GARIZUMAKO I IGANDEA
A zikloaSarrerako antifona
Deituko nau, eta Nik hari entzungo; askatuko dut eta ospetsu egingo, aseko dut egunen luzetasunez.
Kolekta otoitza
Jainko Ahalguztiduna,
Garizumako elizkizunek eta penitentziek
egiazko bihotz-berritzera eraman gaitzatela,
Kristoren misterioa hobeki ezagutu eta bizi dezagun.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin errege bizi bait da
gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Genesis liburutik 2,7-9;3,1-7
Jaungoiko Jaunak gizona egin zuen lurreko hautsez, eta bizi-arnasa hats egin zion aurpegira; eta gizona bizidun gertatu zen.
Gero, Jaungoiko Jaunak baratze bat landatu zuen Eden-en, sortalderuntz; eta han ipini zuen Berak egindako gizona. Eta Jaungoiko Jaunak, mota guztietako zuhaitzak sortarazi zituen lurretik, begientzat eder eta ahoarentzat gozo; eta baratzearen erdian, biziaren zuhaitza jarri zuen, eta onaren eta txarraren jakinduri-zuhaitza.
Sugea zen, Jaungoiko Jaunak egindako piztietan maltzurrena; eta honela esan zion emakumeari: ‘Baratzeko zuhaitzetatik ez jateko esan omen dizue Jaungoikoak’.
Eta emakumeak sugeari: ‘Baratzeko zuhaitzen fruituetatik jaten dugu; baina baratze-erdian dagoen zuhaitzaren fruituaz, honela esan digu Jaungoikoak: “Hortatik ez jan, ez ukitu hori, hil ez zaitezten”.
Eta sugeak emakumeari: ‘Ez zarete hilko, ez! Badaki, bai, Jaungoikoak, zuek hortatik jan orduko, zuen begiak irekiko direla, eta Jaungoikoa aina izango zaretela, onaren eta txarraren jakitun’.
Orduan emakumeak, zuhaitza jateko gozo eta begientzat eder eta ezaguera irixteko on zela ikusirik, haren aleetatik hartu eta jan egin zuen; eta senarrari ere eman zion, eta harek jan egin zuen. Ireki zitzaizkien begiak, eta ohartu ziren larru-gorri zeudela; eta piku-osto batzuk josirik, soineko jantzi zituzten.
ERANTZUN-SALMOA 50
ERRUKI, JAUNA,
BEKATU EGIN DUGU TA.
Erruki zakizkit, Jainko, duzun maitasun haundiaz,
suntsi ezazu nire makurra zure amaigabeko errukiaz.
Garbi nazazu nire hobenetik,
ikuz nazazu nire gaiztakeriatik.
Nire bihurrikeria ezagutzen baitut,
nire hobena beti begien aurrean baitut.
Zuri egin dizut bekatu, Zuri bakarrik
zure begietan oker dena egin dut nik.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 5,12-19
Senideok: Gizon batengatik bekatua mundura sartu zen bezala, eta bekatuarengatik heriotzea; eta horrela, heriotzea gizon guzietara zabaldu zen, guztiek egin zutela bekatu…
(Legea baino lehen, munduan bekatua izanik ere, ez zitzaion inori bekaturik ezartzen, Legerik ez zegoelako. Baina, hala ere, Adanengandik Moisesenganaino nagusi izan zen heriotzea, Adanen hutsegiteagatik antzeko bekaturik egin ez zutenen gain ere; eta Adan, etortzeko zenaren irudi da.
Graziarekin ez da bekatuarekin bezala gertatu. Izan ere, baten bekatuaz guztiak hil badira, askoz ugariago zabaldu da guztientzat Jaungoikoaren grazia eta dohaia, gizon bakarrari esker: Jesu Kristori esker, alegia. Jainkoak ematen duen graziarekin ere ez da gizon bakarraren bekatuaren ondorioekin bezala gertatu: bati emandako epaiak ondamendi osoa ekarri zuen; graziak, berriz, barkamena hainbeste bekaturen aurrean).
Gizon bakarraren bekatuarengatik nagusitu zen heriotzea. Zenbatez gehiago biziko dira orain eta nagusituko, Jesu Kristo bakarrarengatik, grazia, dohaia eta zuzentasuna oparo hartzen dituztenak.
Beraz, baten bekatuak gizon guztiei hondamena ekarri zien bezala, berdin baten zuzentasunak ekarriko die gizon guztiei bizirako zuzentasuna. Eta baten menpetasun-ezagatik guztiak bekatari gertatu ziren bezala, berdin baten menpetasunagatik iritsiko dute guziek zuzentasuna.
EBANJELIOA
Gizona ez da ogiz bakarrik bizi,
Jaungoikoaren ahotik ateratzen den
hitz guzitik baizik.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 4,1-11
Aldi hartan, Jesus, Espirituak eramanda, basamortura joan zen, deabruak tentaldian jar zezan.
Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zen. Etorri zitzaion tentatzailea eta esan zion:
- ‘Jaungoikoaren Seme baldin bazara, esazu, harri hauek ogi bihur daitezela’.
Baina Jesusek erantzun zion:
- “Idatzirik dago: ‘Gizona ez da ogiz bakarrik bizi, Jaungoikoaren ahotik ateratzen den hitz guztitik baizik’”.
Orduan deabruak hiri santura eraman eta jauretxearen gailurrean ipini zuen, eta esan zion:
- ‘Jaungoikoaren Seme baldin bazara, bota ezazu zeure burua goitik behera; idatzirik dago-eta: “Bere aingeruei die aginduko, onik zu ateratzeko”; eta “eramango zaituzte eskuetan, oina oztopa ez dakizun harrietan”’.
Jesusek erantzun zion:
- “Beste hau ere idatzirik dago: ‘Ez tenta Jauna, zure Jaungoikoa’”.
Orduan deabruak mendi haundi batetara eraman zuen eta mundu zabaleko erreinu guztiak eta haien edertasuna erakutsiz, esan zion:
- ‘Guzti hori zeuretzat emango dizut, ahuspez gurtzen banauzu’.
Orduan Jesusek erantzun:
- “Alde hemendik, Satanas! Idatzirik dago-eta: ‘Jauna, zure Jaungoikoa, duzu gurtuko, eta Bera bakarrik serbitzatuko’”.
Orduan deabruak utzi zuen, eta aingeruak hurbildu zitzaizkion serbitzatzera.
Homiliak
Beste behin Garizumako aldi berritzaileari hasiera eman diogu. Eliza Pazkorako bidean jarri da. Garizumako basamortu luzearen ondoren, Pazkoko argia baitu erakarle, dei egile, poz emaile. Eta Pazkoa maite duelako, Pazkoa duelako helmuga, Eliza martxan jarri da. Martxan jarri... Penitentziaz, barauz, Jainkoaren Hitza entzunez, otoitz eginez, bizitza neurritsuz, Garizumako hitzaldiez... Garai berezi baten deiak jo du, eta eliztar guztiok barrenenetik aditu dugu dei hori.
Jesusi berari begira geniezaioke. Honela esango digu gero Prefazioak: «Berak, berrogei egunez jan-edanak utzirik, santu egin baitzuen barauzko penitentzia». Jesusek Aitarenganako Pazko-bideari ekiten dionean, Israel herriaren basamortuko ibilaldia berregin nahi duenean, barauz arintzen du bere gorputza, Jainkoaren Hitzez indartzen, egin behar duen ibilbidea ongi burutu ahal izateko. Gu, Jesusen Pazko-bide berbera goaz egitera. Eta hark bezala Pazkoa dugulako amets, barau eta penitentzia egiten dugu, alfer-kargak alde batera utzita, arin egin nahi dugulako argitarako bidea. Izan ere, ez al da egia, gehiegiz kargatuak gabiltzala, aurrera egin ezinez, lotuta, triste, gauzen eta ondasunen eta aginteen grinek kateaturik? Karga horiek guztiak gainean ditugula, ezin gaitezke Pazkora iritsi. Baraua, bijilia, otoitza, penitentzia... Jesusen bidea jarritu nahi dutenen ezaugarri dira! Pazkora doan herriak bizi dituen ezaugarriak!
Honela jarraitzen du gero errezatuko dugun Prefazioak: «Tentatzailearen maltzurkeriak baztertuz, okerrerako gure joera nola azpiratu erakutsi zigun». Jesu Kristo, basamortuan, borrokalari eta maisu dugu. Jesus ez du sugeak atzipetzen, engainatzen. Sugearen maltzurkeriek ez dute Jesus Aitaren menpetasunetik aldenduko. Adan eta Eba sugearen maltzurkeriaren morrontzan ikusten ditugu. Sugeak asko agindu du, gutxi eman. Askatasuna agindu, morrontza eman. Jainkotasuna agindu, gizatasuna kendu. Zenbat maltzurkeria ez da edonoren bidertzean?! Maltzurkeria, horrexegatik... askatasuna eta aurrerapena agintzen dutelako, baina eman, biluzkeria hutsa eta heriotza ematen dutelako. Zenbat askatasun-hitz ez dabil gure bizitzan eta gure inguruan, hutsune negargarri bat estali nahiz. Ez alferrik!
Jesusek atzekoz aurrera jartzen ditu sugearen, gaizpidearen, maltzurkeriak. Jesusek badaki egiazko askatasuna Jainkoaren eskuetan daukala. Egiazko betetasuna eta ondasuna, Jainkoaren nahia egitea dela. Jesusek badaki, Jainkoa zerbitzatzea dela, egiazko giza askatasuna eta izanbidea. Eta bere jokalegeaz, askatasunezko bide horren arrastoan jartzen gaitu, gu ere atzipetuak izan ez gaitezen, edo hala izanik, askatasunera ihes egin dezagun Garizuma honetan.
Eta bide honetatik, Prefazio berak dioen bezala, «Betiko Pazkora» helduko gara. Garizuma eta Pazko-ospaketa askoren bidez, inoiz amaituko ez den Pazkora bidean goaz. Jainkoaren Hitza, sakramentuak, Eukaristia bera... Pazkora gero eta gehiago hurbiltzeko aukerak ditugu. Elizak esku-eskura jartzen dizkigun aukerak. San Paulok luze eta zabal adierazi digu: gizakiak hautatu zuen morrontza-bideak badu sendabidea, Jesu Kristoren askatasun-bidean. Egia da, gure bideak benetan zailak dira uzteko, ongi lotuak gauzkate... Baina indartsuago da Kristo. Eta Berak askatuko gaitu! Berak emango digu zuzentasuna!
Ondorio batzuk behintzat atera beharko genituzke honetatik guztitik:
- - bat hauxe: Garizuma serio hartu behar dugu. Ez da serioa, beti Garizuma dela esatea. Gure bizitzaren berrialdiak ezin du gehiago itxaron. Jaunaren bizi-eskaintza paregabea jartzen zaigu aurrean. Eta ulertu beharko genuke, gure bizi-aukera nagusia Jesusen bide berean daukagula. Gure barruko korapiloak, ezinak, lotsak, beldurrak… garizumako argitara atera beharko genituzke. Eta barrua libratu. Barruari Jainkoaren besarkada eskaini. Ezin gaitezke gehiagoz morrontza eta zabarkerian luza.
- - horrek eskatzen digu, guregan daramagun gaitza eta gaiztakeria aztertu behar ditugula. Zer engainutan, zer maltzurkeriatan, zer morrontzatan erori naiz? Garizuma honetan zer askatasun-lan burutu beharko nuke? Zertatik behar dut askatu? Zer behar dut bazterrera utzi? Zer da niregan egiatik eta zuzentasunetik urrutiratzen nauena? Zer aukera engainuzkotan erorita nabil, Adan eta Eba berri baikina? Zertan nireganatu behar dut Jesusen jokamoldea?
- - eta, azkenik, Garizuma honetan ezin ahaztuta utzi, bizi dugun krisi ekonomikoa. Era askotako pobrezia eta beharrak sortu ditu gure inguruan. Geure inguruko jendeari solidaritatea zor diogu. Jaunaren maitasunak maitasunera eragiten digu. Garizuma honetan gure ekonomia beste era batera bizitzeko bideak aztertu beharko genituzke.
Hortxe duzu, bada, Garizuma aurrean. Geuk ikusi beharko dugu zer nahi dugun garizuma hau izatea. Orain Eukaristiara goaz, Garizumarako janaritzen gaituen mahaira goaz. Jesusekin eta bere bidearekin bat egiten dugun mahaira goaz. Jaso dezagun Pazko-bidean behar ditugun indarra eta Espiritua.
Iñaki Beristain (2014-3-6)
Beste behin Garizumako aldi berritzaileari hasiera eman diogu. Eliza Pazkorako bidean jarri da. Garizumako basamortu luzearen ondoren, Pazkoko argia baitu erakarle, dei egile, poz emaile. Eta Pazkoa maite duelako, Pazkoa duelako helmuga, Eliza martxan jarri da. Martxan jarri... Penitentziaz, barauz, Jainkoaren Hitza entzunez, otoitz eginez, bizitza neurritsuz, Garizumako hitzaldiez... Garai berezi baten deiak jo du, eta eliztar guztiok barrenenetik aditu dugu dei hori.
Jesusi berari begira geniezaioke. Honela esango digu gero Prefazioak: «Berak, berrogei egunez jan-edanak utzirik, santu egin baitzuen barauzko penitentzia». Jesusek Aitarenganako Pazko-bideari ekiten dionean, Israel herriaren basamortuko ibilaldia berregin nahi duenean, barauz arintzen du bere gorputza, Jainkoaren Hitzez indartzen, egin behar duen ibilbidea ongi burutu ahal izateko. Gu, Jesusen Pazko-bide berbera goaz egitera. Eta hark bezala Pazkoa dugulako amets, barau eta penitentzia egiten dugu, alfer-kargak alde batera utzita, arin egin nahi dugulako argitarako bidea. Izan ere, ez al da egia, gehiegiz kargatuak gabiltzala, aurrera egin ezinez, lotuta, triste, gauzen eta ondasunen eta aginteen grinek kateaturik? Karga horiek guztiak gainean ditugula, ezin gaitezke Pazkora iritsi. Baraua, bijilia, otoitza, penitentzia... Jesusen bidea jarritu nahi dutenen ezaugarri dira! Pazkora doan herriak bizi dituen ezaugarriak!
Honela jarraitzen du gero errezatuko dugun Prefazioak: «Tentatzailearen maltzurkeriak baztertuz, okerrerako gure joera nola azpiratu erakutsi zigun». Jesu Kristo, basamortuan, borrokalari eta maisu dugu. Jesus ez du sugeak atzipetzen, engainatzen. Sugearen maltzurkeriek ez dute Jesus Aitaren menpetasunetik aldenduko. Adan eta Eba sugearen maltzurkeriaren morrontzan ikusten ditugu. Sugeak asko agindu du, gutxi eman. Askatasuna agindu, morrontza eman. Jainkotasuna agindu, gizatasuna kendu. Zenbat maltzurkeria ez da edonoren bidertzean?! Maltzurkeria, horrexegatik... askatasuna eta aurrerapena agintzen dutelako, baina eman, biluzkeria hutsa eta heriotza ematen dutelako. Zenbat askatasun-hitz ez dabil gure bizitzan eta gure inguruan, hutsune negargarri bat estali nahiz. Ez alferrik!
Jesusek atzekoz aurrera jartzen ditu sugearen, gaizpidearen, maltzurkeriak. Jesusek badaki egiazko askatasuna Jainkoaren eskuetan daukala. Egiazko betetasuna eta ondasuna, Jainkoaren nahia egitea dela. Jesusek badaki, Jainkoa zerbitzatzea dela, egiazko giza askatasuna eta izanbidea. Eta bere jokalegeaz, askatasunezko bide horren arrastoan jartzen gaitu, gu ere atzipetuak izan ez gaitezen, edo hala izanik, askatasunera ihes egin dezagun Garizuma honetan.
Eta bide honetatik, Prefazio berak dioen bezala, «Betiko Pazkora» helduko gara. Garizuma eta Pazko-ospaketa askoren bidez, inoiz amaituko ez den Pazkora bidean goaz. Jainkoaren Hitza, sakramentuak, Eukaristia bera... Pazkora gero eta gehiago hurbiltzeko aukerak ditugu. Elizak esku-eskura jartzen dizkigun aukerak. San Paulok luze eta zabal adierazi digu: gizakiak hautatu zuen morrontza-bideak badu sendabidea, Jesu Kristoren askatasun-bidean. Egia da, gure bideak benetan zailak dira uzteko, ongi lotuak gauzkate... Baina indartsuago da Kristo. Eta Berak askatuko gaitu! Berak emango digu zuzentasuna!
Ondorio batzuk behintzat atera beharko genituzke honetatik guztitik:
- bat hauxe: Garizuma serio hartu behar dugu. Ez da serioa, beti Garizuma dela esatea. Gure bizitzaren berrialdiak ezin du gehiago itxaron. Jaunaren bizi-eskaintza paregabea jartzen zaigu aurrean. Eta ulertu beharko genuke, gure bizi-aukera nagusia Jesusen bide berean daukagula. Gure barruko korapiloak, ezinak, lotsak, beldurrak… garizumako argitara atera beharko genituzke. Eta barrua libratu. Barruari Jainkoaren besarkada eskaini. Ezin gaitezke gehiagoz morrontza eta zabarkerian luza.
- horrek eskatzen digu, guregan daramagun gaitza eta gaiztakeria aztertu behar ditugula. Zer engainutan, zer maltzurkeriatan, zer morrontzatan erori naiz? Garizuma honetan zer askatasun-lan burutu beharko nuke? Zertatik behar dut askatu? Zer behar dut bazterrera utzi? Zer da niregan egiatik eta zuzentasunetik urrutiratzen nauena? Zer aukera engainuzkotan erorita nabil, Adan eta Eba berri baikina? Zertan nireganatu behar dut Jesusen jokamoldea?
- eta, azkenik, Garizuma honetan ezin ahaztuta utzi, bizi dugun krisi ekonomikoa. Era askotako pobrezia eta beharrak sortu ditu gure inguruan. Geure inguruko jendeari solidaritatea zor diogu. Jaunaren maitasunak maitasunera eragiten digu. Garizuma honetan gure ekonomia beste era batera bizitzeko bideak aztertu beharko genituzke.
Hortxe duzu, bada, Garizuma aurrean. Geuk ikusi beharko dugu zer nahi dugun garizuma hau izatea. Orain Eukaristiara goaz, Garizumarako janaritzen gaituen mahaira goaz. Jesusekin eta bere bidearekin bat egiten dugun mahaira goaz. Jaso dezagun Pazko-bidean behar ditugun indarra eta Espiritua.
Iñaki Beristain (2017-2-28)
Beti bidean, beti bila
Berriro ere garizuman gara, berriro ere pazkora begira. Helmugak ematen dio bideari hasiera eta helmugak ematen dio bideari arnasa. Pazkoa ez baletor, garizumak ez luke sentidurik izango, ez litzateke garizumarik izango. Egia da, zenbaitetan pazko gabeko garizuma ospatu izan dugula, dena penitentzia, dena bekatua, dena iluntasuna, dena zigorra. Baina, Jesusen bidea beti pazkora doa eta kristauarena ere bai. Beraz, ez dugu ulertzen eta ez dugu nahi bere ekintzetan ixten den garizuma argi gabea.
Berriro ere garizuman gara, berriro ere pazkora begira. Beraz, Eliza osoa zutik jartzen da, aurrean urratzen zaion bideari ekiteko pret. Pazkorako bidea bidez egiten baita. Kontua ez da bizitzan jokaera batzuk aldatzea; ez eta jarrera batzuk aldatzea ere. Bidez aldatu behar dugu, eta Jesusen bidea egiteko geure fedearen giharrak zaildu egin behar ditugu. Bizitzak bere eraginez bigundu egiten baikaitu eta bidea uzteko gogoa sortzen digu.
Garizumak basamortura garamatza. Jesus bezalaxe. Garizumak badu bakardade-dei hori bere barruan. Gauza handiak bakardadean egosten baitira, Jesusek hartu zituen erabakiak bezala. Basamortua ez da mundu arrotza, intimitateari sortutako giro bildua baizik. Basamortua ez da heriotzaren irudia, harremana sakontzeko biluztasuna baizik. Basamortua ez da tristura, maitasunaren elkarrizketa askatzailea baino.
Baina basamortua zertarako? Jesusen hiru tentazioak guk ere geure haragian sentitu eta garaitzeko. Jainkoarekiko harremana barruko tirabira batean bizi baitugu; tentatuak gara. Eta Jainkoarekin aurrez aurre, tartekorik gabe, basamortuaren egia sakonean, gure tentazio nagusia bizi nahi dugu. Jainkoarena naiz ala norena naiz? Norengan daukat nire uste ona? Bizia Jainkoaren eskuetan utzita al daukat?
Harriak ogi. Horixe nahi izaten dugu. Gure goseari parera atera dakiola ogia. Gure egarriari sor dakiola ura. Gure ahuldadeari hel dakiola ahalmena. Bizitzaren gobernua Jainkoaren eskuetan uzten omen dugu, baina beti ere Jainkoak zaintzen gaituela konprobatu nahi izaten dugu. Jainkoa Jainko baldin bada nola edukiko gaitu ba goserik? Jainkoa geure beharren neurriz neurtzeko tentazio ohikoa.
Jainkoari lana ematen. Hau da bigarrena. Zuk egiten duzuna egin arren, Jainkoak ez zaitu utziko. Jainkoa zeuri begira daukazu. Jainkoa patrikan daramazu, eta berak «demostratu» behar dizu zaintzen zaituela. Bestela, zer Jainko da gure hau? Jainkoa ez daukagu proban jarri beharrik. Ez dugu Jainkoa tentatu behar. Guk eskaini dugu geure bizitza haren zerbitzura. Jainkoa ez dago gure interesen zerbitzura.
Boterea, botere handia. Botere-zale amorratuak gara. Geure menpe nahi dugu dena. Bizitzaren ardatzak ere gal ditzakegu, boterea lortzeagatik. Agintea maite dugu. Gure gaurko Elizak ere boterea maite duela erakusten du, neurri batean behintzat. Zenbat kostatzen zaigun botererik gabe gizartean apal eta xume azaltzea. Zenbat kostatzen zaigun galdu dugun ospea galdutzat uztea. Oraindik ere gizartearen ibilbideak zuzendu nahi genituzke. «Hau dena zure menpe jarriko dizut».
Garizumak basamortura garamatza. Bai pertsonalki eta bai elkarte bezala. Badugu zer sendatua eta zer bideratua. Pazkoko argiak tentazio hauei gerri-gerritik heltzera garamatza. Geure Jaunaren bidetik zuzendu nahi ditugu gure eliz elkartearen bideak. Alferrikako borrokan ez dugu galdu behar. Gure gizartean, beheko mailan, jende asko daukagu begira, laguntza eske, argi eske, poztasun eske. Handikeriak utzi eta pertsona bakoitzaren basamortura heldu behar dugu, eta han bizi gizon eta emakume bakoitzaren tentazioa. Pertsona bakoitzarerngan bizi Jesusen tentazioa.
Iñaki Beristain (2014-3-6)