URTEAN ZEHAR X IGANDEA

A zikloa

Sarrerako antifona


Jauna dut argi eta salbamen, nork ni beldurtu? Jauna biziaren babes, nork ni izutu? Nere etsai eta arerioak irristatzen dira eta erortzen.

Kolekta otoitza


On guztien iturri zaren Jauna,
entzun gure otoitza;
zure argiak argi egin diezaigula, zuzen dena ezagutzeko,
eta zure laguntzak indar eman, betetzeko.
Zure Seme Jesu Kristo ... AMEN.

Oseas Profetaren liburutik 6,3b-6


Ahalegin gaitezen, Jauna ezagutzen:
egunsentia bezala da Haren etorrera;
argia bezala altxatzen da Haren erabakia.
Neguko euria bezala isuriko da gure gainera,
lurra girotzen duen udaberriko euria bezala.
Zer egingo dizut zuri, Efrain?
Zer egingo dizut zuri, Juda?
Zure errukia goizeko lainoa bezala da,
lurruntzen den goizeko ihintza bezala.
Horregatik zauritu zaituztet Nik profeten bitartez,
eta galdu zaituztet nere ahoko hitzez.
Opariak ez, baino leialtasuna nahi baitut Nik;
Jainkoaren ezaguera dut nahiago,
erre-opariak baino.

ERANTZUN-SALMOA 49


ZUZEN DABILENARI DIOT
JAINKO-SALBAMENA ERAKUSTEN.
Jauna, jainkoen Jainkoa, mintzo da:
dei egiten dio lurrari batzarrera
eguzkiaren sorlekutik sarlekura.
Ez zaitut salatzen zeure sakrifizioengatik:
zure erre-opariak aurrean ditut beti.
Eskaini esker oneko oparia Jainkoari,
bete zeure promesak Goi-goikoari.
Dei egidazu larrialdian:
libratuko zaitut, eta zuk goretsi egingo nauzu..

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 4,18-25


Senideok: Abrahanek, itxaropenean oinarriturik, sinetsi egin zuen itxaropen guztien kontra, herri askoren aita izango zela; esan zitzaion bezala: “Hainbestekoa izango da zure ondorengoa”.
Eta bere sinesmenean ahuldu gabe iraun zuen, bere gorputza ordurako hila ikusten bazuen ere –ehun bat urte baitzituen–, eta Sararen sabela ere agorra. Jaungoikoaren agintzariaren aurrean, Abrahan ez zen sinesgogor izan; sinesmenean indartu egin zen, aintza emanik Jainkoari; bazekien eta Jaungoikoak baduela ahalmen, hitzemandakoa betetzeko. Hori zela eta, sinesmena aintzat hartu zitzaion zuzentasunerako.
Baina ‘aintzat hartu zitzaiola’, Liburu Santuak ez du hori harengatik bakarrik esaten, guregatik ere bai: guri ere aintzat hartuko zaigu, Jesu Kristo gure Jauna hilen artetik berpiztu zuen Harengan sinesten badugu: gure bekatuengatik emana izan bait zen, eta gure zuzentasunerako berpiztua.

ALELUIA Behartsuei Berri Ona ematera bidali nau Jaunak,


eta gatibuei askatasuna. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 9,9-13


Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergalari-mahaian eserita, eta esan zion:
- “Jarrai Neri”.
Eta Mateok, zutitu eta jarraitu egin zion.
Jesus mahaian zegoela Mateoren etxean, zergalari eta bekatari asko etorri zen, eta mahaian eseri ziren Jesusekin eta Honen ikasleekin. Farisearrek, hori ikusita, honela esan zieten ikasleei:
- ‘Zergatik jaten du zuen Maisuak zergalari eta bekatariekin?’
Jesusek, hori entzunik, esan zien:
- “Ondo daudenek ez, baino gaixo daudenek behar dute sendagile. Zoazte, bada, eta ikas zer esan nahi duen esaera hark: ‘Opariak ez, baino errukia nahi dut Nik’. Ez bait naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik”.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.