ABENDUKO I IGANDEA

A zikloa

Sarrerako antifona


Jauna, Zugana jasotzen dut bihotza; ene Jainko, Zugan dut uste on; ez nadila lotsa; etsaiak ez bitez nere lepotik poztu; Zugan uste on dutenak ez bait dira lotsatuko.

Kolekta otoitza


Jaungoiko ahalguztiduna,
emaiezu zure fededunei
beren egintza onekin Kristoren bidera ateratzeko gogoa,
egunen batez, Haren eskuin aldean jarririk,
zeruko erreinua iritsi dezaten.
Zure Seme Jesu Kristo… AMEN.

Isaias profetaren liburutik 2,1-5


Isaiasek, Amosen semeak, Judari eta Jerusalen-i buruz izandako ikuskaria:
Azken egunetan, Jaunaren etxearen mendia
sendo izango da ezarria:
muino guztien gaindi, mendi guztien buru;
atzerri-jendeak hara joko du.
Herri asko joango dira, esanez:
‘Zatozte, igo gaitezen Jaunaren mendira,
Jakob-en Jainkoaren etxera:
Berak erakutsiko dizkigu bere bideak,
eta Haren bideziorretan ibiliko gara;
Siondik aterako baita legea,
eta Jerusalendik Jaunaren Hitza’-
Berak epaituko ditu atzerriak,
auzira ekarriko herriak eta herriak.
Golde bihurtuko dituzte ezpatak,
eta igitai, lantzak.
Ez du herrik herriren aurka ezpatarik jasoko,
ez dira gudurako berriz trebetuko.
Zatoz, Jakoben etxe,
gabiltzan Jaunaren argitan.

ERANTZUN-SALMOA 121


ZURE ETXERA GOAZ, JAUNA,
HAUXE DA POZA DAUKAGUNA.
Hau nere poza entzutean:
‘Jaunarenera denok goazen!’
Hara non orain zure atean
hemen gaituzun, Jerusalen!
Uri bildua, uri argi,
gure bihotzen lotugarri.
Gure herritarrak lerroz lerro
Zugana datoz, bihotz bero.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 13,11-14


Senideok: Ezagutu ezazue bizi zareten garaia: ordua da, lotatik esnatzeko; sinesten hasi-berri hartan baino hurbilago dugu gaur gure salbamena. Badoa gaua; gainean dugu eguna; ken ditzagun, beraz, ilunbeetako egintzak eta jantzi argizko armak. Gabiltzan jator, egun-argiz bezala; ez jan-edankerietan eta hordikerietan; ez lohikerietan eta neurrigabekerietan; ez haserre eta elkarrentzako bekaizkerietan. Har ezazue Jesu Kristo Jauna soineko, eta zuen gorputza zaintzeak ez bitza biztu grina txarrak.

ALELUIA


Jauna, zure onginahia erakus iezaiguzu;
zure salbamena emaiguzu. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 24,37-44


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Gizonaren Semearen etorrera Noeren egunak bezala izango da. Uholde aurreko egunetan, jan-edanetan zebilen jendea, eta ezkontzen ziren gizon-emakumeak, Noe kutxan sartu zen eguneraino; eta ez ziren konturatu, uholdea etorri eta guztiak eraman zituen arte; horrela izango da Gizonaren Semearen etorrera ere. Orduan bi lagun izango dira soroan: bata hartua izango da, eta bestea utzia; bi emakume ariko dira errotarrian: bata hartua izango da, eta bestea utzia.
Zaudete erne, beraz, ez bait dakizue zuen Jauna zein egunetan etorriko den. Ba dakizue: etxe-nagusiak baleki, gaueko zein ordutan etorriko den lapurra, erne egongo litzateke eta ez luke bere etxea zulatzen utziko. Zuek ere prest egon zaitezte, uste ez duzuen ordutan etorriko zaizue-eta Gizonaren Semea.


Homiliak

Homilia bakarrik argitaratzen dut, beste gainerako erabilgarri guztiak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik Igandera A urtea han daude monizio guztiak eta Jainko-herriaren otoitza)


Homilia
Abenduan gara berriro. Gaur giro berezia aditzen dugu Elizan: kantuak, jantzi moreak, giro bildua... Eta oihu bat: «Zatoz, Jauna». Abendua dugu.
Abendua. Etorrera. Jauna badator. Askatzaile dator. Elizak dei sinple eta gordina egiten digu: Jauna badator. Eta Etorrera horren aurrean jartzen gaitu. Ezin genezake Etorrera hori ezerezean galdu, izango ez balitz bezala. Nik uste, gure bizitzari sakon begiratu beharra daukagula. Entzun al duzu Ebanjelioa?
Noeren garaian gertatu zenaren eskarmentua hor dago. Zera bezala da: Japonian lurrikara handia izan da aste honetan, eta jendeari itsas-ertzetik urrutiratzeko esan zaio, tsunamiaren arriskua handia zela-eta. Pentsa ezazu norbaitek ez duela dei hori sinesten, eta itsas-ertzean gelditzea erabakitzen duela. Tsunamia etorriko balitz, zer gertatuko litzaioke?
Eskarmentagarri Noeren garaiko parabola, ez uholdea edota zigorra datozkigulako. Ez. Jaunak ez gaitu inoiz zigortzen. Datorrena Jauna bera da. Jauna dator. Eta Jaunaren Etorrera gure bizitza guztian indartsu eta eragile gorde behar dugun egia da. Egia esan dut; esperientzia esan behar nuen, etorreraren esperientzia. Beste era batera galdetuta: gure bizitzan ezer aldatzen ote da Jauna badatorrela sinesten dugulako? Hori da erantzutekoa. Alegia, nire bizitza guztian presente dagoen datoa al da Jaunaren Etorrera. Edo, beharbada, ez diot jaramonik egiten arazo horri? Eta ez dizut esaten, Jaunaren kontra gaudenik. Ez dizut esaten erabat ahaztuak ditugunik gauza horiek. Bai zera! Baina, zer nahi duzu?, nahi edo ez, bizigiroa, egunen joan-etorrian, txepeldu eta indargetu egin ohi zaigu. Eta, ezer berezirik egin gabe ere, Jauna etortzekoa dela ez dugu oso gordin gorde ohi gure bizitzan.
Beno, ba, Elizak sekula santako garrasia jotzen dizu gaur: «Jauna badator». «Zaudete erne». «Prest egon zaitezte». Eta nik badakit gauza askotan sartuta gabiltzala. Nik badakit ez dugula denborarik sobran, beti presaka gabiltzala. Nik badakit gauzak zehatz jakitea gustatzen zaigula, ahal bada kontrolatzeko. Baina, begira: Jaunaren Etorrera ez dago gure esku. Ez da guk egun jakin batean koka dezakegun dato kontrolagarria.
Hori horrela izanik, zer egin edo? Abendua eskaintzen digu Elizak. Presta gaitezen eta erne jar gaitezen, Abendua. Baina prest egotea zer da? Alegia, nik zer aldatu behar dut Abenduan erne bizitzen hasteko? San Paulok egunaren eta gauaren adibide argigarria eman digu. Gaua badoa eta eguna badator. Etorreraren eguna, noski. Eta gaueko edo gauari dagozkion egintzak utzi egin behar genituzke. Eta egunari dagozkion bizibidea besarkatu behar genuke. «Gabiltzan jator, egun-argiz bezala». Zuk jantzi bat jende-aurrera atera behar baduzu, txukuna nahi zenuke. Gauez, ilunpetan, jantzia zikina eduki arren, tira! Baina, egun-argitan ez daukazu txukundu gabe agertzerik! Gure fede-bizitza ilunpetan gordetzeko modukoa da edota argitara azaltzeko modukoa? Jaunaren Etorrera izango da bakoitza bere egian erakutsiko duen egun-argia. Gizakia zikintzen duena zer den? San Paulok esana errepikatzen dizut: «ez» ibili «jan-edankerietan eta ordikerietan, ez lohikerietan eta neurrigabekerietan; ez haserre eta elkarrentzako bekaitzetan». Horiek adibide batzuk dituzu. Horien azpian dagoen jokabide iluna bilduz, San Paulok esaten duena: «zuen gorputza zaintzeak ez bitza piztu grina txarrak».
Abendua. Jauna badator. Esperantzaren argazki koloretsua ari gara antolatzen Gabonei begira. Argiak piztu ditugu kaleetan. Bihotzean piztea da inportantea. Bihotzak ireki. Begiak behartsuengana zabaldu. Jaunaren bihotza itsatsi geure barruan.
Nahiago nuke, erantzun-salmoan esandakoak birresateko pulamentua bagenu: «Hura poza nerea esan zidatenean: bagoaz Jaunaren etxera». Nahiago nuke Abendu honetan Elizaren bideak zintzo jarraitzeko korajea izango bagenu. Nahiago nuke ikusiko bagenu, gutxienera jota ere, Jaunaren Etorrera ez dugula kontutan hartzen.
Abendua dugu, zorionez. Aukera berria Jaunaren bidera gure egintza onekin ateratzeko. Aukera berria Jaunaren zain jartzeko. Antzemango al diogu bizi dugun sasoiari. Jaunaren Etorreraren garaian bizi gara. Zuk, sufritzen duzun horrek, izan itxaropen, Abendua da eta, Jauna badator eta! Zuk, etsipen-punttua sentitzen duzun horrek, gora gero bihotz hori! Etsi? Ez, jauna, Jauna badator eta. Gure sufrimendu eta ilunaldietan ere, bere etorreraren argia pizten du gure Jaunak. Aita on eta errukitsuaren besoetan bizi gara. Ez, goxo-goxo beso horietan ezkutatzeko. Aitaren besoek ematen diguten ziurtasunaz, mundu honen itxaropenak gauzatu nahi ditugu. Mundu berri baten egarria asetzeko ahalegintxoa egin nahi dugu. Jauna badator, eta haren etorrerari dagokion bihotzak eta mundua prantatu nahi ditugu. Hori da Abendua jator bizitzea!
Goazen Eukaristiara. Berritu dezagun gure esperantza. Jar gaitezen abendu-jarrera zintzoan, Jaunak Bere zain aurki gaitzan. Gure fedea berri dezagun, Jaunaren opariak poztu gaitzan.


Iñaki Beristain (2016-11-22)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 24, 37-44) «... Gutxien uste zutenean, uholdea iritsi zen eta denak eraman zituen». Norbaitek mehatxu bezala, kontzientzia bihurritzeko tresnatzat har ditzake hitz hauek. Esan nahi bagenu bezala, ondo portatu behar dela, «nik esan bezala egin behar direla gauzak», hondamendian galdu nahi ez badugu. «Elizaren betiko mehatxu moralak!», esango dizu batek baino gehiagok. Baina, hemen ez dago mehatxurik. Zorionez aspaldi galdu zuen Elizak kontzientziak behar­tzeko boterea. Zorionez!

Baina, Jesusen hitz hauek, erne bizitzeko deiak, badute beren larritasuna. Izan ere, zeinu eta ezaugarri asko dauzkagu gainean, geure biziaz eta gizartearenaz eta izadiarenaz ardura gaitezela eskatuz. Axolagabekeria ez dela ezertarako ona. Axolagabekeriak hondamendia ekarri digula eta ekarriko digula. Beraz, erne bizitzeko garaia iritsi ote den!

Zer ezaugarri, esaten duzu? Bakoitzak geure barruan begiratu behar ditugu lehenengoak. Nola bizi naiz? Zer gizatasun-neurri ematen ari naiz? Zer sentidu daukate gauzek eta gertaerek niretzat? Hainbeste jenderi gainera etorri zaion ezinak eta saminak ez al dit erasaten? Gizartearen gaurko egoerak ez al nau kezkatzen? Nolako zirrara edo zartada ematen didate nire ondoan edo gertuan gertatu zaizkidan heriotza edo gaixoaldiek? Barruan zer nolako bakea edo baretasuna bizi dut? Dena berdin al zait?

Barrutik abiatuta, atera zaitez zeure ingurura. Ez al dizu ezer esaten lanik gabe eta, ondorioz, etxerik gabe geratu direnen zori tristeak? Ez al zaitu barrutik ukitzen eta hunkitzen hainbeste jenderen bizi-ezinak? Axolagabe uzten al zaitu munduan zehar ikusten dugun injustizia eta zapalketa ankerrak? Dena berdin al zait?

Begira izadiari ere. Gertatzen ari diren uholde eta hondamendi handiek ez al digute ezer adierazten? Zer egin dugu eta zer ari gara egiten izadia lumatuz eta txikituz? Nik neure erosotasunari eutsi ezkero, dena berdin zait? Ez ote zaigu iritsi erne prantatzeko ordua!

Fedearen argi eta deiagatik ez bada, gizatasun hutsarengatik, galdera batzuk egiten hasi beharko genuke. Ordua etorri da, garaia etorri da.

Fededunontzat garai egokia da Abendu santua erne jarri eta geure bizitzari astinaldi sakona emateko. Penitentzia sakramentua ospatu, Jainkoaren Hitza aditu eta barne-lan ederrean, geure bizitzari berrialdia opa diogu. Geure barrua, gizartea eta izadia bera ematen ari zaizkigun zeinuei adi jarri behar dugu. Barruko belarriak eta begiak ireki behar ditugu, deiak eta mezuak aditzeko. Geure inguruan guztia mezu bihurtu zaigu, nahiz eta guk ez aditu.

Baina, Abenduak behar adina isiltasun eragingo al digu bizitzan, isiltasunearen giro bilduan, mezuen hitz gordea jasotzeko. Eta, batez ere, Jaunak gure fede apalari ematen dizkion mezu askatzaileak jasotzeko. Mehatxu beharrik ez dago, baina orduari erne jartzeko deia larria da. Beraz, adiskide, orduari erne!


Iñaki Beristain (2013-11-28)

(Igandeko ebanjelioa: Mt 24, 37-44)

Pertsona bat gelditu nahi duzunean, biderik zuzenena eta eraginkorrena, pertsona hori geldotzea da; alegia, pertsona ahultzea, biguntzea. Erosotasunez, gozokeriaz, errazkeriaz inguratu pertsona eta gehiegikeriaren lozorroan etzanarazi. Hortik aurrera, pertsona horrek ez dizu borrokarik egingo, ez dizu inolako eragozpenik sortuko. Horrelakoarengan ez daukazu inolako etsairik. Bere goxokerian erabat kateatua geratu da.

Pertsonaz esaten duguna, gizarteaz ere halatsu esan dezakegu. Gizarte batek bere egoera hobetu nahi duenean, bere zulotik atera eta maila duinagoak lortu nahi dituenean, gizarte horrek indar handia du. Eta kosta ahala kosta, lortuko du bere asmoak bideratzea. Beharrak eta nahiak sortzen duen ametsa eta ilusioa geldi ezina baita. Baina, gizarte bat gehiegikeriaren gaitzak harrapatzen duenean, hortik aurrerako bidea gainbeherakoa izaten da. Eta ez zaizkigu ereduak falta historian zehar.

Eta, besteak beste, gure gizartea gehiegikeriaren gaitzak harrapatu du. Oraindik ez dira urte asko, gure gizarte hau gaztea zen, freskoa, eraginkorra, bizia. Sekulako ongizatea lortu du. Herri honetan lana egin da, eta serio egin ere. Eta, lanaren ondoan, herri honek beste balio batzuk bilatzen zituen: askatasuna, informazioa, heziketa, kultura, hizkuntza garatua... Eta gizarte honek sekulako barne-eragina azaldu zuen. Eredugarria izan dela esango nuke herri honek erakutsi duen pulamentua.

Baina, gaur betikoa ari zaigu gertatzen: helburuak galdu ditugu. Jende askok bere ametsak bete ditu. Jende asko herri honetan ondo bizi gara, eroso, nahi bezala edo. Eta horrek berekin du arriskua: gehiegikeriaren lozorroa. Eta esan dugu: hortik aurrerakoa, gainbeherako historia izan ohi da. Zergatik? Gizartea geldotu egiten delako, lozorrotu. Eta benetako balioen ilusioa itzali egiten zaio. Eta balioak, edo landu egiten dira, edo galdu egiten dira. Eta ematen du gure gizarte honi giharreak lasatu zaizkiola. Eta, kontuz!, ez naiz ari betiko balio tradizionalez; gaurko gizarteari aurrera eragingo dioten balioez ari naiz.

Eta pertsonaz eta gizarteaz esaten dudana, Elizaz ere berdintsu esan behar. Elizarengan ez da gehiegikeriaren geldokeria justu. Pobreziaren eta urritasunaren adore-falta izango da, seguru asko. Gure Elizak ba al du ilusiorik? Gure Elizari gelditzen al zaio bide berriak asmatzeko irudimenik eta sormenik? Lehengoari eusteaz konformatu behar al dugu? Ba al dugu gaurko gizarteari eskaintzeko ezer ilusiogilerik? Ba al dugu gaurko gazteei mundu berri baten ametsa sortzeko eskaintzarik? Ez da gehiegikeriaren arazoa; pobreziaren indar gordean ez sinestea akaso.

Horra zergatik behar dugun Abendu berri bat, bai pertsonak, bai gizarteak eta bai Elizak. «Egon zaitezte prest». Eta prest egoteak esnatzea eskatzen du, erne jartzea, zain prantatzea. Jakina!, bakoitzak aztertu beharko ditu bere barruko jarrerak. Zer espero dion bizitzari. Zer lortu eta sortu nahi duen. Zer den barruak eskatzen dion eginkizuna. Zer helmuga jarri dizkion bere bihotzari. Zergatik borrokatu nahi duen. Bakoitzarena ez dezake inork ordezka.

Abendua hortxe dator berriro ere berritasun-indarrez. Bidean jartzea da kontua. Jaikitzea. Lozorrotik esnatu eta baliozko borroka berritzailean abiatzea. Bestela gureak egin du. Historian zehar hainbeste zibilizazio indartsu ezabatu diren bezala, halaxe geratuko gara gu gehiegikerian lo. Gure haurrei, gure gazteei, zer zerumuga eskaintzen dizkiegu? Neurtu ditzagun ematen ari garen pausoak. Bestela, askori gertatua gertatuko zaigu: geldotuz gelditu egin direla, eta betiko!


Iñaki Beristain (2016-11-22)