URTEAN ZEHAR XVIII IGANDEA

A zikloa

Isaias profetaren liburutik 55,1-3


Honela mintzo da Jauna:
“Egarri zareten guztiok, zatozte uretara,
dirurik ez duzuenok ere bai;
zatozte, erosi garia eta jan ordaindu gabe,
ardoa eta esnea hutsean.
Zergatik eralki dirua, janari ez den gauzetan?
Eta zuen lansaria, asetzen ez duten gauzetan?
Entzun Niri, entzun eta ondo jango duzue;
janari gozoen atsegina izango duzue.
Erne belarriak, etorri Nigana;
entzun, eta bizkortuko zarete.
Betiko elkargoa egingo dut zuekin:
Dabidi agindu nion agintzaria”.

ERANTZUN-SALMOA 144


ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Gupibera da Jauna eta errukiorra,
berant-haserre eta guztiz onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
errukior Berak egin dituenentzat.
Guztien begiak daude Zuri begira,
Zuk ematen diezu beren garaian janaria.
Zabaltzen duzu zeure esku hori,
pozik ematen asea bizidun guztiei.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,35.37-39


Senideok: Nork aldenduko gaitu Kristoren maitasunetik? Nahigabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik-ezak, arriskuak, ezpatak? Hala ere, guzti hoietan garaile ateratzen gara gu, maite izan gaituen Harengatik.
Badakigu zihur: ez heriok, ez bizik, ez aingeruk, ez nagusik, ez indarrek, ez oraingok, ez gerokok, ez izarrek, ez zeruk, ez itsas-leizek, ez beste izakik, ezingo gaituela aldendu, Jesu Kristo gure Jaunagan agertzen den Jainkoaren maitasunetik.

ALELUIA Gizona ez da ogiz bakarrik bizi,


Jaungoikoaren ahotik ateratzen den
hitz guztitik baizik. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 14,13-21


Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen heriotzaren berri izan zuenean, Jesus itsas ontzian leku bazter eta baketsu batera joan zen; jakin zuen hori jendeak, eta oinez jarraitu zion hirietatik. Ontzitik ateratzean, jendetza haundia ikusi zuen Jesusek; erruki izan zituen, eta gaixoak sendatzen hasi zen. Ilunabarrean, ikasleak hurbildu eta honela mintzatu zitzaizkion:
- ‘Leku bazterra da hau, eta berandu da. Bidal ezazu jendea; doazela auzoetara, eta eros dezatela jatekoa’.
Jesusek orduan:
- “Ez dute joan beharrik, emaiezue zeuek jaten”.
Haiek erantzun:
- ‘Ez bait dugu hemen, bost ogi eta bi arrai besterik!’
Eta Jesusek:
- “Ekarzkidazue”.
Jendea belar gainean eser erazi ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arraiak; eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin zuen, zatitu zituen ogiak, eta ikasleei eman zizkien; eta ikasleek jendeari. Jan zuten denek, ase ziren arte; eta gelditutako hondarrekin hamabi saski bete bildu zituzten. Jan zutenak, bost bat mila gizon ziren, emakumeak eta haurrak gabe.


Homiliak

Senideok: gaurko ebanjelio-zatiak testu-inguru berezia du. Aurreko igandeetan Erreinua adierazteko parabolak entzun ditugu. Horren ondoren, Mateoren Ebanjelioan, bere herriko harrera txarra dator, bereek ez baitzuten harengan sinetsi. Eta herritik alde egitean, Joan Bataiatzailearen heriotza basatiaz enteratzen da. Egoera beltza, beraz, Jesusek bere inguruan sumatzen duena. Eta erretiratu egiten da bereekin leku bakarti batera. Basamortura joan zela esaten digu ebanjelariak. Bataio osteko tentaldietan bezalaxe, Jesus basamortuan ikusten dugu. Sakonetik tentatua, gertakizun ilunen aurrean.

Baina oraingoan ez dago bakarrik. Jendeak ikusi du Jesus joaten eta jarraitu egiten dio. Eta berak bihotza errukitan sentitzen du jende harekiko eta «sendatuz» eta «janarituz» erakusten die bere barruko erruki hura. Beti horrela egiten du Jesusek, bere barruko maitasun handiena erakusten digu.

Ebanjelio-zati honek burutazio asko dakarkigu gogora. Israel herriaren basamortuko ibilaldi luze eta penatu hura aurrena. Jesus da herri horren Moises berria, bere jendeari aurrera egiteko indarra ematen diona. Gu ere eguneroko basamortuan gabiltza. Askotan aurrera egin ezinez. Guri ere tentaldia sortzen zaigu alde askotatik. Bidea ez da erraza. Baina sekula ez zaigu faltako maitasunaren janaria. Artzain Onak bere belardi oparoetan gozaraziko gaitu. Ez goaz basamortuan bakarrik. Artzain Onak gidatzen gaitu.

Beste aldetik, Jesusen azken afariko hura ere gogorarazten du. «Berandu zen» eta Jesusek bere maitasunaren afaria prestatzen die gosetuei. Azken afarian egindako zeinu berberak errepikatzen ditu: «Ogia hartu…, begiak jaso…, bedeinkapena esan…, ogiak zatitu eta banatu». Guk gaur ospatzen dugun Eukaristia hau aurrez gozatu zuen jende hark. Eukaristia ospatzean, maitasunaren barru-barruko esperientzia bizi dugu. Eta gure bizitzako «gau beranduetan» maitasun horrek egiten digu argi.

Hitz batean esateko, Jesusek bere arduraz zaintzen du basamortuko gure beharra. Berak badaki ondo asko zaila gertatzen zaigula segizioa. Berak badaki ez dakigula maitasunik gabe bizitzen. Eta eguneroko ogi beroa ematen digu. Eta ogi horretan, bera ematen zaigu. Eta hori dugu dohain betea.

Baina, badu gaurko pasadizo honek beste alderdi bat garrantzizkoa eta argigarria. Honako esaldi honetan biltzen da: «Emaiezue zuek jaten». Eta ikasleek banatu zuten Jesusen maitasun-ogia. Honetan guztian argi ikusten da Jesusek nolako eginkizuna emango zien bere ikasleei: senideei ogia banatzea. Ezin gaitezke hartzaile huts izan. Doan hartu duguna, doan eman behar dugu. Hartzaile onak emaile on izaten jakin behar du. Jesusek gure esku utzi digu Erreinuaren janari betea geure ingurukoei banatzea. Basamortuko bideetan ertzetara begira joan behar dugu, han erorita daudenak jaso eta haiei maitasunaren janaria eskaintzeko.

Ez dugu, ez, gizartea ahaztu behar inolaz ere. Jesusek erakutsi digun maitasunak ez luke inolako edukirik izango, baldin eta maitasun hori ingururako janari bihurtuko ez balitzaigu. Jende asko dago gure eskuei begira, gure maitasun-zeinuei begira. Jende asko kale bazterretan gure irribarra noiz sumatuko. Jende asko ogi beroa noiz jasoko. Berri Ona dugu banatzeko ogi. Badakigu asko kostatzen zaigula eman zaigun eginkizuna betetzea. Baina, bide batez, eginkizun hori ez da sari gabeko jarduera tristea.

Ikasleena ez al dugu ikusi? Banatu zutena baino gehiago jaso zuten. Eta hori gertatzen zaio beti ebanjelizatzaileari: ematen duena baino gehiago jasotzen duela. Banatzen dugun Ebanjelioa bera egiten zaigu berdin gabeko sari. Eta nolako sari! Basamortuko eginkizuna, dohainezko lorategi eder bihurtzen zaigu. Sakonean, Berri Onaren pozak gainezkatzen baititu geure barruko beharrak.

Eta hau dena zergatik eta nola? Erantzuna lehenengo irakurgaiak eman digu kurioso asko: «Etorri uretara dirurik ez daukazuenok ere, hartu doan ardoa eta esnea, ordaindu gabe… Entzun niri eta biziko zarete». Bi gauza azpimarratu nahi ditut honetatik: bata da, dohain hau ez dagoela inolaz ere ordaintzerik. Jainkoak bere maitasunaren hutsean ematen digula. Eta bigarrena, ematen zaigun dohaina ez dela une baterako dohaina, dohain bete eta betirakoa baizik. Gure barruak biziaz asetzen dituen dohaina da. Inolako mugarik ez duen dohaina.

Benetan handia da Eukaristia hau ospatu ahal izatea. Beharbada iganderoko ohiturak nobedadea kentzen dio egiten dugun honi, baina hau benetan handia da. Jesusek betetasunaz erantzun dio gure beharrari, gutaz errukitu denean. Jende behartsu eta gosetu haren kide gara gu ere. Askotan sentitzen baitugu beharra, pozaren eta bizinahiaren behar mindua.

Baina, bide batez, Jesusen errukiaren erakusle izan behar dugu gure gizartean. Guk ere erruki izan behar dugu inguruko jendea. Behar handi eta asko dago gure inguruan. Eta beharrean dauden horiek guztiak pertsonak dira, Jainkoak maite dituen pertsonak. Eta guri eman zaigu pertsona horien beharrari errukia erakusteko eginkizuna.

Adibideak asko atera daitezke: beldurrez bizi direnak, duintasuna zapalduta sentitzen dutenak; behartsuak dira; izututa bizi dira eta ez dute zorionik. Nork eskainiko die aurrera egiteko bizipoza? Ezkontza deseginda sentidu gabeko bakardadean triste daudenak. Asko. Nork erakutsi pozaren dohaina? Etxean pertsona maiteren bat falta dutenak. Drogaren menpe edo sentidurik aurkitu ezinik bizi direnak. Beren zahartzaroaren ahuldadea puri-purian bizi duten adinekoak. Hainbeste jende ogi beroaren zain!

Ospa dezagun Eukaristia hemen eta ospa dezagun Eukaristia gizartean. Hori egiteko kapaz bagara, ez zaigu zorionaren ogirik sekula faltako.


Iñaki Beristain (2014-9-9)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 14, 13-21) Azken aldian han-hemen entzuten den esaldi hau pare-parera datorkigu gaurko ebanjelioaren mezua jasotzeko. Ez mezu osoa, pasarte honek mezu zabal eta sakona baitu alderdi askotatik. Baina, mezuaren alderdi bat ondo jasotzen du izenburuko esaldiak, «pixka bat asko da».

Jendea erruz Jesus non aurkituko. Jesusek lasaitasuna nahi zuen, baina jendeak erruki ematen dio. Eta berehala ekiten dio bere eginkizun nagusiari, gaixoak eta ezinduak sendatzeari. Izan ere, Jesus bilatzen zuen jendea ez baitzen aski zeukan jendea edo onartua zena; Jesus gaixoek bilatzen zuten, era bateko edo besteko eskasia zeukatenek. Eta Jesus berandu arte horretan ikusten dugu, eskasia jasaten dutenei Erreinua eskaintzen.

Jesus ez du orduak kezkatzen. Jesus ez dabil egokierari begira, beharrean dagoen pertsonari baino. Jesusen egintza bereizten duen moldea errukia baita. Aitaren errukia erakustera etorri zen mundura eta horixe du bere eginkizun nagusia. Erreinuaren barruko dinamika errukiak erakusten du, beste ezerk ez bezala. Eta horretan ari dela, ikasleek oharrarazten diote berandu dela, errukia erakusteko sekula berandu izan baliteke bezala! Ez Jesusek ez gaixoek ez zioten erlojuari begiratzen une larri hartan.

«Joan daitezela erostera». Hori da ikasleen aholkua. Sal-erosketaren dinamikan dabiltza oraindik ere ikasle haiek. Baina Jesus ez! Jesusek ez du ematen eros daitekeen zerbait. Jesusek ematen duena ezin daiteke ez erosi ez saldu. Eta gaixo eta ezindu haiek nahi zutena, Jesusek ematen zuen doanezko huraxe zen. Ez zeukaten bestelako goserik. Osasuna nahi zuten. Erreinuaren aztarrena sumatu nahi zuten. Jainko askatzailearen presentzia sumatu nahi zuten beren bizitzan.

Eta une larri hau ere Jesusek errukia erakusteko probestuko du. Errukiaren oparotasuna erakutsiko du. Bost ogi eta bi arrain besterik ez daukate. «Pixka bat» besterik ez. Zer egin daiteke horrekin bakarrik? Ikasleen ustez, ez asko, ez aski.

Baina Jesusek badaki zertan ari den. Jesusek badaki errukia azkenik gabe ugaltzen dela. Jesusek badaki «pixka bat asko dela». Eta pixka hori hartu eta jendearen beharra aseko du, gainezka ase ere. Eta azpimarratzekoa: hasieran «pixka bat» besterik ez zena, azkenean «gainezka» gertatu da, saskika.

Gaurko ere badu pasadizo honek mezurik. Lehenengoa errukiarena. Jesusek errukia jartzen du beste eginkizun guztien gainetik. Ez du Elizak beste ezer hori baino ederragorik. Ez du aurreragokorik. Jendeari errukia erakustea ez dena ez da Jesusen bidekoa. Gaurko Eliza sarri kezkatuagoa ikusten dugu beste gauzez: doktrina zuzenaz, lege zuzenez, portaera zuzenaz... Eta errukiak zerikusi gutxi dauka zuzenekin. Jesusen errukia okertuen gainera makurtzen da, haiek jasotzeko. Errukia dugu lege bakar.

Eta bigarren mezua bistakoa, «gutxi asko dela». Gaurko Elizak bizi duen eskasia eta pobrezia ez dela eragozpen erruki handia erakusteko. Gutxi horretan Jainkoak badakiela bere lana egiten. Jainkoak ez digula asko eskatzen, daukagun gutxi hori baizik. Gure pobrezia jartzen badugu Jesusen zerbitzura, asko ez ezik aski ere egingo dugu. Jainkoak, bere errukian, bai baitaki gutxia ugaltzen. Gaurko kristau-elkartearen eskasia bedeinkazio gerta dakiguke Erreinuaren barrua ezagutzeko. Jesusek horrela jokatzen du eta Erreinuak horrela erakusten du bere emaitza bikaina.

Jesusentzat beti da errukiaren ordua. Ez gaitezen erlojuaz horrenbeste kezka. Beti da errukiaren ordua. Eta errukiak markatuko digu ordu berria. Errukiak sortzen du oparotasuna. Sekula ez dugu gutxi izango. «Pixka bat asko baita».


Iñaki Beristain (2014-7-29)