ABENDUKO II IGANDEA
A zikloaSarrerako antifona
Sion herri, hor dator Jauna, herri guztiak salbatzera; eta entzun eraziko du Jaunak bere ahotsaren ospea, zuen bihotzaren pozerako.
Kolekta otoitza
Jainko errukitsu ahalguztiduna,
lur honetako egintzek ez gaitzatela lotu
zure Semearen bidera goazenok,
eta jainko-jakinduriaren erakuspenek eraman gaitzatela
zure Semearekin bat egitera.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Isaias profetaren liburutik 11,1-10
Egun hartan, kimu berri bat sortuko da
Jese-ren zuhaitz-ondotik,
muskil berri bat loratuko haren zainetik.
Haren gainean Jaunaren espiritua kokatuko da:
jakinduri eta adimen-espiritua;
kontseju eta sendotasun-espiritua;
ezaguera eta Jaunaren beldur-espiritua.
Jaunaren beldur-espirituak beteko du.
Ez du auzia itxuraz bakarrik erabakiko,
ezta epaituko ere entzuten duenaz,
Zuzen erabakiko du apalaren auzia,
eta zintzoro epaituko, herriko behartsuak.
Bere ahoko zigorraz joko ditu gogorrak,
bere ezpainetako arnasaz hilko gaizkileak.
Zuzentasuna izango du gerrian uhal,
leialtasuna, giltza-gainetan gerriko.
Otsoa bildotsarekin biziko da,
eta lehoinabarra antxumearekin etzango;
txekorra eta lehoikumea elkarrekin larratuko dira;
eta haurtxo bat izango da haien artzain.
Behia eta hartza batean larratuko dira,
eta haien umeak elkarrekin etzango;
lehoiak eta idiak batean jango dute lastoa.
Bularreko haurra suge-zulo ondoan jostatuko da,
eta bularra utzi-berriak bere eskua
suge-gorriaren zuloan sartuko du.
Nere mendi santu osoan
ez da, ez gaitzik, ez hondamenik, ikusiko;
Jaunaren ezagueraz beteko baita lurraldea;
itsasoa urez beterik dagoen bezala.
Egun hartan Jeseren zuztarreko muskil berria
herrien ikurrintzat jarria izango da;
herriak haren bila etorriko dira,
eta haren tokia ospetsua izango da.
ERANTZUN-SALMOA 71
JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Emaiozu, Jainko, zure auzia erregeri,
zure zuzentasuna errege-semeari.
Zaindu beza zure herria zuzentasunez,
eta zure gizagaisoak zuzenbidez.
Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,
bakea ugari ilargia itzali artean.
Nagusi izan bedi itsasotik itsasoraino,
Ibaitik lehor-mugaraino.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 15,4-9
Senideok: Lehengo Idazki guztiak gure erakusbiderako idatzi ziren, gure iraupenez eta Liburu Santuak ematen digun pozez, itxaropen izan dezagun. Iraupenaren eta pozaren Jaungoikoak eman diezaizuela, elkarrekin iritzi bereko izatea, kristauei dagokien bezala; bihotz batez eta aho batez gora dezazuen Jaungoikoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Horrela, bada, harrera on egiozue elkarri, Kristok zuei harrera on egin dizuen bezala, Jaungoikoaren aintzarako. Hau esan nahi dizuet: Judutarren serbitzari egin zela Jesu Kristo, arbasoei egindako agintzariak betetzen dituen Jaungoikoaren leialtasuna egiaztatzeko; eta beste aldetik, harrera on egiten diela jentilei, Jaungoikoari aintza eman diezaioten, Beraren errukiagatik. Honela baitio Liburu Santuak: ‘Ospatuko zaitut atzerrietan, Jauna, goretsiko dut zure izena’.
ALELUIA
Urra ezazue bidea Jaunarentzat,
zuzendu Haren bidexkak;
eta ikusiko dute guztiek Jaungoikoaren salbamena. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 3,1-12
Egun haietan, Joan Bataiatzailea Judeako basamortuan agertu zen, hotseginaz:
- ‘Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta zeruetako erreinua’.
Honengatik esana zuen Isaiasek:
Mintzo bat oihuka ari da basamortuan:
‘Urra ezazue bidea Jaunarentzat,
zuzendu Haren bidexkak!’
Joanek gamelu larruzkoa zuen jantzia; eta gerrian larruzko gerrikoa; eta basalangosta eta basaeztia zituen janari. Jerusalendik, Judea osotik eta Jordan aldetik harengana joaten zen jende guztia; haiek aitortzen zituzten beren bekatuak, eta hark bataiatu egiten zituen Jordan-ibaian.
Baina Joanek farisear eta saduzear asko bere bataioa hartzera zetozkiola ikusirik, esan zien:
- ‘Sugekumeok! Nork erakutsi dizue, gainean duzuen haserreari ihes egiten? Emaitzazue bihotz-berritzeari dagozkion fruituak. Eta ez esan zeuen baitan: ‘Guk Abrahan dugu aita’. Hara zer esaten dizuedan: Jainkoak harri horietatik ere sor diezaizkioke semeak Abrahani. Ezarri diote aizkora zuhaitzondoari; fruitu onik ematen ez duen zuhaitza, ondotik ebaki eta sutara botako dute.
Nik urez bataiatzen zaituztet, bihotz-berri zaitezten; nere ondoren datorrena, ordea, ni baino ahaltsuago da, ni ez bait naiz inor Haren oinetakoak eramateko ere; Hark Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Eskuan dauka sardea; larraina garbituko du eta garia mandiora bilduko; lastoa, berriz, itzal ezin daitekeen sutan erreko du’.
Homiliak
Adiskideok: Abenduaren bigarren igandeak ilusioa indartu eta sakontzen digu. Eta, bide batez, ilusio hori bihotz-barrura eramateko bidea eskaintzen digu. Izan ere, Jainkoaren promesa handiak ez dira berez gertatzen. Joan Bataitzaileak bihotz-berritzearen bideetarako deia egiten digu gaur, azalkerian eta gezurretan geldi ez gaitezen. Igande honen deia gordina da, eta larria zinez.
«Bihotz-berri zaitezte, hurbil da Jaunaren erreinua». Baina, berritze horrek benetako muina izan dezan eta benetakoa izan dadin, neure barruari begiratu behar diot. Zerk erretzen nau edo zerk narama etsipenera? Izan ere, bizitzaren errealitatetik ez badugu entzuten gaurko Hitza, oinak lurrean ditugula prantatzen ez bagara Jainkoaren Hitzaren aurrean, arriskua ezaguna da: ameskeria, ilusio hutsalak, biziera pozten ez duten aingerukeria idealistak. Baina, bizierari erasaten ez dion ameskeria, zertarako?
Hemen ez gabiltza ametsetan. Hemen, geure zauriak eta gaitza serio hartzen dituen Hitzaren argitan gabiltza. Jainkoaren promesak eskaintzen duen dohaina eguneroko jardueran ikusten da, gaitzarekin aurrez aurre jartzen garenean. Jainkoa beti da leiala! Baina, Jainkoaren leialtasuna sumatu eta bizitzeko, Jainkoaren bideei antzematen ikasi beharra daukagu; Jainkoaren bideak ez baitira gure usteen arabera gertatzen direnetakoak. Nola gertarazten ditu Jainkoak bere promesak gure bizitzan eta gure gizartean?
Bihotz-berritzeak, beraz, Jesusengana garamatza, harengan Jainkoaren Erreinua gurera datorrela sinesteko. Jesusengan erakusten zaigu, Jainkoak oinarritzen duela gure esperantza hauskorra. Eta esperantza horren argitan, mundu berriaren langile eta artisau bihurtzen gara.
Noski, kristau-esperantzak ez digu mundu honetarako segurantza-sistemarik ematen. Konfiantzan bizitzen ikasten dugu, Jaunaren leialtasunak ematen digun konfiantza ederrean. Horrek zer esan nahi du? Jainkoarekiko harremanean ikusi dugula, sinetsi dugula, Jainkoa leiala dela eta ez duela hutsik egiten. Baina, Jainkoaren leialtasuna ezin dezaket neure kapritxora erabili, neure asmoak aurrera ateratzeko berme bezala, garantia bezala. Uste onak, bihotza Jaunarengan uztea esan nahi du.
Baina, eta gaurko Hitzak eskatzen eta eskaintzen duen mundu berria, noiz eta nola? Otsoa bildotsarekin adiskidetzea, noizko? Horra bada: Jainkoak justiziazko mundu berria agintzen digu, baina hori ez da berez eta automatikoki gertatzen; bihotz-berritzearen dinamikan sartu behar dut, justizia eginez. Jainkoak bakea ematen dit, baina bake horrek ez du berekin lasaikeria eta beldurrik eza ekartzen. Benetako bakea Jainkoaren eskuetan zaudela sinesteak ematen du. Eguneroko ahuldade eta erorialdietan, Jainkoak ez gaituela eskutik uzten eta beti maitasunez zaintzen gaituela, konfiantza apalak sinetsi egiten du. Eta ahuldadea kendu egiten da? Ez prexixo. Ahuldadea konfiantzan eramaten ikasten duzu.
Jainkoaren leialtasunak egiten digun dohaina, konfiantza da. Nola zabaldu dezaket neure bihotza Jainkoaren promesaren arabera eta neurrira? Nola bizi eta adieraz dezaket, Jainkoak ez duela huts egiten? Nola erakutsi, Jainkoak bere promesak betetzen dituela? Eta hori dena, ez teorian edo ametsetan; eguneroko bizitzaren gurpil txikian baizik, eguneroko bizitzaren ilunaldi eta ezinetan.
Sufritzen ari al zara? Bakarrik sufritzen al duzu? Edo zeure bizitzaren zauria Jaunaren eskuetan uzten duzu? Beharbada, espero ez zenuen bakea sentituko duzu zeure barruan. Eta bake horren argitan, bizitza bera eta bizitzako esperientziak beste begiez begiratuko dituzu.
Lagun hurkoari nola begiratzen diozu? Jaunaren dohaina jasotzean, konturatzen zara gauza ez dela besteei mesede batzuk egitea. Kontua da besteen gertuan bizitzen ikastea, haien arazoei axola eskainiz.
Aurten gaurko egunez ospatzen ez badugu ere, abenduaren zortzian Ama Mariaren irudia indarrez datorkigu aurrera. Bera dugu eredurik ederrena Jaunaren bidea egiten ikasteko. Berak emango digu bihotz garbia, berak bezala Jaunaren nahia egin dezagun beti eta denetan.
Eukaristian konfiantzarako ogia ematen zaigu. Eukaristian esperantzarako presentzia da Jaunarena. Zabal dezagun bihotza Jaunaren presentziaren neurrira. Merezi du!
Iñaki Beristain (2016-11-29)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mt 3, 1-12)
Garai bateko amenazuak, hitz ilunak, ikuspegi ezkorrak eta bide itxiak atzean gelditu ziren, zorionez! Gaur kristaukera baikorra, argiemalea, pozgarria bizi nahi dugu. Bide eta ikuspegi honetatik, hizkera gozatu dugu, ertzak amustu ditugu, ilunak argitu ditugu eta gure begirada bakeosoagoa da askoz! Baina, beste galdera bat ere egin beharko genuke beharbada: ez ote dugu sua itzali?
Gaur ere suak erre egiten du, alferrik da! Joan Bataiatzailearen irudia latz eta gordin dator gaurko Ebanjelio-zatian. Irudi latza. Latza hitza. Latza salaketa. Gordina, begiz begi botatzen duen begirada zorrotza. Ez du jolasik ametitzen Joanen presentziak. Eta beharbada inoiz baino gordinago eta nabarmenago entzuten da gaur Joanen deia. Erlijioa eta erlijioarekiko harremana nahi adina bigun dezakegu eta bera dezakegu. Baina, badator etortzekoa eta haren aurrean ez dauka tokirik injustiziak, zapalketak, indarkeriak, gezurrak eta antzeko ezerk.
Gaur ere suak erre egiten du! Gure gizarte honetan jarrera eta jokaera asko dago, Mesiasen etorrera onez jasango ez lukeena. Gizarte honetan sortu ditugun jolas zapaltzaileak ezin ditzake Mesias askatzaileak inolaz onartu. Abenduan espero dugun eta Eguberritan etorria aitortzen dugun Mesias horrek, epai zorrotza dakar egoera zuzengabeko horien kontra.
Gaur ere suak erre egiten du! Zer sentidu dauka, pobreen belarriak kontsumismoaren buila negargarriz mintzeak? Zer sentidu dauka Eguberritan kaleko argiak pizteak, etxe askotan inolako argirik ez bada? Inolako tripako minik gabe ospa ote dezakegu datorren Eguberri, bien bitartean jende asko beharrezkoenaren eskean daukagula jakinik? Eta ez da gauzak ertzeko mugara eramateko kapritxoa!
Gaur ere suak erre egiten du! Joanen salaketa gaur ere puri-purian legoke! Gure kristautasunak ez ote du «min» emateko gaitasuna galdu? Ez ote dugu Eguberri gehiegiz domestikatu? Erlijio-bizierari ertzak amustean, ez ote zaigu Eguberriren eta Mesiasen mezua bera zozotu eta alferrikako bihurtu? Orain ez dugu hitz latzik; baina, ba al dugu hitzik? Orain ez dugu ikuspegi ilunik; baina, ba al dugu inolako ikuspegirik? Ez dugu ematen minik; baina, ematen ote dugu ezer? Gure suak ez du erretzen; gure suak berotzen ote du?
Norbaitek pentsatu baldin badu, garai batekoetara itzultzea eskatzen ari naizela, badauka deskuido ederra! Gauza bat bakarrik esan nahi nuen: ikuspegiak baikor bihurtzea ondo dago, oso ondo. Alderdi askatzaileak azpimarratzea ondo dago, oso ondo. Baina, kontuz gero!: gaur ere suak erre egiten du!
Iñaki Beristain (2013-12-4)
(Iganderko ebanjelioa: Mt 3, 1-12)
Gaur egun ez ditugu gordinkeriak maite. Erlijio-giroan, nahiko zorrozkeria sufritu izan dugu garai batean, eta gaur gauzak beste era batera nahi ditugu. Amenazuak, hitz ilunak, ikuspegi ezkorrak eta bide itxiak atzean gelditu ziren, zorionez! Gaur kristaukera baikorra, argiemalea, pozgarria bizi nahi dugu. Eta arrazoi dugu hori horrela nahi izatean, arrazoi dugu. Geure eta besteren kontzientziak behar baino gehiago estutu genituen garai hartan. Eta aski da!
Bide eta ikuspegi honetatik, hizkera gozatu dugu, ertzak kamustu ditugu, ilunak argitu ditugu eta gure begirada bakeosoagoa da askoz! Baina, beste galdera bat ere egin beharko genuke beharbada: ez ote dugu sua itzali? Ez ote dugu hitza indargabetu? Ez ote dugu gatzaren barruko pulamentua erabat gezatu? Eta gure kristautasunak ez ote du bere giharrea galdu? Ezertarako baliorik ez duen kristaukera txepel eta goxoa ez ote zaigu geratu esku artean? Batek baino gehiagok hori horrela dela uste du.
Gaur ere suak erre egiten du, alferrik da! Joan Bataiatzailearen irudia latz eta gordin dator gaurko Ebanjelio-zatian. Irudi latza. Latza hitza. Latza salaketa. Gordina, begiz begi botatzen duen begirada zorrotza. Ez du jolasik ametitzen Joanen presentziak. Eta beharbada inoiz baino gordinago eta nabarmenago entzuten da gaur Joanen deia. Erlijioa eta erlijioarekiko harremana nahi adina bigun dezakegu eta bera dezakegu. Baina, badator etortzekoa eta haren aurrean gauzak bere tokira itzuliko dira. Haren aurrean ez dauka tokirik injustiziak, zapalketak, indarkeriak, gezurrak eta antzeko ezerk.
Gaur ere suak erre egiten du! Joanen hitzak, gure arteko zenbait kasutan justu-justura datoz. Eta ez besteen jarrerak salatzeko soilik. Aurrena niri neuri datorkit justu-justura Joanen garrasia. Eta maila pertsonaletik, gizarteko mailara joaten bagara, hor ere gordin entzuten da Joanen garrasia. Gure gizarte honetan jarrera eta jokaera asko dago, Mesiasen etorrera onez jasango ez lukeena. Gizarte honetan sortu ditugun jolas zapaltzaileak ezin ditzake Mesias askatzaileak inolaz onartu. Abenduan espero dugun eta Eguberritan etorria aitortzen dugun Mesias horrek, epai zorrotza dakar egoera zuzengabeko horien kontra.
Gaur ere suak erre egiten du! Zer sentidu dauka etorkinen kontra egiten dugun indarkeriak? Zer sentidu dauka hesiak jarri eta ateak ixteak? Zer sentidu dauka torturak eta zapalketak? Zer sentidu dauka, pobreen belarriak kontsumismoaren buila negargarriz mintzeak? Zer sentidu dauka Eguberritan kaleko argiak pizteak, etxe askotan inolako argirik ez bada? Inolako tripako minik gabe ospa ote dezakegu datorren Eguberri, bien bitartean jende asko beharrezkoenaren eskean daukagula jakinik? Eta ez da gauzak ertzeko mugara eramateko kapritxoa!
Gaur ere suak erre egiten du! Gaur ere Eguberri eta Eguberritan datorrena pobreen ahoko garrasi indartsu bihurtzen da! Joanen salaketa gaur ere puri-purian legoke! Gure kristautasunak ez ote du «min» emateko gaitasuna galdu? Ez ote dugu Eguberri gehiegiz domestikatu? Erlijio-bizierari ertzak kamustean, ez ote zaigu Eguberriren eta Mesiasen mezua bera zozotu eta alferrikako bihurtu? Orain ez dugu hitz latzik; baina, ba al dugu hitzik? Orain ez dugu ikuspegi ilunik; baina, ba al dugu inolako ikuspegirik? Ez dugu ematen minik; baina, ematen ote dugu ezer? Gure suak ez du erretzen; gure suak berotzen ote du?
Norbaitek pentsatu baldin badu, garai batekoetara itzultzea eskatzen ari naizela, badauka deskuido ederra! Gauza bat bakarrik esan nahi nuen: ikuspegiak baikor bihurtzea ondo dagoela, oso ondo. Alderdi askatzaileak azpimarratzea ondo dagoela, oso ondo. Baina, kontuz gero!: gaur ere suak erre egiten du!
Iñaki Beristain (2016-11-29)