JAUNAREN NEKALDIKO ERRAMU IGANDEA
A zikloaMonizioa
Senide maiteok: Garizumako aldi honetan, bihotzak prestatzen aritu gara penitentziaz eta maitasun-egintzez. Hurbil dugu Bazko-jaia. Eliza guztiarekin batean bildu gara gaur, Jaunaren bazko-misterioari hasiera emateko. Misterio hori, Jesu Kristoren nekaldia eta biztuera dira. Misterio hori betetzeko sartu zen Jesus Jauna Jerusalengo iri santuan. Beraz, gu salbatzeko egin zuen sarrera horren oroipena ospa dezagun fedez eta maitasunez, eta jarrai diezaiogun eta lagundu gure Jaunari, Haren gurutzean bat eginda, Haren biztueran eta bizian ere bat egin dezagun.
Bedeinkapen otoitza
Jainko ahalguztidun betierekoa,
bedeinka itzazu + erramu-adar hauek;
eta egizu, Kristo gure Erregeri
goraka eta kantari jarraitzen diogunok
Haren bidez betiereko Jerusalema iritxi gaitezela.
Errege bizi bait da gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Prozesioko EBANJELIOA
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 21,1-11
Jerusalen-era hurbildu eta Oliomendi ondoan dagoen Betfage herrira iritsi zirenean, Jesusek bere bi ikasle bidali zituen, esanez:
- “Zoazte aurreko auzo horretara, eta berehala aurkituko duzue asto bat lotua, bere umearekin; askatu eta ekar iezaidazue. Inork ezer esaten badizue, erantzun: ‘Jaunak behar ditu, eta berehala itzuliko dizkizu’”.
Hau guztia gertatu zen profetak esana bete zedin: Esaiozue Siongo alabari: “Horra non datorkizun zeure erregea, apal-apal, asto gainean eseria, asto zamari baten umearen gainean’”.
Joan ziren ikasleak eta egin zuten Jesusek agindu ziena; ekarri zituzten astoa eta astakumea, eta beren estalkiz txalmatu zituztenean, gainean jarri zen Jesus. Jendetzak bere soingainekoak bidean zabaltzen zizkion; beste batzuek zuhaitz-adarrak ebaki eta bidean botatzen zituzten; eta aurretik eta ondoren zihoazenek honela zioten oihuka:
- ‘Hosanna Dabiden Semeari! Bedeinkatua, Jaunaren izenean datorrena! Hosanna Goi-goikoari!’
Jesus Jerusalem-en sartu zelarik, herri guztiak harriturik galdetzen zuen:
- ‘Nor dugu Hau?’
Berarekin zetorren jendeak, berriz, honela zioen:
- ‘Hau Jesus profeta da, Galileako nazaretarra’.
Sarrerako antifona
Bazko-festaburua baino sei egun lehenago, Jauna Jerusalenen sartzean, bidera atera zitzaizkion haurtxoak, palma-adarrak eskuetan zituztela eta pozez oihuka: Hosanna zeru goienetan! Bedeinkatua Zu, erruki haundiz gugana zatozen Horri!
Kolekta otoitza
Jainko Ahalguztidun betierekoa
gizon-emakume guztiei apaltasun-bidea erakusteko,
gure Salbatzailea gizon egitea
eta gurutzean hiltzea nahi izan zenuen;
iguzu, arren,
Haren nekaldiko irakaspenak gogoan har ditzagula,
Harekin batera biztu gaitezen.
Zure Seme Jesu kristo... AMEN.
Isaias Profetaren liburutik 50,4-7
Ikasi baten mingaina eman dit nere Jaunak,
hitz bizkorgarria eman diezaiedan nekatuei;
belarria esnatzen dit goizero,
ikasiek bezala entzun dezadan.
Jaunak belarria ireki dit,
eta nik ez diot gogorrik egin;
ez dut atzera egin.
Bizkarra ipini diet, jotzen nindutenei;
masaila, bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei;
ez diet aurpegia saihestu irainei eta listuei.
Nere Jauna nuen laguntzaile;
horregatik ez nintzen lotsatu;
horregatik ipini nuen aurpegia, harri gogor bezala;
eta badakit ez naizela lotsagarri gertatuko.
ERANTZUN-SALMOA 21
NIRE JAINKOA, NON ZAUDE ZU?
NOLA ESKUTIK UTZI NAUZU?
Ikusten nautenak honela ari zaizkit barreka,
ezpain-keinu eta buru-eraginka:
‘Jaunagan du usteon, salba beza;
maite badu, onik atera beza’.
Nire jantziak berentzat banatzen dituzte,
nire soinekoa zotz egiten dute.
Zu, ordea, Jauna, ez egon urrun,
Zu, nire indar, zatozkit azkar nere lagun.
San Paulo Apostoluak Filipotarrei 2,6-11
Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari;
bestela baizik, bereaz hustu egin zen,
morroi izaera hartuz,
eta beste edozein bezala azalduz.
Eta gizon bezala agerturik,
apaldu egin zuen bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion.
Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mingain guztiek aitor dezaten:
Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.
EBANJELIOA
Kristo gugatik menpeko egin zen heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion.
Jesu Kristoren Nekaldia san Mateoren liburutik 26,14-27,66
K.- Aldi hartan, [Hamabietako batek, Judas Iskariote zeritzanak, apaiz nagusietara joanda, honela esan zien:
S.- ‘Zer emango didazue, hori eskuratzen badizuet?’
K.- Haiek hogeitamar zilar-diru agindu zizkioten. Judas, orduz gero, Jesus haiei eskuetara emateko egokiera-bila zebilen.
Ogi Hilen lehenbiziko egunean, etorri ziren ikasleak Jesusengana, eta esan zioten:
S.- ‘Non prestatzea nahi duzu Bazko-afaria?’
K.- Jesusek erantzun zien:
+.- “Zoazte herrira holakoarengana, eta esaiozue: Honela dio Maisuak: Hurbil da nere ordua; zure etxean ospatuko dut Bazkoa nere ikasleekin”.
K.- Ikasleek Jesusek esan bezala egin zuten, eta prestatu zuten Bazko-afaria.
Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus Hamabiekin. Eta jaten ari zirela, honela esan zien:
+.- “Benetan diozuet: Zuetako batek saldu egingo nau”.
K.- Ikasleak, atsekabez beterik, galdezka hasi zitzaizkion banaka:
S.- ‘Ni al naiz, Jauna?’
K.- Harek erantzun:
+.- “Nerekin aspil berean ogia busti duenak, horrek salduko nau. Gizonaren Semea badijoa, Hartaz idatzirik dagoen bezala; baina zoritxarrekoa, Gizonaren Semea saltzen duena! Gizon horrek hobe zukeen jaio ez balitz”.
K.- Orduan, Judasek -salduko zuenak- galdetu zion:
S.- ‘Ni al naiz, Maisu?’
K-. Eta Jesusek:
+.- “Zeuk esan duzu”.
K.- Jaten ari zirela, Jesusek ogia hartu, eta bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu zuen eta bere ikasleei eman zien, esanez:
+.- “Har ezazue, jan: hau nere gorputza da”.
K.- Eta edanontzi bat harturik eta esker-otoitza eginez, eman zien, esanez:
+.- “Edan guztiok honetatik: hau nire odola da-eta, itunaren odola, guztientzat bekatuak barkatzeko ixurtzen dena. Hara Nik esan: Ez dut gehiago ardorik edango, ardo berria zuekin nire Aitaren erreinuan edango dudan egunera arte”.
K.- Abestu zituzten salmoak, eta Oliamendira atera ziren.
Orduan honela mintzatu zitzaien Jesus:
+.- “Gau honetan zuek guztiok erorbide izango nauzue; idatzirik bait dago: Joko dut artzaia, eta sakabanatuko dira artaldeko ardiak. Baina Ni biztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara”.
K.- Orduan Pedrok esan zion:
S.- ‘Beste guztiak erortzen badira ere Zuregatik, ni ez naiz behinere eroriko’.
K.- Jesusek erantzun zion:
+.- “Egiaz esaten dizut: Gau honetan bertan, oilarrak jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu”.
K.- Pedrok esan zion:
S.- ‘Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut ukatuko’.
K.- Gauza bera esaten zuten ikasle guztiek.
Orduan, joan zen Jesus bere ikasleekin Getsemani deritzan baratzera, eta esan zien:
+.- “Eseri zaitezte zuek hemen, Ni hara otoitzera noan bitartean”.
K.- Eta Pedro eta Zebedeoren bi semeak Berekin hartuz, nahigabetzen hasi zen eta larritzen. Orduan, esan zien:
+.- “Nahigabez hiltzeko zorian nago; geldi zaitezte hemen; eta egon erne Nirekin batean”.
K.- Joan zen aurreraxeago eta, ahuspez erorita, honela egiten zuen otoitz:
+.- “Ene Aita, bihoa, ahal bada, kaliza hau Niregandik. Baina ez bedi gerta Nik nahi bezala, Zuk nahi bezala baizik”.
K.- Etorri zen bere ikasleengana, eta lotan aurkitu zituen. Eta honela esan zion Pedrori:
+.- “Beraz, ezin egon erne ordubete Nirekin? Zaudete erne eta egin otoitz, tentaldian eror ez zaitezten; gogoa bizkorra da; haragia, ordea, makala”.
K.- Joan zen bigarren aldiz, eta berriz ere honela egin zuen otoitz:
+.- “Ene Aita, kaliza hau ezin igaro badaiteke Nik edan gabe, egin bedi zure nahia”.
K.- Etorri zen berriz, eta lotan aurkitu zituen; begiak logale bait zituzten. Haiek utzita joan zen berriro, eta hirugarren aldiz lehengo hitzak berak esanez egin zuen otoitz. Gero ikasleengana etorrita, esan zien:
+.- “Orain egizue lo, eta hartu atseden. Hara, iritsi da ordua eta Gizonaren Semea bekatarien esku utzia izango da. Jaiki zaitezte, eta goazen! Hurbil da Ni saltzen nauena”.
K.- Oraindik hizketan ari zela, han azaldu zen Judas, Hamabietako bat, eta harekin batean jendetza haundia, apaiz nagusiek eta herriko zaharrek bidalia, ezpatak eta makilak eskuetan zituztela. Saltzaileak ezaupide hau emana zien:
S.- ‘Nik musu ematen diodana, hura da; lotu ezazue’.
K.- Berehala Jesusengana hurbildu, eta esan zion:
S.- ‘Agur, Maisu’.
K.- Eta musu eman zion. Baina Jesusek esan zion:
+.- “Adiskide, zertara zatoz?”
K.- Orduan, hurbildu ziren Jesusengana, eskuak erantsi zizkioten eta lotu egin zuten. Jesusekin zegoen batek, eskua luzatuz, ezpata zorrotik atera eta apaiz nagusiaren morroi bat jo zuen, eta belarria moztu zion. Jesusek esan zion:
+.- “Sar ezazu ezpata bere lekuan; ezpata darabilkiena, ezpataz hilko da. Zer uste duzu? Nik ezin diodala nire Aitari laguntzarik eskatu? Hark hamabi aingeru-talde eta gehiago ipiniko lituzke nire esku. Baina honela ez litzateke beteko Liburu Santuak gertatu beharra dela dioena”.
K.- Orduan Jesus honela mintzatu zitzaion jendeari:
+.- “Lapur batengana bezala etorri zarete, ezpata eta makilekin, Ni harrapatzera. Egunero esertzen nintzen jauretxean erakusten, eta ez ninduzuen bahitu”.
K.- Guzti hau, Profetek esandakoa bete zedin gertatu zen. Orduan, Hura bakarrik utzita, ikasle guztiek ihes egin zuten.
Jesus hartu zutenek, Kaifasenera, apaiz nagusiaren etxera, eraman zuten, han bait zeuden batzarrean bilduta idazlariak eta herriko zaharrak. Pedrok, urrutitik, apaiz nagusiaren jauregiraino jarraitu zion eta, barrura sarturik morroien artean eseri zen, guzti hura zertan bukatzen ote zen jakin nahiez.
Apaiz nagusiak eta Batzarre osoa Jesusen kontra gezurrezko testigantza baten bila zebiltzan, Hura heriotzera eramateko; baina ez zuten aurkitzen, gezurrezko hainbeste testigu etorrita ere. Etorri ziren azkenik bi testigu, eta honela mintzatu ziren:
S.- ‘Honek esan zuen: “Jainkoaren jauretxea xeha dezaket, eta hiru egun barru berriro eraiki”’.
K.- Zutitu zen orduan apaiz nagusia, eta esan zion:
S.- ‘Ez al diozu ezer erantzun behar? Zer da, horiek Zuretzat dioten hori?’
K.- Baina Jesus isilik zegoen. Orduan apaiz nagusiak esan zion:
S.- ‘Jaungoiko biziaren izenean diotsut; esaiguzu: Zu al zara Mesias, Jaungoikoaren Semea?’
K.- Eta Jesusek:
+.- “Zerorrek esan duzu. Gehiago diotsut: Oraintxetik ikusiko duzue Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuin aldean jartzen, eta zeruko hodei gainean etortzen”.
K.- Orduan apaiz nagusiak urratu zituen soinekoak, esanez:
S.- ‘Birao esan du! Bai al dugu beste testiguren beharrik? Entzun duzue biraoa. Zer deritzazue?’
K.- Eta guztiek orduan:
S.- ‘Heriotzea merezi du’.
K.- Eta orduan aurpegira txistua botatzen hasi zitzaizkion, eta ukabilka; beste batzuek, berriz, masailekoak emanez, honela esaten zioten:
S.- ‘Egizak profetarena, Mesias; asmazak; nork jo hau?’
K.- Pedro atarian zegoen eserita; etorri zen neskame bat, eta esan zion:
S.- ‘Zu ere Galileako horrekin ibiltzen zinen’.
K.- Pedrok guztien aurrean ukatu zuen:
S.- ‘Ez dakit zer diozun’.
K.- Kanpoko atera zihoala ikusi zuen beste neskame batek, eta honela esan zien ingurukoei:
S.- ‘Hau Nazareteko Jesusekin ibiltzen zen’.
K.- Hark, zin eginez, berriz ere ukatu zuen:
S.- ‘Nik ez dut ezagutzen gizon hori!’
K.- Handik laster, etorri zitzaizkion inguruan zeudenak, eta esan zioten:
S.- ‘Inondik ere, zu horietakoa zara; hizkeran ezagun duzu’.
K.- Orduan Pedrok, madarikatuz eta zin eginez, honela zioen:
S.- ‘Nik ez dut ezagutzen gizon hori!’
K.- Eta berehala jo zuen oilarrak. Pedrori Jesusek esana gogoratu zitzaion: “Oilarrak jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu”. Eta kanpora aterata, negarrari eman zion saminki.
Eguna argitu zuenean, apaiz nagusi guztiak eta herriko zaharrak batzarrean bildu ziren Jesusen aurka, heriotzera eramateko. Eta, loturik, Pilato agintariarengana eraman zuten, eta haren esku utzi.
Orduan, Jesus galdua zela ikusirik, damutu zitzaion Judas saltzaileari, eta hogeitamar diruak apaiz nagusi eta herriko zaharrei itzuliz, honela esan zien:
S.- ‘Bekatu egin dut, errugabe hau hiltzeko salduz’.
K.- Baina haiek erantzun zioten:
S.- ‘Eta guri zer? Hor ikusi zuk’.
K.- Diruak jauretxean bota zituen, eta atera zen handik; eta, joanda, bere burua urkatu zuen.
Apaizek, dirua hartuta, esan zuten:
S.- ‘Ez da zilegi hau atabakara botatzea, odol-saria da-eta’.
K.- Eta, elkarrekin mintzatu ondoren, Eltzegilearen Soroa erosi zuten, atzerritarren hilerritarako. Horregatik, gaur oraindik, soro hari Odol-soro deritza. Honela bete zen, Jeremias profetak idatzitakoa: Hogeitamar zilar-diru hartu zituzten, Israelgo semeek salgai zegoenari jarritako balioa; eta haiekin Eltzegilearen Soroa erosi zuten, niri Jaunak agindu zidan bezala.]
Jesus agintariarengana eraman zuten; eta agintariak honela galdetu zion:
S.- ‘Zu judutarren errege al zara?’
K.- Jesusek erantzun:
+.- “Zerorrek diozu”.
K.- Eta apaiz nagusiak eta herriko zaharrak salatu eta salatu ari izanik ere, Jesusek ez zuen hitzik erantzuten. Orduan Pilatok esan zion:
S.- ‘Ez al duzu entzuten zenbat salakuntza egiten duten zuretzat?’
K.- Jesusek galdera bakar bati ere ez bait zion erantzunik ematen, agintaria zeharo harrituta zegoen.
Preso bat askatzeko ohitura zuen agintariak Festaburuan, herriak berak nahi zuena. Espetxean ba zeukan garai hartan hots haundiko preso bat, Barrabas zeritzana. Herria bildu zenean, Pilatok galdetu zien:
S.- ‘Nor nahi duzue askatzea? Barrabas, ala Jesus, Mesias diotena?’
K.- Bai bait zekien bekaitzez ekarri ziotela. Eta epai-aulkian eseririk zegoela, bere emazteak albiste hau bidali zion:
S.- ‘Ez zaitez sar gizon zintzo horrekin; amets ilunak egin ditut bart hori dela-eta’.
K.- Baina apaiz nagusiek eta herriko zaharrek berotu zuten herria, Barrabas askatu eta Jesus hil zezala eskatzeko. Agintariak galdetu zien:
S.- ‘Bi hauetatik nor nahi duzue askatzea?’
K.- Herriak erantzun:
S.- ‘Barrabas’.
K.- Eta Pilatok:
S.- ‘Eta zer egin behar dut , Mesias dioten Jesus honekin?’
K.- Eta herriak:
S.- ‘Josi gurutzean!’
K.- Pilatok:
S.- ‘Zer oker egin du, bada?’
K.- Herriak, gero eta deiadar haundiagoz:
S.- ‘Josi gurutzean!’
K.- Pilatok, dena alferrik zela eta matxinada gainean zuela ikusirik, ura hartu eta, herriaren aurrean eskuak garbituz, esan zien:
S.- ‘Errugabe naiz ni odol honetan. Hor ikusi zuek!’
K.- Herri guztiak orduan:
S.- ‘Betor gure gain eta gure umeen gain Horren odola!’
K.- Orduan Barrabas askatu zien; eta Jesus, zigortu ondoren, haien esku utzi zuen, gurutzean josteko..
Agintariaren gudariek auzitegira eraman zuten Jesus, eta gudari-talde osoa bildu zuten Haren inguruan; erantzi zizkioten soinekoak, eta estalki gorria jantzi zioten; arantzazko koroa egin zuten gero, eta buruan ezarri zioten, eta kainabera-makila eskuinean. Eta aurrean belaunikaturik, iseka egiten zioten, esanez:
S.- ‘Agur, judutarren errege!’
K.- Gero listua botatzen hasi zitzaizkion; eta kainabera kenduta, harekin buruan jotzen zuten. Isekak bukatutakoan, kendu zioten estalkia, bere soinekoak jantzi, eta gurutzean jostera eraman zuten.
Ateratzean, Simon izeneko zirenear gizon bat topatu zuten, eta gurutzea eramatera behartu. Golgota -hau da: Buruhezurtegi- deritzan lekura iritsi zirenean, behazunez nahastutako ardoa eman zioten edateko. Jesusek txastatu zuen, baina ez zuen edan nahi izan.
Gurutzean josi zutenean, txotx egin zuten, Haren jantziak zer norentzat, eta lurrean eserita Hura zaintzen gelditu ziren. Buru gainean idazkun bat epini zioten, hoben-ageri bezala: HAU JESUS DA, JUDUTARREN ERREGEA. Harekin batean bi gaizkile josi zituzten gurutzean; bata eskuinetan, eta bestea ezkerretan.
Handik igarotzen zirenek iseka egiten zioten, buruari eraginez, eta esanez:
S.- ‘Jauretxea xehatu, eta hiru egun barru berriro eraikitzen huen Horrek, salbazak heure burua! Jaungoikoaren Seme baldin bahaiz, jaitsi hadi gurutzetik!’
K.- Era berean apaiz nagusiek, idazlariek, eta herriko zaharrek ere burla egiten zioten, esanez:
S.- ‘Besteak, bai, salbatu Horrek; eta bere burua ezin salbatu! Israelgo errege, noski! Jaitsi dadila orain gurutzetik, eta sinetsiko diogu. Jaungoikoarengan izan du bere uste ona; Jaungoikoak egiaz maite badu, aska dezala orain; ez zuen, bada, Jaungoikoaren Seme zela esaten?’
K.- Harekin gurutzean josirik zeuden bi gaizkileek ere, berdin iseka egiten zioten.
Eguerditik arratsalde-erdira arte, lurralde hura guztia ilunbetan gelditu zen. Eta arratsalde-erdi aldera, Jesusek oihu haundi bat egin zuen:
+.- “Eli, Eli, lema sabaktani”.
K.- Hau da:
+.- “Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?”
K.- Inguruan zeuden batzuek, hori entzutean, honela zioten:
S.- ‘Eliasi deika ari da Hau’.
K.- Haietako batek, lasterka joan, eta ozpinetan bustitako belaki bat hartu zuen eta, kainabera-muturrean lotuta, edateko eman zion. Besteek honela zioten:
S.- ‘Utzi iezaiok; ikus dezagun, ea etortzen zaion Elias, gurutzetik salbatzera.
K.- Eta Jesusek beste deiadar haundi bat eginez, azken arnasa eman zuen
(Hemen, belaunikaturik jarri eta egonalditxo bat egiten da)
Orduan jauretxeko oihala erdibi egin zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen, harriak erdibitu, hilobiak ireki eta hildako santuen gorputz asko biztu ziren. Hauek, Jesus biztu ondoren, beren hilobietatik atera, eta hiri santura etorri ziren, eta askori agertu zitzaizkion.
Jesus zaintzen zegoen gudari-ehuntariak eta bere mutilak, lurrikara eta gertatu zena ikusi zutenean, ikaratu ziren, eta honela zioten:
S.- ‘Hau, benetan, Jainkoaren Semea zen’.
[K.- Ba zeuden han, urrutitik begira, emakume asko, Galileatik Jesusi jarraituz etorriak, Hura serbitzatu nahiez; haien artean, Maria Magdalena, Santiagoren eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.
Ilunabarrean, Jose zeritzan Arimateako gizon aberats bat etorri zen; bera ere Jesusen ikasleetakoa. Hark, Pilatorengana joan eta Jesusen gorputza eskatu zion. Eta Pilatok emateko agindu zien. Hartu zuen Josek Jesusen gorputza eta, izara garbi batetan bildu ondoren, beretzat harkaitz bizian zulatutako hilobi berrian ipini zuen; ezarri zuen hilobiko sarreran harri biribil haundi bat, eta joan egin zen. Maria Magdalena eta beste Maria han zeuden hilobiaren aurrez aurre eserita.
Biharamon goizean, Prestaera-eguna igaro ondoren, apaiz nagusiak eta farisearrak elkarrekin joan ziren Pilatorengana, esanez:
S.- ’Jauna, oroitu gara, gezur-saltzaile Hark, oraindik bizi zela, nola esan zuen: “Hirugarren egunean biztuko naiz”. Agindu ezazu, beraz, hilobia zaintzeko hirugarren egunera arte, Haren ikasleak etorrita gorputza ostu ez dezaten, eta herriari esan: Biztu da hilen artetik. Azken gezurra lehenbizikoa baino okerragoa izango bait litzateke’.
K.- Pilatok erantzun:
S.- ‘Hor dituzue zaintzaileak; zoazte zeuek, eta zaindu dakizuen eran’:
K.- Joan ziren haiek, seilatu zuten harria, eta zaintzaileen esku jarri zuten hilobia.]
Homiliak
(Erramu-igandeko Hitzaren liturgia oso betea gertatzen da, kontuan izanik Nekaldia bere osoan irakurri behar dela. Beraz, ezer laburtzekotan, homilia bera laburtu beharko litzateke. Hori dela eta, homilia laburra proposatzen dugu hemen).
Gaurko jaiak eta ospakizunak Aste Santuan sartu gaituzte, Pazkoan alegia. Pazkoko berritasuna ukitzen hasi gara. Dena ezaguna gertatzen zaigu: Prozesioa, erramu-adarrak... Nekaldiko historia bera ere bai. Baina hemen bada zerbait beti berria dena. Maitasuna beti berria baita, eta Pazkoak, ezer eskaintzekotan, maitasun azkengabea eskaintzen digu. Eta maitasun hori gure bizitzan txertatua ikusiko dugu. Horrek gure izate guztia berritasunez janzten digu. Pazkoko maitasunaren berritasunak gure bizitza osoa berritzen digu.
Jesus Jerusalenen sartzen ikusi dugu. Era berean ikusi behar dugu gure bizitzan sartzen ere. Eta Jerusalenen maitasunaren gertakaria bere betean gertatu den bezala, halaxe gure bizitzan ere. Gure bizitzan eta gure gizartearen bizitzan. Maitasunez guregana datorren Jesus askatzaileari ateak irekitzea da egin beharrekoa, aurtengo hau benetako Pazko izan dadin, benetako askatasun-gertaera izan dadin.
Txokagarria gertatzen da: Jerusalena garaile distiratsu sartzen ikusi duguna, orain Nekaldikoan lurreraino beheratua ikusi dugu. Beheraturik, maitasunak bakarrik beheratzen dakien bezala, garaipenaren gorenera jaso gaitu, jasotzen gaitu. Gure bizitzaren gora-behera guztietan jasoa eta eraitsia ikusi dugu Jesus. Baina Nekaldiaren historia ez da lurrean edo lurpean amaitzen. «Apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino... Horregatik, Jainkoak goratu egin zuen». Maitasunak, gure ezina bere osoan besarkatzera eraman du. Baina ez ezinean geratzeko; gure ezinari bizi berria emateko baino.
Maitasunak badaki beheratzen. Maitasunak badaki zerbitzen. Maitasunak badaki lurrean dagoena besarkatzen. Maitasunari ez zaio inporta nora jaitsi behar duen. Maitasunak ez ditu bere «mailak» gogor babesten. Maitasunak maila guztiak galtzen ditu, maite duenari laguntzeko. Gurutzeko lotsaria ere onartzen du, bekatuaren lotsaria guri kentzearren.
Eta gu benetan maitatuak senti gaitezke gaur. Maitasun ederrenaren besarkada jaso baitugu gure ezinaren erorialdian.
Gaurko ospakizun hau Pazko-atarikoa da. Jesusen gurutzeko garrasi iluna, mundu guztian ezinez garrasi egiten dutenen garrasi bihurtuko da: «Zergatik baztertu nauzu?». Hainbeste gizon-emakumek sufritzen du. Hainbeste bakardade sumatzen da munduan zehar. Gure Pazko-ospakizunak Berpiztuaren argia eta maitasuna eraman nahi du, sufritzen ari diren guztien bizitzara. Guri, hain gertutik biziarazten zaigun maitasun hau, mundu guztiari opa diogu. Guretzat itxaropen betea den Pazko-ospakizuna, gizon-emakume guztientzako itxaropen izatea nahi dugu.
Gurutzeko maitasun betea, orain ogi-arditan emango zaigu, jateko eta edateko maitasun egina. Har dezagun bihotz zabalez Jainkoak erakusten digun maitasun hondogabea. Eta poztu gaitezen.
Iñaki Beristain (2014-4-8)
(Erramu-igandeko Hitzaren liturgia oso betea gertatzen da, kontuan izanik Nekaldia bere osoan irakurri behar dela. Beraz, ezer laburtzekotan, homilia bera laburtu beharko litzateke. Hori dela eta, homilia laburra proposatzen dugu hemen).
Gaurko jaiak eta ospakizunak Aste Santuan sartu gaituzte, Pazkoan alegia. Pazkoko berritasuna ukitzen hasi gara. Dena ezaguna gertatzen zaigu: Prozesioa, erramu-adarrak... Nekaldiko historia bera ere bai. Baina hemen bada zerbait beti berria dena. Maitasuna beti berria baita, eta Pazkoak, ezer eskaintzekotan, maitasun azkengabea eskaintzen digu. Eta maitasun hori gure bizitzan txertatua ikusiko dugu. Horrek gure izate guztia berritasunez janzten digu. Pazkoko maitasunaren berritasunak gure bizitza osoa berritzen digu.
Jesus Jerusalenen sartzen ikusi dugu. Era berean ikusi behar dugu gure bizitzan sartzen ere. Eta Jerusalenen maitasunaren gertakaria bere betean gertatu den bezala, halaxe gure bizitzan ere. Gure bizitzan eta gure gizartearen bizitzan. Maitasunez guregana datorren Jesus askatzaileari ateak irekitzea da egin beharrekoa, aurtengo hau benetako Pazko izan dadin, benetako askatasun-gertaera izan dadin.
Txokagarria gertatzen da: Jerusalemera garaile distiratsu sartzen ikusi duguna, orain Nekaldikoan lurreraino beheratua ikusi dugu. Beheraturik, maitasunak bakarrik beheratzen dakien bezala, garaipenaren gorenera jaso gaitu, jasotzen gaitu. Gure bizitzaren gora-behera guztietan jasoa eta eraitsia ikusi dugu Jesus. Baina Nekaldiaren historia ez da lurrean edo lurpean amaitzen. «Apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino... Horregatik, Jainkoak goratu egin zuen». Maitasunak, gure ezina bere osoan besarkatzera eraman du. Baina ez ezinean geratzeko; gure ezinari bizi berria emateko baino.
Maitasunak badaki beheratzen. Maitasunak badaki zerbitzen. Maitasunak badaki lurrean dagoena besarkatzen. Maitasunari ez zaio inporta nora jaitsi behar duen. Maitasunak ez ditu bere «mailak» gogor babesten. Maitasunak maila guztiak galtzen ditu, maite duenari laguntzeko. Gurutzeko lotsaria ere onartzen du, bekatuaren lotsaria guri kentzearren.
Eta gu benetan maitatuak senti gaitezke gaur. Maitasun ederrenaren besarkada jaso baitugu gure ezinaren erorialdian.
Gaurko ospakizun hau Pazko-atarikoa da. Jesusen gurutzeko garrasi iluna, mundu guztian ezinez garrasi egiten dutenen garrasi bihurtuko da: «Zergatik baztertu nauzu?». Hainbeste gizon-emakumek sufritzen du. Hainbeste bakardade sumatzen da munduan zehar. Gure Pazko-ospakizunak Berpiztuaren argia eta maitasuna eraman nahi du, sufritzen ari diren guztien bizitzara. Guri, hain gertutik biziarazten zaigun maitasun hau, mundu guztiari opa diogu. Guretzat itxaropen betea den Pazko-ospakizuna, gizon-emakume guztientzako itxaropen izatea nahi dugu.
Gurutzeko maitasun betea, orain ogi-arditan emango zaigu, jateko eta edateko maitasun egina. Har dezagun bihotz zabalez Jainkoak erakusten digun maitasun hondogabea. Eta poztu gaitezen.
Iñaki Beristain (2017-4-5)
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.