URTEAN ZEHAR XVI IGANDEA

A zikloa

Jakinduriaren liburutik 12,13.16-19

Ez da Zu beste jainkorik;
gauza guztien ardura duzu,
horrela erakusteko, ez duzula zuzengabe epaitzen.
Zure indarra zuzentasunaren hasiera da,
eta guztien Jaun izateak
guztien barkatzaile egiten zaitu.
Guztiz ahaltsu zarela sinesten ez duenari,
zure indarra agertzen diozu;
eta zapaltzen duzu
indar horren berri ez dutenen ausardia.
Zuk, agintari guztiz ahaltsu Horrek,
neurriz epaitzen duzu,
eta begirapen handiz erabiltzen gaituzu,
nahi duzun guztia egin baitezakezu.
Horrela eginez irakatsi diozu zure herriari,
gizon zuzenak bihotz oneko izan behar duela,
eta zure semeei itxaropen ona eman diezu,
bekatuen ondoren damu-bidea ematen duzula.

ERANTZUN-SALMOA 85

ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Ona zara, Jauna, eta gupibera,
deitzen zaituzten guztientzat onginahiz betea.
Entzun, Jauna, nire otoitza,
adi nire eskariaren hotsa.
Izan ere, Zu, Jauna,
Jainko errukior zaitut eta onbera,
berant-haserre, guztiz maitekor eta leiala.
Begira iezaidazu eta erruki zakizkit.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,26-28

Senideok: Espiritua datorkigu gure ahuleriaren lagun, guk ez baitakigu zer eta nola eskatu; Espirituak berak eskatzen du, ordea, gure alde, esan ezin halako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituenak ezagutzen du zer den Espirituaren gogoa, eta Espirituak Jaungoikoaren asmoen erara eskatzen duela, zintzoen alde.

ALELUIA Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,

zure erreinuko misterioak
jende xumeari erakutsi baitizkiozu. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 13,24-43

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zion jendeari:
- “Zeruetako erreinua, bere soroan hazi ona erein zuen gizonaren antzekoa da. Mutilak lo zeudelarik, etorri zen etsaia, eta gari artean iraka erein eta hala aldegin zuen. Garia ernetzen eta burutzen hasi zeneko, han azaldu zen iraka ere. Etxeko mutilak joan zitzaizkion nagusiari, eta esan zioten:
- ‘Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik dator, bada, iraka?’
Nagusiak erantzun zien: ‘Etsairen batek egin du hori’.
Mutilek orduan: ‘Nahi al duzu, biltzera gu joatea?’
Eta nagusiak: ‘Ez! Iraka biltzen hasita, bai bait liteke irakarekin batean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uzta arte; eta uzta-garaian esango diet igitariei: Bil ezazue lehendabizi iraka, eta lotu balatan erretzeko; garia, berriz, pila ezazue nire galtegian’”.
[Beste parabola hau ere esan zien:
- “Zeruetako erreinua, gizon batek bere soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina hazten denean, beste barazki guztiak baino landare haundiagoa gertatzen da, eta zuhaitz egiten; etortzen dira txoriak, eta haren adarretan egiten dute habia”.
Beste parabola bat esan zien:
- “Zeruetako erreinua orantzaren antzekoa da; emakume batek hartu eta hiru lakari-irinetan sartzen du, eta orantzak ore guztia harrotzen du”.
Guzti hauek parabolatan esaten zizkion jendeari; eta parabolarik gabe ez zien hitzegiten, profetak esana bete zedin:
Parabolatan zabalduko dut nire ahoa;
eta lurra lur denetik ezkutuan daudenak
agertuko ditut.
Orduan Jesus, jendea utzirik, etxera joan zen. Ikasleak hurbildu zitzaizkion, esanez:
- ‘Argi iezaguzu soroko irakaren parabola’.
Jesusek erantzun:
- “Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa, mundua; hazi ona, erreinuko semeak dira; iraka, berriz, Gaiztoaren umeak; erein duen etsaia, deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.
Beraz, iraka bildu eta sutan erretzen den bezala, hala izango da munduaren azkenean. Gizonaren Semeak bidaliko ditu bere aingeruak, eta hauek bilduko dituzte, Haren erreinutik, erorbide izan diren guztiak eta gaizkile guztiak. Eta su-labera botako dituzte: han izango da negarra eta hotz-karraska! Orduan zintzoek eguzkiak bezala argi egingo dute, beren Aitaren erreinuan.
Belarririk duenak, entzun dezala”.]

Homiliak

Senideok: Jainkoaren Erreinua aurrera doa. Fedeak ez du horren zalantzarik. Askotan Jainkoaren Erreinuaren norabideak eta jokamoldeak guk uste ez bezalakoak baldin badira ere, Jainkoaren Erreinua aurrera doa. Hauxe dugu gure poza eta gure esperantza. Eta, seguru asko, hauxe dugu gure fedeak daukan arazorik eta argitu-beharrik nabarmenena ere. Alegia, Jainkoaren Erreinua aurrera ote doa? Jokatzen ari ote da? Zergatik ez da ikusten? Zergatik ez zaio argi eta garbi antz ematen? Zergatik ez ditu Jainkoak zehatz-mehatz erabakitzen mugak: honaino Erreinua da, hemendik aurrera ez da Erreinua? Zergatik ikusten ditugu gauzak hain nahasiak eta hain ulergaitzak?

Jainkoak ez du, ordea, guk daukagun presa eta argitu-beharrik. Jainkoak pazientziaz eta eramanpen handiz jokatzen du. Jainkoak denbora ematen dio Erreinuari. Jakinduriaren liburuak esan digun bezala, «Zuk begirapen handiz erabiltzen gaituzu». Jainkoa barkatzailea da, eta guztien ardura du. Eta ez ditu gauzak berehala batean, abantada batean, erabakitzen eta epaitzen. Bere bihotz errukiorrak ikuspegi zabala ematen dio. Eta bere ahalmen handia, bere eramanpen horretan azaltzen du.

Benetan ikasgai ederra aurrean daukaguna: esparruak eta mailak erabat argituak eta sailkatuak eduki nahia, ez da ona eta onartzekoa. Jainkoaren Erreinuko soroan denentzako tokia dago. Eta epaia, galbahetze-lana, azkenean Jaunak berak egingo du. Beraz, azken epaia iritsi bitartean, bihotz handikoak izaten ikasi beharko dugu. Gure ustez gaizki eta oker jokatzen dutenekin ere bihotz handikoak izan behar dugu. «Gizon edo emakume zuzenak bihotz oneko izan behar du» esan digu lehenengo irakurgaiak. Eta ikasi behar dugun bigarren gauza zera da: besteek ere badutela guri erakustekorik. Besteengana bihotz zabalez hurbildu behar dugula, gaiztoaren eta zintzoaren arteko mugak garbiegi finkatu gabe.

Beste arrisku bat ere gainditu behar dugula uste dut; Erreinua portaera eta alor jakin batzuri lotzeko arriskua. Alegia, Jainkoaren Erreinuak nonahi eta noiznahi jokatzeko eskubiderik ez balu bezala. Erreinua esparru jakin batzuri lotzeko tentazioa da. Hau honelakoa da eta horrek ez dauka Erreinurik. Hura halakoa da eta hark Erreinua dauka. Jainkoa eta Erreinua libreak direla ez genuke ahaztu beharko. Eta askatasun hori errespetatu egin beharko genuke. Inork errespetatzekotan, guk. Bestela, eta galdera hutsa da, hazi ona izan ustez gabiltzanok ezin ote gintezke iraka bihurtu, hazi txarra? Erne badaezpada ere!

Erreinua, Erreinua,... esan bai, baina non ikusten da Erreinua? Non dago? Zertan antz ematen zaio? Ba al du indarrik eta eraginik? Eta hemen ere bada baztertu beharreko beste arrisku nabarmena: Erreinua eta indarra uztarri berean lotu nahia. Erreinuak gure ahalmen-eskemen arabera funtzionatu behar balu bezala. Jainkoaren Erreinua izaki, ahalmenez eta eragintasunez azaldu behar balu bezala. Tentaldi oso usua da. Baina, mostaza haziaren parabola hortxe daukagu. Hazi txikia da Erreinua. Txikiena. Ez da handikeriaz eta ahalmenez azaltzen den horietakoa. Txikian eta ahulean ematen ditu Erreinuaren haziak bere fruitu onenak. Txikia izanda ere, ordea, horrek ez du esan nahi hutsa denik. Ez. Giza bizitza osoaren habi izateko tokia du mostaza-hazitik sortzen den zuhaitzak. Erreinua gure gizatasunaren habi! Ederra! Kabi horretan har dezakezu zure fede-bizitzan atseden.  Fede-bizitzan eta giza bizitzan! Atseden estimagarria!

Beste ikasgai bat ere azpimarratu nahi dizut, gehiegi irizten ez badiozu, entzule adiskide. Legamiaren edo orantzaren ikasgai bikaina. Jainkoaren erreinua barrutik kanpora gertatzen da, ez kanpotik barrura. Ore-barnean sartu eta orea altxatzen du. Horrela jokatzen du Jainkoak, eta horrela jokatu behar dugu guk ere. Zergatik ote da, beti kanpotik espero ditugula aldaketa handiak? Erabaki handietatik, agintariengandik... Ez, ez. Barrutik. Legamiaren antzera. Zure eguneroko zerbitzu txiki hori. Inork eskertzen eta ikusten ez dizun laguntzatxo hori, zure eguneroko borondate  saiatu hori... Ore handia altxatzeko ez da legami asko behar. Baina, hori bai noski, legamiak legami izan behar du. Zergatik ez duzu pentsatzen Jainkoak ere legami puxka bat bezala bidali zaituela zure munduaren ore handi horretara. Jainkoaren erregetza aitortzen eta onartzen ez duen ore handi horretan, gure gizartean, zergatik ez sinestu legamiaren indar berritzaile horretan? Zergatik ez? Ez ezazu ahaztu legamia Jainkoaren Erreinua dela!

Bai, Erreinua ari da bere ezkutuko lana burutzen. Eta izadi osoa antsika eta grinaz dago Jainkoaren Erreinua noiz ezarriko era betean. Espirituaren egarriak eraginda aurrera egiten dugu gure lan apal eta zerbitzarian. Badakigu zertan ari garen. Ez dugu etsiko, Jainkoaren eraginak baikaramatza aurrera. Pazientziaz, bihotz handiaz, txikiaren indarra sumatuz eta, batez ere, eguneroko lan gordea burutuz, Jainkoaren erregetza ederra zabalduko dugu. Eta, azkenean, mundu hau, gure gizarte maite hau, Jainkoaren erregetzara errendituko da. Jainkoaren erregetza, askatasuna eta gizatasuna baita. Edertasunaren betea baita.

Goazen, giro honetan Eukaristia ospatzera. Jainkoaren Erreinua hortxe datorkigu. Ogi pusketa baten txikian Erreinu berritzailea. Ardo pixka batean, legamiaren eragintasuna. Ospa dezagun pozik Erreinuaren festa! Erreinua aurrera doa eta!

Iñaki Beristain (2014-7-16)

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

Iñaki Beristain (2017-7-19)

Beti bidean, beti bila

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 13, 24-43) Gaurko ebanjelioak parabola bat baino gehiago aipatzen digu. Gogoeta honetan, lehenengoari heldu nahi diot. Jesusek egunero ikusten zituen Palestinako soroak eta landak. Gari-soro eder haietan behin baino gehiagotan nekazariei sortzen zitzaien irakaren arazoa ere ezagutzen zuen, noski. Eta nekazal munduko esperientzia hori hartzen du parabolatzat Erreinuaren dinamika adierazteko.

Izan ere, Jesusek bazekien Testamentu Zahar osoan izan zela eskandalu handia gaitzaren arazoa zela eta. Jainkoa ona baldin bada, nola gaitza?, zergatik gaitza?, nondik gaitza? Jainkoaren Erreinua zintzoentzat baldin bada, nola ulertu gaiztoek arrakasta handiagoa eta errazagoa izatea mundu honetan? Zertarako saiatu zintzo jokatzen, zintzo jokatzeak inolako aurrerapenik sortzen ez badu? Hauek denak, noski, garai hartako galderak izango balira... Baina, gaur-gaurkoak ere badira.

Gure gizartean eta mundu osoan gaitzak duen indarra ez dago azalpen handitan agertu beharrik. Aski da edozein hedabideren minutu pare bat, gaitzaren eta injustiziaren presentziaz ederki asko jabetzeko. Emakumeen kontrako tratu txarrak direla, itsasoan ehundaka hiltzen diren pateretako etorkin baztertuak direla, gogorkeriak beldurrez biziarazten dituenak, isiltasun errudunean torturatzen den hainbeste pertsona; hitz batean esateko, hainbeste giza eskubide hankapean zukutua!

Non da Jainkoa? «Ez al zenuen hazi ona erein soroan?». «Etsaiak egin du hori». Eta setati eta temoso hor dago gaitza gure artean. Gaitzaren errua Jainkoari egotzi edo agintariei egotzi edo herri aberatsei egotzi edo egiturei egotzi edo zorte txarrari egotzi edo nahi denari egotzi, gaitza hor dago, gaitza hemen dago.

Eta gaitzaren presentzia horretara ez makurtu nahi, eta gaitza deserrotzeko presa sartzen zaigu, berehala batean desegin nahi dugu gaitzaren indarra. Batez ere, fededunok, Ebanjelioa zabaltzeko eginkizuna daukagunok, munduaren salbatzaile izateko tentazioa sentitzen dugu. Gaitza desegin beharra daukagu! Jainkoak egin ez duena guk egin nahi, ea harena konpontzen dugun!

Jesusek Erreinuaren dinamika nola den esaten digu. Ahalegin guztia egin behar dugu, noski, soroan hazi ona ereiten. Alegia, gaitzari ahal den aukera gutxien utzi behar diogu. Izan ere, askotan gaitza geuk ereiten baitugu geure injustiziaz. Eta geure esku daukagun gaitza ekidin beharra daukagu inolaz ere.

Gure ahalegina eta guzti, gaitza datorkigunean baina, alferrik da gaitzari aurre egitea; beti gu baino indartsuagoa baita. Gogoz kontra bada ere, gaitzari onaren erdian bizitzen utzi beharko diogu. Gure esku ez dagoen gaitzaren presentzia aitortu eta integratu egin behar dugu geure bizitzan. Ez zaigu tokatzen mundua salbatzea. «Utzi igitaitzera arte». Etorriko da gaitza onarengandik bereizteko eguna. Onaren eta gaitzaren epaia, azken epaia, Jainkoaren eskuetan uzten dugu.

Bien bitartean, zer?, etsi?, utzi? Bien bitartean, maitasunaren pazientzia. Maitasunaren borroka, gaitzari ahalik eta barruti gehien jateko. Baina, geure barrua neurriz kanpo estutu eta derrigortu gabe. Jainkoaren presentzia ongilean sinesten dugunok badakigu Jainkoa ari dela bere Erreinu maitasunezkoa eraikitzen. Badakigu Erreinu hori eraikitzeko, badakiela Jainkoak gertatzen zaigun gaitzaz ere baliatzen.

Ezer baldin bada gaitzaren pozoi hiltzailea indargabetzeko, hori maitasuna da. Maitasunaren borroka egitea tokatzen zaigu, baina gaitzaren azken erantzule sentitu gabe, geure kontzientzia errudun-pisuz astundu gabe. Maitasunaren borroka egin, maitasunak gaitza sendatzen digula sinetsiz. Maitasunak erakutsiko digu gaitzarekin ere bizitzen, bizia Jainkoaren esku onenetan utziz.

Iñaki Beristain (2014-7-16)

Gaurko ebanjelioak parabola bat baino gehiago aipatzen digu. Gogoeta honetan, lehenengoari heldu nahi diot. Jesusek egunero ikusten zituen Palestinako soroak eta landak. Gari-soro eder haietan behin baino gehiagotan nekazariei sortzen zitzaien irakaren arazoa ere ezagutzen zuen, noski. Eta nekazal munduko esperientzia hori hartzen du parabolatzat Erreinuaren dinamika adierazteko.