JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA

A zikloa


(Gorputz ondorengo ostiralean )


Sarrerako antifona
Jaunaren bihotzeko asmoak ba diraute betieran, Haren fededunak heriotzatik aterako ditu eta gosetean aseko.


Kolekta otoitza


Jainko ahalguztiduna,
zure Seme maitearen Bihotza goresten dugula,
zure maitasunaren dohain miragarriak ospatzen ditugu;
iguzu, jainko-iturri horretatik har dezagula
gainezka darion grazia.
Zure Seme Jesu Kristo… AMEN.


Deuteronomio liburutik 7,6-11


Egun haietan, Moisesek honela hitzegin zion herriari:
- ‘Herri santu zara zu Jaunarentzat, zure Jainkoarentzat; bere herri izan zaitezen aukeratu zaitu Berak, lurraren gainean diren herri guztien artean.
Jaunak ez zaituzte maitatu eta aukeratu, beste herriak baino haundiago zaretelako; izan ere, herri txikiena zarete. Bestela baizik: maite zaituztelako, eta zuen gurasoei zin eginez emandako hitza bete nahi izan duelako atera zaituzte Jaunak esku indartsuz, eta askatu morrontza-etxetik, Ejiptoko errege Faraonen menpetik.
Jakin ezazu, beraz, Jauna, zure Jaungoikoa, dela egiazko Jainkoa, Jainko leiala; bere elkargoari eta errukiari mila gizalditan barrena eusten diona, Hura maite dutenentzat eta Haren aginduak gordetzen dituztenentzat; baina, gorroto diotenentzat zigorra dauka, haiek zigortzeko; horrelakoak hondatu egiten ditu, berandutu gabe, eta beren bizkarrean zigortzen.
Gorde itzazu, beraz, aginduak, eta Nik gaur ematen dizkizudan legeak eta arauak’.


ERANTZUN-SALMOA 102


JAUNAREN MAITASUNA BETIDANIK BETIDAINO
BELDUR DIOTENENTZAT.
Ene arima, goretsazu Jauna,
ene barren osoak haren izen deuna.
Ene arima, goretsazu Jauna,
eta ez ahaztu Hark zuri egina.
Errukior da Jauna eta kupibera,
berant-haserre eta guztiz onbera.
Ez dihardu gurekin gure hobenen neurrira,
ez digu ordaintzen gure erruen harira.


San Joanen epistolatik 1 Jn. 4, 7-16


Senide maiteok: Maita dezagun elkar, maitasuna Jaungoikoagandik bait dator, eta maite duen guztia Jaungoikoagandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. Maite ez duenak ez du ezagutzen Jainkoa, Jaungoikoa maitasuna bait da.
Jaungoikoak digun maitasuna honetan agertu zen: Jaungoikoak bere Seme bakarra bidali zuela lurrera, gu Haren bidez bizi gaitezen. Maitasuna badela, honetan agertzen zaigu: ez guk Jainkoa maite izan dugulako, baizik Harek gu maite izan gaituelako, eta bere Semea gure bekatuen bake-opari bidali zuelako.
Senide maiteok, Jaungoikoak gu hain maite izan bagaitu, guk ere elkar maitatu behar dugu. Jaungoikoa ez du inork inoiz ikusi. Elkar maite badugu, Jaungoikoa gurekin dago, eta Haren maitasuna bere betera iritsi da gure artean; honetan ikusten dugu Berarekin gaudela eta Bera gurekin: bere Espiritutik eman bait digu. Guk ikusi dugu eta aitortzen, Aitak bere Semea bidali zuela munduaren Salbatzaile. Norbaitek aitortzen badu Jesus Jaungoikoaren Semea dela, Jaungoikoa harekin dago, eta bera Jaungoikoarekin. Guk ezagutu dugu eta sinetsi Jaungoikoak digun maitasuna. Jaungoikoa maitasuna da; maitasunean dagoena Jainkoarekin dago eta Jainkoa harekin.


ALELUIA Har ezazue nere uztarria eta ikasi Nigandik,


Bihotzbera naiz eta apala. ALELUIA!


Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 11,25-30


Aldi hartan, Jesusek honela esan zuen:
- “Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jende xumeari erakutsi bait dizkiozu. Bai, Aita, hala nahi izan duzu.
Nire Aitak dena eman dit; inork ez du ezagutzen Semea, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi izan dionak baizik.
Zatozte Niregana nekatuok, lanpetuok; eta Nik arinduko zaituztet. Har ezazue nire uztarria eta ikas Niregandik: bihotzbera naiz eta apala; eta aurkituko duzue zuen arimentzat atseden. Nire uztarria leuna bait da, eta nire zama arina”.



Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.