URTEAN ZEHAR XXIV IGANDEA
A zikloaSirak-en liburutik 27,33-28,9
Iguingarri dira gorrotoa eta haserrea;
hoien jabe da bekataria.
Bendeku egiten duenak,
bendeku hartuko du Jainkoarengandik,
eta Jainkoak zorrotz eramango du
haren bekatuen kontua.
Barka zure lagunurkoari berak hutsegina,
eta hala, zuk eskatzean,
zuri ere barkatuko zaizkizu zure bekatuak.
Gizon batek beste bati gorrotoa baldin badio,
nola eskatu Jaunari osasuna?
Gizonak bere kidekoarentzat errukirik ez badu,
nola otoitz egin bere bekatuengatik?
Gizonak, bera haragizkoa izanda,
besteri gorroto badio,
nor izango du bere bekatuentzat barkamen-opari?
Izan gogoan bizitzaren azkena, eta utzi gorrotoa;
izan gogoan heriotza eta usteltzea,
eta jarrai leial aginduei.
Izan gogoan aginduak,
eta ez izan gorrotorik lagunurkoari;
izan gogoan Jaunaren elkargoa eta barka hutsegiteak.
ERANTZUN-SALMOA 102
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna,
nire barren osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goretsazu Jauna,
eta ez ahaztu Hark zuri egina.
Hark sendatzen bait ditu zure hobenak,
sendatzen zure gaitzak denak;
begiratzen du heriotzatik zure bizia,
ematen dizu koroatzat grazia eta errukia.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 14,7-9
Senideok: Guretakorik inor ez da beretzat bizi; ezta inor beretzat hiltzen ere. Bizi baldin bagara, Jaunarentzat gara bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizitzan, nahiz heriotzean, Jaunarentzat gara. Honetarako hil eta biztu zen Kristo: bizien eta hilen Jauna izateko.
ALELUIA Agindu berria ematen dizuet –dio Jaunak–:
Maite ezazue elkar,
Nik maite izan zaituztedan bezala. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 18,21-35
Aldi hartan Pedrok, Jesusengana hurbildurik honela esan zion:
- ‘Jauna, nere anaiak hutsegiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?’
Jesusek erantzun zion:
- “Zazpi aldiz ez, baizik zazpitan zazpi hamar aldiz.
Horregatik, zeruetako erreinua, morroiekin bere harremanak garbitu nahi izan zituen erregearen antzekoa da. Hasteko, hamar mila talentu zor zizkion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez bait zeukan, nagusiak agindu zuen haren emazte, seme-alaba eta zituen guztiak saltzeko, eta horrela zorrak ordaintzeko.
Morroiak, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: ‘Emaidazu epea, eta dena ordainduko dizut’. Erruki izan zuen nagusiak morroia, askatu zuen eta barkatu egin zion zorra.
Morroi horrek, atera zenean, hor topatzen du, ehun denario zor zizkion bere morroi-lagun bat; lepotik heldu eta, itobeharrez, honela eraso zion: ‘Ordain iezaidazu zor didazuna’. Eta lagunak, haren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: ‘Emaidazu epea eta dena ordainduko dizut’. Baina bestea ezetzean zegoen; eta joan eta giltzapean sartu zuen, zorra ordaindu arte.
Haren morroi-lagunek, gertatu zena ikusita, biziro atsekabeturik gelditu ziren; eta nagusiarengana joan eta salatu egin zioten dena. Orduan nagusiak deitu eta esan zion: ‘Morroi gaiztoa, zor guztia barkatu dizut, eskatu didazulako; ez al zen bidezkoa, zu ere zure morroi-lagunaz errukitzea, ni zutaz errukitu nintzen bezala?’ Eta nagusiak, haserretuta, zigorlarien esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte.
Zuei ere berdin egingo dizue zeruetako nere Aitak, elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue”.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Mt 18, 21-35) Barkazioa! Ez da erraza gaur barkazioaz hitz egitea. Alde batetik, giza duintasunarentzat onartezina dela esaten da, kaltetuei barkazioa esijitzen zaienean. Bestetik, geure errudun-senarekin lotzen dugunean, barkazioa kaltegarritzat ikusten da, ez baitu errudun-sena sakondu besterik egiten. Sinestedunok ere errazago ulertzen dugu barkazioarena Jainkoarekiko harremanean, lagun hurkoarekikoan baino. Geure eskubideez hainbesteraino gaude mozkortuak, ze oinarrizkoa ahazten dugu: senidetasunak, geurea ahazteak, geure babes itxiak hausteak bakarrik sor dezakeela biziera askatua. Gauzak ongi, biak uztartu behar genituzke: Jainkoarengandik hartzen dugun barkazioa eta senideei eskaintzen diegun barkazioa. Bata gabe, apenas posible den bigarrena. Hala dio «Gure Aita» otoitzak eta hala dio gaurko ebanjelioko pasarte argiak.
Gaur eskuartean daukagun parabola hau, kristau-elkarteaz ari delarik kontatzen zaigu (joan zen igandekoaren jarraian dator). Eta kristau-elkartea esaten badugu, berdin esan dezakegu familia, parrokia, auzoa, lan-esparrua. Elkar-bizitzaren giroan esaten digu Jesusek dela inportantea barkatzen jakitea.
Elkarrekin bizi garela arazo pertsonalak edo taldekoak sortzen zaizkigunean, gogoan hartzen baditugu Jesusen hitzak, zer eskatzen digute? Barkatzea ez ote da inuzentearena egitea? Baboarena egitera behartuak ote gaude? Elkarrekin bizi nahi dugunean, elkarbizitza horrek neure buruaz ahaztea eskatzen dit, neure «eskubideen» gainetik maitasuna jartzea. Elkarbizitza eskubideetan oinarritzen denean eta eskubideak dituenean iturburu, etorkizun motza izango du. Horrek ez du esan nahi, noski, elkarbizitzak eskubideak errespetatu behar ez dituenik. Elkarbizitzaren oinarria non jartzen den aipatzen ari naiz.
Elkarbizitza askotan eskubideen sokatira bihurtzen dugu, eta orduan elkarbizitzarenak egin du. Elkarbizitzak bere giharra sendo zaindu nahi badu, maitasunaren iturrira itzuli behar du atergabe. Gizarte-bizitzan justiziak zeregin nabarmenagoa izan dezake, baina elkarbizitzan justizia borrokagai egiten dugunean, etena sortzen da. Ikuspegi honek baditu bere arriskuak, badakit. Bihotz-zabalekoa izan behar omen da. Baina nori tokatzen zaio bihotz-zabala izatea? Ahulari, etenari beldur dionari, egoerak aztertzeko gaitasunik ez daukanari edo betikoei (emakumeei, ia beti galtzaile atera izan direlako; edo indargabeei, besteen jostailu erabilgarri direlako).
Honek guztiak, heldutasun afektiboa lortzeko heziera eskatzen du. Biak elkarrekin lotzen ikasi behar da: bihotz handiko barkazioa eta egoera zehatzak aztertzeko argitasuna. Adibideak jartzeko: pertsona batzuek ikasi behar dute barkazioa ez eskatzen, gatazkaz hitz egin eta bizi izandako istilua aurrez argitzen ez bada. Beste batzuek, berriz, arrazoi gutxiago bilatzen ikasi behar dute, eta bihozberatasuna eta maitasuna garatzen.
Etor gaitezen, baina, iturrira. Jainkoak nola jokatu du nirekin? Zergatik barkatu dit dena Jainkoak? Zergatik ez dio nire esker txarrari esker txarrez erantzun? Jainkoaren jokamoldea begiratzeak irizpide egokia emango digu lagun hurkoarekin behar bezala jokatzeko. Jainkoak nik merezi gabe barkatu badit, nik zergatik kobratu behar dut barkazioa ematea? Jainkoak nire zorraren handia kontuan hartu ez badu, nola neurtu behar dut egin didaten kaltea? Jainkoa ona izan baldin bada nirekin, zergatik ez dut nik ona izan behar ondokoekin?
Badira barkazioak bakarrik senda ditzakeen zauriak. Egia da, barkazioa eskatzeko presarik ez da izan behar. Presa izatekotan, barkazioa emateko izan beharko nuke. Barkazioa esijitu, ez dago esijitzerik; barkazioa bihotzetik sortzen ez bada, behartzea alferrik da. «Ez dut sekula barkatuko«, esaten dute batzuek. Ni ez naiz inor barkatu behar dutela esateko. Beharbada, barkaziora iristeko bideak landu eta gozatu beharko genituzke. Barkazioa prestatu egin behar da. Eta ez ahaztu gauza bat: barkazio hartua bakarrik izango da barkazio emana!
Iñaki Beristain (2014-9-10)