URTEAN ZEHAR XIII IGANDEA

A zikloa

Erregeen liburutik 2 Erg 4,8-11.14-16a


Behin batean, Eliseo Sunandik barrena igarotzen zelarik, hango andre aberats batek bazkaltzera eraman zuen; eta geroztik Eliseo handik igarotzen zen guztietan, harengana joaten zen bazkaltzera. Andreak honela esan zion senarrari:
- ‘Begira, badakit Jaungoikoaren gizon hori santu bat dela. Egin diezaiogun etxe-gainean gela txiki bat, sarritan baitator gurera; jar diezaizkiogun han ohe, mahai, aulki eta argi-mutil bat, gurera datorkenean bertan geldi dadin’.
Halako batean, etorri zen Eliseo, gela hartan sartu eta bertan etzan zen. Eliseok Gejazi bere morroiari esan zion:
- ‘Zer egin dezakegu andre honen alde?’
Gejazik erantzun zion: ‘Ez du haurrik, eta bere senarra zaharra da’.
Eliseok Gejaziri: ‘Dei egiozu’.
Dei egin zion Gejazik, eta atean agertu zen andrea. Eliseok esan zion: ‘Datorren urtean garai honetan, seme bat izango duzu besoetan’.

ERANTZUN-SALMOA 88


JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Jauna, zure maitasun-egintzak kantatuko ditut beti,
zure leialtasuna iragarriko gizaldiz gizaldi.
Bai, aitortzen dut:
‘Betiko eraikia dago zeruan zure maitasuna,
sendo ezarria zure leialtasuna.’
Zorionekoa, Zu pozik goresten dakien herria!
Zure argitan ibiliko da, Jauna:
zure izenean da egunero alaitzen,
zure salbamen-egintzaz harrotzen.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 6,3-4.8-11


Senideok: Bataioaz Kristo Jesusi lotuak izan garenok, Haren heriotzari lotuak izan gara. Bataioaren bitartez Berarekin heriotzan hobiratuak izan gara; Kristo hilen artetik Aitaren aintzaz biztua izan zen bezala, gu ere biziera berri batean ibil gaitezen.
Beraz, gu Kristorekin hil bagara, sinesten dugu, bizi ere Berarekin biziko garela; izan ere, badakigu Kristo hilen artetik biztu zenez gero, ez dela berriro hilko; heriotzak ez du Harengan gehiago aginterik. Haren hiltzea, bekatuarentzat behin betiko hiltzea izan baitzen; eta Haren bizitzea, Jaungoikoarentzat bizitzea da. Horrela, bada, zuek ere eduki itzazue zeuron buruak bekatuarentzat hilak bezala eta Jaungoikoarentzat biziak, Kristo Jesus gure Jaunagan.

ALELUIA Zuek jatorri hautatua zarete,


errege-apaizgo, enda santu;
Oihuka itzazue, ilunpetik atera eta argi zoragarrira
dei egin dizuenaren egintza harrigarriak. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 10,37-42


Aldi hartan honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Aita eta ama Ni baino maiteago dituena, ez da Niretzat gai; semea edo alaba Ni baino maiteago dituena, ez da Niretzat gai; eta bere gurutzea hartu eta Nirekin ez datorrena, ez da Niretzat gai. Bere bizia beretzat gordetzen duenak, galdu egingo du; eta bere bizia Niregatik galtzen duenak, beretzat gordeko du.
Zuek hartzen zaituztenak, Ni hartzen nau; eta Ni hartzen nauenak, Ni bidali nauena hartzen du. Profeta bat, profeta delako, hartzen duenak, profeta-saria izango du; eta zintzo bat, zintzo delako, hartzen duenak, zintzo-saria izango du. Nire ikasle delako, txiki hauetako bati baso bat ur hotz edateko ematen dionak, benetan diotsuet, ez du galduko bere saria”.


Homiliak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

Azkeneko hiru igandeotan, Jesusen misio-hitzaldia entzuten ari gara, Mateoren Ebanjeliotik, bere ikasleak Berri Ona zabaltzera bidali zituenekoa alegia. Berri Ona hots egitera bidaliak izan gara gu ere, uzta ugaria baita, eta uzta horren ardura denoi dagokigu; misio edo eginkizun hori zailtasun askoren artean ari dugu, fededun izateak ez baitizkigu gauzak errazten; baina, misio horrek badu bere saria, bere eskakizun sendoa baduen bezalaxe. Ez genuke zilegi izango, misioaren zailtasunak bakarrik ikustea, beste alderdiak ahaztuta. Ebanjelioa eginkizun izateaz gain eta eginkizun zail zenbaitetan, sari eder ere badugu, zorionez.

Berri Onak badu, bai, bere eskakizuna. Berri Onak pertsona osoa jokoan jartzea eskatzen dio ikasleari. Pertsonak duen guztia eta pertsona den guztia. Dena eman behar da Jesusen segizioan: gauzak, maitasunak, bizia, pertsona bera oso-osorik. Berri Onaren zerbitzuak ez du erdipurdiko ahaleginik ametitzen. Indar eta ahalmen guztiak zerbitzu horretan eman behar dira. Jainkoaren deiak eskakizun oso pertsonalak ditu, bakoitza izan gara deitua. Emakume sunamdarrari“etxe-gainean gela txiki bat” eskatu dio; Ebanjelioan ikasleei, berriz, “aita eta ama, semea eta alaba”; Ebanjelioak“bizia Niregatik galtzea” ere eskatu digu; San Paulok bigarren irakurgaian esan duena gertatzen da Jesusen deiarekin: "Kristorekin hiltzea", "heriotzean Kristorekin hobiratuak izatea".

Eskakizun honek, eskakizun pertsonal honek, Jainkoaren erregetzaren lehentasun erabatekoa adierazten du. Jainkoa da lehenengoa. Eta, noski, den-dena Jainkoaren zerbitzuan jarri ahal izateko, Jainkoaren lehentasunaren esperientzia sumatu behar. Bestela, alferrik da! Legeak, aginduak, eginbeharrak, mandamentuak... horiek ez dute indarrik gizon-emakumeak horrelako osotasunean harrapatzeko. Berri Onaren edertasunak erakarrita bakarrik bizi daiteke era honetako osotasuna. Eta, esan dugu, horretarako Berri Ona edertasun bete bezala bizi behar.

Baina, eskakizun hauek fededun guztientzat dira ala erlijiosoentzat bakarrik? Fededun guztientzat, noski! Baina, eguneroko bizitzan nola ulertu? Era askotara, eta bakoitzak zehaztu behar du zer eskatzen dion honek. Esate baterako, argi dago ongizateak ezin gaitzakeela beste guztia ahaztera eraman. Ezin daiteke edozer gauza egin, seme-alabei ikasketa gorengoenak emateko; zerbait sakrifikatu beharko da beste balio batzuen alde. Etxekoek ezin dezakete fededun baten denbora eta ahalegin guztia irentsi; Jainkoaren Erreinua lantzeko denbora ere hartu beharko dute nolabait. Jesusen bideak eskatzen duen eramanbeharra onartzeko prest ere egon beharko du fededunak, horrek sortzen dituen zailtasunekin. Eta adibide batzuk besterik ez dira hauek. Bakoitzak bere bizitzaren azterketa egin beharko du, ea Jesusen segizioak zer eskatzen dion aztertzeko une bakoitzean.

Berri Onak badu, ordea, bere saria ere. Ezin daiteke Berri Ona eskakizun eta zailtasun eta eramanbehar eta galera huts bezala azaldu. Hori ez da bidezkoa. Ebanjelioa bera da ikaslearen lehenengo saria. Ebanjelioaren ederra sumatzea, besterik gabe, sari eder askoa da. Baina, horrez gainera esan behar, Ebanjelioagatik emandakorik ezertxo ere ez dela galtzen. Ebanjelioa ez da negozio txarra. Gehiegizko ordaina edo konpentsazioa du Ebanjelioa zerbitzeak. Begira ditzagun gaurko irakurgaiak:

“Datorren urtean, garai honetan, seme bat izango duzu besoetan" esan zaio emakume sunamdarrari, egin duenaren ordain; Jesusengatik gauzak galtzen dituenak, "Ni hartzen nau" eta "Ni bidali nauena hartzen du", eta, gainera "profeta-saria izango du" eta "zintzo-saria izango du". "Ez du galduko bere saria" esan du Jesusek. "Gu ere biziera berri batean ibiliko gara". "Bizi ere berarekin biziko gera" esan digu Paulok. Jainkoagatik eta Ebanjelioagatik ematen ez dena eta irabazi ustez gordetzen dena, galdu egiten da. Egoismoak antzutu egiten baitu egiazko gizatasuna eta fedea.

Honek ere bere mailak ditu, noski: Eliseo gizon santu eta leialak maila bat erakusten du; emakume sunamdarrak, emakume xumeak, beste bat. Ebanjelioaren eskakizunak bere gordinean hartzen dituenak maila bat; baso bat ur ematen duenak, beste bat. Kontua ez da gauza haundiak egitea. Bakoitzari berea eskatzen zaio, askotan gauza hutsa. Zergatik joaten zaigu beti gure desioa gauza handien ametsetara? Zergatik itsutzen gaitu santu handien distirak? Ebanjelioaren radikaltasuna eta geure eguneroko errealitate txikia integratzen ikasi behar dugu nolahala.

Eta honen guztiaren azpian, Ebanjeliozko mentalitatea dago. Gaurko gizartean biltzea, pilatzea, edukitzea, gastatzea erakusten zaizkigu zorion-bide. Gizarte kontsumista honen lege gogorra sartu zaigu bihotzera. Emateak ez du, nonbait, arrakasta handirik. Eta, hala ere, Ebanjelioak arrazoi du: ematen duenak bizi dela erakusten du. Ematea barruko biziaren ezaugarri da. Ematen ez duenak gauzak behar ditu, barrutik hilda dagoelako. Ematearen zoriona, paregabeko zoriona da. Barru-barrutik bizia sortzen eta ugaltzen duen zorion ederra. Ematen duenak ez ditu gauzak pilatuko, baina bizia oparotu bai horratio!
Fedea eta fede-bizitza, bizilege gogor edo galtzaile direla? Esijentzia ez da mantsotu behar, fedeak bere zailtasunak baditu eta. Baina fededun izatea egiazko irabazia da: irabazi, gizatasun-maila sakonean irabazten da; irabazi, fede-mailan irabazten da. Jainkoaren beraren eta Berri Onaren esperientzia baita saririk eta irabazirik bikainena. Hori ordaintzeko dirurik ez dago inon.
Eukaristia dugu zerbitzu osora garamatzan dohain eta sari berdingabea. Ebanjelioak eskatzen eta eskaintzen digun aldaketa, graziaz egiten zaigun aldaketa da. Eukaristian hartzen den graziaren aldaketa.


Iñaki Beristain (2017-6-29)



Beti bidean, beti bila

Kristau izatea ez da broma. Zeure sinesmenaren sintonian jokatu nahi baduzu, oinarrizko koherentzian alegia, horrek santu izatea eskatzen dizu. Beste era batera esateko, Jesusen segizioak oso goian jartzen du maila. Eta denok ez gaude maila handietarako, egia esateko. Aita eta ama eta senideen aurretik eta gainetik Jesus bera jartzea, eskakizun handia da. Handiegia? Eta asmo onak izanik ere, geure mugak eta ezintasunak ongi ezagutzen ditugu. Gure kristau-bizitza seriotasunez bizi nahi dugu, baina ezin dugu geure barrua erabat askatu. Lotuta bezala sentitzen dugu geure burua: joerak, beldurrak, neurekeriak...

Zabarkerian ere ez dugu erori nahi. Santu ez, baina zabar ere ez. Erdibide batean bezala gabiltza. Santuak izan behar genuke; baina, ezin dugu inolaz ere santuek egin zutena egin. Hala ere, beste aldetik, lasatzeak edo erosotasunera ohitzeak beldurra ematen digu. Gehiegizko helburuak ez ditugu amestu nahi, baina gutxiegian ere ez dugu etzan nahi. Galdera batean auzia zehazteko: nola uztartu Ebanjelioak egiten digun dei erabatekoa eta guk gaur bizi dugun eguneroko errealitatea?

Gaurko ebanjelioaren atalean, Jesusen erabateko deiaren ondoan, bada era txikiagoan egiten den deia. Hor dago radikaltasunez aurrean jarri zaigun segizioa –eta ez zaio izpirik kendu behar–; baina, bide batez, hor dago baso bat ur eskaintzen duenaren santutasun «txikia». Azken batean zerk egiten gaitu santu? Dudarik gabe, maitasunak. Eta maitasuna da irizpidea santutasuna neurtzerakoan. Eta maitasuna nola zehaztu une bakoitzean? Jainkoaren nahia egitea da honetan irizpide.

Zer da, beraz, santu izatea: dena utzita, Kongoko misio-lurretara joatea, han Berri Ona zabaldu eta pobreak duintzera, edo gure herriko ikastolan geografia irakastea? Jainkoak zertan nahi zaituen, hartan izango zara santu. Amets handietarako joera eduki dezakegu, baina santutasun-bidea Jainkoak nahi duenak erabakitzen du. Jesusekiko gure segizioa ez du erabakitzen egiten dugunak, baizik egiten dugun horretan jartzen dugun maitasunak. Eta gehienoi ez zaigu bide nabarmenen moldea eskatzen. Gehienoi eskatzen zaigu xumetasunez santu izatea.

Xumetasunez santu izan: egiten dudana zuztarrerainoko maitasunez egin; neureaz ahaztu, eta naizena eta daukadana partekatu; Jainkoaz fiatu, dena haren eskuetan utziz. Beraz, arazoa ez da hau uzten eta bestea ukatzen eta haruzkoa baztertzen ibiltzea; arazoa edo auzia da barru librekoa izatea, bihotza eraberritzea. Nola?

Aurrena nire hondoan begiratu behar dut, ez ote nabilen neure bizitza kontrolatu nahian. Horrela balitz, Jainkoaren egintzaren eskuetara itzuli behar dut, nire aldaketa Jainkoaren dohaina baita. Ondoren, Jaunak zer nahi ote duen galdetu behar dut. Nik eduki ditzaket santutasun- eta perfekzio-asmo handiak. Jainkoarenak bat ote datoz nire asmo horiekin? Zenbat aldiz frustratu behar izan dizkidan Jaunak nire asmoak, berarengan uste on izaten ikas dezadan.

Xumeak izaten ikasi behar dugu. Geure asmoak Jainkoaren eskuetan uzten ez ditugun bitartean, gure santutasun-ametsek ez gaituzte inora eramango. Xumetasunez santu izan: ahal duzuna egin leialtasunez, egunero benetan saiatuz –egunerokotasuna inportantea da–, eta Jainkoaren bideei begiratu sarri-sarri. Segizioa leialtasunez bizitzekotan, hori Jaunak ematen digun grazia eta dohaina izango baita, ez gurea. Santu izatekotan, handitasunez jantzitako santu izan nahi genuke. Baina Jaunak ia beti baso bat ur emanez santu izatera gonbidatzen gaitu. Xumetasunez santu izatera.

Iñaki Beristain (2017-6-29)