KRISTOREN GORPUTZ-ODOL SANTUAK
A zikloa
Sarrerako antifona
Gari-mamiz janaritu zituen Jaunak, eta harkaitzeko eztiz ase.
Kolekta otoitza
Jesu Kristo gure Jauna,
sakramentu harrigarri honetan
zeure nekaldiaren oroigarria utzi diguzu;
iguzu, arren, zure gorputz-odolen misterioa
begirune osoz gores dezagula,
zure erospenaren ondorenak gugan suma ditzagun beti.
Aitarekin eta Espiritu Santuarekin batean errege bizi bait zara gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Deuteronomio liburutik 8,2-3.14b-16a
Moisesek honela hitzegin zion herriari:
- ‘Gogora ezazu, basamortuan barrena berrogei urtez Jaunak, zure Jaungoikoak, eginarazi dizun bidea. Zu apaltzeko eta aztertzeko izan da, eta zure bihotz-ondoa ezagutzeko: Haren aginduak betetzen ote dituzun ala ez.
Berak apaldu zintuen, eta goseak euki; eta gero, ez zuk, ez zure gurasoek, ezagutu ez zuten mana eman zizun jateko; ikas dezazun, gizona ez dela ogiz bakarrik bizi, Jaungoikoaren ahotik ateratzen den hitz guztitik baizik.
Ez ahaztu, Ejiptoko lurretik, morrontza-etxetik, atera zintuen Jauna, zure Jaungoikoa. Harek eraman zintuen, pozoidun sugez eta arrobioz betetako basamortu beldurgarrian barrena; lur lehor eta urik gabean, Hark atera zuen su-harrizko harkaitzetik ura zuretzat. Hark eman zizun jateko basamortuan, zure gurasoek ezagutu ez zuten mana’.
ERANTZUN-SALMOA 147
O JERUSALEN,
ZURE JAUNARI KANTUZ EKIN.
Jerusalen, ospa ezazu Jauna,
Sion, goretsazu zeure Jainkoa.
Zure ateen sarrailak indartu bait ditu,
zure seme-alabak zure barnean bedeinkatu ditu.
Zure mugetan bakea ezarri bait du,
gari-mamiz ase zaitu.
Bidaltzen du lurrera bere mintzoa,
eta Haren hitza bizkor eta arin dihoa.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 10,16-17
Senideok: Bedeinkatzen dugun esker onezko kalizak, ez al gaitu guztiok Kristoren odolean elkartzen? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu guztiok Kristoren gorputzean bat egiten? Ogia bat denez gero, guztiok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen bait dugu guztiok.
ALELUIA Ni naiz ogi bizia, zerutik jaitsia -dio Jaunak-;
Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 6,51-58
Aldi hartan honela esan ziion Jesusek jende taldeari:
- “Ni naiz ogi bizia zerutik jaitsia. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da; eta Nik emango dudan ogia nere haragia da munduaren bizirako”.
Judutarrak eztabaidan ari ziren:
- ‘Nola eman diezaiguke Honek jatera bere haragia?’
Eta Jesusek:
- “Egi-egiaz diotsuet: Gizonaren Semearen haragia ez baduzue jaten eta Haren odola edaten, ez duzue bizirik zuengan. Nere haragia jaten duenak eta nere odola edaten, ba du betiko bizia, eta Nik biztuko dut hura azken egunean. Nere haragia egiazko janaria da; eta nere odola egiazko edaria. Nere haragia jaten duena eta nere odola edaten, Neregan dago eta Ni harengan. Bizi den Aitak bidali nau, eta Ni Aitarengandik bizi naiz; era berean, Ni jaten nauena, Neregandik biziko da. Hau da zerutik jaitsitako ogia; ez zuen gurasoena bezalakoa; jan eta hil egin bait ziren. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da”.
Homiliak
Pazkoaldia amaiturik, urtean zeharreko igandeetara itzultzen gara. Eta gaur, bien tartean, Hirutasun guztiz Santuaren festaburua ospatzen dugu. Eta ongi dago bien tartean, zeren, alde batetik, Pazko-misterioko Jainkoa nor den jartzen baitzaigu begien aurrean, eta, bestetik, eguneroko bizitza arruntaren bizi-iturria den Jainkoa ematen baitzaigu.
Gaur ez da oso ohiko gauza Jainkoaz aritzea. Gaurko gure gizarteari ere ez zaio oso atsegin eta arrunta gertatzen Jainkoa. Oso goiko ikusten da, oso urrutiko, auskalo non omen dagoen Zerbait ahalguztidun eta interes gabea. 'Misterioa da Jainkoa' esan dugu, eta patxada ederrean gelditu gara. Misterio hitzak esan nahi balu bezala, ulertezina, ezagutezina eta alferrikakoa dugula Jainkoaren misterioa.
Gaurko irakurgiek gauza asko esan digute, baina bat behintzat ezin dezaket jaso gabe utzi. Jainkoa gertuan daukagu, hurbil. Jainkoa maitagarria da, maitasuna da. Jainkoa MAITASUNA DA! Beste guztiak, ahalguztidun izatea, dena jakitea, dena ikustea... horiek denak MAITASUNAREN zerbitzuan ageri zaizkigu Jainkoarengan.
Hori horrela dela sinestea kostatzen bazaizu ez daukazu liturgi urtea begiratu besterik, eta ez daukazu oso begirada sakona ematen ibili beharrik. Ospatu berria dugun Jesu Kristoren heriotze-piztuerak ez ote dira maitasun ikusgarri baten ospaketa izan! Jesukristok egin digun Mendekosteko Espiritu-festa zer da, biziera berriaren aukera ez bada! Bai, fededun adiskidea, MAITASUN neurtezinekoaren aurrean eta barnean gaude.
Jainkoa ez dagoela ezagutzerik?! Esaiozu hori Israel herriari eta ikusiko duzu! Bere herri-bizitzan, bere askatasun-martxan, hain gertuan, hain 'tartean' sentitu zuen! Israel herriak ongi zekien, beste herrietatik bereizten zuena horixe zela: beste inork baino gertuago zeukala Jainkoa! "Jauna, zure begietan ederra aurkitu baldin badut, ibil zaitez gure artean... eta har gaitzazu zeuretzat". Gaurko festa hau zer den esan behar banu, nik, Jainkoaren gertutasunaren festa dela esango nuke.
Jainkoa misterioa dela?! Bai, noski! Maitasun oro misterio baldin bada, zerbait ezaugarria, zerbait gordea, zerbait ulergarria, zerbait barnekoa, maitasun oro misterio baldin bada, diot, Jainkoa are eta misterioago da, are eta maitasunagoa delako. Baina, adizu, ez da misterio urruti dagoelako, hain gertu dagoelako baizik. Hain bestelako izanik, hain geure egin zaigulako! Hain haundi izanik, hain txiki bihurtu delako! Hain ahalmentsu izan eta hain ezerez egin delako! Benetan Misterioa, misteriorik baldin bada! Baina Misterio maitagarria, barnekoa, gozoa!
Begira, bestela: zer erlijiori burura ote zekiokeen Jainkoari "AITA" deitzea! Kosta behar zaizu bilatzea! Jesu Kristoren salbamen-jardunean, Jainkoa Aita agertu eta ezagutzera eman zaigu, Aita! Eta zein ederra den bihotz-barnetik Espirituari entzutea, suabe esaten dizula: Jainkoa Aita duzu! Eta bizitzara eta lanera eta gizartera eta... joaten zara eta ez zoaz eskutik utzia, ez zoaz barne-hutsik, ez zoaz nolanahi. Barnean inork ez bezala maitatu zaituen Jainkoa daramazu! Eta gauzak zuzen edo oker atera daitezke, osasuna edo gaixoaldia letorke, ezbeharrren bat gerta daiteke... Jainkoa beti gertuan sentitzen du fededunak: beti goiko, baina beti azpitik dena pozten! Beti ahalguztidun, baina beti gure bizipozaren zerbitzari! Beti Jainko eta beti Aitan eta Ama!
Entzule, hauetaz jarduteak halako zera bat uzten du barnean: geure buruaren gainetik dauden gauzetaz ari ote garen edo... Gehiegizkoa den zerbaitetaz ari bagina bezala edo... Eta halaxe da!
A, baina kontuz! Honek guztiak zeure barnera begira jartzen bazaitu, ongi dago. Baina, barrura bezala jarri behar zaitu kanpora begira! Jainkoaren maitasun neurrigabea ez da gure barne-gozamenerako soilik, munduaren salbamenerako baizik. Egia da, Jainkoaren misterioa zabaltzeko eman zaigu, hots egiteko, banatzeko. Eukaristiako ogia zatitu eta banatzen dugun bezala, ilusio beraz Jainkoaren misterioa banatu. Eta, esanak esan, Jainkoaren gose handia darama gizon-emakumeak barnean.
Noski, fededunok aurrena Jainkoa behar bezala ezagutu behar dugu! Jainkoaren ezaguera sakona behar dugu. Ez da aski Jainkoari buruz txikitako errezelo kolore gabeko batzuk edukitzea. Nola izango da ba nahikoa! Jainkoaren ezaguera landu egin behar dugu. Ikasi, irakurri, otoitz egin, bizi! Bestela jainko arbuiagarri eta interesgabea aurkeztuko dugu berriro ere. Munduak Jainkoa behar du, baina egiazko Jainkoa behar du!
Eta gero Jainko hori erakutsi, azaldu. Gure edertasuna eta gure askatasuna eta gure giza-zaletasuna eta gure lanerako adorea eta... nondik sortzen zaizkigun erakutsi! Esan nor den gure Jainkoa! Jainkoa maitasuna baldin bada, maitasunez erakuts dezakegu Jainkoa, ez bestela.
Goazen, fededun, Eukaristia ospatzera! Goazen Jainkoa gehien ezagutzen den tokira! Jainkoa emana! Jainkoa jangarri, horrela esan badezaket! Jainkoa barnera sartzen! Ederra benetan! Horixe da gure Jainkoa, Jainko maitale eta maitagarria! Bihotzetik Aintza Aitari! Aintza Semeari! Aintza Espiritu Santuari!
Iñaki Beristain (2014-6-13)
Pazkoan martxan jarri den herria gara. Misio eta eginkizun baterako bidean jarri gaituzte, erromes. Pazkotik bidaliak, Pazko betera bidean goaz, Pazko betea baitugu helmuga. Bakoitza, eta Eliza osoa, bidean goaz. Eukaristiak egia pozgarri hau gogorarazten digu: Jauna gurekin dihoala, benetan tarteko egina. Sarritan bidea utzi eta eseri egiten bagara ere, geure segurantziak maite ditugulako, badakigu jakin biderako segurantzia eta indar bakarra Jauna presente egiten digun ogi bizia dela. Gaur, gorespenez eta gurtzaz ospatzen dugu, Eukaristian egiten zaigun bizi-dohaina.
Eukaristiak, beste ezer baino lehen, Jainkoak gurekin egin duena eta Jainkoak eman diguna oroitarazten digu. Jainkoak bere herri izateko aukeratu gaituela oroitarazten digu. Beregana eramateko gertarazi duen historia bikaina ekartzen digu gogora. Eta, hari horretatik, gure eguneroko ibilbide latza, pertenentzia berri baten historia bihurtzen zaigu, betetasunaren grina edertzaile. «Ez ahaztu, Ejiptoko lurretik, morrontza-etxetik, atera zintuen Jainkoa, zure Jainkoa». Israel herriak atzera begiratu zuenean, bere historia ikusi zuen bere osoan, eta maitasunezko historia iruditu zitzaion, Jainkoak gidatutako historia eder. Basamortuko historia garratza ere, maitasunezko eta askatasunezko historia izan zuen. Han hurbiltasunaren mana jan zuen eta han obedientzia ikasi zuen. Israelek arrazoi asko dauzka historia hori ez ahazteko.
Egia da, bai, kristau-bidea basamortuko bidea dela. Betetasunerako gure bidea oso aldapatsua gertatzen zaigu askotan. Ebanjelioa bizitzea eta Jainkoarekiko menpetasuna bizitzea mingarria zaigu behin baino gehiagotan. Baina Jainkoak beti ematen digu bere maitasunaren mana gozoa, Berpiztuaren harkaitzeko urez indartzen gaitu. Jainkoa lagun dugu gure ibilbidean. Ez goaz inolaz ere bakarrik!
Gure bizitzako une latz eta mingarriak denak banan-banan kontatuak dauzkagu, ezta? Baina, bide batez, Jainkoaren presentziaren ezaugarri den zenbat detaile on eta mesedegarri ahazten dugun! Une latzak denak gogoan, eta onak izan ez bagenitu bezala? Esker gaiztokoak gara horratio! Laguntzeko luzatzen dizuten esku hori, adiskidetasun hori, adoretzen gaituen talde hori, gertuan daukazun familia hori, elkarrekin egiten dugun otoitza... Eta Eukaristia! Eukaristiak atergabe oroitaratzen baitigu Jainkoa bizirik eta gurekin dagoela beti!
Oroigarria izateaz gain, Eukaristia komunioa da, «Gorputz-Odolen elkartasuna». Gaurko Ebanjelioaren hizkera indartsua da, hizkera gordina. Ezkontza-hizkera da. Pertenentzi hizkera. Eukaristiak betirako konprometitzen baitu, eta oso-osorik konprometitzen du. Maitasuna, bere barnean, betirakoa da eta osoa da. Jainkoaren maitasuna betirako da eta osoa da. Horregatik Ebanjelioak «gorputza jateaz eta odola edateaz» hitz egiten digu. «Zuek niregan eta ni zuengan» bizitzeaz hitz egiten digu. «Betiko bizitzaz» eta «betirako bizitzeaz» hitz egiten du. Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, maitasunak markatzen gaitu eta Jaunarenak garela adierazten dugu.
Galde diezaiogun geure buruari: Norena naiz? Nori zor natzaio? Jesu Kristo ote da egiaz oinarritzen nauena? Eukaristia ospatu eta Jauna hartzen dudan bakoitzean, ohartzen al naiz zer esan nahi duen egintza horrek? Eukaristia ospatzeak nire bizitza osoa konprometitzen al dit?
Alde batetik, beraz, Eukaristia oroigarria da eta Jainkoaren presentzia gure bidean; Eukaristia, beste aldetik, elkartasun-konpromisoa da. Eta horrek ondorio handi bat sortzen dio gure bizitzari: ogi beretik jaten dugunok, gorputz bat bera osatzen dugu. Ez gara ari lege baten gora-beheran. Jesu Kristo komunioan hartzen duenak bat egiten du harekin. Maitasun bat berak lotzen du. Eta elkartasun hori esker onezko kantu bihurtzen da. Izan ere, ba al da Eukaristia ospatzeko modu hoberik, elkar maitatuz eta gorputz bat osatuz ospatzea baino? Jainkoari eskerrik asko esateko modu hoberik ba ote dago, elkar maitatzea baino? Elkartasunaz hitz egitean, ezin ahaztu gure artzainekiko elkartasuna ere. Egun hauetan halako eraso beltza jasaten ari diren gure Gotzainek beren ondoan izango gaituzte. Beraiek ardion alde gin duten lanak jasoko du ardion esker ona eta laguntza ere. Ez ditugu manipulazioaren atzaparretan bakarrik eta baesik gabe utrziko. Maite ditugu.
Gaur, Eukaristiako ogi-ardoak luze begiratu behar genituzke. Eta Eukaristiako ogi-ardoak begiratzean, batak besteari ere luze begiratu behar genioke. Nekez uler daiteke, aldarera maitasunez begiratzea, elkarri maitasunez begiratzen ez baldin badakigu. Ezin dakioke aldareko ogi maitagarriari gozotasunez begiratu, ondoan dauzkagunei gozotasunez begiratzen ez badakigu. Ezin baitezakegu Gorpuzti eguna prozesio bikainak egin eta kantu ederrak jalkitzeko egun bihurtu, gure inguruan hainbeste behar eta samin negargarri inolako kezkarik gabe ikusten dugun bitartean. Hori ez da legezkoa, igandero Eukaristia ospatzen duenarentzat. Jauna prozesioan eramatea ondo dago, gure herrietako kaleetarako justizia eta berdintasun eta elkartasun gehiago eskatzekotan. Bestela, itxura hutsean geratuko litzaiguke gure ekintza.
Eukaristia konpromisoa da Jainkoarentzat: beti gure artean egoteko konpromisoa! Konpromisoa da guretzat ere: Jainkoarenak izan behar dugu eta lagun hurkoarenak! Ospakizun hau izan dadila benetako esker on, bere biziaz biziarazten gaituen Jainkoarentzat esker-kantu. «Eujaristós»! Eskerrik asko, Jauna!
Iñaki Beristain (2017-6-12)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Jn 6, 51-59) Jesusen Gorputz-odolen misterio handia ospatzea ez da hutsean gelditzen den lora-festa. Oraindik gogoan ditugu, beharbada, garai bateko prozesio handiak, lora artean eta belarrezko alfonbra dotore baten gainean egiten zirenak. Kustodia urreztatuan Ostia zuria zela eta herriko koruak «O salutaris» kantatzen zuela. Komunio txikia egindako haurren irribarre gozoak gorteiaturik. Egun hura izaten zen txarolezko zapata berriak estreinatzeko egunetako bat. Umetan bizi izandako koadro horiek ez dira berehala ahazten.
Gaur, orohar (bai baitira salbuespenak), ez gaude ikuskizun argitsu horietarako. Gure kaleetako galipota ez dago loraz eta azeri-buztanez estaltzerik. Gaurko sekularizazioak ez du ametitzen era honetako agerraldirik. Beste eliz agerraldi asko bezala, Gorputz-eguneko prozesioa ere «erretiratu» egin behar izan dugu edo gutxieneko azalpen sinbolikora mugatu. Beharrezko apaltasun honek ez ahal digu misterioaren indarra motelduko eta Eukaristiarekiko gure miresmena itzaliko! Apaltasun hori jantzi egokiagoa gerta dakioke Eukaristiari, zergatik ez?
Palioaren itzalean eta kustodia urreztatuan eraman ezin dugun Ogi zuria, geure bihotzen maitasunezko itzalean eraman behar dugu, gizarteari bihotza emateko. Perosiren «O salutaris» kantua plazan kantatu ezin dugunez, geure eguneroko plaza txikietan kantatuko dugu, eguneroko jardunean, eguneroko lan eta eginkizunetan; ahotsez ez bada, geure zerbitzuaren irribarrez abestuko dugu alabantza. Kaleak loraz eta azeri-buztanez estali ezin ditugunez, pobreen bidea solidaritatez estaliko dugu, mundu duina bizi dezaten haiek ere.
Ikuspuntua asko aldatzen da, dudarik gabe; Eukaristiaren dohaina apenas! Ikuspuntua aldatu esan dut, eta hala da. Aldaketa honek Eukaristiarekiko gure jarrera aztertzera ekarri behar gaitu. Nor da, zer da niretzat Eukaristiako Jauna? Igande honetako irakurgaiek ederki biltzen dute Ogi-ardoen misterio aberatsa, beraren alderdi desberdinak aipatuz.
Aurrena, Eukaristiak badu alderdi pertsonal alboratu ezina. «Ogi honetatik jaten duena betiko biziko da». Eta esaldi honen inguruan, bakoitzak barneratu beharreko prozesu baten jarduera aipatzen zaigu ebanjelioan. Azken batean, sinesmenaren zuztarrak ukitzen ari gara. Ogitik haragira eta haragitik Espiritura doan bidea ez da berez egiten. Barne-irekitasuna eskatzen duen ariketa batean aurkitzen gara. Eta ariketa hori ezinbestekoa izateaz gain, nor bakoitzak egin beharrekoa da.
Badu misterioak, gainera, eliz alderdia ere. «Zatitzen dugun ogia» gorputz bat egiten gaituen ogia da. Eliza bere sustraian eraikitzen duen misterioaren aurrean aurkitzen gara. Gaurko Elizak, bere ezinean eta bere zatiketetan eta bere desberdintasunetan, ogi beraren «komunioa» behar du. Eukaristiarekiko debozioak ez luke mami mardulik izango, eliz elkartearen planteamentua egitera eramango ez bagintu. Eta badugu gaur bertan zer planteatua!
Azkenik, Eukaristiak, Israel herria bezala, bidean jartzen gaitu, gizartearen ibilbidean. Eta alderdi hau ere oso berea du Eukaristiak. Solidaritatearen eta misioaren alderdia kenduko bagenio, Eukaristia hustu egingo genuke. Debozio «itxiek» arrisku hori dute. Gorputz-eguneko prozesioari sentidu hau emango bagenio eta gizarteak sentidu honetan begiratuko balu, izango luke mezua: gizarterako dela Jaunaren Ogia, solidaritatea dela Ogi zatitua, pobreenekiko maitasuna dela Jesusen dohaina!
Festaburu dirdaitsua da Gopuzti, baina esanahi eta konpromiso handikoa ere bai. Bidezkoa da fededunok poz handiz ospatzea. Eta festa bere onean ospatu nahi badugu, ezinbestekoa da gizarte sufrituarekiko hurbiltasun bihurtzea. Bizi gaituen ogia maitasunez ospa dezagun! Eta pobreak biziarazten dituen ogia solidaritatez ospa dezagun! Bizirako ogia baita Eukaristiakoa!
Iñaki Beristain (2014-6-20)
Jesusen Gorputz-odolen misterio handia ospatzea ez da hutsean gelditzen den lora-festa. Oraindik gogoan ditugu, beharbada, garai bateko prozesio handiak, lora artean eta belarrezko alfonbra dotore baten gainean egiten zirenak. Kustodia urreztatuan Ostia zuria zela eta herriko koruak «O salutaris» kantatzen zuela. Komunio txikia egindako haurren irribarre gozoak gorteiaturik. Egun hura izaten zen txarolezko zapata berriak estreinatzeko egunetako bat. Umetan bizi izandako koadro horiek ez dira berehala ahazten.
Gaur, orohar (bai baitira salbuespenak), ez gaude ikuskizun argitsu horietarako. Gure kaleetako galipota ez dago loraz eta azeri-buztanez estaltzerik. Gaurko sekularizazioak ez du ametitzen era honetako agerraldirik.
Beste eliz agerraldi asko bezala, Gorputz-eguneko prozesioa ere «erretiratu» egin behar izan dugu edo gutxieneko azalpen sinbolikora mugatu. Beharrezko apaltasun honek ez ahal digu misterioaren indarra motelduko eta Eukaristiarekiko gure miresmena itzaliko! Apaltasun hori jantzi egokiagoa gerta dakioke Eukaristiari, zergatik ez?
Palioaren itzalean eta kustodia urreztatuan eraman ezin dugun Ogi zuria, geure bihotzen maitasunezko itzalean eraman behar dugu, gizarteari bihotza emateko. Perosiren «O salutaris» kantua plazan kantatu ezin dugunez, geure eguneroko plaza txikietan kantatuko dugu, eguneroko jardunean, eguneroko lan eta eginkizunetan; ahotsez ez bada, geure zerbitzuaren irribarrez abestuko dugu alabantza. Kaleak loraz eta azeri-buztanez estali ezin ditugunez, pobreen bidea solidaritatez estaliko dugu, mundu duina bizi dezaten haiek ere. Ikuspuntua asko aldatzen da, dudarik gabe; Eukaristiaren dohaina apenas!
Ikuspuntua aldatu esan dut, eta hala da. Aldaketa honek Eukaristiarekiko gure jarrera aztertzera ekarri behar gaitu. Nor da, zer da niretzat Eukaristiako Jauna? Igande honetako irakurgaiek ederki biltzen dute Ogi-ardoen misterio aberatsa, beraren alderdi desberdinak aipatuz.
Aurrena, Eukaristiak badu alderdi pertsonal alboratu ezina. «Ogi honetatik jaten duena betiko biziko da». Eta esaldi honen inguruan, bakoitzak barneratu beharreko prozesu baten jarduera aipatzen zaigu ebanjelioan. Azken batean, sinesmenaren zuztarrak ukitzen ari gara. Ogitik haragira eta haragitik Espiritura doan bidea ez da berez egiten. Barne-irekitasuna eskatzen duen ariketa batean aurkitzen gara. Eta ariketa hori ezinbestekoa izateaz gain, nor bakoitzak egin beharrekoa da.
Badu misterioak, gainera, eliz alderdia ere. «Zatitzen dugun ogia» gorputz bat egiten gaituen ogia da. Eliza bere sustraian eraikitzen duen misterioaren aurrean aurkitzen gara. Gaurko Elizak, bere ezinean eta bere zatiketetan eta bere desberdintasunetan, ogi beraren «komunioa» behar du. Eukaristiarekiko debozioak ez luke mami mardulik izango, eliz elkartearen planteamentua egitera eramango ez bagintu. Eta badugu gaur bertan zer planteatua!
Azkenik, Eukaristiak, Israel herria bezala, bidean jartzen gaitu, gizartearen ibilbidean. Eta alderdi hau ere oso berea du Eukaristiak. Solidaritatearen eta misioaren alderdia kenduko bagenio, Eukaristia hustu egingo genuke. Debozio «itxiek» arrisku hori dute. Gorputz-eguneko prozesioari sentidu hau emango bagenio eta gizarteak sentidu honetan begiratuko balu, izango luke mezua: gizarterako dela Jaunaren Ogia, solidaritatea dela Ogi zatitua, pobreenekiko maitasuna dela Jesusen dohaina!
Festaburu dirdaitsua da Gopuzti, baina esanahi eta konpromiso handikoa ere bai. Bidezkoa da fededunok poz handiz ospatzea. Eta festa bere onean ospatu nahi badugu, ezinbestekoa da gizarte sufrituarekiko hurbiltasun bihurtzea. Bizi gaituen ogia maitasunez ospa dezagun! Eta pobreak biziarazten dituen ogia solidaritatez ospa dezagun! Bizirako ogia baita Eukaristiakoa!
Iñaki Beristain (2017-6-12)