GARIZUMAKO III IGANDEA
A zikloaExodo liburutik 17,3-7
Egun haietan, herria egarri zen, eta Moisesen kontra marmarka ari zen:
- ‘Zertarako atera gaituzu Egiptotik? Egarriz hiltzeko gu eta gure seme-alabak eta gure abereak?’
Moisesek Jaunari hotsegin zion eta esan zion:
- ‘Zer egin behar dut herri honekin? Harrika emango didate laister’.
Jaunak Moisesi:
- “Jar zaitez herriaren aurrean, eta eraman itzazu zerorrekin Israelgo zahar batzuk; hartu eskuan, ibaia jotzeko erabili zenuen makila, eta zoaz. Ni zure aurrean egongo naiz, Horeb-mendiko harkaitz-gainean. Zuk harkaitza jo, eta ura sortuko da handik, eta edango du herriak”.
Hala egin zuen Moisesek, Israelgo zaharren aurrean. Eta toki hari Masa eta Meriba ezarri zion izen, Israeldarren hango haserreagatik eta han tentatu zutelako Jauna, esanez: ‘Gure artean al dago Jauna, bai ala ez?’.
ERANTZUN-SALMOA 94
ENTZUNGO AL DUZUE GAUR JAUNAREN MINTZOA:
“EZ GOGORTU ZUEN BIHOTZA”.
Zatozte, pozez oihu dagiogun Jaunari,
txalo dagiogun salbamen dugun Harkaitzari.
Hurbil gakizkion aurrera esker-kantuekin,
jai dagiogun txalo eta eresiekin.
Zatozte, ahuspez jaures dezagun,
egin gaituen Jaunari belaunika gakizkion.
Bera baita gure Jainkoa,
gu, berriz, Haren larreko herria,
Haren zaipeko artaldea.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 5,1-2.5-8
Senideok: Fedearen bidez zuzentasuna iritsi dugunez gero, bakean gaude Jaungoikoarekin, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. Berari esker zabaldu zaigu, sinesmenaren bidez, bizi garen grazia honetarako sarrera, eta harroturik gabiltza Jainko-seme-alaben aintzaren itxaropenez.
Itxaropenak ez du huts egiten; Jaungoikoaren maitasuna gure bihotzetara isuria baitago, eman zaigun Espiritu Santuaren bitartez.
Izan ere, oraindik indargabe geundela, Kristo, bere orduan, gaiztoen alde hil zen. Nekez hil daiteke norbait gizon zuzen baten alde; gizon on baten alde, baliteke norbaitek hil nahi izatea. Baina, honetan erakusten du Jaungoikoak guretzat duen maitasuna: gu bekatari ginelarik, Kristo gure alde hil baitzen.
EBANJELIOA
Jauna, Zu zara egiaz munduaren Salbatzailea;
emaidazu ur bizia, egarri ez nadin.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik: 4,5-42
Aldi hartan, Sikar deritzan Samariako hiri batetara iritsi zen Jesus, Jakobek bere seme Joseri emandako soro ondora. Han zegoen Jakoben iturria. Jesus, bidean nekatuta, iturri ondoan eserita zegoen. Eguerdi ingurua zen. Samariako emakume bat etorri zen ura ateratzera, eta Jesusek esan zion:
“Emaidazu edateko”. (Ikasleak hirira joanak ziren, jatekoak erostera). Eta emakume samariarrak:
‘Nola zuk, judutar izanik, eskatzen didazu edatekoa, emakume samariarra naizen honi?’ (Judutarrek ez bait dute harremanik samariarrekin).
Jesusek erantzun:
“Bazeneki Jaungoikoaren dohaia zer den, eta ‘emaidazu edateko’ esaten dizuna nor den, zeuk eskatuko zenioke, eta Hark ur bizia emango lizuke”.
Emakumeak orduan:
‘Jauna, ez daukazu ezer ura ateratzeko, eta ur-zuloa sakona da; nondik atera behar duzu Zuk ur bizi hori? Gure aita Jakob baino haundiagoa ote zaitugu Zu? Hark emana dugu ur-zulo hau; eta hemendik edaten zuten hark eta haren seme eta abereek’.
Jesusek erantzun:
“Ur hontatik edaten duena, berriz ere egarritu egiten da. Nik ematen diodan uretik edaten duena, ordea, ez da gehiago egarrituko sekulan; Nik emango diodan ura, betiko bizitzaraino darion iturri bihurtuko da harengan”.
Eta emakumeak:
‘Jauna, emaidazu ur hori, egarri ez nadin, eta ur-bila hona etorri beharrik izan ez dezadan’.
[Eta Jesusek: “Zoaz, deitu zure senarrari, eta etorri hona”.
Emakumeak erantzun zion: ‘Ez dut senarrik’.
Eta Jesusek berari: “Ongi esan duzu, ez duzula senarrik; bost izan dituzu eta orain zeurekin daukazuna, ez duzu senarra; hori egia esan duzu”.
Emakumeak:]
-‘Jauna, ikusten dudanez profeta zara Zu. Gure gurasoek mendi honetan gurtu zuten Jainkoa; eta zuek Jerusalenen gurtu behar dela diozue’.
Jesusek:
“Sinets iezaidazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalenen, Aita gurtuko ez duzuena. Zuek, ez dakizuena gurtzen duzue; guk, dakiguna gurtzen dugu; salbamena judutarrengadik bait dator. Baina ba dator ordua, eta iritsi ere ba da, egiazko gurtzaileek Aita espirituz eta egiaz gurtuko dutena. Izan ere, Aitak honelako gurtzaileak nahi ditu. Jaungoikoa, espiritu da; eta Hura gurtzen dutenek, espirituz eta egiaz gurtu behar dute”.
Emakumeak orduan:
- ‘Badakit, bai, Mesias, Kristo deritzana, etortzekoa dela; Hura datorkigunean, Hark adieraziko digu guztia’.
Eta Jesusek:
- “Neu nauzu, zurekin hizketan ari naizen hauxe”.
[Une hartan etorri ziren ikasleak, eta harritu ziren, emakume batekin hizketan ari zelako. Hala ere ez zion inork esan: ‘Zer galdetzen diozu?’ edo ‘zertaz ari zarete?’
Orduan emakumea, bere urrontzia han utzi eta hirira joan zen, eta jendeari esaten zion: ‘Zatozte eta ikus, nik egindako guztia esan didan gizona. Mesias ote dugu?’
Hiritik atera eta Harengana zihoazen. Bitartean, ikasleak arrenka ari zitzaizkion: ‘Maisu, jan ezazu!’
Hark, berriz, honela esan zien: “Ba dut Nik jateko, zuek ez dakizuen janaria”.
Ikasleek honela zioten elkarri: ‘Inork ekarri ote dio, bada, jatekorik?’
Eta Jesusek: “Hau dut Nik janari: bidali nauen Haren nahia egitea eta Haren lana burutzea. Ez al zarete esaten ari: Oraindik lau hilabete, gari-ebakitzerako? Horra, bada, Nik esan: Jaso zuen begiak, eta ikus gari-soroak, igitaitzeko hori-hori. Eta dagoeneko ari da igitaria lan-saria hartzen eta betiko bizitzarako uzta biltzen; ereilea eta igitaria, biak batera poz daitezen. Hala ere, egia da harako esaera hura: ‘Batek erein, eta bestek bildu’. Zeuek landu ez duzuena igitaitzera bidali zaituztet: bestek lan egin, eta zuek haien lanean sartu zarete”].
Hiri hartako samariar asko Harengan sinesten hasi zen. [emakumearen hitzarengatik; ‘egin dudan guztia esan dit’ aitortu bait zuen]. Samariarrek, Harengana etorri zirenean, haiekin gelditzeko eskatzen zioten. Eta han gelditu zen bi egun. Eta Beraren hitzarengatik gero eta gehiagok sinetsi zuen. Eta emakumeari esaten zioten:
- ‘Orain ez dugu, zuk esan duzunagatik sinesten; geuk entzun diogu, eta badakigu Hau dela egiaz munduaren Salbatzailea’.
Homiliak
Senideok: Garizuman gora goazelarik, halako une berezi batean aurkitzen gara: bataioko igandeetan sartzen gara gaurkoarekin. Gaur hasi eta hurrengo bi igandeetan, bataio-katekesia paregabea eskainiko digu Eliza amak, bataioaren ibilbideetan zehar, Pazko-Gaubeilara berriturik iritsi gaitezen. Eta katekesia hauetan, gure bataioaren eta Pazko-misterioaren eduki berritzailea adieraziko zaigu. Ebanjelio-atal harrigarriak irakurtzen ditugu, gure bizitzaren sustrai-sustraiak harrapatzen dituzten ebanjelio-atalak.
Gaurko irakurgaietan, egarriaren eta uraren sinbolismoa erabili dugu, entzun dugunez. Israel herria nekaturik zihoan basamortuko bide luzean. Egiptoko morrontzatik askatasunera bidean zihoan, eta pozik, baina bide hura luzeegia eta latzegia gertatzen zitzaion. Eta marmarrak barrua gaiztotu zion herri hari. Jainkoarekiko hasierako sinesmen eta uste gazte hura, nekearen atzaparretan zahartu eta hustu egin zitzaion. Agindu zitzaien lurralde bizi berriko hura ez zen iristen. Eta sentitzen dutenaren irudi gordin, egarria sentitzen dute. Egarri hori adierazgarria da benetan: egarri hori ezina da, etsipena, utzitakoaren gogo-mina, zalantza. «Jainkoa gurekin ote dihoa benetan?». Jainkoa haiekin zihoan, bai, eta harkaitzeko ura emango die, Jainko horren hurbiltasuna eta maitasuna senti ditzaten. Ez daude eskutik utziak. Ez doaz bakarrik. Promesak indarrean irauten du oraindik ere.
Halatsu gertatzen da ebanjelioko emakume egarritu horrekin ere. Jesusekin bizi duen elkarrizketa sakon eta berritzailea, iturriaren ondoan gertatzen da. Emakumea, bere egarria kentzen ez dion iturriaren ondoan dago, eta egarria betiko kenduko dionaren ondoan. Emakumearen egarria tristea da, ase-ezina, bizi-egarria. Zoriona nahi du eta bilatzen du. Barrua hutsik sentitzen du emakumeak. Ez daki nongo eta nolako uretatik edan. Iturri askotan ibilia da. Baina ezerk eta inork ez dio ase bere barrua. Eta betiko tristura poztu ezinarekin bizitzera jarria dagoela ematen du. Eta emakume horrengan nabari ditugu egarritik sortzen diren ondorio ilun guztiak: samariarren eta juduen arteko konpondu-ezina, erlijioen arteko borroka gezurtia, munduko eskaintza askoren iruzurra, eta horrek guztiak barruan uzten duen egoera negargarria.
Jakina! Israel herriarena eta ebanjelioko emakumearena ez dira garai bateko egoera igaroak. Gu guztion irudi ditugu gaur bertan. Gu ere egarri gara. Gu ere nekatuta goaz. Guri ere tentazio gaiztoa sortzen zaigu bihotzetik: «Jainkoa gurekin al dahil? Ez ote da hau guztia iruzur hutsa?». Gure barruko egarria eta biziezina erakusten duten galderak eta zalantzak dira. Guk ere Egiptoko morrontza amets izan dezakegu eta izaten dugu. Guk ere handik eta hemendik bila dezakegu, inon aurkitzen ez dugun zoriona. Guk ere gure bizia hustu dezakegu, sasi-eskaintzen morrontzan. Guk ere bila dezakegu zoriona dirutan edo atseginetan edo agintean edo besteen gainetik egon eta azaltzean edo … al dakit nik zertan! Hainbeste jendek bizi du barrua erretzen dion kezka etsia! Hainbeste aldiz sentitzen dugu halako egoera mindua, gure barrua sekula ase ahal izango ez bagenu bezala!
Eta etsipen triste horrek ondorio desegileak ditu gure barruan: zertarako segi bilatzen? Zertarako segi leialtasunean? Zertarako segi maitasun-bidean? Merezi al du gehiengoaren kontra ibiltzea? Merezi al du aurrera egitea? Erosotasunaren eta egokitzearen jarrera lasaiagoak nor ez du tentatzen?
Gure egarrien eta iturrien ondoan Jesusekin egiten dugu topo. Gure egarrien ondo-ondoan baitago bera. Eta barrua irekitzen digu. Jesusen aurrean ez daukagu gordetzen eta gauzak estaltzen eta ibili beharrik. Hark ondo asko daki gure barruaren historia. Hark ezagutzen ditu, zorionaren eta egiaren eta benetako askatassunaren bila egin ditugun bide guztiak. Ondo asko ezagutzen du bide horiek utzi diguten frustrazio sakona. Eta askotan, gure egonezinaren arrazoia kanpoan bilatu ohi dugu: erlijioa eta eliza eta aginduak eta heziketa eta gertaerak eta ondokoak eta… Ez, ez. Gure barruan daude gure egarriaren egiazko arrazoiak. Non jarri dugu bihotza? Zertan oinarritu ditugu zorion-usteak? Norena da gure bihotza? Zertan sinestu dugu? Jesusek geure barrura sartzen gaitu. Egiazko topaketak eta egiazko asegarriak barruan dauzkagu. Eta barruko egiara iritsi behar dugu. Zenbat senar edo zenbat bihotz-bidetan bilatu dugu zoriona?
Ez alferrik! Gure bihotza egiazko zorionerako egina dago. Eta Jesusek bakarrik ase dezake bere onean gure barruko egarria. Geure barruko egia bistara ateratzen digunean, orduan aurkitzen du pertsonak zorionaren eta asetasunaren egia. Egiazko ura bilatzeko ez daukagu urrutira joan beharrik. Ez dugu gauza asko behar. Beharbada gauzatxo bat bakarrik: jo dezagun gure bihotzeko harkaitzean! Gogorrenean aurki dezakegu ura! Jo dezagun geure bihotzeko ilunbea fedaren makilaz eta aterako da ura. Nire bihotzetik ura? Bai, nire bihotzetik! Jo dezagun gure barruko gezurra uste onaren makilaz eta bizi-iturria urratuko da, askatasunaren ura dariola. Orduan ulertuko dugu, gure barruko egiara eraman gaituen Jesus hori dugula egiazko ur-iturria. Orduan ulertuko dugu zer den fedearen argia eta indarra.
Badakit, denok dakigu, ez dela erraza gure betiko jarrera eta itxikeriak ireki eta Jesusen aurrean bihotz zabalik jartzea. Gure bihotza kipula-geruza gehiegiz estalia daukagu. Eta barruko egiara sartzea ez da erraza. Aitzakia gehiegi prantatu dugu, gure itxikeria estaltzeko. Baina, Jesusen iturria geruza horien guztien azpian dago. Gure barruko zoriona, gogortua daukagun bihotz horren harkaitzean dago. Jesusen agindura, barrura sartu behar genuke. Kanpoan sakabanaturik ibiltzetik, barruko egia ilunera etorri behar genuke Garizuma honetan. Eta barruan aurkitu behar genuke, Jesusek eskaintzen digun zoriona. Posible da! Izango ez da ba!
Eukaristia honetan, egaizko iturriaren ondo-ondoan eserita gaude. Eta ospakizun honek ere barruko egiara eragiten digu. Berreskura dezagun geure barrua, eta geure barruan aurki dezagun bizirako besarkatzen gaituen Aita ona. Zertarako ibili beti egarri, ura hain eskura edukita! Zertarako, adiskidea!?
Iñaki Beristain (2014-3-21)

Iñaki Beristain (2017-3-15)
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.