URTEAN ZEHAR XXVI IGANDEA

A zikloa

Ezekiel profetaren liburutik 18,25-28


Honela mintzo da Jauna:
“Zuek diozue: ‘Ez da zuzena Jaunaren jokabidea’.
Entzun, bada, Israel-etxe:
Nere jokabidea zuzena ez dela?
Jokabide okerra ez ote da, gero, zuena?
Zintzoa, bere zuzentasunetik okertu,
gaiztakeria egin eta hiltzen bada,
egindako gaiztakeriengatik hiltzen da.
Eta gaiztoak, egindako bekatua damu duenean,
eta legez eta zuzentasunez dabilenean,
berak bizierazten du bere burua.
Bere bekatuak ikusita, bihotzberritzen bada,
eta egindako gaiztakeria guztiak damu baditu,
biziko da eta ez da hilko”.

ERANTZUN-SALMOA 24


EZ EGON, JAUNA, NIGANDIK URRUN;
ZUREA NAUZU, ZATOZKIT LAGUN.
Erakuts neri, Jauna, zeure bideak,
adierazi zeure bidexkak.
Eraman nazazu zeure egi bidetik, eta argitu,
Zu bait zara nere Jainko salbatzaile,
Zu zaitut egun osoan neure itxaropide.
Oroi zaitez zeure errukiaz, Jauna,
oroi zeure maitasunaz, betidanik bait dira.
Ez oroitu, Jauna, nere gaztealdiko hobenez,
ezta nere bekatuez;
oroi zaitez nitaz zure maitasunean,
Jauna, zure ontasunean.

San Paulo Apostoluak Filipotarrei 2,1-11


Senideok: Kristoren pozbidea eman nahi badidazue, eta ni arindu, Espiritu batek berak elkartzen bagaitu eta elkarrentzat bihotz-errukirik baldin badugu, emaidazue poz haundi hau: iraun elkarturik eta bihotzez bat, maitasun bera eta sentiera bera dituzuela. Ez egin ezer alderdikeriaz, ez haundikeriaz, baizik-eta apaltasunez; nork bere burua baino haundiagotzat besteak edukiz; ez bakoitzak berea eginez, batak bestearena baizik.
Izan itzazue zuengan Kristo Jesusi dagozkion asmoak:
Harek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari;
bestela baizik, bereaz hustu egin zen,
morroi izaera hartuz,
eta beste edozein bezala azalduz.
Eta gizon bezala agerturik,
apaldu egin zuen bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion.
Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mingain guztiek aitor dezaten:
Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.

ALELUIA Nere ardiek aditzen dute nere mintzoa –dio Jaunak–;


Nik ezagutzen ditut,
eta haiek ondotik datozkit. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 21,28-32


Aldi hartan honela esan zien Jesusek farisearrei:
- “Zuek zer deritzazue? Bi seme zituen gizon batek. Eta zaharrenari esan zion: ‘Seme, zoaz gaur mahastira, lanera’. Hark erantzun zion: ‘Ez dut nahi’. Baina gero damutu eta joan egin zen. Bigarrenari ere gauza bera esan zion. Eta honek ‘banoa, jauna’ erantzun bai, baina ez zen joan. Bietatik, nork egin zuen aitaren gogoa?”
- ‘Lehenengoak’. Erantzun zioten.
Orduan Jesusek:
- “Egiaz diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago datoz Jaungoikoaren erreinura. Izan ere, etorri zen Joan zuen artera, zuzenbidea hotseginez, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, berriz, sinetsi egin zioten. Zuek, ordea, ikusi eta gero ere, ez zineten bihotz-berritu eta ez zenioten sinetsi”.


Homiliak

Senideok: gizon-emakumeon norabideak ez dira hitzez egiten, egintzaz baizik. Hitz handiak izan dira munduan, zertan esan ezetz! Baina, hitzik handienak ere, egintzaren azpimarka eta indarra ez badarama beregan, hitz hori hutsaren haize-boladak eramango dizu. Jainkoaren Erreinuan ere halatsu! Jaunarekin leial jokatu nahi genuke. Gure bizitzan zintzoak izan nahi genuke. Baina ondo asko dakigu zein utziak garen, zein nagiak garen. Eta nagikeriaren kontua besterik ez balitz! Sentimenduz, gogoz, baietz esan nahi genioke Jaunari, geure barruko onenari; baina egintzekin, bizitzarekin, ezetz esaten diogu. Zergatik gara horrelakoak? Zergatik bizi dugu era horretako kontraesana bizitzan? Horixe dugu galdera sarri asko.

Galdera horri erantzutean, badakigu batzuetan gure barruak ez duela obedientziaren baietza eman nahi. Jainkoaren nahia geure erara manejatu nahi genuke, Jainkoa geure jokamoldera tolestatu nahi genuke. Eta horretarako argibide asko eman dezakegu edo aitzakia asko atera. Jainkoari aurre egiten diogu eta aurre egin, nahita gainera. Beste batzuetan, ordea, ez da Jainkoaren borondatea geure kapritxora erabili nahia, ez; ohartzen gara arazoa sakonagoa dela: gure jarrerari, Jainkoarekiko jarrerari, maitasun handia falta zaiola. Jainkoaren nahia onartzeko maitasun betea falta dugu. Bihotza falta zaio gure fede-bizitzari. Ez al da horrela?

Gure jokalege honen aurrean, zer nolako postura hartzen dugu? Arinkeriaz arazoa ukatzea ez da bidezkoa. Jainkoaren nahia benetan hartu ezin hau azaletik edo jolasean hartzea ez da ona. Gaurko lehenengo irakurgaian ikusi dugun jarrera ere ez da ona: alegia, gure gaizki eginen errua Jainkoari botatzea. Geure bekatua eta nahi-eza aitortu ordez, Jainkoak horrela egin gaituela esan eta lasai gelditu? Hori ez da zuzena. Egin behar genukeena ederki asko erakutsi digu Salmoak: geure bekatu-historia onartu. Jainkoaren errukiaren aurrean jarri otoitzean, eta aitortu bekatariak garela. Aitortu, gure obeditu ezina geure erantzukizun dugula. Aitortu zenbat kostatzen zaigun Jainkoari erabateko baietza ematea. Aitortu bihotz ahula daukagula. Aitortu maitasun handirako bihotzik ez daukagula.

Begira ezazu Ebanjelioko parabolatik. Jainkoaren aurrean ez da erabakiorra hasierako baietza edo ezetza. Erabakiorra, geroko jarrera da. Baietz esan, eta gero egintzekin eta bizitzako jarrerekin ezetz esateak ez garamatza inora. Baina, nahiz eta hasieran ezetz esan, gero gure ezetzak aitortu eta Jaunarengana itzultzen bagara, Jainkoari egintzekin baietz esaten badiogu, horrek balio du Jainkoaren aurrean. Hemen galdera gordina dago guretzat, hasiera-hasieratik baietza esanda abiatu ginenontzat. Jaio orduko, Bataioa hartuz, baietz esan genion Jainkoari, Jesusen bideak jarraituko genituela, bihotz osoz Jainkoaren nahia bilatuko genuela, behartsuen zoria maitasunez zainduko genuela, gure bizitzak bihotz handia erakutsiko zuela. Eta? Hasieran agindutako maitasun handi hura zertan geratu da? Hasieran agindutako fede hark zer buelo dauka gaur nire bizitzan? Hasierako baietz hura, zenbat ezetzetan puskatu eta puskatzen dut?

Ba, begira: galdera hauei serio heldu beharra daukagula esango nuke. Hasierako hark ezer gutxitarako balioko liguke, Jainkoaren aurrean eguneroko jarrerak berritzen eta gaztetzen ez baditugu. Hasierako baietz hark hazi eta heldu egin behar du gure bihotzetan. Hasierako maitasun hark gero eta handiagoa, gero eta sakonagoa bihurtu behar du. Ezin gaitezke konforma kanpoko itxura batekin. Ezin gaitezke konforma, jendeak espero duen gezurrezko irudia azaltzen dugula eta. Ez du balio gizarteak guregandik espero duen neurria emanda. Gezurti alaenok, askotan fededun asko jendearen aurreko figura hutsa ematearekin aski dugula pentsatzen dugu. Baina, barrutik ez gara maitatzeko kapaz. Itxura azaldu eta barrutik erreta gabiltza. Elizara joan bai, baina ez gara lagun hurkoari errespetuz begiratzeko kapaz. Hitz egitean kurioso hitz egin bai, baina gero ez gara besteei agintzeko geure mailak jaisteko kapaz.

Eta triste. Ez baitu giza bihotzak hitzen poza bizi, egintzen tristura baizik. Eta horixe da penagarria, sentidurik gabe, maitasunaren ederrik gabe bizitzea. Kanpotik dotore, barrutik erorita. Askozaz hobe da kontrakoa: geure ezina aitortu, maitasun beteari diogun beldurra aitortu, maitatu nahia aitortu, erorialdiak ere aitortu, bizitzan ezetz asko esan dugula aitortu... eta Jaunarengana apaltasunezko baietz txikiak emanez etorri. Eta Jaunaren mahastiko lana onartuz, pozik bizi! Barruko maitasunak ematen duen pozez. Ez dakigula farisearrei gertatua gerta: legea bete itxuraz eta ondo, besteen maixu azaldu, eta barrutik hutsik!

Honek guztiak, noski, ez du Jesusen garaiko haientzat bakarrik balio, ez genuke besterik behar! Baina, adizu!, inportantea ez da orain asmo handiak hartzea, planteamentu neurriz kanpokoak egitea. Orain arte ahulak izan baldin bagara, gerora ere ahulak izango gara. Kontua da, geure buruak aztertzea. Zergatik kostatzen zait maitatzea? Zergatik bizi naiz barrutik lotuta bezala, zerbaitek maitatzen utziko ez balit bezala? Utz diezaiogun Jainkoaren hitzari geure barruan galdera bihurtzen:gure jokabidea hitz hutsa da edota egintzaz baiezten ote dugu esaten duguna? Bataioan baietz esan genuen, gure otoitzetan baietz esaten dugu, baina gure bataioko eta doktrinako hitza eta baietza, gure bizitzaren gihar bihurtzen al dugu? Elizan esaten ditugunek ba al dute eguneroko jardunean indarrik eta pulamenturik? Ni bataiatua naiz, elizkizunetara joaten naiz, errezoak eta egiten ditut, ez dut bekatu nabarmenik egiten, euskaldun fededun betikoetakoa naiz... Baina, berriro diot, gure fededun izate horrek ematen al dio bizitzari kolorerik? Bizi al dut inolako koherentziarik?

Zergatik ote gara horrelakoak, ezta? Ba horrelakoak gara, eta kitto! Jaunarengana etorri behar dugu, hasierako ezetz guztiak eskuetan hartu eta gatozen orain baietz esatera. Zergalari eta emagalduekin batera hurbil gaitezen Jaunarengana, eta saia gaitezen maitasunezko baietza esaten. Salmoan kantatu duguna errepika dezagun: «Erakuts niri, Jauna, zure bideak, adierazi zure bidexkak. Eraman nazazu zure egi bidetik, eta argitu». Eukaristia eskola ederra da. Eta, bide batez, Eukaristia, ikasitakoa egia bihurtzeko indarra da. Eukaristian erakusten dugun fedea, Eukaristiak berak sartuko digu eguneroko bizitzaren hezurretaraino. Eukaristia maitasuna baita. Eta maitasuna da fedearen egia eta giharra. Eta falta duguna prexixo, maitasun handia da, bihotz handia.


Iñaki Beristain (2014-9-23)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 21, 28-32)

Gaurko ebanjelioa irakurtzen baduzu, ez dakit zeinetan sentitzen zaren margotua, ezetz esan baina mahastira joan den semearengan edo baietz esan baina joan ez denarengan. Geure burua ongi ezagutzen dugu, eta badakigu zer eman dezakegun eta zer ez. Badakigu non hasten diren hasierako beroaldiak eta non amaitzen diren gure hotzaldiak. Eta bi ertz horien artean hortxe gu, ez santu eta ez baldar, baina hortxe maitasunari erabateko bueloa eman ezinik.

Ebanjelio-testu honen aurrean moralizatzeko tentazioa senti dezakegu, beste askotan bezala. Pentsa dezakegu, hemen egitea dela inportantea, gure egintzetatik neurtzen dela dena, hitzek ez dutela ezertarako balio, gure ametsak hutsean geratzen direla egintzen bermea falta izanik, etabar. Hitz batean esateko, askotan esan izan dena eta oraindik ere askotxok pentsatzen duena: gure egintzen arabera ematen digula Jainkoak bere dohaina. Moralismo huts eta gorrira daraman pentsamoldea.

Hobe genuke, seguru asko, geure bizitzaren bereizkuntza apur bat egitea. Ezagutzen dugu geure barrua. Badakizkigu geure erresistentziak. Zenbat kostatzen zaigun maitatzea. Ezinezkoa gertatzen zaigula bizitza osoa maitasunaren besoetan uztea. Beti jira-bueltaka gabiltzala Jaunaren maitasunaren inguruan, sekula geure burua maitasun horretan murgiltzen utzi gabe. Geure egintzek badakigu ez dutela nahi genukeen neurria ematen, eta ezin dugu gure uste ona horietan jarri; baina, bide batez, geure egintza onen garantia ere eskura eduki nahi dugu. Mezetan apaiz eta kanpaijotzaile izan nahi dugu, eta hori ezinezkoa da.

Begira dezagun gure bizitzaren norabide orokorra, bizitza ez baita egintza bakar batean jokatzen. Zer zailtasun dauzkat maitatzeko? Nondik datozkit zailtasun horiek? Azterketa sakon batean, maila askotako arrazoiak nahastuko zaizkit galdera horien aurrean. Arrazoi horien jakitun izatea eta beraiei erne egotea, oso lagungarria izaten da bizitzan.

Eta gero irizpide bat dago beti aurrean eduki beharrekoa: ea nire bizitzan zer toki betetzen duen Jainkoaren nahiak. Benetako lehentasuna eskaintzen ote diodan nahi horri. Nahiz eta askotan nire bizitza kateatua sentitu, ea hazten ari ote naizen barruko askatasunean, askatasun horren eskutik dena Jainkoari entregatzeko. Beste era batera esanda, nola aurkitzen naiz une honetan Jainkoarekiko maitasunari dagokionez? Ba al daukat punturen bat kinkan, nire barruaren jatortasuna jokarazten didana? Nire bihotzaren zabaltasuna nondik sortzen zait: neure onetik ala maitasunaren sakonetik? Eta hori, jakinik askotan oraindik ere barruak «ezetz» esaten diola maitasunari.

Pentsa dezakezu, gogoeta asko dela eta hemen egitea dela azkartu beharrekoa. Gogoeta hauekin guztiekin ez dut egintza edo praxia atzeratu nahi. Bizitzarako maitasun-estrategia kontuan hartzea da.

Esate baterako, zenbaitetan neure akats sikologiko bat gerta dakiket mingarria. Baina akats hori Jainkoaren maitasunetik begiratzen badut, badakit ez dudala sekula kenduko, eta ez diola inporta kentzea. Beste adibide bat: barruan sortzen zaizkidan erresistentziak pazientzia landu eta sakontzeko ongi datozkiket. Gauzak ongi begiratuz, ez daukat erresistentzia horiengatik erre beharrik; etorriko da askatasunaren ordua.

Baina, bestea ere kontuan eduki behar da: aitzakiak erraz asmatzen ditugula ez maitatzeko, ez entregatzeko, mahastira ez joateko. Beraz, esan bezala, oso inportantea da erne bizitzea, beti berizkuntza jatorra egitea, Jainkoaren nahiari ematen diogun garrantziaz galdetzea. Eta horrela ikasiko dugu gure ezetzak eta baietzak neurtzen. Bai baitira garrantzi handirik ez daukaten ezetzak; eta badira azal hutsa diren baietzak. Kontua ez ote da behingoan guztizko maitasunean murgiltzea?


Iñaki Beristain (2014-9-23)