URTEAN ZEHAR VI IGANDEA

A zikloa

Sirak-en liburutik 15, 16-21

Nahi izanez gero, beteko dituzu Haren aginduak,
jakinduria da-ta Haren nahia egitea.
Zure aurrean dituzu sua eta ura;
hartu nahi duzuna.
Bere aurrean dauzka gizonak bizia eta heriotza;
zer duen aukeratzen, hura emango zaio.
Neurrigabea da Jaunaren jakinduria;
haundia Haren ahalmena, guztia ikusten du.
Haren begiak ikusten ditu egiteak,
ezagutzen ditu gizonaren egintza guztiak.
Inori ez dio bekatu egiteko agindu,
eta ez ditu zigorrik gabe utziko gezurtiak.

ERANTZUN-SALMOA 118

BAI MAITE DUDALA, JAUNA,
ZURE LEGEA.
Dohatsu, zintzo bizi direnak,
Jaunaren legean dabiltzanak.
Dohatsu, Hark hotsegina egiten dutenak,
Hura bihotz-bihotzez bilatzen dutenak.
Jauna, Zuk ezarrien bidea erakuts iezaidazu,
jarraituko natzaio zeharo.
Argi nazazu, zure legea bete dezadan,
bihotz-bihotzez gorde dezadan.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1Ko 2,6-10

Senideok: Kristau bikainen artean darabilkigun jakinduria ez da gizarte hontako jakinduria, ezta gizarte honetako nagusi ustelkorrena ere; baizik-eta Jaungoikoaren jakinduria ezkutua darabilkigu: gordeta eukia, Jaungoikoak gizaldien aurretik gure aintzarako aukeratua zeukana, gizarte hontako nagusietako inork ezagutu ez zuena; ezagutu izan balute, ez bait zuten gurutziltzatuko aintzaren Jauna.
Baina idatzia dagoenez: ‘Ez du, ez begiak ikusi, ez belarriak entzun, ez bihotzak sumatu, Jaungoikoak prestaturik daukana, Bera maite dutenentzat’. Eta Jaungoikoak guri agertu digu hori Espirituaren bidez. Izan ere, Espirituak den guztia aztertzen du, baita Jainkoaren barren-barrena ere.

ALELUIA Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,

zure erreinuko misterioak
jende xumeari erakutsi bait dizkiozu. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5,17-37

Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- [“Ez uste izan, Legea edo Profetak baztertzera etorria naizenik; baztertzera ez, baino betetzera etorria naiz. Hara Nik egia esan: Zeru-lurrek iraungo duten bitartean, ez ‘i’ bat, ez izpi bat ez da Legetik galduko, guztia bete arte.
Beraz, agindurik txikiena baztertzen duena eta baztertzen erakusten duena, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen duena, berriz, eta hala erakusten, haundia izango da zeruetako erreinuan].
Zuen zuzentasuna idazlariena eta farisearrena baino haundiagoa ez bada, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan”.
Entzuna duzue nola agindu zitzaien aintzinakoei: ‘Ez duzu inor hilko!’ eta norbait hiltzen duena, errudun izango da auzitegian. Nik, ordea, hau diotsuet: Anaia haserre hartzen duena, errudun izango da auzitegian.
[`Bere anaiari ‘zoroa’ esaten diona, errudun izango da Batzarrean; eta ‘sinesgabea’ esaten diona, su-leizerako errudun izango da.
Beraz, zure eskaintza aldarera eramaterakoan, gogoratzen bazaizu zure senideak baduela zerbait zure aurka, utzi ezazu eskaingaia han bertan, aldare aurrean, eta zoaz lehenengo zure senidearekin bakeak egitera; etorri orduan, eta egin zure eskaintza.
Egizkizu bakeak lehenbaitlehen zure etsaiarekin, bidean harekin zoazen bitartean, etsaiak epailearen esku utzi ez zaitzan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sar ez zaitzaten. Hara Nik egia esan: Ez zara handik aterako, azken txanpona ordaindu arte].
Entzuna duzue nola dagoen agindua: ‘Ez duzu ezkontza nahasterik egingo’. Nik, ordea, hau diotsuet: Emakumeari irrikaz begiratzen dion guztiak, nahastu du harekin ezkontza bere bihotzean.
[Beraz, zure eskuineko begiak arriskuan jartzen bazaitu, atera ezazu eta bota; hobe duzu gorputz-atal bat galdu, gorputz osoarekin su-leizean bukatu baino. Eta zure eskuineko eskuak arriskuan jartzen bazaitu, moztu ezazu eta bota; hobe duzu gorputz-atal bat galdu, gorputz osoarekin su-leizean bukatu baino.
Agindua dago hau ere: ‘Emaztea uzten duenak, eman biezaio ezkontza hausten duelako agiria’. Nik, ordea, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legez kontrako ezkontza izan ezik–, ezkontza nahasteko bidean ipintzen du; eta utzitakoarekin ezkontzen denak, ezkontza-nahastea egiten du].
Entzuna duzue nola agindu zitzaien aintzinakoei: ‘Ez egin zinik gezurretan’ eta ‘bete, Jaunari egindako zinak’. Nik, ordea, hau diotzuet: Ez egin inolako zinik. [Ez zeruagatik, Jaungoikoaren jarlekua da-eta; ez lurrarengatik, Haren oinpekoa da-eta; ez Jerusalenengatik, errege haundiaren hiria da-eta; ez zinik egin zeure buruagatik ere, ez dezakezu eta zeure ile bakar bat ere, ez zuri, ez beltz, bihur].
Zuen hizketa honela izan bedi: bai denean, bai; eta ez denean, ez. Gainerako guztia gaiztoarengandik dator.

Homiliak

Senide maiteok: ahal duenak ahal du, eta ezin duenak ezin! Eta Jesusi eta bere irakaspenari ahalmena, agintea, dario. Bera ez da edozein. Bere hitza ere ez du nolanahikoa.  Oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia, noizbehinka entzun beharrekoa dugu. Izan ere, badirudi zenbaitentzat Jesusen hitzak ez duela zer esanik. Gaur gizartean gehienek egiten dutena bihurtu zaigu lege eta arau. Jesusen agindua indarrik gabe geratu balitz bezala. Eta, esanak esan, Jesusen hitz honek badu zerbait, ez dakit, zerbait berezia... Onenean, barneko aginte hori izango da!

"Entzuna duzue".  "Nik, ordea, hau diozuet". Gaur esaten da! Jesusek, ordea, esaten du! Eta, noski, Jesusek ez dio inori bere askatasuna hedez lotuko. Jesusek gizon-emakume bakoitzaren askatasuna errespetatzen du, beste inork baino areago. Baina, sakonean, Jesusek esaten duena argi dago: askatasuna ez da hazten norberak nahi duena eginez, Jesusen bidea jarraituz baizik. Eta hori da, seguru asko, ulertzen eta, beraz, onartzen ez duguna. Nola izan daiteke bat libre, beti beste baten borondatea eginez? Norberari sortzen zaion gogoa da askatasunerako bide, diotsate.

Beraz, ondorio bat argi eta garbi ageri da: bi bizi estilo daude. Bata, bere gogoa egin nahi duenarena eta, bestea, kristau-estiloa. Eta kristau-estilo horren norabideak eta nolakotasunak, Mendiko Hitzaldian dauzkagu zehaztuak. Gizartean jite hau edo bestea gailendu daiteke. Gizarteak hau edo hura egin behar dela esan dezake. Bat edo beste modan jar dezake. Baina, kristauarentzat, Kristo da eredu. Eta Kristoren hitza da bere jitea moldeatzen dion portaera. Fededunak, beraz, Kristori eta beraren hitzari egingo dio kaso. Beraz, ahalik eta atsegin gehien lortzea, ahalik eta aginte gehiago eskuratzea, ahalik eta diru gehien irabaztea, ahalik eta gorago igotzea, ahalik eta izen ospetsuagoa izatea... ez dira baliozko lege kristau-estiloa bizi nahi duenarentzat.

Zergatik ez ditu, bada, horiek guztiak nahi? Hori ez delako zoriontsu izateko bidea. Lehenengo irakurgaian entzun duguna errepika dezakegu: "Zure aurrean dituzu sua eta ura; hartu nahi duzuna. Bere aurrean dauzka gizakiak bizia eta heriotza; zer duen aukeratzen, hura emango zaio". Eta ez dago besterik. Gizarteak, noski, badu bere mailako zoriona, ez gehiegi zoritxarrez! Baina, Jesusen bidea utzita, beste bizimodu hori onartzen duenak, ez du sekula gozatuko Jesusen bideak ematen duen zorion bete eta eragilea. Ezer argi ikusten bada, hauxe: Jesusek zorion hobea eta pertsona-egileagoa ematen duela. Jesusen bidetik zoriontsu garela!

Gizarteko bideen zoriona ere ez da motza, esaten du zenbaitek. Akats bat dauka askotan, azalekoa dela oso. Azalekoa da, zorion horren iturri bezala ere azalekoak hartzen direlako. Gizarteak eskatzen eta eskaintzen duen portaerak ez du pertsona bere barnera sartzen, ez du pertsona bere barrutik haziarazten. Eta, ondorioz, sortzen duen zoriona ere ez da barrukoa, ez da pertsona-egilea. Azalekoa da! Eta horrexegatik beti berritu egin behar izaten ditu zorion-iturriak. Agortu egiten baitira gaur edo bihar. Egia da, gizarteak ez daki zer nahi duen, ez daki eta nora doan. Horregatik sarri egon-ezinean, izan-ezinean, ase-ezinean, zorion-eskasian bizi da! Pena da! Hain eskura daukagu zoriona! Hain eskura daukagu Jesusen bidea! Nola iritsi daiteke pertsona hain gutxirekin, hain azalekoarekin, konformatzera! Nola?!

Jesusek bihotzera jotzen du! Aginduak azalean gera daitezke. Baina, Jesusen hizkeran, ez du kanpoko legekeriak balio. Gizon-emakumearen bihotzean jokatzen da zoriona! Jainkoaren Legea, barrura sartzen du Jesusek. Jainkoaren borondatea ez da gauza bat edo beste ondo egitea, baizik bihotza garbi gordetzea, bihotza Jainkoari emana edukitzea. Eta horixe da, kristau-moralaren oinarria. Farisearrak eta idazlariak baino hobeak izan behar dugu. Alegia, haiek legea kanpotik, azaletik, betetzearekin konformatzen ziren, azalaren itxura. Jesusek, ordea, bihotza eskatzen du, barnetasuna, egizaletasuna! Eta begira ezazu zer diferentzia dagoen: gizarteak kanpotik honela edo hala jokatzea eska dezake, baina bihotzekoan ez da gizartea sartzen! Ezin du! Jesusek, ordea, badu agintea gure barren barrukoenera sartzeko. Hori da agintea! Hori da zorionaren sustraiak sendatzea!

Adiskidea, fededun bazara, biderik onena hautatu duzu. Ez bazara, berriz, hortxe daukazu bide onenaren aukera. Eta erdipurdika bizi baldin bazara, fededun ustez, baina azal hutsean, ez zaitez horretan geldi, mesedez. Hori tristea da! Horrek ez dizu zoriona piztuko! Eta zoriona nahi baduzu, ez daukazu urruti! Ez da zaila! Entzun duzue! Nik, ordea, esaten dizut! Entzun eta onartu! San Paulok esan diguna: "Kristau bikainen artean darabilgun jakinduria ez da gizarte honetako jakinduria; baizik eta, Jainkoaren jakinduria ezkutua darabilgu". Eta bihotzeko pozik ederrenaz errepikatzen dugu San Paulorekin entzun nahi duenarentzat eta, batez ere, geuretzat: "Ez du, ez begik ikusi, ez belarriak entzun, ez bihotzak sumatu, Jaungoikoak prestaturik daukana, Bera maite dutenentzat. Eta Jaungoikoak guri agertu digu hori!".

Eta goazen Eukaristiara! Goazen agintea duenaren mahaira! Goazen zoriona jateko ematen zaigun mahai jakintsura! Goazen zorionaren iturburutik edatera! Jesusek bere Espiritua emango digu, berorren eraginez zorion-bide ederretik ibiliz, libre izan gaitezen. Bizilegerik ederrena eman zaigu!

Iñaki Beristain (2014-2-11)

Senide maiteok: ahal duenak ahal du, eta ezin duenak ezin! Eta Jesusi eta bere irakaspenari ahalmena, agintea, dario. Bera ez da edozein. Bere hitza ere ez du nolanahikoa. Oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia, noizbehinka entzun beharrekoa dugu. Izan ere, badirudi zenbaitentzat Jesusen hitzak ez duela zer esanik. Gaur gizartean gehienek egiten dutena bihurtu zaigu lege eta arau. Jesusen agindua indarrik gabe geratu balitz bezala. Eta, esanak esan, Jesusen hitz honek badu zerbait, ez dakit, zerbait berezia... Onenean, barneko aginte hori izango da!

"Entzuna duzue". "Nik, ordea, hau diozuet". Gaur esaten da! Jesusek, ordea, esaten du! Eta, noski, Jesusek ez dio inori bere askatasuna hedez lotuko. Jesusek gizon-emakume bakoitzaren askatasuna errespetatzen du, beste inork baino areago. Baina, sakonean, Jesusek esaten duena argi dago: askatasuna ez da hazten norberak nahi duena eginez, Jesusen bidea jarraituz baizik. Eta hori da, seguru asko, ulertzen eta, beraz, onartzen ez duguna. Nola izan daiteke bat libre, beti beste baten borondatea eginez? Norberari sortzen zaion gogoa da askatasunerako bide, diotsate.

Beraz, ondorio bat argi eta garbi ageri da: bi bizi-estilo daude. Bata, bere gogoa egin nahi duenarena eta, bestea, kristau-estiloa. Eta kristau-estilo horren norabideak eta nolakotasunak, Mendiko Hitzaldian dauzkagu zehaztuak. Gizartean jite hau edo bestea gailendu daiteke. Gizarteak hau edo hura egin behar dela esan dezake. Bat edo beste modan jar dezake. Baina, kristauarentzat, Kristo da eredu. Eta Kristoren hitza da bere jitea moldeatzen dion portaera. Fededunak, beraz, Kristori eta beraren hitzari egingo dio kaso. Beraz, ahalik eta atsegin gehien lortzea, ahalik eta aginte gehiago eskuratzea, ahalik eta diru gehien irabaztea, ahalik eta gorago igotzea, ahalik eta izen ospetsuagoa izatea... ez dira baliozko lege kristau-estiloa bizi nahi duenarentzat.

Zergatik ez ditu, bada, horiek guztiak nahi? Hori ez delako zoriontsu izateko bidea. Lehenengo irakurgaian entzun duguna errepika dezakegu: "Zure aurrean dituzu sua eta ura; hartu nahi duzuna. Bere aurrean dauzka gizakiak bizia eta heriotza; zer duen aukeratzen, hura emango zaio". Eta ez dago besterik. Gizarteak, noski, badu bere mailako zoriona, ez gehiegi zoritxarrez! Baina, Jesusen bidea utzita, beste bizimodu hori onartzen duenak, ez du sekula gozatuko Jesusen bideak ematen duen zorion bete eta eragilea. Ezer argi ikusten bada, hauxe: Jesusek zorion hobea eta pertsona-egileagoa ematen duela. Jesusen bidetik zoriontsu garela!

Gizarteko bideen zoriona ere ez da motza, esaten du zenbaitek. Akats bat dauka askotan, azalekoa dela oso. Azalekoa da, zorion horren iturri bezala ere azalekoak hartzen direlako. Gizarteak eskatzen eta eskaintzen duen portaerak ez du pertsona bere barnera sartzen, ez du pertsona bere barrutik haziarazten. Eta, ondorioz, sortzen duen zoriona ere ez da barrukoa, ez da pertsona-egilea. Azalekoa da! Eta horrexegatik beti berritu egin behar izaten ditu zorion-iturriak. Agortu egiten baitira gaur edo bihar. Egia da, gizarteak ez daki zer nahi duen, ez daki eta nora doan. Horregatik sarri egon-ezinean, izan-ezinean, ase-ezinean, zorion-eskasian bizi da! Pena da! Hain eskura daukagu zoriona! Hain eskura daukagu Jesusen bidea! Nola iritsi daiteke pertsona hain gutxirekin, hain azalekoarekin, konformatzera! Nola?!

Jesusek bihotzera jotzen du! Aginduak azalean gera daitezke. Baina, Jesusen hizkeran, ez du kanpoko legekeriak balio. Gizon-emakumearen bihotzean jokatzen da zoriona! Jainkoaren Legea, barrura sartzen du Jesusek. Jainkoaren borondatea ez da gauza bat edo beste ondo egitea, baizik bihotza garbi gordetzea, bihotza Jainkoari emana edukitzea. Eta horixe da, kristau-moralaren oinarria. Farisearrak eta idazlariak baino hobeak izan behar dugu. Alegia, haiek legea kanpotik, azaletik, betetzearekin konformatzen ziren, azalaren itxura. Jesusek, ordea, bihotza eskatzen du, barnetasuna, egizaletasuna! Eta begira ezazu zer diferentzia dagoen: gizarteak kanpotik honela edo hala jokatzea eska dezake, baina bihotzekoan ez da gizartea sartzen! Ezin du! Jesusek, ordea, badu agintea gure barren barrukoenera sartzeko. Hori da agintea! Hori da zorionaren sustraiak sendatzea!

Adiskidea, fededun bazara, biderik onena hautatu duzu. Ez bazara, berriz, hortxe daukazu bide onenaren aukera. Eta erdipurdika bizi baldin bazara, fededun ustez, baina azal hutsean, ez zaitez horretan geldi, mesedez. Hori tristea da! Horrek ez dizu zoriona piztuko! Eta zoriona nahi baduzu, ez daukazu urruti! Ez da zaila! Entzun duzue! Nik, ordea, esaten dizut! Entzun eta onartu! San Paulok esan diguna: "Kristau bikainen artean darabilgun jakinduria ez da gizarte honetako jakinduria; baizik eta, Jainkoaren jakinduria ezkutua darabilgu". Eta bihotzeko pozik ederrenaz errepikatzen dugu San Paulorekin entzun nahi duenarentzat eta, batez ere, geuretzat: "Ez du, ez begik ikusi, ez belarriak entzun, ez bihotzak sumatu, Jaungoikoak prestaturik daukana, Bera maite dutenentzat. Eta Jaungoikoak guri agertu digu hori!".

Eta goazen Eukaristiara! Goazen agintea duenaren mahaira! Goazen zoriona jateko ematen zaigun mahai jakintsura! Goazen zorionaren iturburutik edatera! Jesusek bere Espiritua emango digu, berorren eraginez zorion-bide ederretik ibiliz, libre izan gaitezen. Bizilegerik ederrena eman zaigu!

Iñaki Beristain (2017-2-5)

Beti bidean, beti bila

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 5, 17-37) Gainezkatzen gaituen hitza da Jesusena. Txundigarria. Nolako jauntasuna eta handitasuna erakusten duen Jesusen aginteak! «Badakizue legean agindua», «Nik, berriz, hau diotsuet». Hitz itzela zinez! Jesusen «Ni» hori («Nik hau diotsuet»), ikusten zaion itzala, azken hitza berak esan behar hori! Jesusen nortasunak gure onena atera dezake edo gure itxikeria indartu. Zer sentimendu sortzen dizkigu Jesusek bere agintez? Sinesten al dugu Jesusen Hitzean? Gure askatasunari eragiten dion sinesmena al da? Edo atxikimendu azaleko eta hotzean geratzen ote zaigu? Jesusen Hitzari bihotza irekitzeko prest al nago?

Bistan da, beraz, gaurko ebanjelio-atal luzea ez dela anekdotario bat, ez dela arazo moralen zerrenda bat; jokatzen ari garena, Jesusen hitzen pretentsio neurrigabea da, gure biziaren oinarriari erasaten dion agintea eta itzala. Eta geure sinesmen-jarreraren benetakotasuna ere bai, hori ere jokatzen dugu. Gu askotan neurri txikiekin konformatzen gara, minimoarekin. Ondo portatu, gaitzik ez egin, itxura gorde... Baina Jesusek beti gehiago eskatzen du. Ez gara ari geure moralaren bideak txukuntzen, baizik Jainkoaren Erreinua eraikitzen. Jain­koak bere neurriko Erreinua egin nahi du gizartean, eta proiektu horretara egiten digu dei.

Ez da boluntarismoaren kontua, noski. Ez da ukabilak itxi eta gogoz kontra jardutekoa. Kontua da idazlari eta fariseuak bezalakoa ez izatea. Kontua da kristau-morala arau eta betebeharretara ez mugatzea. Barrutik bizitzea da nahi dena, gauzak neurtu gabe, entregaren abentura ederra bizitzea. Jesusek eskatzen digun gehiago horretarako prest al gaude? Sinestea da eskatzen zaiguna, gehiago hori posible dela sinestea. Ez da, beraz, egintza edo zeinu handi eta harrigarriak egitea, baizik sinestea, uste on izatea.

Nola sinetsi baina, Erreinuaren gehiago horretan? Zein da horretarako bidea? Jesusen irakaspenak egia direla probatzea da egin behar dena. Legean geratu ordez, maitasunaren indarrez legeak gainditzea da. Jesus ez da etorri legea ezabatzera, betetasuna ematera baizik. Betetasuna gehiago horren eraginez lortzen da.

Adibidez, gure harremanetan arazoak sortzen zaizkigunean, zer egin? Geure eskubideak kantatu? Edo aurrean daukaguna pertsona bezala ikusi eta tratatu? Beste adibide bat. Sexu-gurariak nola askatu eta integratu? Sexuari beldur izanez edo autokontrol estu eta zorrotzez? Gurariak erabiltzeko jakinduria behar da eta, batez ere, ondoko gizona edo emakumea pertsona bezala tratatzeko jakinduria behar da.

Ondo begiratuz, ebanjelioko moralaren oinarria, pertsonarekiko erabateko errespetua da. Pertsona erlijio-kultuaren gainetik kokatzen da. Erlijiozko zinaren gainetik jartzen du Jesusek pertsonaren lehentasuna. Hori da Aitaren nahia, gizakiarekiko maitasun baldintza gabea. Zenbat aldiz, erlijioaren aitzakiatan, ez ote dugu pertsona baztertu edo gutxietsi?

Jesusen bideak eskatzen duen gehiago horrek Jesusengana garamatza uste onez, haren Hitzak barrutik eragin diezagun, gizakiarekiko errespetuan eta duintasunaren egiaz. Ez dugu geure mugen kontzientzia galdu behar, eta baliteke (normala da) beldurra sentitzea, sufrimenduari izua... Nola gainditu beldur hori, izu hori? Barrutik apalak izatea da inportantea, konfiantzaz eta entregaz hori bai. Konfiantzazko apaltasunak Erreinuaren sintonian zaudela esaten dizu.

Gaurko ebanjelioko hitzak poliki-poliki irakurrita, zer sortzen zaigu barrutik? Beharbada, zorabioa. Gehiegizkoa ez ote? Nik nahi izango nuke zorabio hori edertasunezkoa izatea. Hain­besteko pretentsio ederrak bihotza itzultzea. Izan ere, gauza bat nekez uka daiteke: harrituta gaudela! Hitzok ikus ditzakegu zailak edo gogorrak edo gehiegizkoak. Baina, batez ere, hitz eder ikusten ditugu. Hitz ederreko gizona da Jesus!

Iñaki Beristain (2014-2-12)

(Igandeko ebanjelioa: Mt 5, 17-37)

Gainezkatzen gaituen hitza da Jesusena. Txundigarria. Nolako jauntasuna eta handitasuna erakusten duen Jesusen aginteak! «Badakizue legean agindua», «Nik, berriz, hau diotsuet». Hitz itzela zinez! Jesusen «Ni» hori («Nik hau diotsuet»), ikusten zaion itzala, azken hitza berak esan behar hori! Jesusen nortasunak gure onena atera dezake edo gure itxikeria indartu. Zer sentimendu sortzen dizkigu Jesusek bere agintez?

Sinesten al dugu Jesusen Hitzean? Gure askatasunari eragiten dion sinesmena al da? Edo atxikimendu azaleko eta hotzean geratzen ote zaigu? Jesusen Hitzari bihotza irekitzeko prest al nago? Bistan da, beraz, gaurko ebanjelio-atal luzea ez dela anekdotario bat, ez dela arazo moralen zerrenda bat; jokatzen ari garena, Jesusen hitzen pretentsio neurrigabea da, gure biziaren oinarriari erasaten dion agintea eta itzala. Eta geure sinesmen-jarreraren benetakotasuna ere bai, hori ere jokatzen dugu.

Gu askotan neurri txikiekin konformatzen gara, minimoarekin. Ondo portatu, gaitzik ez egin, itxura gorde... Baina Jesusek beti gehiago eskatzen du. Ez gara ari geure moralaren bideak txukuntzen, baizik Jainkoaren Erreinua eraikitzen. Jain­koak bere neurriko Erreinua egin nahi du gizartean, eta proiektu horretara egiten digu dei.

Ez da boluntarismoaren kontua, noski. Ez da ukabilak itxi eta gogoz kontra jardutekoa. Kontua da idazlari eta fariseuak bezalakoa ez izatea. Kontua da kristau-morala arau eta betebeharretara ez mugatzea. Barrutik bizitzea da nahi dena, gauzak neurtu gabe, entregaren abentura ederra bizitzea. Jesusek eskatzen digun gehiago horretarako prest al gaude? Sinestea da eskatzen zaiguna, gehiago hori posible dela sinestea. Ez da, beraz, egintza edo zeinu handi eta harrigarriak egitea, baizik sinestea, uste on izatea.

Nola sinetsi baina, Erreinuaren gehiago horretan? Zein da horretarako bidea? Jesusen irakaspenak egia direla probatzea da egin behar dena. Legean geratu ordez, maitasunaren indarrez legeak gainditzea da. Jesus ez da etorri legea ezabatzera, betetasuna ematera baizik. Betetasuna gehiago horren eraginez lortzen da.

Adibidez, gure harremanetan arazoak sortzen zaizkigunean, zer egin? Geure eskubideak kantatu? Edo aurrean daukaguna pertsona bezala ikusi eta tratatu? Beste adibide bat. Sexu-gurariak nola askatu eta integratu? Sexuari beldur izanez edo autokontrol estu eta zorrotzez? Gurariak erabiltzeko jakinduria behar da eta, batez ere, ondoko gizona edo emakumea pertsona bezala tratatzeko jakinduria behar da.

Ondo begiratuz, ebanjelioko moralaren oinarria, pertsonarekiko erabateko errespetua da. Pertsona erlijio-kultuaren gainetik kokatzen da. Erlijiozko zinaren gainetik jartzen du Jesusek pertsonaren lehentasuna. Hori da Aitaren nahia, gizakiarekiko maitasun baldintza gabea. Zenbat aldiz, erlijioaren aitzakiatan, ez ote dugu pertsona baztertu edo gutxietsi? Jesusen bideak eskatzen duen gehiago horrek Jesusengana garamatza uste onez, haren Hitzak barrutik eragin diezagun, gizakiarekiko errespetuan eta duintasunaren egiaz. Ez dugu geure mugen kontzientzia galdu behar, eta baliteke (normala da) beldurra sentitzea, sufrimenduari izua...

Nola gainditu beldur hori, izu hori? Barrutik apalak izatea da inportantea, konfiantzaz eta entregaz hori bai. Konfiantzazko apaltasunak Erreinuaren sintonian zaudela esaten dizu.