bat baino askoz gehiago esan du esaldi horretan. Esaldi horrek, Elizaren historia oinarritzen eta luzatzen duen jarrera gordetzen du bere barnean: Zu zara gure bizia, Zu zara gure garrantzizkoena, Zu zara gure itxaropen betea, Zuregan aurkitzen dugu gure giza betetasuna. Pedroren aitorpena handia izan da. Eta hori ez da Pedro berarengandik sortu. Aitorpen honen giharrea Jainkoaren dohaina da. Jainkoak argitu du Pedro federako.
Eta fede hori erreferentzi puntu bihurtua geratu da Elizaren historia guztirako. Hemendik aurrera bere fedea neurtu eta argitu nahi duenak, aski du Pedroren aitorpen honetan neurtzea. Aitorpen horrek elkartzen du Eliza. Pedro izango da, beraz, eliz elkartearen batasun lokarri. Pedrok eutsiko dio indarrean Elizaren komunioari, elkartasunari. Eta horrek esan nahi du apostoluen fedean oinarritzen dela betidanik gure eliz izatea. Eta Pedro da apostoluen buru.
Honek guztiak halako errezeloa sor dezake: administrazioa sortzen ari ote den Jesus, Pedrori gauza hauek esatean! Elizaren burokrazia! Eta ez da hori, noski. Jesusen misterioak irabazi digun askatasuna eskaintzen digu giza zerbitzu honetan. Eskura jartzen digu Jesusek bere salbamena. Ez daukagu ez dakit non eta ez dakit nola ibili beharrik salbamen hori nondik jasoko! Ez, gure mailan eman zaigu.
Horregatik, Paulok jo duen oihua. «Bai handia Jaungoikoaren eskuzabala, jakinduria eta ezaguera!». Misterio handia era gizatiarregian eman zaigula? Handiegia dela, horrenbeste gerturatzeko? «Ezin aztertuak haren erabakiak». Eta zenbaitetan oztopo-harri gertatzen bazaigu ere, Elizaren errealitateak bertatik bertara jartzen digu misterioa. Eta Elizaren giza maila ikusi eta bestea ez ikustea, ez litzateke ez zintzoa ez jatorra izango! Galde daiteke: Berri Onaren zerbitzuan horrenbeste miseria? Edo beste hau galde daiteke: horrenbeste miseriaren erdian, horrenbeste askatasun? Ea zerk harritzen zaituen gehiago, miseriak ala dohainak!
Gaur, inoiz egitekotan, otoitz egin behar genuke gure Aita Santuaren alde, gure Gotzainen alde. Eta eliz zerbitzuan sarritan bizi ditugun eskandaluak bere onean ikusten eta onartzen jakin behar genuke. Gauza handiak jarri zaizkigu gertura. Handiegiak gertuegira aukeran. Urrutian gelditu izan balira Jainkoaren dohain horiek, ez genituen zikinduko, baina urrutian geldituko ziren, eta ezin gozatu. Gure eskura jartzeak horrenbesteraino zikintzen du misterioa, baina gutxienez misterioa gertuan daukagu. Bakoitzak misterioaren neurria emango bagenu gure bizitzan! Bakoaitzak geure fedea sendotzen dugun adinean, Elizak berak txukunago beteko du bere bitartekotza. «Zuk nor naizela diozu?». Erantzun nahi baduzu, aukera ederra daukazu eskura.
Ez genuke gauza bat ahaztu behar: Jainkoarengana ez gaituela hurbiltzen gure perfekzioak, gure akatsik-ezak. Jainkoarengana Jainkoaren dohainak berak hurbiltzen gaitu. Eta hori guk merezi ezin dezakegun zerbait da. Ez dugu, beraz, eliz zerbitzarien akatsez harritu behar, eman zaigun dohain ederraz baizik. Zer dute harrigarria gure akatsek? Baina bai dela harrigarri, horrenbeste akatsen artean ematen zaigun maitasunezko dohain ederra!
Jesusen bideetan elkar zerbitzen ikas dezagun. Gizon-emakumeen zoriona baita azkenean garrantzizkoa. Ez dezagun ahaztu denok garela Jainkoaren dohainaren zerbitzari gure ingurukoen aurrean. Guztioi gure fedearen aitorpena eskatu zaigu eta guztiok izan gara dohainaren zabaltzaile eginak! Ez genuke ahaztu behar! Dohain handiegia jarri zaigu eskura, eta dohaina gordetzeko era bakarra maitasunez zabaltzea da.
Eukaristia ospatzen dihardugu. Eta igandean, Eliz elkartasuna ospatzen eta gaurkotzen dugun asteroko Pazkoan aurkitzen gara. Komunioa lokarri sendoagoz lotzeko dohaina ematen zaigu. Alai eta esker onez ospa dezagun Jesusek eman digun elkartasun hori.
Iñaki Beristain (2014-9-9)
Adiskideok: azken igande hauetan, kristau-elkartean bizitzeko beharrezko diren jarrerak azpimarratzen ari zaigu Jesus. Joan zen igandean, senideen arteko zentzaketa, elkar zentzatzea, batak bestea bide onera ekartzea, azpimarratu zigun. Eta gaur, barkazioa eskatu digu. Elkarteko harremanek, barkazioaren ukendu gozo eta gozatzailez sendatu behar ditugu egunero eta unero. Anaiari edo arrebari barkatzen jakitea, ezinbestekoa dugu geure elkarbizitzarako.
Egia da, hala ere, asko kostatzen zaigula batak besteari barkatzea. Barkazioaren hau, ez da gure gizartean gehiegi aipatzen den balorea. Justizia maiteago dugu agidanez. Esan ere esaten da, justizia balego, ez litzatekeela barkaziorik beharko. Ez gara konturatzen, justiziaz hitz eginez, justizia eskatuz, mundu gogorra ari garela egiten. Ez gara konturatzen, barkatzen ez dakien justiziari bihotza falta zaiola. Eta bihotzik ez daukan justiziak ez ditu pertsonak beren balioan errespetatzen. Eta justizi eske hasi dena, barkazioaren faltan, injustizia bihurtzen zaigu gauetik goizera.
Berriro diot, asko kostatzen zaigu barkatzea. Bai famili bizitzan bai gizarte-bizitzan, kostata ahazten ditugu gure suminak, inbidiak, egoismoak, mendekuak. Kosta ahala kosta, beti barkatzeko eskatu digu Jesusek gaurko Ebanjelioan. Beti barkatu behar dugu. Beti? Beti barkatu? Dena? Den-dena barkatu? “Ez diot sekula barkatuko” esan ohi dugu. “Egin didan hau ez diot sekula ahaztuko” errepikatzen dugu askotan. Jainkoak bai, Jainkoak dena eta beti barkatzen digu. Jainkoak ez ditu bere bihotz-muinean gordetzen guk egindakoak. Jainkoak oroimen oso eskasa dauka gure egintzak gogoan gordetzeko. Jainkoak beti barkatzen du.
Eta barkatzen ikasteko, oinarrizko esperientzia da Jainkoak barkatzen digula ikustea. Fededunok jakin bageneki Jainkoak zenbat barkatu digun, ez genuke hainbeste eragozpen eta zailtasun izango geure lagun hurkoari barkatzeko. Barkatzen ikasteko erarik zuzenena, horixe da, Jainkoak zenbat barkatu digun beti gogoan izatea. Gaur entzun dugun ebanjelioko parabolan, zor handiena barkatzen duen hori, inolako eragozpenik gabe barkatzen duen hori, Jainkoa bera da. Zergatik barkatu du? Barkatzeko eskatu zaiolako. Ez du baldintzarik jarri. Ez du eperik markatu. Barkatzeko eskatu zaio, eta barkatu egin du. Zeruko Aitaren argazki dotorea egin digu parabolak.
Eta horrenbeste barkatu zaionean, zergatik heldu behar dio gero bere hurkoari lepotik? Zergatik ito behar du, zorra ordaindu diezaiola eskatuz? Ez da bidezkoa, ez da zuzena. Zorra barkatu zaio eta berak ez daki barkatzen, bihotz gaiztoaren argazkia da hori. Horrelakoak ez izateko esan digu Jesusek. Barkatzeko esan digu, askotan barkatzeko, beti barkatzeko. “Zazpi aldiz zazpitan hamar”; hau da, beti! Behin barkatzeak ere ematen digu lanik franko, bitan eta hirutan eta barkatzeko! Behingoa artean! Baina barkatzea, egindakoa ahaztea baldin bada, beti lehenengo aldiz barkatzen da, aurrekoa ahaztua baituzu. Jainkoak beti lehenengo aldiz barkatzen digu, gure zorrak ahaztu egin baititu.
Eta barkazioaren esperientzia ederra da alajaina! Barkatzearena ederra da eta barkatua izatearena ere bai! Giza bihotzak bizi duen bizikizunik inportanteenetakoa dela ere esango nuke. Barkazioak, ezkorra dena, negatiboa dena, baikor eta positibo bihurtzen baitigu. Barkazioak mundua berritzen du, harremanak berritzen ditu, bihotza berritzen du. Gure gizartea nolakoa izango ote litzateke elkarri barkatuko bagenio! Nolako gozotasuna biziko ote genuke gure kristau-elkarteetan, elkarri barkatuko bagenio. Gure akatsak, nahigabe egindakoak, ustekabean emandako minak, nola edo hala egindako irainak... barkatu egin behar ditugu. Bestela, gure elkarte-bizitza azkenerako jasanezina egiten da, sufrikaitza bihurtzen da. Barkaziorik ez dagoen tokian, batak bestearengandik ihes eginez bukatzen dugu.
Gure gizartea ere barkazioaz gozatu behar dugu. Egindako kalteak eta minak hor daude; baina horiek barkatzeko kapaz izan ezean, artean kalte eta min handiagoa egiten baitiogu elkarri. Lehendik dauzkagun zauriak gaiztotu besterik ez dugu egiten zaurientzako justizia eskatuz. Eta badira, badira bai, justiziaz konpondu ezingo diren kalteak. Nahi al duzu adibide bat jartzea? Pertsona bat gogorkeriaz hil denean, hori konponduko duen justiziarik ez dago, pertsona hura hila baitago, eta justiziak ez du hura piztuko. Barkazioak, ordea, hori ere konpondu egiten du, harremana sakonenetik berritzen baitu, kaltea ahaztu egiten baitu. Barkazioak, justiziak ez bezala, dena konpontzen du. Zorionez!
Barkatu nori? Aurrena, zeure buruari, entzule! Geure barruari barkatzea ez da askotan errazena. Zergatik ibili ohi gara geure gaizkieginei bueltak eta bueltak ematen? Jainkoak barkatu zizun. Zergatik ez diozu zeure barruari barkatzen? Zergatik estutu behar duzu zeure burua? Barkatu zeure gertuen dauzkazunei: emazteari edo senarrari, edo seme-alabei edo gurasoei. Hainbeste detaile mingarri sortzen da familietan ere, ez da? Barkatu kalean, gizartean. Zenbat zauri daramagun bizi-bizirik gordea, kinka egokia datorrenean, ordainarazteko. “Entzun beharko du, ordaindu beharko du” esaten dugu, eta zauria gogoan ongi gordea eramaten dugu, bere garaian tapa! botatzeko. Konturatuko ote gara, barkatzen ez duzunean, kalterik handiena ez diozula egiten barkatu ez diozunari, zeure buruari baino, barkatu ez duzulako!?
Eukaristian behin baino gehiagotan eskatzen dugu barkazioa. Hastean, barkazioa eskatuz hasi gara. Laister Gure Aita esango dugu, eta han barkatzeko eskatuko diogu Aitari, guk jada barkatu dugulako. Erantzukizun handiko esaldia da hori. Zure barkazioa jartzen baituzu aurretik Jainkoak barka diezazun. Eta gero, gure Meza honetan elkarrengandik urruti gaudenez ez dugu egiten baina, gero elkarri bakea eskainiko diogu. Batak bestearengana barkazioz hurbildu nahi dugula esateko da hori. Jauna hartu aurretik, elkar hartu nahi dugula adierazten du ezaugarri horrek.
Ospa dezagun bai, barkazioaren iturri den Jesus entregatuaren maitasuna. Eta ikas dezagun barkazioa! Ederra data!
Iñaki Beristain (2014-9-12)
Gaurko ebanjelio-zatiak zedarrian kokatzen gaitu. Gaurko ebanjelio-zatiak garrantzi handia baitu Mateoren ebanjelioan. Pedrok egin duen mesiastasun-aitorpen honek, Nekaldiko bidean jarriko du Jesus, argi eta garbi. Eta nekaldiko bide honek sustrai-sustraitik aterako ditu mesiastasun politiko baten uste sasikoak. Gainera, gerora eliz tradizioan garrantzi handia izan duen Jesusen deklarazioaren aurrean gaude: «Harria zara zu».
Jesusek dakarren askatasun salbatzaileak baditu bere bitartekoak. Eta ez goitik behera zerutar euriz etorritako bitartekoak, hain justu. Pedro da bitarteko horietako bat. Jainkoak horrela nahi izan du. Jainkoak giza bideetan ez ezik giza erara ere jokatzen baitu. Hitza gizaki egin denetik, gizakia bitarteko egina izan da. Erabat gizatar bihurtu da Jainkoaren dohaina. Jainkoak, hain zuzen, Pedroren sendotasun-gainean eraiki nahi izan du Eliza. Pedrok sendotasuna demaio fedeari. Eta sendotasun horrek eragin berezia du. Askotan, kritikaren begirada estuak oso ikuspegi estura eramaten gaitu bitartekoak epaitzerakoan. Igande hau aproposa izan daiteke, behin baikere Pedroren ondorengoaren egitekoa, Aita Santuaren egitekoa, begiratu eta maitatzeko.
Hala ere, Pedro ez dago dagoen tokian, bera zintzoa delako, bera argitasun bereziko gizona delako. Pedroren egitekoa ez da Pedroren zintzotasunean oinarritzen, ez, bere fede-aitorpenean baizik. «Nor naizela diozue?». «Zu Mesias zara, Jaungoiko biziaren Semea». Pedrok, noski, formula bat baino askoz gehiago esan du esaldi horretan. Esaldi horrek, Elizaren historia oinarritzen eta luzatzen duen jarrera gordetzen du bere barnean: Zu zara gure bizia, Zu zara gure garrantzizkoena, Zu zara gure itxaropen betea, Zuregan aurkitzen dugu gure giza betetasuna. Pedroren aitorpena handia izan da. Eta hori ez da Pedro berarengandik sortu. Aitorpen honen giharrea Jainkoaren dohaina da. Jainkoak argitu du Pedro federako.
Eta fede hori erreferentzi puntu bihurtua geratu da Elizaren historia guztirako. Hemendik aurrera bere fedea neurtu eta argitu nahi duenak, aski du Pedroren aitorpen honetan neurtzea. Aitorpen horrek elkartzen du Eliza. Pedro izango da, beraz, eliz elkartearen batasun lokarri. Pedrok eutsiko dio indarrean Elizaren komunioari, elkartasunari. Eta horrek esan nahi du apostoluen fedean oinarritzen dela betidanik gure eliz izatea. Eta Pedro da apostoluen buru.
Honek guztiak halako errezeloa sor dezake: administrazioa sortzen ari ote den Jesus, Pedrori gauza hauek esatean! Elizaren burokrazia! Eta ez da hori, noski. Jesusen misterioak irabazi digun askatasuna eskaintzen digu giza zerbitzu honetan. Eskura jartzen digu Jesusek bere salbamena. Ez daukagu ez dakit non eta ez dakit nola ibili beharrik salbamen hori nondik jasoko! Ez, gure mailan eman zaigu.
Horregatik, Paulok jo duen oihua. «Bai handia Jaungoikoaren eskuzabala, jakinduria eta ezaguera!». Misterio handia era gizatiarregian eman zaigula? Handiegia dela, horrenbeste gerturatzeko? «Ezin aztertuak haren erabakiak». Eta zenbaitetan oztopo-harri gertatzen bazaigu ere, Elizaren errealitateak bertatik bertara jartzen digu misterioa. Eta Elizaren giza maila ikusi eta bestea ez ikustea, ez litzateke ez zintzoa ez jatorra izango! Galde daiteke: Berri Onaren zerbitzuan horrenbeste miseria? Edo beste hau galde daiteke: horrenbeste miseriaren erdian, horrenbeste askatasun? Ea zerk harritzen zaituen gehiago, miseriak ala dohainak!
Gaur, inoiz egitekotan, otoitz egin behar genuke gure Aita Santuaren alde, gure Gotzainen alde. Eta eliz zerbitzuan sarritan bizi ditugun eskandaluak bere onean ikusten eta onartzen jakin behar genuke. Gauza handiak jarri zaizkigu gertura. Handiegiak gertuegira aukeran. Urrutian gelditu izan balira Jainkoaren dohain horiek, ez genituen zikinduko, baina urrutian geldituko ziren, eta ezin gozatu. Gure eskura jartzeak horrenbesteraino zikintzen du misterioa, baina gutxienez misterioa gertuan daukagu. Bakoitzak misterioaren neurria emango bagenu gure bizitzan! Bakoitzak geure fedea sendotzen dugun adinean, Elizak berak txukunago beteko du bere bitartekotza. «Zuk nor naizela diozu?». Erantzun nahi baduzu, aukera ederra daukazu eskura.
Ez genuke gauza bat ahaztu behar: Jainkoarengana ez gaituela hurbiltzen gure perfekzioak, gure akatsik-ezak. Jainkoarengana Jainkoaren dohainak berak hurbiltzen gaitu. Eta hori guk merezi ezin dezakegun zerbait da. Ez dugu, beraz, eliz zerbitzarien akatsez harritu behar, eman zaigun dohain ederraz baizik. Zer dute harrigarria gure akatsek? Baina bai dela harrigarri, horrenbeste akatsen artean ematen zaigun maitasunezko dohain ederra!
Jesusen bideetan elkar zerbitzen ikas dezagun. Gizon-emakumeen zoriona baita azkenean garrantzizkoa. Ez dezagun ahaztu denok garela Jainkoaren dohainaren zerbitzari gure ingurukoen aurrean. Guztioi gure fedearen aitorpena eskatu zaigu eta guztiok izan gara dohainaren zabaltzaile eginak! Ez genuke ahaztu behar! Dohain handiegia jarri zaigu eskura, eta dohaina gordetzeko era bakarra maitasunez zabaltzea da.
Eukaristia ospatzen dihardugu. Eta igandean, Eliz elkartasuna ospatzen eta gaurkotzen dugun asteroko Pazkoan aurkitzen gara. Komunioa lokarri sendoagoz lotzeko dohaina ematen zaigu. Alai eta esker onez ospa dezagun Jesusek eman digun elkartasun hori.
Iñaki Beristain (2017-8-24)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Mt 16, 13-20) Azken aldian ere gure eliz elkartean dilema berak kezkatu gaitu, eta saminez kezkatu gainera: zer da inportantea, doktrinen zuzentasuna tinko mantentzea ala Jesusengan sinestarazten lagunduko duten bide berriak urratzea? Gure artean, asko harritu gaituzten eztabaida eta gaitzespenak sufritu ditugu. Baina benetako arazoa ez da doktrinetan jokatzen, harreman-esperientzia pertsonalean baizik. Eta, nire iritzian, esperientzia hori ez dugu behar adina lantzen eta bultzatzen. Zertarako dugu doktrinak sinestea, Jesusengan sinesten ez badugu, Jesusekiko harremana bizi ez badugu?
Pena ematen du, pena handia, eliztarron egoera ikusi eta, hala ere, zehaztasun-kontuetan gabiltzala ikusteak. Eta arazo horiekin gabiltzan bitartean, eliz jende asko ikusten dugu etsita, bere etorkizuna argitu ezin duela, bere fedeari inolako bizitasunik eman ezin diola. Zertarako ditugu doktrinak, fededunik izan behar ez badugu? Gaur zenbaiti galdetuko balitzaio berarentzat Jesus nor den, honela erantzun lezakete: «Maisua da, doktrina zuzena da, portaera moral egokia da».
Baina Jesus ez da zerbait, ez da maisua, ez da liderra; ez da hori bakarrik behintzat. Jesusek egiten digun galderak pertsonaren konpromiso osoa harrapatzen du: «Nor naizela diozu?». Eta erantzunean atxikimendu osoaren apustua jokatzen da, pertenentzia jokatzen da. Jesus ez baita etorri ideologia bat izateko edo teologia bat izateko. Jesus etorri da bihotzak liluratzeko, pertenentzia eragiteko, gure izaera osoa beretzat hartzeko. Eta osotasun horretan jokatzen da fedearen erronka.
Jesusen ikasleentzat hori izan zen aukera erabakigarria. Eta horixe bera da gure Elizarentzat ere aukera. Beste gauza eta eginkizun garrantzizkorik izango da gure Eliza honetan; baina Jesusen aukera pertsonala egitea bezalakorik, ez. Ez dugu esan nahi beste guztia era batera izan edo bestera izan berdin denik. Baina esan nahi dugu, Jesusekiko faszinazioa galdutakoan, berdintsu dela teologia bat edo bestea, doktrina bat edo bestea, aukera bat edo bestea. «Zu Mesias zara», hori da kontua.
Baina bistan da, erantzun bete eta bihotzeko hori emateko, gure espektatiba eta itxaropenak aztertu beharra daukagula. Zer espero dugu Jesusengandik? Elizari gauzak ongi joatea? Guk gizartean eduki ditzakegun ametsak betetzea? Gizartean adierazgarritasuna mantentzea? Jendearen gain eragintasuna izatea? Nolabaiteko arrakasta espero ote dugu, garai askotan hala izan delako? Ikasleek ere mesiastasun berehalakoa eta erabatekoa espero zuten. Baina beren espektatibak birkokatu egin behar izan zituzten Jesusen bidera tolestatzeko.
«Infernuaren indarrak ez zaizkio nagusituko» esan du Jesusek bere eliz elkarteari begira. Hori esana dago eta sinesten dugu. Baina garaipena ez da arrakasta izatea. Garaipena ez da Eliza beste botereen parean aurkitzea. Garaipena ez da jende guztiaren aitormena jasotzea. Garaipena beste era eta maila batean jokatzen da. Sinesmenaren mailan, Pazkoaren sintonian, gurutze-bidearen zailtasunean, aitorpen apalean, maitasunezko zerbitzuan, pobreen ondoan. Hortik begiratuta gaur egungo Eliza ez dago baldintza txarretan, Jesusen eskakizun hauetatik begiratuta.
Gaurko Elizari gelditzen zaion aukera, aukera bakarra esango nuke, lehenengo maitasunera itzultzea da, Pedrok egin zuen aitorpen zintzora itzultzea. Gain-jantziak, itxurak, adierazgarritasunak, erosotasunak, utz ditzagun albora, ez baitaukate zer ikusirik Jesusek eskatzen digunarekin. Utz diezaiogun Jaunari gure bihotza liluratzen. Hauxe da aukera eta galdera: zer ala norengan sinetsi? Guk badakigu Jesusengan sinetsi dugula, hark beste inork ez bezala maitatu baikaitu!
Iñaki Beristain (2014-8-21)
Azken aldian ere gure eliz elkartean dilema berak kezkatu gaitu, eta saminez kezkatu gainera: zer da inportantea, doktrinen zuzentasuna tinko mantentzea ala Jesusengan sinestarazten lagunduko duten bide berriak urratzea? Gure artean, asko harritu gaituzten eztabaida eta gaitzespenak sufritu ditugu. Baina benetako arazoa ez da doktrinetan jokatzen, harreman-esperientzia pertsonalean baizik. Eta, nire iritzian, esperientzia hori ez dugu behar adina lantzen eta bultzatzen. Zertarako dugu doktrinak sinestea, Jesusengan sinesten ez badugu, Jesusekiko harremana bizi ez badugu? Pena ematen du, pena handia, eliztarron egoera ikusi eta, hala ere, zehaztasun-kontuetan gabiltzala ikusteak. Eta arazo horiekin gabiltzan bitartean, eliz jende asko ikusten dugu etsita, bere etorkizuna argitu ezin duela, bere fedeari inolako bizitasunik eman ezin diola. Zertarako ditugu doktrinak, fededunik izan behar ez badugu? Gaur zenbaiti galdetuko balitzaio berarentzat Jesus nor den, honela erantzun lezakete: «Maisua da, doktrina zuzena da, portaera moral egokia da». Baina Jesus ez da zerbait, ez da maisua, ez da liderra; ez da hori bakarrik behintzat. Jesusek egiten digun galderak pertsonaren konpromiso osoa harrapatzen du: «Nor naizela diozu?». Eta erantzunean atxikimendu osoaren apustua jokatzen da, pertenentzia jokatzen da. Jesus ez baita etorri ideologia bat izateko edo teologia bat izateko. Jesus etorri da bihotzak liluratzeko, pertenentzia eragiteko, gure izaera osoa beretzat hartzeko. Eta osotasun horretan jokatzen da fedearen erronka. Jesusen ikasleentzat hori izan zen aukera erabakigarria. Eta horixe bera da gure Elizarentzat ere aukera. Beste gauza eta eginkizun garrantzizkorik izango da gure Eliza honetan; baina Jesusen aukera pertsonala egitea bezalakorik, ez. Ez dugu esan nahi beste guztia era batera izan edo bestera izan berdin denik. Baina esan nahi dugu, Jesusekiko faszinazioa galdutakoan, berdintsu dela teologia bat edo bestea, doktrina bat edo bestea, aukera bat edo bestea. «Zu Mesias zara», hori da kontua. Baina bistan da, erantzun bete eta bihotzeko hori emateko, gure espektatiba eta itxaropenak aztertu beharra daukagula. Zer espero dugu Jesusengandik? Elizari gauzak ongi joatea? Guk gizartean eduki ditzakegun ametsak betetzea? Gizartean adierazgarritasuna mantentzea? Jendearen gain eragintasuna izatea? Nolabaiteko arrakasta espero ote dugu, garai askotan hala izan delako? Ikasleek ere mesiastasun berehalakoa eta erabatekoa espero zuten. Baina beren espektatibak birkokatu egin behar izan zituzten Jesusen bidera tolestatzeko. «Infernuaren indarrak ez zaizkio nagusituko» esan du Jesusek bere eliz elkarteari begira. Hori esana dago eta sinesten dugu. Baina garaipena ez da arrakasta izatea. Garaipena ez da Eliza beste botereen parean aurkitzea. Garaipena ez da jende guztiaren aitormena jasotzea. Garaipena beste era eta maila batean jokatzen da. Sinesmenaren mailan, Pazkoaren sintonian, gurutze-bidearen zailtasunean, aitorpen apalean, maitasunezko zerbitzuan, pobreen ondoan. Hortik begiratuta gaur egungo Eliza ez dago baldintza txarretan, Jesusen eskakizun hauetatik begiratuta. Gaurko Elizari gelditzen zaion aukera, aukera bakarra esango nuke, lehenengo maitasunera itzultzea da, Pedrok egin zuen aitorpen zintzora itzultzea. Gain-jantziak, itxurak, adierazgarritasunak, erosotasunak, utz ditzagun albora, ez baitaukate zer ikusirik Jesusek eskatzen digunarekin. Utz diezaiogun Jaunari gure bihotza liluratzen. Hauxe da aukera eta galdera: zer ala norengan sinetsi? Guk badakigu Jesusengan sinetsi dugula, hark beste inork ez bezala maitatu baikaitu!
Iñaki Beristain (2017-8-24)