URTEAN ZEHAR III IGANDEA
A zikloaIsaias profetaren liburutik 9,1-4
Aldi batez, Jaunak lotsakizunez bete zituen
Zabulon eta Neftali-ko lurraldeak;
orain, ordea, ospez beteko du
Jordan-ez beste aldetik datorren itsasoko bidea,
jentilen Galilea.
Ilunpetan zebilen herriak
argi haundi bat ikusi zuen;
herio-itzalean bizi zirenak
diztira batek argitu zituen.
Gehitu zenuen poza
eta haunditu atsegina;
pozetan dabiltza zure aurrean,
igitai-aroan izaten den pozez,
arrapakinak banatzerakoan izaten den atseginez.
Puskatu baituzu
haren uztarri astuna,
haren bizkar-makila, eta zapaltzailearen zigorra,
Madiango egun hartan bezala.
ERANTZUN-SALMOA 26
JAUNA DUT ARGI ETA SALBAMEN.
Jauna dut argi eta salbamen,
nork ni beldurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni izutu?
Jaunaren ontasuna ikusi ustean
nago bizien lurrean.
Itxaron Jaunagan eta kemen izan,
bizkor bekizu bihotza, eta itxaron Jaunagan.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 1, 10-13.17
Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren izenagatik eskatzen dizuet; izan zaitezte iritzi bereko, eta ez ibili banatuta; bat egizue elkarrekin, iritzi bereko eta gogo bereko izanez.
Izan ere, ene senideok, Kloe-nekoek jakinarazi didate, eztabaidak direla zuen artean: hor ari omen zarete, noski, bakoitza bere aldetik esaten: ‘Ni Paulorena naiz, ni Apolorena; ni Pedrorena, ni Kristorena’.
Zatituta al dago Kristo? Paulo gurutziltzatu ote zuten, bada, zuengatik? Edo-ta Pauloren izenean bataiatuak izan ote zarete?
Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri ona zabaltzera baizik; eta hori ere, ez jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak indarrik gal ez dezan.
ALELUIA Jesusek erreinuko berri ona hots egiten zuen,
eta gaitz guztiak sendatzen zituen herrian. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 4,12-23
Joan baitu zutela jakin zuenean, Jesus Galileara baztertu zen. Nazaret utzirik, itsas bazterreko Kafarnauna joan zen bizitzera, Zabulonen eta Neftaliren mugetara. Horrela bete zen Isaias profetak esana:
‘Zabulonen lurraldea, Neftaliren lurraldea,
itsas bidea, Jordanez beste aldean,
atzerritarren Galilea.
Ilunbetan zebilen herriak argi haundi bat ikusi zuen;
herio-itzalpeko lurraldean zeudenei
argi bat agertu zitzaien’.
Orduan hasi zen Jesus hotsegiten eta esaten:
- “Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta zeruetako erreinua”.
Jesusek, Galileako itsas bazterrean zebilela, bi anaia ikusi zituen –Pedro zeritzan Simon eta haren anaia Andres–, itsasoan sareak botatzen, arrantzaleak bait ziren. Eta esan zien:
- “Zatozte Nerekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet”.
(Haiek berehala sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Handik aurrera zihoala, beste bi anaia ikusi zituen –Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak–, itsas ontzian sare-konpontzen ari zirela beren aita Zebedeorekin; eta dei egin zien. Haiek ere, berehala ontzia eta aita utzi eta jarraitu egin zioten.
Jesus Galilea osoan barrena zebilen, haien sinagogetan erakusten, erreinuko berri ona hotsegiten, eta gaitz eta min guztiak sendatzen herrian).
Homiliak
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
Argia dator, senideok, argia! «Ilunpetan zebilen herriak argi handia ikusi du». Jesusek Aitaren Erreinua eskaintzen du, gizon-emakumeon argi izango dena. Eta argiak aldaketa dakar berekin. Eta ez nolahalako aldaketa. Aldaketa sakona, zuztarrekoa. Jesusek dakarren Erreinuak barru-barrutik ukitzen gaitu. Erreinurako deia luzatzen zaigu, hartu nahi badugu.
Pedro eta Andres, Santiago eta Joan, hantxe zebiltzan betiko betikoan. Egunerokoari eusten. Bizitza aurrera ateratzen. Beren gurasoek egin zutena egiten. Aurrekoek egin zutena errepikatzen. Bizi egin behar. Ezkondu, familia hazi, bizitzari atsegintxo batzuk aletu, etorkizuna pixka bat argitu, hil... Ez zeukaten beste munduko amets handirik. Baina, Jesus hurbiltzen zaie ustekabeko egun hartan: «Etorri nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Eta sekulako aldaketa gertatu da. Dena utzi eta ondoren dihoazkio. Seguru asko, aurretik ere sentituko zuten barruan zerbait. Ez ziren eguneroko bizitza aspertuan erabat eroso sentituko. Zerbait berria beharko zuten. Baina, parera datorkien aldaketa ez da nolanahikoa.
Zer gertatu da? Jesus azaldu dela, besterik ez. Eta Jesusekin Erreinua dator. «Bihotz-berri zaitezte. Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Jesusek, gizakien bizigiroa erabat aldatzen duen Erreinua dakar, Aitaren Erreinua. Eta kuriosoa: ez dator orduko erlijio-zentruetatik, ez dator giro egokienetatik. Galileatik dator. Alderdi paganoenetik. Israeldar zintzoek asko maite ez zuten lurralde ilunetik. Horretan ere, garai hartako eskemak hankaz gora jartzen ditu Jesusek. Argia dator, eta argiak dena sustrai-sustraitik berritzen du. Argia datorrenean ezin joka daiteke argirik ez dagoenean bezala. Bizitza aldatu egiten da. Eta aldatu, ez gutxi alajaina! Erabat. Bihotz-berritzea eskatzen duen aldaketa da. Ez da azalekoa. Ikasleek sakon-sakoneko eraberritzea bezala bizi izan zuten une hura: ordurarteko biziera utzi egiten dute eta Jesusi atxikitzen zaizkio erabat. Horrelako aldaketa dakar Jesusek. Erreinuaren aldaketa!
Eta gaur zer? Hitz hau gaurkoa da, dudarik gabe. Gaur entzuten dugu: «Etorri eta giza arrantzale egingo zaituztet». Zuk eta nik entzuten dugu dei hau. «Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Hitz honek ezer mugitzen al digu barruan? Ala lehenean uzten gaitu patxada ederrean? Gaur, zure itsas-ertzera Jesus dator. Zeuretik atera nahi zaitu. Zure bizitzari bestelako ibilbideak eskaini nahi dizkio. Zure bizitza aldatu egin nahi du. Sakon aldatu. Ez al duzu deia entzuten? Nola erantzun behar diozu? Lasai gelditzen al zara, fededun arrunta izanez? Pedrok eta egin zutena egitera ausartzen ez zarelako, triste gelditzen al zara lehenean? Zure bizitzari berrialdia emateko ilusioa galdu al duzu? Ezer berririk ez al diozu espero zure bizitzari? Ni ez naiz inor zure bizitzan sartzeko, noski; baina, pena da. Zu bezalako pertsona bat, aldatzeko prest ez egotea, pena da!
Izan ere, ez da bizimoduz aldatzea eskatzen zaizuna. Ez da, eskuartean daukazun guztia utzi eta beste zerbaitetan hastea. Normalean ez da hori. Aldaketaren barruko esperientzia eskatzen zaizu. Ez da biziera kanpotik aldatzea, barrutik baino. Egiten duzuna, egin; baina beste era batera. Egiten duzuna eginez Jesusi jarraitu behar diozu. Eta segizio hori da berritu beharrekoa. Eguneroko bizitza arruntean izan behar dugu jarraitzaile. Izan ere, eguneroko biziera arruntean Erreinurako deia entzuteko kapazitatea galdu baldin baduzu, zure fedeak bere indarra galdu du. Jesusekiko maitasuna eguneroko bizitzan erakutsi behar dugu. Eguneroko gauza txikietan.
Prest al zaude aldaketarako? Prest al zaude Jesusek egiten dizun deia entzuteko? Zure segurantzak utzi, eta prest al zaude Jainkoaren ibilbide berrian sartzeko? Jainkoari utzi nahi al diozu zure bizitza gidatzen? Jesus bezala prest jarri nahi al duzu, Jainkoak nahi duena egin diezazun? Zerk eragozten digu Jesusen segizioan joatea? Zerk lotzen gaitu? Askotan asko kostatzen zaigu, lotzen gaituzten kate horiek ebakitzea, ezta? Gauzak aldatu nahi izaten ditugu, egia da: geure irudia pixka bat iluntzen diguten gauzak. Baina, hori ez da kontua. Kontua da, Jesusi jarraitzea uzten ez digun hori aurkitzea. Eta ebakitzea. Zure ontzia itsasertzean lotzen duen hori aurkitu, ebaki, eta Jesusen Erreinuko itsasbarrura abiatzea. Hori da egin beharrekoa.
Gero zer gertatuko den? Zer gertatuko da, ba? Erreinua! Argia! Galileako ilunpetan bezala, zure alderdi ilunetan ere argia piztuko dela. Eta argiak bizipoza sortzen du. Argiak sentidua sortzen du, bizitzeko sentidua. Zer gertatuko den? Zure inguruan ere argia sortuko duzula. Zure inguruan ere, bizitzeko sentidua sortuko duzula. Beldurra ematen dizu. Baina, zergatik? Zeure bizitza lasai bizitzen jarraitu nahi al duzu? Berriari heltzeak izutu egiten al zaitu? Eguneroko sistema seguruaren loturak etetea askotxo kostatzen da, bai! Baina, Jesusen deia indartsua da, erakarlea, ederra. Eta gure bizitza bizi egin nahi dugu. Eta Jesusek eskaintzen digun biziera hori da edertzaileena, ederrena. Inork sekula egin ez duen aldaketa sortu nahi du Jesusek. Eta zu aukeratu zaitu horretarako!
Benga!, jar zaitez prest. Esaiozu baietz. Esaiozu zure eguneroko bizitza segizio-esperientzian bizi nahi duzula. Zure eguneroko segurantza lasaiak hankaz gora jartzeko prest zaudela. Prest zaudela maitasun-esperientzia berria bizitzeko pobreekin. Prest zaudela Berri Onaren argia nonahitan pizteko. Prest zaudela, lokarriak etenik, Ebanjelioaren bideetan aurrera egiteko. Eta ikusiko duzu!: gauza ederrik bada, eta ez gutxi. Horrelakorik ez da besterik! Jesusi jarraitzea esperientzia paregabea da! Eguneroko bizitza txikian gertatzen den esperientzia paregabea! Zuri eskaintzen zaizuna.
Goazen Eukaristia ospatzera. Jan dezagun aldaketaren ogia. Berri dezagun fededun guztiok Jesusen segizioan lotzen gaituen fedea!
Iñaki Beristain (2017-1-19)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Mt 4, 12-23) Kristauok askotan azaldu ohi gara lehengoari lotuta, garai batekoei kateatuta, betikoari eusten larri eta estu. Zergatik ote da? Geure ideologiaren oinarriak balantzan sentitzen ditugulako? Edo boterearekin gehiegiz lotuta gaudelako? Jesusen Ebanjelioa zerbait bizia eta eragilea izatea nahi baldin badugu, auzi bakarra daukagu erantzuteko: Prest al gaude sakon-sakonetik aldatzeko, sisteman ez finkatzeko? Prest al gaude, alegia, bihotz-berritzeko?
Ikasleak arrantzuan ari dira, beren ogibidean. Bizirik irautea da gizakion betiko legea. Ezkondu, seme-alabak ekarri, bizitzaren atsegin txiki batzuk, etorkizuna bermatzen saiatu, eta hil... Jesusek, baina, dena hankaz gora jartzen du: «Jarrai niri eta giza arrantzale egingo zaituztet». Jakina, ebanjelariak une batean kokatzen duena, prozesu luze baten bidean ikusi behar da. Ez zen dena zirt eta zart gertatu. Jesusi atxikitzeak bere denbora eraman zuen eta bere gorabeherak izan zituen, Jesusengan sinetsi, dena utzi eta harekin joan ziren arte.
Jesusek eskemak puskatzen dituela argi ikusten da: Profetak agintzen duen argia ez dator Jerusalemdik, lurralde kutsatutik dator, Galileatik. Handik zetorren Argia, itxura guztien kontra. Jainkoaren asmoak ez doaz sarri gizakion uste eta bideetatik. Erreinuak bere dinamika berezia du.
Kontua ez da, noski, ikasleek egin zutena eta egin zuten bezala egitea; kristau helduak badaki, ebanjelioko pasadizo honetan berari dei berezia luzatzen zaiola, bere bizitzara egokitua. Eta badaki, gainera, kontua ez dela lehenengo ikasleena azaletik errepikatzea. Badaki kontua barruko aldaketa sakonean gertatzen dela. Kristau helduak badaki, kontua Jesusi osoki jarraitzea dela.
Horretara gaude deituak: gure eguneroko bizitzan segizioa bizitzera. Nola txerta dezaket Erreinua nire eguneroko bizitzan eta jardunean? Kristau izateko gauza aparteko eta harrigarrien zain bizi dena, ez da sekula Jesusen jarraitzaile izango. Jesusi jarraitzea ez da une distiratsu batzuetan azaltzen, eguneroko jarduera txiki eta saiatuan baizik. Ez da etxaferoen sufesta laburra, sakoneko argi handia.
Beraz, ikusi beharko du bakoitzak zer nolako aldaketarako dagoen prest. Prest ote dagoen sistema-segurantza guztiak apurtzeko. Prest ote dagoen bizitza Jainkoaren ekimenari entregatzeko. Prest ote dagoen Jesusen deia entzun eta, ikasleak bezala, Jainkoaren Erreinuaren proiektuan murgiltzeko. Zerk eragozten digu eraberritze hau, konbertsio sakon hau?
Egia da, nire irudia zabartzen duena aldatu nahi izaten dut (akats pertsonalak eta) edo gure kristau-ametsa hondatzen duten hutsuneak. Besteen aurrean gaizki uzten gaituzten erruak ez ditugu maite. Baina, Jesusen Ebanjelioa ez da horietan geratzen. Horiek dira gutxienekoak. Jesusek askoz sakonagora jotzen du, pertsonaren muinera jotzen du.
Oraintxe bertan, Jesusen aurrean, nire bizitzaren norabidea begiratzen dut. Eta Jesusen deiaren klabe hori ez nuke zokoratuta utzi behar. Jesus deika ari zait, eta horretantxe erakusten du bere jauntasuna. Ikasleek dena utzi eta jarritu egin zioten. Guk gauza asko utziko genituzke, baina beharbada geure barrua ez dugu entregatu nahi. Azalekoak denak emango genituzke segizio horretan. Baina Jesusek dei egiten duenean ez gabiltza azalean.
Iñaki Beristain (2014-1-22)
(Igandeko ebanjelioa: Mt 4, 12-23)
Sekula ez dut ulertu, nolatan elkartu ohi den Eliza joera kontserbadoreekin, joera atzerazaleekin. Antzinatik datorren ikuskera izan behar du, dirudienez: kristaua, pertsona erlijiosoa, betikoari lotua ikusi izan da. Gizaldiak joan gizaldiak etorri, jende askotxori aldaketaren kontrako indarra gertatu izan zaio erlijioa. Aldaketa sozial handien trenaren gidari joan behar zukeena, azken bagoian beldurti! Zergatik ote? Bere oinarrizko doktrinak aldatuko ote dizkioten beldurrez akaso? Edo, Eliza une bakoitzeko aginteari gehiegiz lotua dagoelako ote? Jesus Jaunak munduan estrainatu zuen aldaketa, eta oraindik ere eginkizun duguna, ahaztu ote du gure Elizak eta gure eliztarrak?
Baina Ebanjelioa, mundua zuztarretik aldatuko duen eragin izatea nahi baldin badugu, oinarrizko galdera bati baietzez erantzun beharra daukagu: prest al gaude aldaketarako, Sistemaren lasaikerian eserita gelditu beharrean? Zuztarreko aldaketa dakar Ebanjelioak, eta zuztarreko aldaketa eskatzen du. Eta, jakina!, bere burua aldaketarako prest ez daukanak nahiago du betikoaren jarrera erosoan segi. Ezer aldatuko ez balitz, hobe! Hartara, ezerk ez du bere lozorro gozotik aterako!
Gaurko Ebanjelio-zatiak bestelako kontuak dakartza. Pedro eta Andres, Santiago eta Joan, arrantzu-lanetan zebiltzan, beren gurasoak eta arbasoak ibili ziren bezalaxe. Betikoak egiten, alegia. Bizi, esistittu! Ezkondu, familia sortu, bizitzari zuku pixka bat atera, etorkizuna argitu, eta gero hil! Biziera hura sekula aldatu behar zitzaienik pentsatze hutsa ere! Baina, Jesus hurbiltzen zaienean, kitto!: «Zatozte, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Aldaketa hori guztia ez dela ezerezetik sortzen? Seguru asko ez. Lehendik ere izango zen halako aldatu-nahiren bat gazte haien barnean. Zerbait berriaren bila ibiliko ziren, agidanean. Baina...
Baina... aldaketa hainbesterakoa izan zitekeenik ere! Dena utzi eta Jesusekin doaz. Zer gertatu da? Argia piztu zaie, gaurko Ebanjelioak esaten duen bezala. Zerbait argizkoa ikusi dute. Beren barruak zerbait berezia sumatu du. Eta egia da: argi hura ez dator orduko toki estimatuenetatik. Galileako paraje gutxietsitik dator argia. Orduko eskema erlijiosoetan oso ondo ikusia ez zen paraje pagano xamar hartatik. Jesusek aldaketa dakar, eta ez nolanahikoa. «Bihotz-berri zaitezte, Jainkoaren erreinua hurbil baita».
Jesus dei pertsonal eta dei berritzaile hau egiten hasi zenetik, fededun bakoitzak sumatu du Ebanjelioak eragiten duen aldaketa erabatekoa. Jesusek ez ditu gauzak eta pertsonak bere horretan uzten. Dena hankaz gora jartzen du pertsonaren barnean. Dei egiten duenean, ez da giro! Eta pertsonaren barne-egiturak aldatuz, gizartea goitik behera aldatu nahi du. Gizarte honen jokaerak eta ikuskerak erabat berritu nahi lituzke. Eta horretarako aldatzen ditu eta erakartzen ditu pertsonak. Jesusen aldaketarako deia bere barnean onartzen ez duenak, ez du balio Ebanjelioko erreinua zerbitzeko. Ez du balio, alegia, gizartea Ebanjelioaren arabera aldatzeko. Bere burua aldatzeko prest ez dagoena, oso pertsona erlijiosoa izango da akaso, baina ez da batere harritzekoa kontserbadore eta atzerazale izatea!
Jesusek zuztarreko aldaketa eskatzen du eta gertarazten du. Prest al gaude fededunok aldaketarako? Zerk eragozten digu aldaketa? Zergatik kontserbadore? Zergatik atzerazale? Zergatik betikoaren babesle? Zergatik ez gabiltza gure gizarte honen indar eragileen artean? Aurreko puntan figurazio baboetan ez ibili nahia gauza bat da; eta bestea, oso ezberdina, herri honen aldaketa eragile ez izatea. Bataren aitzakiz ez ote dugu bestea estali? Gaurko Ebanjelio-zatia irakurri eta geuretzeko kapaz baldin bagara, ederki ulertuko dugu zer eskatzen digun Jesusek: zuztarreko aldaketa!
Iñaki Beristain (2017-1-19)