URTEAN ZEHAR XII IGANDEA
A zikloaJeremias profetaren liburutik 20,10-13
Honela mintzo zen Jeremias:
‘Marmar hauek entzuten nizkion jendeari:
–Beldurra nonahi.
Sala ezazue; sala dezagun–.
Nere adiskideak berak ere begira dauzkat,
ni noiz eroriko:
–Ea liluratzen dugun, eta menperatu egingo dugu;
hartu eta bere ordaina emango diogu–.
Baina nirekin daukat Jauna, gudari indartsu;
eroriko dira nire etsaiak,
eta ez zaizkit gailenduko.
Beren asmoak ezin bete dituztelako,
behinere ahaztuko ez den lotsa gorria izango dute.
Diren guztien Jauna, zintzoa aztertzen
eta bihotzaren barne-muinetan ikusten duzuna,
Ikus dezadala nik, haien kontrako zure bendekua;
zure gain utzi dut nik nere auzia.
Kanta Jaunari, goretsazue Jauna,
Harek askatu du gaiztoen eskutik
behartsuen bizia’.
ERANTZUN-SALMOA 68
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Zuregatik jasan ditut irainak,
Zuregatik lotsaz gorritua dut aurpegia.
Arrotz gertatu naiz neure senideentzat,
ezezagun neure amaren seme-alabentzat.
Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau,
eta gainera datozkit Zuri egindako irainak.
Baina nik Zuri dagizut otoitz;
mesede-garaia duzu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbamen leialaz.
Erantzun, Jauna, samurra baita zure maitasuna,
bihur nigana begiak zeure erruki handiaz.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 5,12-15
Senideok: Gizon batengatik bekatua mundura sartu zen bezala, eta bekatuarengatik heriotza; eta horrela, heriotza gizon guztietara zabaldu zen, guztiek egin zutelako bekatu… Legea baino lehen, munduan bekatua izanik ere, ez zitzaion inori bekaturik ezartzen, Legerik ez zegoelako. Baina, hala ere, Adan-engandik Moises-enganaino, nagusi izan zen heriotza, Adan-en hutsegitearen antzeko bekaturik egin ez zutenen gain ere; eta Adan, etortzekoa zenaren iduri da.
Graziarekin ez da bekatuarekin bezala gertatu. Izan ere, baten bekatuaz guztiak hil dabira, askoz ugariago zabaldu da guztientzat Jaungoikoaren grazia eta dohaina, gizon bakarrari esker: Jesu Kristori esker, alegia.
ALELUIA Egiaren Espirituak egingo du aitormen Nitaz
–dio Jaunak–, eta zuek ere egingo duzue aitormen. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 10,26-33
Aldi hartan honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Ez izan beldurrik. Ez bait da ezer ezkuturik, agertuko ez denik; ez ezer gorderik, jakingo ez denik. Gaueko ilunbetan esaten dizuedana, esazue eguneko argitan; eta belarrira entzuten duzuena, hotsegin etxe gainetatik. Ez izan beldurrik gorputza hiltzen dutenei, baina arima ezin hil dezaketenei; izan beldur, inori izatekotan, gorputz-arimak su-leizean gal ditzakeenari.
Ez al dira txanpon batetan saltzen bi txori? Eta haietako bakar bat ere ez da lurrera erortzen, zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ile guztiak ere kontaturik daude. Beraz, ez izan beldurrik; txori guztiak baino gehiago zarete zuek.
Gizonaren aurrean nire alde ateratzen denak, bere alde izango nau Ni ere, zeruetan dagoen nire Aitaren aurrean. Gizonaren aurrean Ni ukatzen nauena, ordea, ukatu egingo dut Nik ere, zeruan dagoen nire Aitaren aurrean”.
Homiliak
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
Senideok: Jainkoaren hitza entzuteak gogoeta une honetara ekarri gaitu. Eta geldiune labur batean, hitz honek guretzat daukan mezua jaso behar dugu. Bakoitzak berea, bakoitzak bizi dugun bizi-esperientzia ezberdina izanik. Eta Jainkoaren hitza esperientzia bakoitzari eskaintzen zaion argi izpia da.
Fededunok gogo onez jasotzen dugu Jainkoaren hitza. Hitz horren argiak pozten eta askatzen baitigu eguneroko bizitza. Bizitza askatu, bizitza poztu!... Izan ere giza bizitza oso latza da sarri. Ezbeharrak, ezusteak, sufrimendua, gaixoaldia, lana, lanik eza... eta denok sentitzen dugu askotan ezinaren zama astuna gainean. Eta bizitza nola libratu, nola poztu?
Jeremiasi ere ez zitzaion ba bizitza oso samurra tokatu gizajoari. Jainkoaren profeta izateko deiak erabat aldatu zizkion bizibideak. Dena atzekoz aurrera jarri zion Jainkoak. Profeta izan behar zuen. Hutsa, profeta eginkizuna ondo joan izan balitzaio. Baina, ez. Profeta bezala ere frakasoa izan zuen bere bizigiroa. Adiskideak kontra ditu. Denek profeta isilaraztea bilatzen dute. Izan ere, hitz mingarria eta ezerosoa jarri zion Jainkoak ahoan. Jainkoarekiko zintzotasunak honetaraino ekarri zuen.
Zure bizitzan ere ez al duzu zenbaitetan tankera honetako esperientzia aurkitzen? Ustez ondo ari zara gauzak egiten. Baina zergatik da hain ulerkaitza gure biziera hau? Zergatik gertatzen zaizkigu gertatzen zaizkigunak? Fededun izatearen konpromisoa ere lanbide eta bihaleku bihurtzen zaigu. Honela ordaintzen al ditu Jainkoak fededunen ahaleginak? Eta, egia da, zenbait iluntzetan, eguna amaitzean, zeure lanaren eta entregaren sentiduaz eta zergatiaz galdetzen duzu. Egiten dituzunak eginda, zer irabazten duzu, disgustua eta zenbait begirada oker izan ezik?
Orduan, barrura sartu eta gaurko ebanjelio zatia entzuten duzu. «Ez izan beldurrik». Nahi al duzu berriz esatea? «Ez izan beldurrik, gizona. Ez izan beldurrik, emakumea». Ez diogu ezeri beldurrik izan behar. Kalte egin diezaguketenei ere ez. Okerrenera jota ere, zer kalte egin diezagukete? Zauritu, baztertu, izen ona kutsatu... hil? «Ez izan beldurrik gorputza hiltzen dutenei». Mundu honetan egin diezaguketen kaltea hortxe amaitzen da. Eta mesedez entzun iezazkidazu hurrengo hitz hauek: «Ez al dira txanpon batean saltzen bi txori? Eta haietako bakar bat ere ez da lurrera erortzen, zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ile guztiak ere kontaturik daude. Beraz, ez izan beldurrik; txori guztiak baino gehiago zarete zuek».
Egia da, gure lanik handienetakoa, gure beldurrak ezkutatzea izaten dugula. Umeak aitor dezake beldur dela. Baina, hortik aurrera, nekez. Beldurra sentitzeak lotsatu egiten gaitu. Gaztetan eta heldualdian, ez daukagu beldurrik izateko eskubiderik. Zahartzaroan, beharbada, berriro ere barruko egia nagusietara itzul gaitezke. Denok daukagu beldurra. Denok dauzkagu beldurrak. Bakoitzak bereak. Zeren beldur bizi naiz une honetan? Zergatik gorde gure beldurrak? «Ez izan beldurrik» esaten digu Jesusek bakoitzari.
Hitz horien eta hitz horien araberako bizieraren azpian, maitasun ikusgarri baten segurantzia dago. Sinesten al dugu maitasuna? Sinesten al dugu baduela gure bizitzak arduratzen zaionik? Sinesten al dugu Jainko Aitaren eskuetan bizi garela? Gertaera bat bera erabat ezberdin irakurtzen da, maitasunetik izan edo maitasun ezetik izan. Eta guk maitasunaren irakurketa askatzailea daukagu eskuetan eta bihotzean. San Paulorena kontuan hartu al duzu? «Baten bekatuaz guztiak hil badira, askoz ugariago zabaldu da guztientzat Jainkoaren grazia eta dohaina, gizon bakarrari esker, Jesu Kristori esker, alegia». Jesu Kristoren misterioak eskuratu digu oinarrizko maitasunaren segurantzia.
Hori horrela esanda, onenean ulertuko diozu Jeremiasi honako hau esan duenean: «Nerekin daukat Jauna, gudari indartsu. Ez zaizkit etsaiak gailenduko». Beltz dihoakio bizitza Jeremiasi, baina hala ere badu bere esperantza zertan oinarritua. Badu oinarria. Eta bere profeta eginkizunari sendo eutsiko dio. Beste era batera, Jesusek esan duena: «Gizakien aurrean nire alde ateratzen denak, bere alde izango nau ni ere». Beldurra kendu zaigunez, uste onenaz joan gaitezke gure giza eta fede-eginkizunera, jakinik, maitatu gaituenak eusten digula eskutik.
Agian esango didazu, ez zaiola asko antz ematen eusten diguten ala ez. Baina, ez gara ba baietzean gelditu maitasuna sinesten duzun galdetu dizudanean? Maitasuna sinesteak ez dizkigu sufrimenduak eta zailtasunak kenduko, baina, eta berriro hasierara gatoz, bizia libratu egiten dizu. Bizia askatu eta poztu. Badakit, horrek ez dizkizu adiskideak ugarituko. Horrek ez dizkizu iluntzetako zalantzak ezkutatuko. Baina, bai bakardadean bai zalantzan, oinarri segurua sentituko duzu zeure oinazpian. Maitasun baten gainean eraikia sentituko duzu zure bizitza.
Orain uler dezakezu ederki asko zertarako den igandea. Beldurrik ez izateko. Hastera goazen aste berriari beldurra kentzeko eta maitasunaren oinarria emateko. Igandeko ospaketak maitasunaren segurantzia ematen baitigu. Orain ospatzera goazen otorduak ere maitasunaren segurantzia emango digu. Gure bihotzak bere sakonenetik entzungo du,«ez izan beldurrik». Eta beldurraren kilima sentituko dugu behin baino gehiagotan. Baina, igandeko hitza etorriko zaigu bihotz ertzera esanez, «ez izan beldurrik». Eta ez dugu beldurrik izango.
Iñaki Beristain (2017-6-23)
Beti bidean, beti bila
Ebanjelizatzailea ez doa bere kabuz Berri Ona zabaltzera. Bidalia doa. Bere kabuz joango balitz, berak ziurtatu beharko luke etorkizuna eta arrakasta. Baina, bidalia doanez, ebanjelizatzaileak ez dauka beldur zer izanik, bidali duenak bermatzen baitio bai etorkizuna, bai arrakasta. Orduan, seguru doa? Seguru ez doa, segurantzarik ez baitu behar. Bidali duena eta eman zaion Berri Ona ditu bere barruko ziurtasun sendo. Eta barruko ziurtasuna daukanak ez du bestelako segurantzarik behar.
Noski, ebanjelariak atal hau idatzi zuenean, bazekien Jesusi zer gertatu zitzaion. Berri Onaren zerbitzuak heriotzera eraman zuela, ez baitzuten orduko agintariek Jesusen mezua onez hartu. Eta ikasleari beste horrenbeste gertatu zaio, era batean edo bestean. Jesusen zoria ikaslearen zori izango da, gauzak onez. Erasoaldiak, hala ere, ez ditu ikasleak beldurtu eta kikildu behar. «Ez izan beldurrik» esaten die Jesusek. Beldurra ez da azaltzen ikaslearen hiztegian.
Nola ez izan beldurrik? «Gordean dagoena azalduko da, isilean dagoena jakingo da». Azken batean, erasoaldi guztien azpian dauden intentzio txarrak azalduko dira, nahiz eta askotan larruazal apainez jantzita joan. Aita dugun Jainkoak emango du intentzio gordeen epaia. Horregatik, beldurrari ez diote gaina hartzen utzi behar. Eta Jesusek eman dien mezua, alkartasun gozoan azaldu dien mezua, guztien bistara atera behar dute, gizon-emakume guztiek entzun eta jaso dezaten.
Erasoaldiak, gehienera jota, zer ekarriko digu? Kaltea egite aldera ere, zer kalte egingo digu? Oinarrizkoa denik ez behintzat, oinarrizkoa Aitaren maitasunean sustraitua baitaukagu. Horrek esan nahi du, hasieran aipatu duguna: maitasunaren ziurtasuna behar duela bihotzean Jesusen ikasleak. Zer esan nahi duen maitasunaren ziurtasunak? Jainko Aitak ez gaituela inoiz eskutik uzten. Gure bizia bere ardura onenaz zaintzen duela. Eta Jainko maitale horrek ez duela ametituko guri gaitz egin diezagukeen ezer.
Eta eman zaigun eginkizuna, Jesusen alde ateratzea da. Gure inguruan eta bakoitzari dagozkigunetan, Jesusen berri ematea. Jesusen mezuaz ez lotsatzea. Konfiantza apal eta sendoaren babesean, Jesusen lehentasunak geure bizitzako lehentasun izatea. Izan ere, beldurragatik edo lotsagatik edo utzikeriagatik Jesusen mezua alde batera baztertuko bagenu, dena kontra jarriko zaigu: geure beldur eta lotsen morrontzan erori eta hartan biziko gara.
Betikora gatoz, sakonean. Berri Onaren esperientzia behar da iturrian. Jainkoaren maitasunaren esperientzia behar da sustraian. Ez da jakitea bakarrik edo buruaz ezagutzea. Afektibitatearen muina harrapatzen duen bizikizuna da. Eta muin horretan bakarrik bizi daiteke, oinarrian ipini dugun maitasunaren ziurtasuna. Jesus horretara etorri zen, Aitaren maitasunaren ziurtasuna gure bihotzetan itsastera. Eta, gero, maitasun horri utzi behar zaio jokatzen. Maitasunaren ziurtasunak kentzen digu beldurraren eragina. Maitasunaren ziurtasunak ematen digu aurrera egiteko eta Jesusen segizioan joateko adorea.
Gaurko kristauoi zer ari zaigu gertatzen? Gure eliz elkartea zeren beldur da? Jesusen segitzaile ez gara ba? Beraz, beldurrik izateko motiborik ez genuke behar, maitasunaren ziurtasun sakon hori izatekotan. Jainko Aitak «gure buruko ileak ere zenbatuak baldin badauzka», zeinen beldur izan gaitezke? Apalduta, zapalduta, gaudela? Etorkizuna ez dugula batere seguru ikusten? Gutxi eta bakarrik gelditzen ari garela? Gure Elizaren atarramentuak beldurra edo zalantza sortzen digula? Sarri atzerako pausoak sumatzen ditugula gure erakundean? Inoiz nolabaiteko erasoa ere jotzen dutela gure kontra?
Beno, egia esan dezagun: ez daukagu segurantza bermatuta. Baina, badaukagu maitasunaren ziurtasuna!
Iñaki Beristain (2017-6-23)