URTEAN ZEHAR XXVIII IGANDEA
A zikloa
Isaias profetaren liburutik 25,6-10a
Egun hartan, jai-otordu bat emango die
diren guztien Jaunak
mendi hontan herri guztiei,
jaki guriekin, edari bikainekin,
haragi gizen-mamitsuekin eta ardo zahar-garbiekin.
Mendi hontan kenduko du,
herri guztien gainean edatua dagoen estalkia,
jende guztiak estaltzen dituen oihala.
Betiko hondatuko du heriotza;
txukatuko ditu Jaunak
aurpegi guztietako negar-malkoak,
eta lur osotik aldenduko du
bere herriaren lotsakizuna
–hala dio Jaunak–.
Eta egun hartan esango da:
‘Hara gure Jainkoa’;
Hau da guk salbatzaile itxaro genuen Jauna.
Poztu gaitezen eta alaitu
salbatu gaituelako.
Jaunaren eskua mendi hontan kokatuko da.
ERANTZUN-SALMOA 22
JAUNA DUT ARTZAIN,
EZ NAIZ EZEREN BEHARREAN.
Jauna dut artzain, ez naiz ezeren beharrean:
larre gurietan etzan arazten nau.
Atsedenezko iturrira narama
eta berpizten dit barrena.
Atontzen didazu mahaia,
etsaiak dauzkadala begira;
olioz gantzutzen didazu burua,
gainezka dago nere edontzia.
San Paulo Apostoluak Filipotarrei 4,12-14.19-20
Senideok: Badakit eskasian bizitzen; badakit ugarian bizitzen; denetan eta denetara jarria nago: bai gosera, bai asera, ugaritasunera eta eskasiara. Denetarako badut indar, indartzen nauen Harengan. Nolanahi ere, ondo egin duzue, nere estualdietan lagunduz.
Ordainetan, nere Jaungoikoak oparo beteko du zuen eskasia guztia, bere aberastasunen arauera Kristo Jesusengan. Jaungoiko gure Aitari aintza gizaldi eta gizaldietan. Amen.
ALELUIA Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
argi bitza gure bihotzeko begiak,
horrela jakin dezagun
nolakoa den Haren deiaren itxaropena. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 22,1-14
Aldi hartan, Jesusek, berriz ere parabolatan, honela esan zien apaiz nagusi eta herriko zaharrei:
- “Zeruetako erreinua, bere semearen ezteiak ospatzen zituen errege baten antzekoa da. Bidali zituen morroiak, ezteietarako deituei hotsegitera; baina hauek ez zuten etorri nahi izan.
Berriz ere, bidali zituen beste morroi batzuk, esanez: ‘Esaiezue deituei: Prest daukat nere jai-otordua; zekorrak eta haragitarako gizenduak hilak ditut, eta dena prest dago: zatozte ezteietara’.
Haiek, ordea, ez-entzun egin zuten, eta bata bere lurretara joan zen; bestea bere sal-erosketara; gainerakoek, berriz, morroiei heldu eta, gaizki erabil ondoren, hil egin zituzten.
Haserretu zen erregea, eta bere gudamutilak bidali zituen, hiltzaile haiek galtzera eta haien herriari su ematera. Gero honela mintzatu zitzaien bere morroiei:
- ‘Ezteiak prest daude, baina deituek ez zuten merezi. Zoazte, beraz, bidegurutzeetara, eta aurkitzen dituzuen guztiei dei egiezue ezteietara’.
Atera ziren morroiak bideetara, eta bildu zituzten aurkitutako guztiak, txar eta on. Eta hala bete zen bazkaldarrez eztei-lekua.
[Sartu zen erregea bazkaldarrak ikustera, eta eztei-jantzirik gabeko bat ikusi zuen han. Eta esan zion:
- ‘Adiskide, nolaz sartu zara hemen, eztei-jantzirik gabe?’
Eta hark hitzik ez. Erregeak orduan honela esan zien bere serbitzariei:
-‘Esku-oinak loturik, bota ezazue kanpoko ilunbeetara. Han izango da negarra eta hortz-karraska!’
Asko bait dira deituak; baina gutxi aukeratuak”.]
Homiliak
Senideok, bere Erreinuko eztei-mahaira gonbidatu gaitu gure Jainkoak. Doan gonbidatu gaitu. Guretzat ustekabeko deia izan da. Gu gauden eserlekuek ez zeukaten gure izena hasiera batean; eta, hala ere, hemen gaude, eztei-otorduaren festa eta edertasun betea gozatzen. Deituek ez baitzuten etorri nahi izan; eta haien ordez guri iritsi zaigu deia. Orain ez al zaigu gertatuko, guk ere jaso dugun deia hondatzea. Ez al zaigu gertatuko, deia debaldekoa delako, serio ez hartzea. Eta, ondorioz, ez al zaigu gertatuko, pozetan hasi den festa, frustrazio aspergarri gertatzea.
Jainkoaren deia serio hartu behar dugula esatea, ez da ezer asko esatea. Juduek, lehenengo gonbidatuek, ez zuten deia entzun nahi izan. Ez zioten Jainkoari sinetsi. Ez zioten, egiten zien dohain ikusgarria onartu. Drama ikaragarria benetan judu herriarena!: historia luze eta grinatsu baten buruan, Jainkoak betetasun-eskaintza egin zion. Jesusengan askatasun betea bidali zion. Eta ez zioten antzeman Jainkoaren eskaintzari. Ez zioten antzeman, gizaldietan zehar une honetara gidatu zituen Jainko maiteari. Eta deia galdu zuten. Gonbita baztertu zuten.
Eta judu herriaren ezetzak gure etxeko ateak ireki ditu. Jainkoak herri guztietara zabaldu zuen bere gonbita. Jainkoak herriz herri, txokoz txoko, pertsonaz pertsona, bidali zituen bere mezulariak. Eta era guztietako jendea izan gara deitua. Ez zaigu galdetu nolakoak garen. Ez zaigu nortasun-agiria eskatu. Ez zaigu galdetu zer egin dugun edo zer utzi dugun egiteke. Etortzeko esan zaigu. Eztei-jantokira sartzeko esan zaigu. Eta geure bizitza galduaren bide-ertzetik Erreinuko otordura etorri gara. Juduen galera gure zorion bihurtu zaigu! Haiek itxi duten atea guri ireki zaigu.
Eta hau ederra da, esanak esan. Jainkoaren ilusio guztia erakutsi zaigu. Eztei-otordu hau eskaintzea baitzuen Jainkoak amets. Egun honetarako egin gintuen. Era guztietako jaki eta edariak prestatu dizkigu Jainko maitaleak. Eta bere ilusio handiaren egunean dei egin digu, dei egin dit. Etortzeko eskatu dit. Heriotza, tristura, bizi-ezina, lotsa, beldurra... hori dena desegin du Jainkoak, bere eztei-egunean poza et askatasuna besterik izan ez dezagun. Gaur esan dezakegu lehenengo irakurgaiarekin: “Hara gure Jainkoa. Hau da guk salbatzaile itxaro genuen Jauna. Poztu gaitezen eta alaitu salbatu gaituelako”. Sinesten al dugu salbamen-egun ederrera izan garela deituak?
Beharbada, deituak izan garela esatea normala iruditzen zaigu, deituak izatea normala iruditzen zaigun bezala. Baina ez da normala! Ez zitzaigun eta ez zaigu tokatzen. Erregaluzko dohainaren seme-alaba gara. Hau ez da gurea! Betidanik fededun izan garenoi ulertzea gehien kostatzen zaiguna hauxe da: daukagun fedea, daukagun dohaina merezi gabea dela onartzea. Jaiotzatik gara fededun eta sekula ez dugu pentsatu zergatik garen fededun. Sekula ez dugu pentsatu, beste asko bezala federik gabe bizi gintezkeela. Beharbada sekula ez dugu pentsatu, Jainkoaren berririk gabeko jendea izan gintezkeela, horretarako Afrikan jaio beharrik gabe. Eta, hala ere, fededun gara! Hala ere, Jainkoaren maitasuna daukagu! Eta doan, debalde! Bekatari izanik, eta badaukagu!
Jakina, honek guztiak planteaketa sakona egitera ekarri behar gaituela iruditzen zait. Aurrena, enteratu al naiz nolako deia egin zaidan? Lehenengo gonbidatu haiek bezala, ni ere ez ote nabil bestelako arazoetan sakabanatua, dispertsatua. Ni ere ez ote nabil beste gauza askotxoz kezkatua, Jainkoaren deia serio hartzeko! Ez ote dauzkat aurreragoko eginbeharrak?! Lana, familia, osasuna, lagunak, bilerak, negozioak... Geure buruari galdetu beharko genioke ez ote gabiltzan bizi-ardatza galduta. Gurdi baten bi gurpilek ardatza galduko baluite bezalatsu: gurpil bakoitza alde banatatik dihoa, eta gurdia ezin ibili! Jainkoaren erreinuak zer-nolako tokia ote dauka nire bizitzan? Sakabanaturik ibiltzeak kalte handia egiten digu: zorionaren bila bai, bagabiltza, baina non eta nola? Hemen tragoxka, han tragoxka, baina sekula santan bizitzari zorion-trago sakon eta betea zurrupatu gabe. Ardatza falta denean, pertsonak bere integrazioa galtzen du, eta non dabilen ere, ba al daki ba! Errazena planteaketarik egin gabe bizitzea da, hori badakigu. Segi han eta hemen, honuntz eta haruntz, baina barrua sakabanaturik eta geu ez garela!
Bada egin beharreko beste galdera bat ere: agian lehenengo gonbita jaso eta onartu dugu, eta eztei-mahaira etorri gara. Ondo! Baina ez ote zaigu gertatuko, jantzi egokirik gabe zegoen hari gertatu zaiona, ezta? Ezteietara etorri eta nolanahi? Festa-jantzirik gabe? Eta jantzi egokiak esatean zer esan nahi da? Badakizu zer esan nahi den? Esker ona! Poza! Eta hau ere galdetu behar diogu geure kolkoari: ea eskertzen dugun jaso dugun dohaina. Ea harriturik bizi garen hainbesteko deia jaso dugulako! Izan ere, lehen esan dut, normala iruditzen baitzaigu dena! Normala fededun izatea. Normala Jainkoa aita dugula esatea! Normala pozik bizitzea! Normala otoitz egitea! Normala Eukaristia! Normala Jainkoaren hitza! Normala familia! Normala dena! Eta normal-kutsu horrek guztia baliogabetu egiten du. Dena lardaskatzen du. Maitasuna galtzeko erarik zuzenena, maitasunaren harridura eta doantasuna galtzea da! Maitasunak bere zoragarritasuna galtzen duenean, maitasuna beste gauza askoren artean normala iruditzen zaigunean, bihotza galdu dugun seinalea da! Eta orduan dena hiltzen da!
Eta betidanik fededun garenok badugu arriskua, Elizan ibili arren, zertan gabiltzan ez jakitekoa. Gauzak eta hitzak errepikatzearen poderioz, gauzen eta hitzen enbrujoa galdu egiten baitugu. Eta ba al dakizue zer bizi dugun eta zer nolako hitzak esaten eta entzuten ditugun? Gaur, eztei-mahaian eseririk, bihotzari gaztetu sakona eman behar diogu. Bihotza dohainaren ardatzera ekarri behar dugu, hartan integraturik zoriontsu bizi dadin. Bagira: gaztetan ez da integrazioaren beharrik sentitzen, gazteak helduleku asko baitu. Baina, behin berrogei urte inguruz gero, zaila da barrua integratu gabe pozik bizitzen. Barrutik integraturik eta ardatz sendo baten inguruan bizi ez dena, nekez arituko da sentiduz ezertan. Fededun, zein da, zer da, Nor da, zure ardatza, zure sentidua, zure dohaina?
Eukaristia honetan ere, eztei-mahaian aurkitzen gara. Atera ditzagun kontuak. Jantzi dezagun barrua festaz eta esker onez, Jauna datorkigunean, Erreinua goza dezagun!
Iñaki Beristain (2014-10-4)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mt 22, 1-14) Askotan aipatu izan da harako kontakizun hura: Kazetari bat edo hurbildu omen zen, eraikin berri bat egiteko harriak lantzen ari ziren langileengana, eta aurkitu zuen lehenengoari galdetu omen zion: «Zertan ari zara?». Erantzuna garratza: «Zertan ariko naiz ba, hementxe nezka-nazka eginda, eguzkiaren beroa eta lanaren astuna eraman ezinik; denak pikutara botako nituzke».
Kazetaria aurreraxeago doa eta bigarren bati galdetzen dio: «Zu zertan ari zara?». «Agindu didatena egiten; harria lantzeko esan didate eta zer erremedio, esana bete behar!». Aurreraxeago beste bat lan berean hura ere: «Zu zertan ari zara?». «Zertan ari naizen? Katedral eder bat egiten! Zoragarria da Katedral bat egitea!».
Hirurek lan bera ari zuten, baina lanaren erantzukizuna ez zaie iturri beretik sortzen, hori bistakoa da. Batek lan gizakontrako eta ilun ikusten duena, besteari erregalu eta dohaina iruditzen zaio. Gaur askotan aipatzen da erantzukizunaren arazo hau, arazo izatera iritsi baita. Ez omen gara ari gure gazteak erantzukizunean hezitzen, erantzukizunaren eskasia handia sumatzen omen da. Izan daiteke egia. Nik, hala ere, emaitzari baino gehiago erantzukizunaren iturriari begiratu nahi nioke.
Erantzukizuna nondik eta nola? Garai batean, garai luze batean, beldurra izan zen erantzukizunaren eragile. Agintzen zuenak agintzen zuen, eta hark esandakoa egin beharra zegoen, bestela nolabaiteko mehatxua baikeneukan geure buru gainean. Autoritateak pisu handia zeukan, eta esandakoa egin beharra zegoen. Kristau giroan ere, infernua zela edo bekatuaren erru astuna zela, beldurrak lan handiak egiten zituen. Eta hura ez zen ona. Beldurra ezin daiteke izan erantzukizunaren arrazoia. Ezta agintea aginteagatik ere.
Orain beldurra joan da, eta erantzukizuna nola sortu ez omen dakigu. Jendeak nahi duena egiten omen du. Askatasuna askakeria bihurtu zaigu nonbait, eta ez dakigu nola bideratu auzi hau. Berriz beldurraren ikuspuntura itzultzea tristea eta gizakontrakoa izango litzateke. Gaur egun ez luke, gainera, inolako eraginik izango. Beldurrak ibilbide motza du.
Dohainaren kontzientzia izan daiteke erantzukizunaren iturri. Eta horixe lortu nahi du Jesusek. Eztei-otordu batez mintzo zaigu. Maitasunaren mahaira deitu gaitu. Dei hori gonbidapena delako, doan egindako deia delako, ezin daiteke zapuztu eta bazterrera utzi. Jainkoak esker txarraren mina du minik handiena. Jainkoak ez du inor beldurtu nahi; bere eskaintzaren ederra onartzea nahi du. Eta horiexek biltzen ditu beregana, gonbidapena onartzen diotenak. Maitasuna handia izan delako, maitasunaren deia ere larria izaten da.
Erantzukizun horren aurrean beste erantzukizunak gailentzen zaizkigu askotan: seme-alabak, lana, konpromkisoak, politika, kulturgintza, adiskideak, bidaiak... Horiek denak aurretik eta gainetik jartzen zaizkigunean gauza bat erakusten dugu: Jainkoaren maitasunak ez gaituela erantzukizuna sortzeraino barrutik hartu. Eta beste horietara ematen dugu bihotza. Baldin eta Jainkoaren maitasuna izango banu barruko betetasun, Jainkoaren maitasuna benetakoa izango banu barruan, orduan beste guztia maitasun horren inguruan antolatuko litzaidake.
Maitasunaren eta dohainaren kontzientzia handia behar da, dena Jainkoaren erreinuaren inguruan tolestatzeko. Eta horixe dugu gaurko gizarteari egin diezaiokegun ekarpenik ederrenetakoa: maitasunaren errealitatea azaldu era guztietara, Jainkoaren maitasun hori benetakoa dela sinets dezan. Eta, izan ziur, maitasun benetako horrek sortuko luke benetako erantzukizun-jarrera. Maitasunak adina erantzukizun ez baitu beste ezerk sortzen eta lortzen. Noski, lana luzea eta sakona da, ez da erraz egitekoa. Saiakera ez ezik, esperientziaren lana ere bada. Maitasuna ez baita hitzez erakusten, bizieraz baizik. Erantzukizunaren auzia!
Iñaki Beristain (2014-10-1)