URTEAN ZEHAR XXVII IGANDEA

A zikloa

Isaias profetaren liburutik 5,1-7


Nire adiskidearen izenean nator ni kantari,
maite kantu bat haren mahastiari.
Bazuen mahasti bat nere adiskideak,
mendi hegal gainean.
Aitxurtu zuen, harriak bildu,
eta landare aukeratuak sartu.
Dorrea eraiki zuen erdi-erdian
eta tolarea jarri.
Mahats ona itxaro zuen,
eta basa-mahatsa eman zion.
Orain, Jerusalenen bizi zaretenok
eta Judako gizonok,
izan zaitezte zuek epaile,
nik eta nire mahastiak dugun auzian.
Zer da nere mahastiarentzat egin ahal izan,
eta egin ez dudanik?
Zergatik, mahats ona itxaro izanik,
harek basa-mahatsa eman zidan?
Orain, beraz, jakinaraziko dizuet nik,
zer egingo diodan nere mahastiari:
Hesiak kenduko dizkiot,
larre-soro izan dadin;
Inguruko horma botako diot,
hankapean ibilia izan dadin.
Eremu bihurtuko dut,
eta ez dute, ez inausiko, ez jorratuko;
sasi eta larrek hartuko dute.
Eta hodeiei aginduko diet,
euririk ez dezatela egin haren gainera.
Horra, bada: Israel-etxea da
diren guztien Jaunaren mahastia;
Judako gizonak dira
hango landare aukeratuak.
Jaunak zuzentasuna itxaro zuen,
eta horra, odol ixurketak;
zuzenbidea itxaron,
eta horra, garrasi-hotsak.

ERANTZUN-SALMOA 79


JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU,
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Egiptotik mahatsondoa atera zenuen,
atzerriak iraitzirik landatu zenuen.
Zabaldu ditu adarrak itsasoraino,
eta muskilak ibairaino.
Itzul zakizkigu, gudari-taldeen Jainko,
begira zerutik, ikus, mahatsondo honi ager zakizkio:
zeure eskuz landatu duzun aldaxka honi,
Zeuk indartu duzun landareari.

San Paulo Apostoluak Filipotarrei 4,6-9


Senideok: Ez euki ezeren kezkarik; baizik-eta beti eta beti zuen esker onezko otoitz eta eskarietan agertu zuen eskabideak Jaungoikoari. Eta gogoeta guztiak baino haundiagoa den Jaungoikoaren bakeak, gordeko ditu zuen bihotzak eta zuen gogapenak Kristo Jesusi lotuak.
Gainerakoan, ene senideok, aintzakotzat har ezazue, egiazko, jator, zuzen, garbi, maitagarri, izen oneko den guztia; hartu aintzakotzat onbidetsu edo goragarri den guztia. Egizue, nigandik ikasi eta hartutakoa, nigandik entzun eta ikusitakoa. Eta bakearen Jaungoikoa zuekin izango da.

ALELUIA Nik aukeratu zaituztet mundutik,


joan zaitezten eta fruitu eman dezazuen,
eta zuen fruituak iraun dezan –dio Jaunak–. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 21,33-43


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek apaiz nagusiei eta herriko zaharrei:
- “Entzun ezazue parabola hau: Ba zen etxeko jaun bat; eta mahasti bat landatu zuen, hesiz inguratu, bertan dolare bat egin eta dorre bat eraiki zuen; eta nekazari batzuei eman zien errentan eta bera urrutira joan zen.
Mahats-garaia etorri zenean, bere morroiak bidali zituen nekazariengana, zegozkion hartzekoak jasotzera. Nekazariek, ordea, morroiei heldu, eta bata jo, bestea hil egin zituzten, eta hirugarrenari harrika eman zioten. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, lehen baino gehiago; eta haiekin ere berdin egin zuten. Azkenean bere semea bidali zien, bere baitarako esanez: ‘Izango diote begirune nere semeari’.
Nekazariek, ordea, semea ikusita, honela zioten elkarri: ‘Hori da oinordekoa; goazen eta hil dezagun, eta guretzat izango da ondarea’. Heldu zioten, mahastitik kanpora bota, eta hil egin zuten. Mahasti-jabeak, datorrenean, zer egingo die nekazariei?”
Erantzun zioten:
- ‘Gaizto horiei heriotze gaiztoa emango die; eta bere garaian ordainak emango dizkioten beste nekazari batzuei utziko die mahastia’.
Jesusek esaten die:
- “Ez al duzue Liburu Santuan behin ere irakurri:
Etxegileek baztertutako harria
berori gertatu da giltzarria.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri?.
Horregatik diotsuet Nik: Jaungoikoaren erreinua zuei kendu egingo zaizue, eta uzta ekar eraziko dion beste herri bati emango zaio”.


Homiliak

Liburu Santuetan askotan erabiltzen da mahastiaren irudia, Jainkoak gizakiarekiko duen maitasuna eta ardura azkengabea adierazteko. Eta zenbaitetan era hunkigarri eta kuttunean adierazten zaizkigu maitasun eta ardura hori. Gaurko kasua, dudarik gabe, hunkigarria eta kuttuna da.

Egia da, mahastia irudia dela, eta irudi guztiek bezala, azalaren azpian ikusi beharreko mamia eman nahi digu. Eta mami hori, Jainkoak egin duen salbamen-historia da. Bai Itun Zaharrean bai Berrian, Jainkoak burutu digun askatasunezko eta maitasunezko historia saiatua. Jainkoaren ahaleginaren seme-alaba gara. Eta zuk badakizu, gauza batean ahalegin handia egiten denean, zure amets guztia jartzen duzunean, erantzuna espero duzu, fruituak espero dituzu. Eta zenbat eta handiagoa izan den ametsa, orduan eta handiagoa da fruitu-faltak sortzen duen mina eta atsekabea.

Badakit asko kostatzen zaigula, Jainkoa gure askatasunaz kezkatzen eta ahalegin sendoz saiatzen den Jainko bezala ikustea. Jainkoa, ideia baten edo filosofia baten sehaskan utzia daukagu. Jainkoa pentsamolde bat izan daiteke, portaera jakin baten arrazoia, erlijio baten estatua, batzuentzat oso inportantea den babesa... Baina, fededunoi ere asko kostatzen zaigu sinestea, Jainkoak nolako ahalegina eta nolako ardura jarri duen gu askatzen, gu pozten, gu maitatzen. Pertsonalki maitatu gaitu. Ezinaren alor minduetan aurkitu eta bere maitasunaren mahasti aukeratura ekarri gaitu. Berak aukeratu nau ni. Entzule adiskdie, sinesten al duzu Jainkoaren maitasunaren maiteena zarela? Mahastiaren historia horietan, nahiz lehenengo irakurgaian nahiz ebanjelioan, zeure burua ikusi al duzu? Hori, onenean, jende berezi baten historia izan zitekeen. Baina, nirea? Bai zera!

Zenbaterainoko ahalegina egin duen Jainkoak? Jesu Kristo da ahalegin horren neurria, aizu! Esango banizu, Jesu Kristo zuregatik eta zuretzat izan dela entregatua, zu bere mahastirako nahi baitzintuen Jainkoak, zer pentsatuko zenuke? Zu aukeratu zaitu Jainkoak, zu pertsonalki. Eta bere bihotzeko asmo gordeenaren seme edo alaba zara. Giro honetan irakurri beharko genuke lehenengo irakurgaia. Zuretzat esan dira honako hauek: «Bazuen mahasti bat nire adiskideak. Haitzurtu, zaindu eta landare aukeratua sartu zuen. Mahats ona itxaro zuen». Jainkoaren ametsa zara, adiskidea! Jainkoak ezin hobeto zaindutako mahastia!

Eta hementxe kokatzen da Jainkoaren mina. Hainbeste ahalegin jarri duenak, hainbesteko mina hartzen du, mahastiak erantzuten ez badio. Eta hortxe daukagu Israel herriaren historia. Jainkoaren asmoari ez zion jaramonik egin. Jainkoaren ametsa frustratu zuen. Eta ez da batere harritzekoa, Jainkoaren barnemina halako hitz mindu eta saminduz agertzea! Jainkoak min hartu du. Eta Israel herriak bilatu duena jasoko du. Jainkoaren ardura axolaz hartu nahi ez duenez gero, Jainkoaren ametsa beste herri batetara zuzenduko da. Israel herriaren esker gaiztoak maitasunezko historia lehertu du. Eta maitasuna derrigorrez ezarri ez daitekeenez, maitasunak beste historia sortzen du, gure historia.

Israel herriaren historia honek eskarmentu handia darama bere barnean. Izan ere, ohituak gaude aukeraren seme-alaba izaten. Baina, gu fededun izatea, gu Jainkoak maitatzea, ez da normala, ez da horretara ohitzekoa. Jainkoak gehiegi egin du guregatik, eta gure mahastiak fruitua eman behar du. Esker onaren fruitua da bereziki. Maitasunari min emateko biderik onena, esker txarra izaten da. Eta esker txar hori, era askotara azaldu daiteke. Zenbateraino eskertzen dugu eta estimatzen Jainkoak aukeratuak izatea? Zenbaterainoko sakontasunez bizi dugu Jainkoaren maitasunaren barne-poza? Zenbateraino maite dut zure eliztar izatea?

Galdera serioak dira horiek. Eta ez dira nolabaiteko beldurra sortzeko galderak. Ez, ez. Gehiago esango nizuke: bakoitzak zehaztu behar ditugu galdera horiek. Nik zertan zapuzten dut Jainkoaren ametsa? Zertan eta zerekin ematen diot Jainkoari min? Pobreak duintasunez jantzi. Gizartea baketu. Bakardadeak maitasunez gozatu. Eskasiak solidaritzaz sendatu. Loturen zauriak askatasunez edertu. Gorrotoaren eztenak besarkada bihurtu. Eta horiek denak gure herrian dauzkagun egoerak dira. Kartzelatuak duintasunez tratatu beharra dago, Jainkoak maite dituelako. Injustiziak eta zapalketak ezabatu beharra daukagu, maitasunezko historia bideratzeko.

Hori dena maila sozialean. Baina berdin-berdin da maila pertsonalean ere. Zure bizitzan bizi al duzu Jainkoaren mahasti izatearen poza? Bi eredu bikain dauzkagu gaur eskura: Errosarioko misterioak bizi izan zituen Ama Maria eta Asisko San Frantzisko, atzo bere eguna ospatuko geniona. Elizaren mahastiko landare eta fruitu bikainak biak. Jainkoaren maitasun aukeratzailea kantatu zuten biek. Bizipoza gainezka azaldu zuten biek. Jainkoa beren bizitzako ondasun handi zutelako, behartsu izatea aukeratu zuten. Jainkoak asetzen zielako bihotza, xumetasuna erakutsi zuten biek. Eta, beren bizitzarren etorkizuna Jainkoaren eskuetan utzirik, gizarteari Berri Ona bete-betean eman zioten. Jainkoaren maitasunean sinesturik, dena berritu zuten beren inguruan. Hortxe dauzkagu biak ispilu eder!

Igandean berritzen ditugun edertasunak dira hauek. Igandeak aukera honen sekretua berritzen baitigu. Ospa dezagun Jainkoaren maitasuna. ospa dezagun Jainkoaren dohaina. Eta eman dezagun pozaren fruitu askatua.


Iñaki Beristain (2014-9-28)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 21, 33-43)

Gaurko ebanjelio-zatiak proposatzen digun zatia benetan gordina da. Jakina!, beti bezala, besteen bizkarrera bota daiteke parabola horren esanahia, geure erantzukizuna eta zerikusia salbu utziz. Baina, iruditzen zait galdera asko ez ezik salaketa handia ere badaukala parabolak guretzat. Eta guretzat esatean, fededun bakoi­tzarentzat, kristau-elkartearentzat, Eliza osoarentzat ari naiz esaten. Bakoitzak ikusi beharko du zer jaso nahi duen eta nola jaso nahi duen Jesusek esaten digunetik.

Nagusiak mahasti bat landatu du. Ardura guztiz eta baliabide guztiz hornitu du. Eskaini beharreko maitasun osoa bertan eskaini du. Langile batzuei uzten die, mahastiaren ardura izan eta haren emaitza bildu dezaten. Baina, langileek nagusiaren lekua hartzen dute. Eta nagusiak bidalitako mezulariak banan-banan hil egiten dituzte. Eta mahastiaren nagusi bihurtzeko ametsez, nagusiaren semea bera ere hil egiten dute. Nagusiak, bere haserrean, mahastitik bota eta gaitzetsi egingo ditu, bere mahastia beste langile batzuen esku utziz.

Historio hau juduei lotu izan zaie, haiek ez baitzuten Jainkoaren mahastia errespetatu eta Jainkoaren Seme Jesus hil egin baitzuten. Juduek ez zutela, alegia, Jainkoaren nahia onartu eta, horregatik, Jainkoaren proiekturik gabe geratu zirela, Erreinuaren mahastia galdu zutela. Eta haien jokabideari esker, jentilen edo paganoen eskura etorri zela Jainkoaren Erreinua. Eta beharbada, Jesusen garaian parabola honek esanahi hori eta salaketa hori gorde zezakeen bere barnean. Baina, ez dut uste ordukoa eta ordukoentzat bakarrik izan zela pentsa dezakegunik.

Izan ere, juduek Erreinua zapuztu izana guretzat dohaina jasotzeko aukera izan baldin bada, horrek ez du esan nahi besterik gabe eta betirako gurea denik. Mahastiko nagusiaren eskakizunak indarrean jarraitzen du. Eta kontua izango da, mahastia nagusiarena dela aitortuz, haren emaitzak zintzo entregatzea. Baina, Jainkoaren nahia bere onean jaso eta onartu ordez, mahastia geurea dugula pentsatzen badugu, eta mahastia geure ondasun bezala kudeatzen badugu, juduei gertatu zitzaiena gerta dakiguke.

Jesusek bere garaian herriko agintari erlijiosoei esan zien parabola hau. Gaur egun, besteak beste, eliz arduradunok geuretzat berresan beharko dugu. Zer egin dugu eta zer egiten dugu Jainkoaren mahastiarekin? Jainkoarena dela gogoan al dugu ala geurea bagenu bezala darabilgu? Zenbaterainoko kariñoa eta ardura fina jartzen dugu mahastiaren zainketan, beraren kontua Jainkoari eman beharko diogula gogoan izanez? Askotan eliztarren batzarra ez al dugu barruti propio bihurtu?

Agintean dagoenak, eta berdin da zer aginte den, jakin behar luke «zerbitzu» batean ari dela, eta ez dela ari gauzak «bere erara» eraman ditzakeen barrutian. Baduela Norbait gainetik. Eta, azken batean, Jainkoak nahi duen bezalakoa izango dela mahastia eta hark eratuko duela mahastiaren etorkizuna nahi duen bidetik. Egia da, agintean dagoenak agindu egin behar du; baina sekula ahaztu gabe, bere agindua ez duela azken hitza, eta bere agindua berea ez duen alor batean ematen ari dela.

Ez Aita Santuak, ez gotzainak, ez apaizak, ez laikoak, ez erlijiosoak, ez inork, ez du Jainkoaren lekua bete behar. Goizero jaikitzean gogoratuko bagenu hau, seguru asko beste era batera bideratuko genuke geure agintea eta geure lana. Jainkoak bere Semea mahasti honetara bidaltzerainoko maitasuna erakutsi dio mahastiari, eta «langileak» ez luke maitasun hori galtzen utzi behar. Ez da bidezkoa.

Gaurko Elizaren gaitzak ez ote datoz, neurri batean, honetatik? Gure jokabidea ikusita, ez ote zaigu mahastia eskuetatik kendu? Kontuz! Mahastia ez da gurea!


Iñaki Beristain (2014-9-28)