URTEAN ZEHAR XIX IGANDEA

A zikloa

Erregeen liburutik 1Erg 19,9a.11-13a

Egun haietan, Elias Horeba, Jaungoikoaren mendira etorri, eta hango haitzulo batean sartu zen. Jaunak honela esan zion:
- “Atera, eta zaude mendian, Jaunaren aurrean; Jauna igaroko baita”.
Hara, Haren aurretik haize zakar haundi bat igaro zen, mendiak urratzen eta harkaitzak porrokatzen zituela; baina Jauna ez zegoen haizean. Haizearen ondoren, lurrikara; baina Jauna ez zegoen lurrikaran. Lurrikararen ondoren, sua; baina Jauna ez zegoen suan. Suaren ondoren, haize goxoaren zuzmurra.
Hura entzun orduko, aurpegia soin-gainekoz estali zuen Eliasek; atera eta zutik gelditu zen haitzuloaren aurrean.

ERANTZUN-SALMOA 84

JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU;
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Entzungo dut Jainko Jaunak dioen hitza:
“Bakezkoa da Jainkoaren hitza”.
Hurbil zaie Haren beldur direnei salbamena:
gure lurrean Haren aintza biziko da.
Onginahia eta leialtasuna elkarren bidera aterako dira,
zuzentasuna eta bakea laztanka biziko dira.
Lurretik erneko da leialtasuna,
zerutik begira egongo zuzentasuna.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 9,1-5

Senideok: Kristau naizenez egia esan behar dut; Nire barruak, Espiritu Santuak argituta, esaten dit ez diodala gezurrik. Handia da nire atsekabea; etengabea, nere bihotzaren mina.
Anatema, Kristorengandik aldendua, izan nahi nuke nik, haragi aldetik nire senide eta senitarteko direnen alde. Israeldarrak dira hauek; eta beroiek dituzte semetzakoa, aintza, elkargoa, Legea, gurtza eta agintzariak. Haienak dira Aitalehenak, haiengadik dator, haragi-aldetik, Kristo: gauza guztien gainetik dagoena, Jaungoiko bedeinkatua gizaldietan. Amen.

ALELUIA Jaunagan itxaroten nago,

nire barrena Haren hitzaren zain dago. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 14,22-33

Aldi hartan, jendea ase zenean, Jesusek ikasleak ontzian sar erazi zituen, itsasoaz beste aldera joan zitezen bere aurretik, Berak jendea bidali bitartean. Jendea bidali zuenean, mendira igo zen Bera bakarrik, otoitz egitera; eta, ilundu zuenean, han zegoen bakar-bakarrik. Ordurako, ontzia lehorretik oso urruti zihoan, olatuek astinduta, haizea aurretik zuten-eta. Goiz aldera, Jesus ur gainean oinez hurbildu zitzaien. Ikasleak, ur gainean zebilela ikusi zutenean, ikaratu ziren eta honela zioten:
- ‘Mamuren bat da!’
Eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Jesus berehala mintzatu zitzaien:
- “Izan bihotz! Ni naiz; ez izan beldurrik!”
Orduan Pedrok erantzun:
- ‘Jauna, Zu baldin bazara, agindu iezadazu, Zuregana joateko ur gainean’.
Jesuek esan zion: “Zatoz!”
Pedro ontzitik atera eta ur gainean zebilen; eta Jesusengana zihoan. Baina haize zakarra zela ikusirik, beldurtu egin zen; urperatzen hasi zen eta deiadar egin zuen:
- ‘Jauna, salba nazazu!’
Berehala Jesusek, eskua luzaturik, hartu zuen, eta esan zion:
- “Sinesmen gutxiko gizona! Zergatik hasi zara zalantzan?”
Ontzira igo zirenean, haizea gelditu zen; eta ontzian zeudenak ahuspez jarri ziren Jesusen aurrean, esanez:
-‘Egiaz Jaungoikoaren Semea zara Zu!’

Homiliak

Adiskide, gaurko ebanjelio zatiak argi erakusten du bere mezua: itsasontziak zaila du aurrera egitea gauaren erdian, baina Jauna gertuan dago beti, besterik badirudi ere. «Izan bihotz; ni naiz». Bakoitzak daki berea. Zer duen zailtasun aurrera egiteko. Zerk eragozten dion haztea. Zerk beldurtzen duen. Bakoitzak daki. Hantxe dago, gertuan. Mamu bat dirudi, ezin baitugu nahi bezain argi ikusi. Gaurko igandeak Jaunaren presentziari antzematera gonbidatzen gaitu. Fedeak ere bere begiak baititu, eta askotan urrutira ikusten du fedeak .

Begi fededunek, Jaunaren presentzia irakurtzen badakite. Jauna beti gurekin baitoa, ontzi berean. Ez da, ez, guk nahi bezala agertzen. Baina, hantxe doa beti bidelagun. Lehenengo irakurgaiak ederki sailkatu ditu Jaunaren presentziaren moldeak. Gu indar zaleak gara. Nabarmenkeri zaleak. «Baina Jauna ez zegoen han». Haize gozoaren zuzmurrean, hantxe ia ez entzun ez antzeman egiteko moduan. Baina hantxe! Presentzia suabea da, baina beti ere eraginkorra, askatzailea, onerakoa. Jakina, isiltasun sakona behar da presentzia hori entzuteko. Bihotz entzulea behar da aditzeko. Barrua bakean behar da, entzutea eragotziko digun builarik ez izateko. Jesus ez al zen mendira igotzen, isiltasunera, han bere Aitaren ahotsa entzuteko? Eta, ez al duzu ebanjelioko larrialdian ikusi?, Jaunari entzuten zaionean, gurekin dihoala antzematen zaionean, bizitzak beste atsedena hartzen du, beste gozamena! Bizitza bere onera datorkizu, bere barealdira, sakonenean!

Orduan Pedroren arriskuak zirikatzen gaitu. Jaunaren presentziari tankera hartu zionean, indartsu sentitu gizajoa! Uren gainean ibiltzeko ahalmena sentitu ez zuen ba! Baita ederki asko ibili ere. Baina, zalantza oso bihotz-azalean eduki, eta urpera! Bere indarretan soilik jarri ote zuen bere ustea? Pedrorengan txukun asko ageri da fededunaren jokalegea: Jaunaren ahalmenetan bakarrik sinetsi behar du, bestela jai dauka! Ur gainean ibili beharra dago, baina Jauna oinarri eta sendotasun harturik. Oso seguru zaleak gara, eta oinak ondo tinkatuak nahi izaten ditugu, lurraren gainean badaezpada! Baina ur gainean ibiltzen ausartu behar du fededunak. Oinazpian mugimendua sentitzearen ikara gainditzen jakin behar du jarraitzaileak. Beti, Jaunak ibiltzeko esan digulako! Horixe dugu gure bokazioa!

Elizaren ontzia ez dabil askotan eroso, egia da. Haize asko eta indartsuak ditu handik-hemendik tirabiran. Tartean eliz ontzia. Non da Jauna? Zailtasunak berak ez digu askotan Jaunaren presentzia «aditzen» uzten. Baina hantxe doa. Ez da mamua. Ez da ametsa. Ez da irudipena. Presentzia suabe bezain segurua da. Galdera bat egin behar diogu geure buruari, ordea: gaur nik, guk, zenbat geldiune eta isilune egiten dugu bizitzan, presentzia hori entzuten ikasteko? Bihotzak, gure bihotz beldurtiak, isiltasunaren eskolara joan behar du, presentzia ikastera, presentzia irakurtzen ikastera. Ikasketa horretan trebatzen ez bagara, ez dugu Jaunaren hurbiltasuna sumatuko. Eta beldurra, beldurra sentitzen! Beldurra gailentzen zaio gure ahulari!

Igandeko batzarra bera ez da eskola txarra Jaunaren presentzia ikasteko. Anai-arrebekin elkartu eta hortxe ikasi, astegunean ere, bizitza zailtasunez janzten zaigunean ere, ezinak astintzen gaituenean ere, Jauna gurekin dabilela. Jainkoaren hitzaz eta maitasunaren ospaketaz Jauna ondoan sentitu! Baina, ez igandean eta iganderako bakarrik. Berpiztuaren presentzia egunez egun luzatzen da aste guztian zehar. Igandean, zure senideek Jaunaren eskuetan jartzeko esaten dizute, fedez eta kantuz. Eta Jaunaren eskuetan uzten duzu zeure bizitza, zeure beldurrak, zeure esperantza hauskorra. Seinideen testigantzak indartu egiten zaitu.

Eta orduan joan zaitezke berriro ere itsas uren gainean. Segurua ez denarekin atrebitzeko adina adore izan dezakezu. Fedeak, agian, ez dizu segurantzarik emango, baina segurantzarik gabe konfiantzaz bizitzen erakutsiko dizu. Politikan, kulturan, gizartean, lanean, kalean, ezkontzan, heziketan... gauzak kolokan daude, itsas uhinen, olatuen, harroaldia sentitzen da. Oporretan ere, senti dezakezu zure leialtasunen koloka izutzailea. Segurantzak maite ditugu. Oinak seguruan tinkatuak nahi izaten ditugu. Baina ur gainean ibiltzen ausartu behar dugu. Bakoitzak daki non eta zertan esaten dion Jesusek «zatoz». Non eta zertan esaten dion uretara salto egiteko. Bakoitzak badakigu ondo asko non dagoen dagokigun itsasoa. Eta Jesusen dei horri erantzun egin behar zaio. Eta uste ona Jaunarengan jarriz, joaten ausartu. Harrokeriak alferrik dira. Askousteak pauso laburra du. Eta berehala ikus dezakegu gure harrokerien pisuaz ur azpira sartzen hasten garela. Zenbat eta arinago eta, onenean, hobeto genbilzke ur gainean. Konfiantza sendoaren besoetan, ez gara urperatuko. Eta, gainera, beti hortxe daukazu Jesus, eskutik heltzen dizuna!

Fededun adiskide, zer arazok erakusten dizu urpera zoazela? Zerk beldurtzen zaitu? Zer duzu gaur gainditu ezineko arazo? Zertatik egin nahi diozu Jesusi garrasi: “salba nazazu, Jauna!»? Izan bake, ez beldurtu. Jesusek eskutik heltzen dizu, ez zaude bakarrik. Izan usteon, Jauna, maite zaituena, zurekin baitago. Berak askatuko zaitu, berak poztuko. Esku onetan, esku onenetan, gaude!

Eukaristia ospatzera goaz. Igandeko eukaristia. Ez ote dugu zuzmur suabe eta bakeosoa entzungo gaur? Bai. Hementxe, abuztuko goiz honetan, isiltasun sakonenean, Jaunaren presentzia entzungo dugu, entzuten dihardugu. Eta gero itsasora joango gara. Itsasontziari sendo eutsiko diogu olatu handien artean bada ere. Jauna gurekin daukagula badakigu eta!

Iñaki Beristain (2014-9-9)

Iñaki Beristain (2017-8-10)

Beti bidean, beti bila

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 14, 22-33) Eszenatokia ezaguna da eta ebanjelioetan errepikatua: ikasleak itsasoan ekaitzaren erdian bizi-borrokan, eta Jesus urruti. Ikasleek sentitzen duten bakardadea eta ezina beldurrez janzten da. Haizea kontra dute, olatuak handiak, eta heldulekurik ez dute inon aurkitzen. Eta beldurraren erdian sortzen zaien presentziak garrasi eginarazten die, izuaren garrasi sakona. Beldurrak dena mamu ikastarazten die. Betikoa da, beldurrari mamu asko sortzen zaiola ondoan.

Jesus bidera ateratzen zaienean, beldurra kendu nahi die ikasle kikildu haiei. Pedrori, dirudienez, halako handiuste bat sortu zaio. Jesusen aurrean bere adorea azaldu nahi du. Baina, beldurrak, adorea baino gehiago, apaltasuna eskatzen du. Apaltasuna falta zaion adoreari beldurrak gaina hartzen dio, berehala hartu ere. Beldurrari gaina hartzekotan fede apala behar da, fede aitorlea, fede heldua. Fede heldua bi esanahietan: heldutasunez heldua eta Jesusi heldua.

Beldurrak ez die ikasleei aurrera egiten uzten. Beldurrak konfiantza lapurtzen baitu bihotzetik. Eta konfiantzarik ezean, ez dago ekaitzari aurre egiterik, ez dago proiektu bat aurrera ateratzerik. Beldurrak, eta ikasleengan ederki ikusi dugu hau, ez du Jesus ezagutzen ere uzten, begiak lausotzen baititu. Eta Jesus ikusi eta ezagutu ordez, mamuak sortzen dira, etsaiak ugaltzen dira eta biktimismorako arrazoiak biderkatu egiten dira.

Gaurko Elizari hori ari ote zaio gertatzen? Era askotako beldurrak nagusitzen ari zaizkigu. Etorkizunari beldur diogu. Garai bateko ospe eta aitortzak galtzeari beldur. Mezu-bideak arriskatzeari beldur. Pentsaera-askatasunari beldur. Emakumeari beldur. Laikoen presentzia adierazgarriari beldur. Bokazioen eskasiari beldur. Ateak irekitzeari beldur. Gizarte autonomoari beldur. Eta beldur hauetako bat baino gehiago bata bestearen kontraesanean leudeke.

Eta oraindik, hainbeste beldur eta gero, ez dugu apaltasuna ikasi. Oraindik, hainbeste kaskarreko eta gero, botere-goseari helduta gaude. Oraindik ere, atzoko erakunde eta instalazio astunei kateatuta gaude. Nahiago dugu nonbait inora ez garamatzan atzoko molde segurua, etor daitekeen berriaren arriskua bizi baino. Eta beldurrak heriotzaren bidean jarri gaitu. Badakigu Elzari ez zaiola gaitzaren indarra nagusituko! Baina hori esan zuenarekiko konfiantza berritzen ez badugu, beldurrak irentsiko gaitu.

Zorionez, gaure beldurraren ezinak urperatzen gaituenean, artean Jesusen esku askatzailea geratzen zaigu. Zorionez, ez gaitu geure garrasiaren pobrezian eskutik utziko.

Geure konfiantza-ezaren salaketa egingo digu eta, beste zeinu baten bidez, konfiantza berri batera jasoko gaitu. Berriro ere gure bihotz beldurtiari aitormen eskertua aterako dio: «Zinez Jainkoaren Semea zara!». Eta aitormen horren ausardia apalez, berriro ere itsasora itzuliko gara, ekaitzaren erasoa jasateko prest.

Igande honetako ekaitz-pasadizoa konfiantzarako deia dugu Euskal Herriko Elizan ere. Fededun bakoitzak bere barruan egunero berritu beharreko jarrera da konfiantzarena. Era askotako erasoak bizi ditu gure bizipozak. Eta goizero dei egin behar diogu eskutik garamatzan Jesusi, konfiantzak heldutasunaren askatasunean sendotu gaitzan. Elkarte bezala ere ez ditugu garai erosoenak bizi seguru asko. Baina etorkizuna konfiantzarena da. Eta konfiantzak badakigu zer behar duen bere oinarrian: «Zer sinesmen gutxi!». Sinesmenak sortzen du konfiantza.

Ez dut uste, bizitzea tokatu zaigun egoerak kalte handirik egin digunik; geure ezina ezagutzera eraman gaitu eta Jaunarekiko konfiantza berritzera. Benetan kalte egiten diguna beldurra da. Beldurraren pikardia handia da!

Iñaki Beristain (2014-8-5)

Eszenatokia ezaguna da eta ebanjelioetan errepikatua: ikasleak itsasoan ekaitzaren erdian bizi-borrokan, eta Jesus urruti. Ikasleek sentitzen duten bakardadea eta ezina beldurrez janzten da. Haizea kontra dute, olatuak handiak, eta heldulekurik ez dute inon aurkitzen. Eta beldurraren erdian sortzen zaien presentziak garrasi eginarazten die, izuaren garrasi sakona. Beldurrak dena mamu ikastarazten die. Betikoa da, beldurrari mamu asko sortzen zaiola ondoan.

Jesus bidera ateratzen zaienean, beldurra kendu nahi die ikasle kikildu haiei. Pedrori, dirudienez, halako handiuste bat sortu zaio. Jesusen aurrean bere adorea azaldu nahi du. Baina, beldurrak, adorea baino gehiago, apaltasuna eskatzen du. Apaltasuna falta zaion adoreari beldurrak gaina hartzen dio, berehala hartu ere. Beldurrari gaina hartzekotan fede apala behar da, fede aitorlea, fede heldua. Fede heldua bi esanahietan: heldutasunez heldua eta Jesusi heldua.

Beldurrak ez die ikasleei aurrera egiten uzten. Beldurrak konfiantza lapurtzen baitu bihotzetik. Eta konfiantzarik ezean, ez dago ekaitzari aurre egiterik, ez dago proiektu bat aurrera ateratzerik.

Beldurrak, eta ikasleengan ederki ikusi dugu hau, ez du Jesus ezagutzen ere uzten, begiak lausotzen baititu. Eta Jesus ikusi eta ezagutu ordez, mamuak sortzen dira, etsaiak ugaltzen dira eta biktimismorako arrazoiak biderkatu egiten dira. Gaurko Elizari hori ari ote zaio gertatzen? Era askotako beldurrak nagusitzen ari zaizkigu. Etorkizunari beldur diogu. Garai bateko ospe eta aitortzak galtzeari beldur. Mezu-bideak arriskatzeari beldur. Pentsaera-askatasunari beldur. Emakumeari beldur. Laikoen presentzia adierazgarriari beldur. Bokazioen eskasiari beldur. Ateak irekitzeari beldur. Gizarte autonomoari beldur. Eta beldur hauetako bat baino gehiago bata bestearen kontraesanean leudeke.

Eta oraindik, hainbeste beldur eta gero, ez dugu apaltasuna ikasi. Oraindik, hainbeste kaskarreko eta gero, botere-goseari helduta gaude. Oraindik ere, atzoko erakunde eta instalazio astunei kateatuta gaude. Nahiago dugu nonbait inora ez garamatzan atzoko molde segurua, etor daitekeen berriaren arriskua bizi baino. Eta beldurrak heriotzaren bidean jarri gaitu. Badakigu Elzari ez zaiola gaitzaren indarra nagusituko! Baina hori esan zuenarekiko konfiantza berritzen ez badugu, beldurrak irentsiko gaitu.

Zorionez, gaure beldurraren ezinak urperatzen gaituenean, artean Jesusen esku askatzailea geratzen zaigu. Zorionez, ez gaitu geure garrasiaren pobrezian eskutik utziko. Geure konfiantza-ezaren salaketa egingo digu eta, beste zeinu baten bidez, konfiantza berri batera jasoko gaitu. Berriro ere gure bihotz beldurtiari aitormen eskertua aterako dio: «Zinez Jainkoaren Semea zara!». Eta aitormen horren ausardia apalez, berriro ere itsasora itzuliko gara, ekaitzaren erasoa jasateko prest.