URTEAN ZEHAR XI IGANDEA

A zikloa

Exodo liburutik 19,2-6a


Egun haietan, israeldarrak Sinai-ko basamortura iritsi ondoren, han ipini zituzten oihal-txabolak mendiaren aurrez aurre.
Moises Jaungoikoagana igo zen. Eta Jaunak menditik dei egin eta esan zion:
-“Honela hitz egingo diozu Jakoben etxeari, eta hau hots egingo israeldarrei: ‘Ikusi duzue ejiptoarrei egin diedana, eta zuek arrano-hegaletan eraman zaituztedala eta Nigana erakarri.
Orain, beraz, benetan entzuten baduzue nire hitza, eta nire elkargoa gordetzen, zuek izango zarete nire ondasun berezia, herri guztien artean, nirea baita lur osoa; zuek, berriz, apaiz-herri eta herri santu izango zarete Niretzat’”.

ERANTZUN-SALMOA 99


LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
serbitza ezazue Jauna pozetan,
sar zaitezte oihu alaiz haren aurrera.
Jakizue Jauna dela Jainko,
Hark egin gaitu, berarenak gara,
haren herri eta haren larreko artalde.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 5,6-11


Senideok: Oraindik indargabe geundela, Kristo, bere orduan, gaiztoen alde hil zen. Nekez hil daiteke norbait gizon zuzen baten alde; gizon on baten alde, baliteke norbaitek hil nahi izatea.
Baina, hontan erakusten du Jaungoikoak guretzat duen maitasuna: gu bekatariak ginelarik, Kristo gure alde hil bait zen.
Beraz, orain Haren odolaz zuzentasuna iritsi dugunez gero, are gehiago salbatuko gara haserretik Berari esker. Etsai ginelarik, Jainkoarekin adiskidetuak izan baginen, bere Semearen heriotzari esker, are gehiago salbatuak izango gara Haren biziari esker, adiskidetuak gaudelarik. Gehiago oraindik: harrotu ere egiten gara Jaungoikoagan Jesu Kristo gure Jaunaren bidez; orain, Beronen bidez Jainkoarekin adiskidetzea iritsi dugu-eta.

ALELUIA Hurbil da Jaungoikoaren erreinua;


Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 9,36-10,8


Aldi hartan, Jesusek gizataldeak ikustean, erruki izan zituen, nekaturik, eta lur jota bait zeuden, artzairik gabeko ardiak bezala. Eta orduan ikasleei esan zien:
- “Uzta ugaria da; baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara”.
Bere hamabi ikasleei dei egin eta ahalmena eman zien espiritu likitsak uxatzeko, eta gaitz eta min guztiak sendatzeko.
Hamabi apostoluen izenak hauek dira: aurrena Simon, Pedro deritzana, eta Andres, honen anaia; Santiago Zebedeorena eta Joan, honen anaia; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zerga-biltzailea, Santiago Alfeorena eta Tadeo; Simon kanaandarra eta Judas Iskariote, saldu zuena bera.
Hamabi hauek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez:
- “Ez joan jentil-lurretara, ez sartu Samariako herrietan; baizik-eta zoazte, galduta dabiltzan Israel-etxeko ardietara: Eta bidean zoaztela, hotsegin ezazue, hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaisoak, biztu hilak, garbitu lepradunak, uxatu deabruak; hutsean hartu duzue, eman hutsean”.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.