URTEAN ZEHAR XXXII IGANDEA
A zikloa
Jakinduriaren liburutik 6,13-17
Dizdiratsua da jakinduria, ezin-zimeldua;
hura maite dutenek erraz ikusten dute bera,
eta erraz aurkitzen haren bila dabiltzanek.
Irrikatzen dutenei, aurrera datorkie;
bera lehenik azaltzen zaie.
Haren bila jaikitzen dena ez da nekatuko;
bere atean eserita aurkituko bait du.
Hura gogoan erabiltzea, jakinduria betea da;
harengatik esna dagoena
laster izango da kezkarik gabe.
Inguruka dabil, bera maite dutenen bila;
bideetan aurpegi alaiz agertzen zaie,
eta asmo guztietan bidera ateratzen.
ERANTZUN-SALMOA 62
ZURE EGARRIZ DAUKAT GOGOA,
JAUNA, ENE JAINKOA.
Jainko, nere Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zure egarriz daukat gogoa, zure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Egona nauzu Zuri begira jauretxean,
zure ospea eta indarra ikusi nahian.
Bizia baino hobea bait da zure maitasuna,
ezpainok egingo dute zure goralpena.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 4,13-17
Senideok: Hildakoez zuek ezjakinean egoterik ez dugu nahi, goibel ez zaitezten, itxaropenik ez duten beste horien antzera. Jesus hil eta piztu zela sinesten dugun bezala, Jesusengan hil direnak ere, Jaungoikoak Harekin batean Beraganatuko ditu.
[Jaunaren hitzez diotsuet nik: Bizi garenok, Jaunaren etorrerarako geldituok, alegia, ez diegu hil direnei aurrea hartuko. Jauna bera, goiangeru-oihuz eta turuta-hotsez, deika jaitsiko da zerutik; eta aurrena, Kristogan hilak piztuko dira; gero gu, oraindik bizi garenok, haiekin batean, lainoetan gora Jaunaren bidera eramango gaituzte. Eta horrela beti Jaunarekin egongo gara. Poztu ezazue, beraz, elkar, hitz hauekin].
ALELUIA Zaudete erne,
uste ez duzuen orduan etorriko zaizue-eta
Gizonaren Semea. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25,1-13
Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Begira zeren antzekoa izango den zeruetako erreinua. Hamar neskatxa, beren krisailuak eskuetan zituztela, senargaiaren bidera atera ziren. Haietan bost zentzugabeak ziren; eta beste bostak, zentzudunak. Zentzugabeek krisailuak hartu zituzten, baina oliorik ez berekin. Zentzudunek, berriz, krisailuekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaia berandu zetorrelarik, logaletzen hasi ziren denak eta lo gelditu ziren. Baina gauerdian oihu bat entzun zen:
- ‘Ba dator senargaia; irten zakizkiote bidera!’.
Jaiki ziren orduan neskatxa guztiak, eta prestatu zituzten beren krisailuak. Zentzugabeek honela esan zieten zentzudunei:
- ‘Ekartzue zuen oliotik, gure krisailuak itzaltzen ari zaizkigu-eta’.
Zentzudunek, ordea, erantzun zieten:
- ‘Behar bada, ez dugu nahikorik guretzat eta zuentzat. Zoazte saltzaileetara eta erosi’.
Baina erostera zihoazela, iritsi zen senargaia; eta prest zeudenak sartu ziren harekin ezteietara, eta itxi zen atea. Geroxeago etorri ziren beste neskatxak ere, esanez:
- ‘Jauna, Jauna, ireki iezaiguzu!’
Baina hark erantzun zien:
- ‘Egia esan, ez zaituztet ezagutzen’. Zaudete, beraz, erne; ez bait dakizue, ez egunik, ez ordurik”.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
Beti bidean, beti bila
(Eguneko ebanjjelioa: Jn 2, 13- 22)
Azaroaren bederatziak jai berezia ekarri ohi du eliz egutegian. Letrango Elizaren sagaratzea ospatu ohi dugu. Kristaudiaren elizarik zaharrenetakoa da Letrangoa. Aita Santuen katedrala bosgarren gizaldiaz gero. Eta, hari horretatik, kristau-elkarte guztien batasunaren irudi ikusi izan dugu. Kristau elkarteek Erromako Gotzainarekin duten elkartasunaren irudi.
Esan beharra dago, Letrango Elizaren eraikuntza ederrak ez gaituela «harri» batzuen kontenplazioan edukiko; «harrietatik», iruditik, beste maila batera pasa beharra dago. Eta gaurko ebanjelioak aukera ederra ematen digu iruditik iruditura pasatzeko. Harrizko eliza guztietan pertsonaren argazkia ikustea gustatzen zait niri.
Harrizko eliza toki santu edo sagaratua ikusten dugun bezala, pertsona santua eta sagaratua da. Pertsona sakratua da. Harrizko eliza eder eta dotore janztea gustuko dugun bezala, pertsonak ere baloreetan eder eta dotore jantzi behar ditugu. Harrizko elizan edozein modura ibiltzerik ez dagoen bezala, pertsonarekin ere ez dago edozein eratara ibiltzerik.
Eta harrizko elizan garrantzizkoa barruan dagoen bezala, pertsonaren garrantzizkoa ere barruan dago. Barruan oretzen da pertsona.
Eta Jesus gaurko ebanjelioan lokarrizko zigor batekin dena hankaz gora jartzen ikusten dugun bezala, bere Aitaren etxeak garbi egon behar duelako, are gehiago salatu beharko litzateke pertsonarekin egiten ari garena. Sakratua zikindu eta narrastu baitugu. Gaurko gizarte honetan pertsonaren azalekoa, gainekoa, asko lantzen dugu, asko; barrukoa, berriz, aukeran gutxitxo. Itxurak, erakutsi behar direnak, besteek epaitu beharrekoak arreta handiz zaintzen eta apaintzen ditugu; eta, bien bitartean, barrua oso ahaztua eta zabartua daukagu. Eta pertsona oretu, barruan oretzen da.
Gizarte honek eginbehar berehalako bat badaukala esango nuke; eta da, barrukoa berreskuratzea. Diruak, sal-erosketak, negozioak, etxeak, kotxeak, bidaiak, arropak... dena kanpoan geratzen da. Eta horri guztiari ematen diogun ardura gehiegiak barrua pobretu besterik ez digu egiten. Eta barrua pobretu ahala, orduan eta kanpoko gehiago behar da. Eta gurpil zoro horrek ez du azkenik. Eta azkena ez izateaz gain, gero eta gurpil txikiagoa egiten da. Eta pertsona, bere balore sakratu eta guzti, bere interes txikien jostailu izateraino kaskartua geldi daiteke.
Gurpil zoro horrek azkenik ez duela esan dut. Azkena izan badu: barrura sartzea, eta barruari arretaz begiratzea. Sentimentuei jaramon egitea. Ez sentimentuen azaleko grina eta nahiei, prexixo; barruko sentimentu ahaztuei, barruko amets handiei, pertsonaren onena jokoan jartzen duen hondo sakonari.
Esan, edozer esaten dugu, baina egiazko pozak barrutik datoz. Egiazko askatasuna barruan gertatzen da. Gizatasunaren bake barea barruan gertatzen da. «Bestea ere behar da» esan ohi dugu, geure kutizitxoak salbatzeko. Baina beste guztia, kanpoko guztia, alfer-alferrik da, pertsonaren barrua ondo ez badago. Kanpokoak sortzen dizkigun satisfakzio eta gandor-tentetzeak, berehala zimurtzen zaizkigu, barrutik bizi-zukua falta badugu. Pertsona barruan oretzen baita.
Esango duzu Letrango Elizaren jaiak urrutitxo ekarri nauela nire gogoetan. Ez dut uste. Elizak, fededunen Elizak, bai baitu irizpide nagusi bat: pertsonaren balio sakratua! Eta fededunen Elizak, beste inork ez bezala, zaindu behar luke pertsonaren balioa. Beste inork ez bezala jakin behar luke barrua lantzen.
Eta beste inork ez bezala aldarrikatu behar luke pertsonaren balio sakratu hori. Gizarte honetan, azken batean, ez baita erretolikaz ikasten pertsonaren barrua zaintzen. Pertsonaren barrutik sortzen den poza erakutsiko duen jendea behar da. Eta jende hori geuk izan behar genuke, fededunok.
Ez gaitzatela gu ere pertsonaren azalekoetan ikusi, barruko sakonean baizik. Pertsona barruan oretzen baita!
Iñaki Beristain (2014-11-4)