URTEAN ZEHAR XV IGANDEA

A zikloa

Isaias profetaren liburutik 55,10-11

Honela mintzo da Jauna:
“Euria eta elurra zerutik jaisten dira,
eta ez dira berriro hara itzultzen,
lurra ase, ernaldu eta lehertarazi gabe,
ereileari hazia eman diezaion,
eta jaleari ogia;
hala izango da nere ahotik ateratako hitza:
ez da Nigana hutsik itzuliko;
baizik egingo du Nik nahi nuena,
eta beteko Nik agindutakoa”.

ERANTZUN-SALMOA 64

ZURE HITZAK, JAUNA,
ESPIRITU ETA BIZI DIRA.
Agertu zatzaizkio lurrari eta euriz beratu duzu,
oparo aberastu duzu.
Jainko-ibaia urez da betea,
eman diezu gari-alea.
Zeure ondasunez burutu duzu urtea,
guritasunez jarioka daude zure bideak.
Mendiko larreak hor daude guri,
eta muinoak atseginez apaindurik.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8.18-23

Senideok: Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira, gero gugan azalduko den aintzaren aldean. Izadia bera ere zain-zain dago, Jaungoikoaren seme-alaben agerkunde beteari itxaroten. Hutsaren menpeko egina baitago; ez, ordea, bere nahiz, menperatu zuen harengatik baizik. Baina, beti ere, izadiak berak badu itxaropen, ustelkeria-morrontzatik aterata, Jaungoikoaren seme-alaben aintzazko askatasunera iritsiko dela.
Badakigu, jakin ere, izadi osoa orain arte, erdiminez eta intzirika dagoela, eta ez hura bakarrik; bai gu ere, Espiritua lehen-dohain bezala daukagunok, intziriz gaude geure barruan, noiz Jaungoikoaren seme-alaba izango, noiz gure gorputza salbatuko!

ALELUIA Hazia Jainkoaren hitza da; ereilea, berriz, Kristo;
Honi aditzen dionak izango du betiko bizia. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 13,1-23

Aldi hartan, Jesus etxetik atera eta itsas ertzean eseri zen. Jendetza haundia bildu zitzaion inguruan, eta horregatik ontzixka batera igo zen, eta han eseri. Jende guztia itsas bazterrean zegoen.
Gauza asko esan zien parabolatan:
- “Atera zen ereilea ereitera: Eta ereitean, hazi batzuk bide bazterrean erori ziren; etorri ziren txoriak, eta jan egin zituzten.
Beste batzuk, lur gutxi zegoen leku harritsu batean erori ziren; berehala jaio ziren, lurra ez bait zen lodia; baina eguzkia atera orduko, erre egin ziren eta, zainik ez zutelako, ihartu.
Beste batzuk arantz artean erori ziren; eta arantzek, hazi zirenean, ito egin zituzten.
Beste batzuk lur onean erori ziren, eta eman zuten alea: batzuek bateko ehun, besteek hirurogei, eta besteek hogeitamar.
Belarririk duenak, entzun dezala”.
[Ikasleek, hurbilduta, galdera hau egin zioten Jesusi:
- ‘Zergatik hitzegiten diezu parabolatan?’
Harek erantzun zien:
- “Zuei eman zaizue, zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horiei, berriz, ez. Izan ere, duenari eman egingo zaio eta gainezka izango du; baina ez duenari, duen hura ere kendu egingo zaio. Horregatik hitzegiten diet parabolatan: begiratu arren, ez dutelako ikusten; entzun arren, ez dutelako, ez aditzen, ez ulertzen. Horietan betetzen da Isaias profetak esandako hura:
Zuen belarriz entzungo duzue, eta ez duzue ulertuko;
zuen begiz begiratuko duzue, eta duzue ikusiko;
gogortu egin bait da herri honen bihotza.
Belarri-gogorrak dira
eta begiak itxi egin dituzte:
begiz ez ikusteko, eta belarriz ez entzuteko;
bihotzez ez ulertzeko, eta ez bihotz-berritzeko,
Nik senda ditzadan.
Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako; eta zuen belarriak, entzuten dutelako. Benetan diotsuet: Profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan zuen, zuek ikusten duzuena, eta ez zuten ikusi; eta entzun, zuek entzuten duzuena, eta ez zuten entzun.
Entzun, beraz, zuek ereilearen parabola:
Erreinuko hitza entzun bai, eta ulertzen ez duenari, Gaiztoak, etorrita, kendu egiten dio bihotzean ereindakoa; hori da bide bazterrean ereindakoa.
Lur harritsuan ereindakoa, hitza entzuten duena da eta, berehala hartan, pozik hartzen duena; baina zainik ez du, ezta iraupenik ere; eta hitz hori dela-eta erasoa eta nekea sortu orduko, berehala hutsegiten du.
Arantz artean eraindakoa, hitza entzuten duena da; baina munduko grinek eta aberastasunen lilurek hitza ito egiten dute, eta uztarik eman gabe gelditzen da.
Lur onean eraindakoa, berriz, hitza entzun eta ulertzen duena da. Hark, bai, ematen du alea: honek bateko ehun, hark hirurogei, besteak hogeitamar”.]

Homiliak

Fededun bezala dagokigun eginkizuna, eman zaigun misioa, alde batera utzi ohi dugu inoiz, ez dugulako ikusten egiten dugunaren fruiturik edo emaitza egokirik. Iruditzen zaigu, lortzen dugun fruituak ez duela hainbeste ahalegin merezi. Fruitua ez da kontrola daitekeen zerbait eta hortik etorri ohi zaizkigu arazoak. Kontrolatzea gustatzen zaigu inondik ere. Asko kostatzen zaigu Jainkoaren egintzan sinestea. Geure kontrolean sinesten dugu edo geure idealetan sinesten dugu, baina Jainkoaren egintzan nahiko lan! Errealistak baldin bagara, geure kontrolean sinesten dugu, fruitua kontrolatu ahal izatean. Eta idealistak baldin bagara, berriz, geure idealetan. Baina, Jainkoaren egintza eragin handikoa dela, bere fruitua beti ematen duela? Hori ezin dugu sinetsi! Erreinuko parabolak irakurtzen hasi gara gaur. Erreinuak beti du bere eragintasuna, gure moldekoa ez bada ere. Jainkoak ari du bere lana eta ematen du bere fruitua, guk nahi eta uste bezala ez bada ere.

Erreinua etorri zen Jesusekin, eta etortzen ari da Jesusen jarraitzaileekin. Baina, etorrera hori Jesusen erara gertatzen da, ez gure erara. Nola jokatzen du Jainkoak? Erein egiten du Erreinuaren hazia, eta zain geratzen da. Ez zaio inori inolaz ezartzen Erreinua. Erreinua eskaini egiten zaigu. Eta lurrak bere harrera ona egiten dion neurrian, Erreinuak bere fruitua ematen du. Erreinua giza askatasunarekin estu lotua dago. Gizakiak nahi ez badu, Jainkoak ez du indarrez inor derrigortzen. Askotan iruditzen zaigu Erreinua gehiegiz lotua dagoela giza askatasunarekin. Eta era horretan bere eragintasuna galdu egiten duela. Eta halaxe da, askatasuna errespetatuz jokatzen du Jainkoak, baita Jesusek ere.

Itxurak bestelakoak badira ere, Erreinua hazten ari da. Baina hori ikusteko, sinetsi egin behar da. Jainkoaren misio horretan sinesten duenak, badaki pazientzia izaten, badaki itxoiten, badaki gauzak bere horretan onartzen. Misioan sinesten ez duenak egoerak eta gauzak behartu egiten ditu, dena bere eskemetara tolestatu nahi izaten du. Baina, Ebanjelioaren misioan dabilenak giza bihotzarekin eta giza bihotzaren erreakzioekin kontatu behar du, eta beronen ahuldade eta gorabeherekin. Nor bakoitzak ongi daki bihotzean daukan Erreinua ez zaiola merezita eman, doan baizik. Eta, hori begiratuz, doakotasuna ikasten du besteekiko bere jokaeretan ere. Ondo ezagutzen dugu giza bihotzaren ahultasuna eta ezina. Eta Erreinua hortxe gertatzen da.

Baina, Jainkoaren Erreinua hazten ari dela esateak ez du esan nahi, haziak automatikoki jokatzen duenik, ez. Erreinuaren haziak lur ona eskatzen du. Eta hemen zerikusi handia dute gure barruko jarrerek. Jainkoak beti errespetatzen baitu gure jarrera. Gaurko Ebanjelioak jarrera batzuk aipatu dizkigu:

1) Ulertzen ez dutenen jarrera: ez daukate ezer aldatzeko interesik eta ez dute Ebanjelioaren eskakizunik berentzako hartzen. Gauzak ongi egiten dituzte, zintzoak dira eta ez dute ulertzen barruko jarreren aldaketa eskatzen zaiela. Erreinua ez baita gure zintzotasunean gertaten, bihotz berrituan baizik.

2) Bigarrenik, sendotasunik ez dutenak: badakite Erreinua zer den eta Erreinuaren alde daude eta ilusioz, baina beren bizitzari arazoak sortzen zaizkiola ikustean atzera egiten dute; ez dute beren bizitza konplikatu nahi, ez dute arazorik nahi. Ez daude Erreinuaren sufrimentua beren gain hartzeko prest.

3) Hirugarrenik, ondasunen atzaparretan harrapatuta daudenak: aberatsak, alde batetik; eta, bestetik, dena hobeto bizitzeko ahaleginetan biltzen dutenak. Ez dakite ezer sakrifikatzen Erreinuarengatik. Gauza hau eta bestea eta bestea... oso dira inportanteak. Eta munduko gauza bakoitzari inportantzia handia emanez, Erreinuari inportantzia kendu egiten diote. Erreinua, gehienez ere, beste gauza askoren artean gauza bat da!

Hiru lur hauetan ez du haziak atarramentu onik!

Jarrera horiekin identifikatuak sentitzen gara neurri handi batean, ez al da egia? Eta, hala ere, Erreinua aurrera doa. Jainkoak ez du huts egiten. Euriak lurra bustitzen duen bezala, Jainkoaren dohainak ere bere tokia aurkitzen du beti. Guk ez dugu geuretik kontrolatuko, ez dugu ikusiko. Baina, Jainkoak ongi daki zertan ari den. Erreinuaren haziera oso gordea da askotan, baina egiazkoa. Oso neurkaitza, baina nabarmena.

Gure bizitzara begira dezakegu, Erreinuaren haziera eta gure lanaren fruitua askotan gordea dela ohartzeko: seme-alaben heziera begira dezagun, esate baterako. Ez dugu emaitzarik ikusten. Ereilearen jakituria behar da: erein eta itxoiten jakin, bere orduan bere fruitua eman dezan. “Bere” orduan eta “bere” fruitua. Ez “gure” orduan eta “gure” fruitua. Bere ahalegin guztia jartzen du ereileak, baina askatasunaren misterio lotuezina errespetatu behar du. Landareak ez dira gehiago hazten hostoetatik tiraka. Haurrak hezitzeko, eguneroko ahalegin itxaropentsua behar da, ez egun bateko saio ezartzailea. Gaixoen zainketan, katekesian, elkarte baten arduran, pastoraltzan, taldeetako lanean..., denetan pazientzia behar da. Eta pazientzia edukitzeko, haziaren barne-indarrean sinestu behar!

Zergatik galtzen dugu hain erraz gure adorea? Ebanjelioko eragintasuna nola ulertzen dugu? Gure asmoen frakasoa integratuta al daukagu? Erreta al gabiltza? Gure fruitu-ametsak ez al du makurtu nahi barruko aldaketa sakonen esperoan? Egunero jarraitu behar dugu hazia ereiten. Sinesmen berriz, ilusio saiatuz, eskuartean daukagun misioan sinestuz, aurrerantzean ere hazia ereingo dugu! Jainkoak ongi daki zertan ari den!

Eta beste gauza bat: haziak beti ematen du fruitua, tokirik zailenean ere! Sekula ez al duzu ikusi, landare txiki bat harri artetik sortzen? Baldintzak zailak izaki, larri dator, ezinez. Baina hantxe sortzen da. Giza bihotzetan ere, sinesten ez dutenengan ere, gaiztotzat jotzen direnengan ere... sortuko da! Sortzen da! Gutxien uste dugun tokian ere sortzen da landaretxoa. Erreinuak indar handia baitu beregan!

Eukaristia ospa dezagun. Jainkoak bere Erreinuaren hazia ereiten du orain ere gure bihotzetan, eta gizon-emakume guztien bihotzetan. Utz diezaiogun Erreinuari hazten.

Iñaki Beristain (2014-7-10)

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

Iñaki Beristain (2017-7-11)

Beti bidean, beti bila

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 13, 1-23) Haziaren atarramentua ez dago kontrolatzerik. Ereileak erein dezake eta gero haziari berezko jardunean laga behar zaio, berak berez ematen duena eman dezan. Ez dago erritmoak aldatzerik. Ez dago zenbatekoa behartzerik. Ez dago, azken batean, haziaren ibilbidea aldatzerik.

Lehen landaretxoa ateratzeaz bat has zintezke hostoetatik tiraka, azkarrago haz dadin. Ez alferrik!, landarea hondatzea besterik ez duzu lortuko. Haziari bere legea errespetatu behar zaio.

Jesusek bere asmoaren zoria haziarenarekin konparatu zuen. Jesusek gizakiontzat ekarri duen proiektuak haziaren lege berak ditu. Eta lege horretara errenditzen ez denak ez du ulertuko sekula nola jokatzen duten eta nola gertatzen diren Jainkoaren asmoak. Eta horretatik letorke ebanjelizatzaile askoren nekea. Eguneroko jardunak sortzen duen nekeaz gain, eta hori baino okerragoa, gauza kontrolatu nahi eta ezinaren nekea izan daiteke.

Guri dagokiguna, Berri Ona zabaldu nahi duen fededunaz ari naiz, ereitea da. Hazia botatzea. Ugari bota. Nonahi bota. Leku edo lur desberdinetan suertatuko da hazia. Baina beti ematen du bere fruitua. Emaitzak oso desberdinak izan daitezke, eta hala izan ohi dira; baina haziak beti ematen du bere fruitua. Ereileak ezin dezake erein baino beste askorik egin. Erein eta pazientzia izan. Erein eta haziaren berezko jarduerari itxoin. Utzi gauak eta egunak igarotzen, eta zain egon. Zain egon, edo zain jardun. Pazientziazko jarrera, egotea baino aritzea baita.

Lurrari ere lagun diezaioke ereileak, egia da. Orain bezalako lehortea parean tokatzen denean, ura eman diezaioke. Baina, ureztatzean ere, alferrik da ura eman eta eman jardutea. Ura ere bere neurrian, bestela hazia gal daiteke. Ikusten dena zera da: haziaren beraren erritmoa ezin daitekeela behartu. Haziak duen egin beharrekoa ezin dezakeela ereileak ordezkatu. Laguntza guztiak eman bai, baina beti haziaren atarramentua errespetatuz.

Gaur oso zaila da ebanjelizatzailearen lana. Ez da haziaren fruitu handirik azaltzen. Badirudi lehorteak erre dizkigula bazter guztiak. Gainera, Jesusen mezuaren hazi txikiak eman dezakeen fruitua ez da izaten guk nahi genukeen motakoa eta neurrikoa. Eta, komunikabideetan aireratzen direnei kaso egin ezkero, bistakoa da oso zaila dela Ebanjelioko haziaren fruituez jabetzea. Gehiago esango genuke: gaurko komunikazio-burrundara builosoaren erasanez, ematen du ez duela Ebanjelioak inolako fruiturik ematen, ez handirik eta ez txikirik. Fedearenak egin duela, alegia!

Baina, ez du egin. Hazi orok ematen du fruitua, eta Ebanjelioarenak ere bai. Ereileok ikasi beharko dugu haziari bere erritmoan uzten. Ohitu beharko dugu fruitua ez kontrolatzen. Ohitu beharko dugu azaleko itxura baino sakonago begiratzen.

Eta argi ikusten da, oraindik ere emaitza handia dakarrela Berri Onak: poza, barruko askatasun estimagarria, behartsuekiko maitasuna, munduko eta inguruko pobreekiko hurbiltasuna, justiziaren aldeko borroka, harremanetarako bihotz handia, kartzelatuekiko bisitak, baztertuei luzatzeko esku irekia, bakartienganako konpania-eskaintza...

Egia da, gaur ereileok oso nekatuta aurkitzeko arriskua daukagu. Baina gaurko ebanjelio-zatia arretaz irakurri eta hausnartzen badugu, ez daukagu zertan etsirik. Haziaren indarra, berezko indarra, guk uste baino askoz handiagoa da. Eta horek itxaropena sortzen du, aurrera egiteko adorea, ereite-lehian jarraitzeko arnasa. Haziak merezi du ereile nekatuon ahalegina!

Iñaki Beristain (2014-7-10)

Haziaren atarramentua ez dago kontrolatzerik. Ereileak erein dezake eta gero haziari berezko jardunean laga behar zaio, berak berez ematen duena eman dezan. Ez dago erritmoak aldatzerik. Ez dago zenbatekoa behartzerik. Ez dago, azken batean, haziaren ibilbidea aldatzerik. Lehen landaretxoa ateratzeaz bat has zintezke hostoetatik tiraka, azkarrago haz dadin. Ez alferrik!, landarea hondatzea besterik ez duzu lortuko. Haziari bere legea errespetatu behar zaio.

Jesusek bere asmoaren zoria haziarenarekin konparatu zuen. Jesusek gizakiontzat ekarri duen proiektuak haziaren lege berak ditu. Eta lege horretara errenditzen ez denak ez du ulertuko sekula nola jokatzen duten eta nola gertatzen diren Jainkoaren asmoak. Eta horretatik letorke ebanjelizatzaile askoren nekea. Eguneroko jardunak sortzen duen nekeaz gain, eta hori baino okerragoa, gauza kontrolatu nahi eta ezinaren nekea izan daiteke.

Guri dagokiguna, Berri Ona zabaldu nahi duen fededunaz ari naiz, ereitea da. Hazia botatzea. Ugari bota. Nonahi bota. Leku edo lur desberdinetan suertatuko da hazia. Baina beti ematen du bere fruitua. Emaitzak oso desberdinak izan daitezke, eta hala izan ohi dira; baina haziak beti ematen du bere fruitua. Ereileak ezin dezake erein baino beste askorik egin. Erein eta pazientzia izan. Erein eta haziaren berezko jarduerari itxoin. Utzi gauak eta egunak igarotzen, eta zain egon. Zain egon, edo zain jardun. Pazientziazko jarrera, egotea baino aritzea baita.

Lurrari ere lagun diezaioke ereileak, egia da. Orain bezalako lehortea parean tokatzen denean, ura eman diezaioke. Baina, ureztatzean ere, alferrik da ura eman eta eman jardutea. Ura ere bere neurrian, bestela hazia gal daiteke. Ikusten dena zera da: haziaren beraren erritmoa ezin daitekeela behartu. Haziak duen egin beharrekoa ezin dezakeela ereileak ordezkatu. Laguntza guztiak eman bai, baina beti haziaren atarramentua errespetatuz.

Gaur oso zaila da ebanjelizatzailearen lana. Ez da haziaren fruitu handirik azaltzen. Badirudi lehorteak erre dizkigula bazter guztiak. Gainera, Jesusen mezuaren hazi txikiak eman dezakeen fruitua ez da izaten guk nahi genukeen motakoa eta neurrikoa.

Eta, komunikabideetan aireratzen direnei kaso egin ezkero, bistakoa da oso zaila dela Ebanjelioko haziaren fruituez jabetzea. Gehiago esango genuke: gaurko komunikazio-burrundara builosoaren erasanez, ematen du ez duela Ebanjelioak inolako fruiturik ematen, ez handirik eta ez txikirik. Fedearenak egin duela, alegia!

Baina, ez du egin. Hazi orok ematen du fruitua, eta Ebanjelioarenak ere bai. Ereileok ikasi beharko dugu haziari bere erritmoan uzten. Ohitu beharko dugu fruitua ez kontrolatzen. Ohitu beharko dugu azaleko itxura baino sakonago begiratzen. Eta argi ikusten da, oraindik ere emaitza handia dakarrela Berri Onak: poza, barruko askatasun estimagarria, behartsuekiko maitasuna, munduko eta inguruko pobreekiko hurbiltasuna, justiziaren aldeko borroka, harremanetarako bihotz handia, kartzelatuekiko bisitak, baztertuei luzatzeko esku irekia, bakartienganako konpania-eskaintza...