ABENDUKO III IGANDEA

A zikloa

Isaias profetaren liburutik 35,1-6a.10


Honela mintzo da Jauna:
Poztuko dira basamortua eta lur agorra,
alaituko basa-lurrak, eta lilia bezala loratuko,
loratuko eta poztuko dira irrintziz jauzika.
Libano bezain zoragarri
eta Karmel eta Sarion bezain eder bihurtuko dira,
ikusiko dute Jaunaren aintza,
gure Jainkoaren edertasuna.
Indar itzazue esku ahulduak,
sendotu belaun kolokak;
esan bihotz-beldurtiei:
‘Gora bihotzak! Ez izan beldurrik!
Badator Jaungoikoaren bendekua,
Jaungoikoren saria.
Bera etorriko da, eta salbatuko zaituzte’.
Orduan itsuen begiak irekiko dira,
eta gorren belarriak zabalduko.
Orduan errenak basauntzak bezala jauzi egingo du,
eta mutuaren mingainak oihu egingo pozez.
Jaunak salbatuak itzuliko dira handik,
Siona itzuliko dira pozez kantari:
aurretik, betiereko poza;
atzetik, poza eta alaitasuna.
Kezka eta negarrek ihes egingo dute.

ERANTZUN-SALMOA 145


SALBATZAILEA, ZATOZ LEHENBAITLEHEN!
ZURE ZAIN, JAUNA, GAUDE GU HEMEN.
Leiala da betiren beti,
ematen die eskubidea zapalduei,
ogia, gose direnei.
Atzilotuak Jaunak askatzen ditu,
itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
Konkor daudenak Jaunak ditu zutierazten,
zintzoak Jaunak ditu maitatzen.

Santiago Apostoluaren epistolatik 5,7-10


Senideok: Izan ezazue iraupen Jaunaren etorrera arte. Begira nola egoten den nekazaria, lurrak dakarren uzta ederraren zai, goizeuria eta beranteuria itxadoten dituela iraupenez. Izan ezazue, beraz, zuek ere iraupen; egon sendo, Jaunaren etorrera hurbil da-eta.
Senideok, ez izan elkarrentzat esparik eta kexarik, epaitu ez zaitzaten. Begira, epailea ate ondoan dago. Senideok, neke eta eramanpenetan, har itzazue ikasbide, Jaunaren izenean hitzegin zuten Profetak.

ALELUIA


Jaunaren Espiritua niregan dago,
behartsuei berri ona ematera bidali nau. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 11,2-11


Aldi hartan, Joanek gartzelan Kristoren egiteak entzunik,
bere bi ikasle bidali zizkion galdetzera:
- ‘Zu al zara etortzekoa, ala besteren baten zain egon behar dugu?’
Jesusek erantzun zien:
- “Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena: itsuek ikusten dute, eta elbarriak ba dabiltza; legenardunak garbi gelditzen dira, eta gorrek entzuten dute; hildakoak bizten dira, eta behartsuei berri ona hotsegiten zaie. Eta zorionekoak, Niregandik erorbide hartzen ez duena”.
Haiek aldegitean, Jesus Joanez mintzatzen hasi zitzaion jendeari: - “Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kainabera bat? Edo-ta zer ikustera atera zineten? Apain jantzitako gizonen bat? Apain jazten direnak, errege-jauregietan egoten dira. Zertara atera zineten, bada? Profetaren bat ikustera? Baietz diotsuet; eta profeta baino gehiago den bat. Horrentzat bait dago idatzirik:
Begira, hor bidaltzen dut Nik nire mezularia
zure aurretik, zuri bidea prestatzera.
Egi-egiaz diotsuet: Ez da sortu amaren semerik inor, Joan Bataiatzailea baino haundiagorik. Hala ere, zeruetako erreinuan txikiena, hura baino haundiago da”.


Homiliak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta:Igandetik igandera A urtea.Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

Senideok: ez al da benetan ederra Jainkoaren Hitzak aurrean margotu digun koadroa? A zer ikuskizuna! A zer aldaketa! Poesiaz eta liraintasunez jantzitako irudiz adierazi digu Isaias profetak Jainkoaren etorrerak sortuko duen salbamena! Jainkoak ez ditu gauzak lehenean uzten. Jainkoa igarotzen den tokian, dena sustraitik berritzen da!

Basamortua loretan pozten da. Esku ahulduak indartzen dira. Belaun kolokak erabat sendoturik sendatzen dira. Beldurra uxatzen da bihotz beldurtuetatik. Jainkoak erabat eta sakon-sakonetik aldatzen du bere herriaren zoria. Jainkoa dator eta inguruan herri berria sortzen zaio. Itsuek ikusten dute, gorrek entzuten, herrenek jauzi egiten eta mutuek hitzegiten, katigatuei askatasuna datorkie. Samina eta negarra zen oro, poz eta alaitasun bihurtzen da!

Seguru asko, behin eta berriz, bitan eta hirutan, irakurri behar genuke hau guztia, ea eskaintzen zaigun mundu berri hori egia izan daitekeela sinesten dugun. «Hori ezinezkoa da» esaten duzu. «Hori esatea da errazena», baina hori gaur gure artean gertatu? «Gu salbatzera, zatoz, Jauna» kantatuz, guk sinesten dugu Mesias Jaunaren Etorrerak gauzatuko digula hori dena. Horregatik, pozez entzun dugu Santiagok bigarren irakurgaian egin digun deia, esperantzarako eta pozetarako deia egin digu, «Jaunaren etorrera hurbil da eta».

Eta Jaunaren Etorreran, hau guztia egia bihurtzen da. Mundu berria gertatzen da. Isaiasek eman dizkigun ezaugarri horiek, mesiastasunaren eta Jainkoaren salbamenaren adierazgarri gertatzen dira. Jesusen Berri Onak argia dakar itsuentzat, garbitasuna legenardunentzat, entzumena gorrentzat, hildakoentzat piztuera, behartsuentzat notizia pozgarria. Jainkoak bidali duen Jesusengan iragarria zegoen mundu berria esnatu da eta gertatzen hasia da. Erreinua gure artera etorri da. Eta gaitzari barrutia badihoakio oinazpitik, ondartzako ondarra urak oinazpitik eramaten dizun bezala. Horixe da fededunok Abenduan eta Eguberritan ospatzen dugun askatasuna eta salbamena. Hauxe da gure festaren eta esperantzaren kantu isildu ezina.

Baina hau guztia ezin daiteke, inondik inora, hitz hutsetan geldi. Ezin dezakegu Jainkoaren Hitza gure sinestezinaren hedeez lotu. Ezin dezakegu Jainkoaren promesa gure arduragabekeriaz kateatuta utz. Eta, beraz, hitz honek galdera eta erremin gertatu behar du gure bihotzean. Adierazi zaigun aldaketa, hogeita batgarren honetarako da. Zer aldatuko da gaur nire bizitzan? Zer aldatuko da gure elkarteetan? Zer gure familian, gure ezkontzan, gure komentuan? Eman zaizkigun ezaugarriak barne-eraginez hornituak datoz eta ezaugarri horiek egintza, gertakizun, izan nahi lukete gaur guregan.

Beraz, gaur gure artean inork argi berririk begietaratzen ez badu, edo gure artean inork salbamen-soinu berririk entzuten ez badu, inork gure artean itxaropen berririk bihotzeratzen ez badu, hori ez litzateke Abenduaren eta Eguberriren ospaketa txukuna izango. Belaun ahulduak eta bihotz beldurtuak sendotuko dituen esku suspertzailerik sortzen ez bada gure elkartean, gure gizartean Berri Ona oihukatuko duen eztarri sendorik sortzen ez bada, hori ez da Abendua eta Eguberri ospatzeko kristau modua. Mesias Jaunaren Etorrerak inolako eragin adierazgarririk ez baldin badu, zertarako ospatzen dugu Jaunaren Etorrera?

Adizu, jarri zaitez nirekin batera pentsatzen: gaur, garai hartan Joan Bataiatzaileak bezala, norbaitek galdetuko baligu, zuen Kristo hori al da Etortzekoa edo oraindik beste norbaiten zain egon behar dugu?, ez al litzateke ederra izango guk erantzun ahal izatea: begira, mundu berria sortzen ari da, gaixoentzat bada esperantza, katiguentzat eta kartzelatuentzat bada askatasuna, gizarteak baztertutakoentzat bada nork besarkatua, gorrotoari bakeak jaten dio barrutia, pentsamoldeak ez dira gogorkeriaz behartzen, pertsonen duintasuna gero eta errespetatuagoa da, gizon-emakumeek zein baino zein elkar zerbitzatzen ari dira, jendea Jainkoak maitatua sentitzen da, behartsuenentzat salbamenaren notizia atergabe entzuten da gure kaleetan... ez al litzateke ederra izango?

Hala ere, beste gauza bat esaten utzi behar didazu. Esandako honekin ez nizuke burutazio estu eta larririk sortu nahi. Ez da pazientzia galtzearen kontua. Hemen presak eta larritasunak alfer-alferrik dira. Joan Bataitzaileak gertatzekoak ziren haizkorakadak eta gertaera nabarmenak iragarri zituen. Horiek ez zirela gertatzen eta urduri jarri zen. Zertan antzematen zitzaion, orduan, mesiasen etorrerari? Jesusek, gizakiaren barruko aldaketaren ezaugarriak jarri zizkion begi-aurrean, gordean gerta daitezkeen gertaera askatzaileak: tristeak pozten dira, bihotz ilunek ikusi egiten dute, berrionik entzuten ez zutenek orain entzun egiten dute, bekatariei irtenbidea eskaintzen zaie... Pazientzia galtzea alferrik da. Jakin dezagun geure barrua eta geure ingurua onez begiratzen. Izan dezagun pazientzia geurekin eta ingurukoekin. Jaunak ari duen lana suma dezagun. Aitortza eder baten bidez, has gaitezen gure bihotzean soinu eta gauza berriak entzuten eta ikusten. Has gaitezen, nekazariaren begirada itxaropentsuz, haziari sortu zaion landarea ikusten. Jauna ari da etortzen!

Bai, adiskidea, Eguberri indartsu datorkigu. Badator Jauna. Jainkoak dena berritu nahi du, denak poztu, denak sendatu. Bakoitzak ahalduguntxoa egiten badugu, Erreinua atzo baino gertuago izango da gaur. Gertuago eta gertatuago. Eta esaten badizut, gure ospaketa hau dela Eguberri? Bai. Eukaristia honetan aldatzaile eta berritzaile datorkigu Jauna. Egin diezaiogun tokia bihotzean. Eta segi dezagun esperantzaren hegoetan, gizarte berri baten lana burutzen. Animo!


Iñaki Beristain (2016-12-7)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 11, 2-11) Gaur ere Joan Bataiatzailea agertzen zaigu ebanjelioko pasadizoan. Mesias etorria zen ordurako, baina ez zuen ikusten Joanek, berak iragarritako aldaketa eta berrikuntzarik inon gertatzen ari zenik. Ez zion inolako tankerarik hartzen Mesias berritzailearen ekintza eta jardunari. Eta Mesiasi buruzko galdera egiten du. Jesus hura al da Mesias? Joanek ezin du irakurri inon mesiastasunaren presentziarik. Berak sinetsitako eta adierazitako eskemen barruan behintzat ez da ari gertatzen ezer berririk. Frustrazioaren galdera da. Engainatua sentitzen denaren galdera. Amets hustuen galdera.

Jesusen erantzuna garbia bezain txokagarria da. Mesias etorri da. Jainkoaren erregetza ari da gertatzen. Berrikuntza ari da bideratzen. Nazareteko Jesusen presen­tzia Jainkoaren eskaintza askatzailearen presentzia da. Baina, berrikuntza hori ez dator jendeak espero zuen bidetik eta modura. Ez dator, Joanek berak espero zuen modura eta bidetik ere. Mesiasek ekarri duen berrikuntza eta aldaketa ikusi nahi duenak beste toki batean eta beste era batera begiratzen ikasi behar du. Bestela ez ditu Erreinuaren ezaugarriak irakurriko.

Joanen eta Jesusen arteko galdera-erantzun hauek ez datozkigu batere gaizki gaur ere. Mesiasen etorrerari zertan antzeman diezaiokegu gaur bertan gizartean? Aldaketa handi eta ikusgarrien esperoan bizi gara beti. Gizarteko egituren berrikuntza kolpekoa espero eta nahi dugu. Eta gauzak guk uste bezala gertatzen ez badira, ez dugu ikusten ezer gertatzen ari denik. Erreinua etorri da, baina ez guk uste eta nahi bezala. Asmatu egin behar etorrera horren ezaugarriak irakurtzen!

Zeintzuk dira ezaugarriak? Bat: Erreinua barruan eta barrutik gertatzen da. Bi: Erreinuaren etorrerari epe luzera antzematen zaio. Hiru: Erreinuak bitarteko eta bide oso txikiak erabiltzen ditu. Lau: Erreinua bihotz apal eta pobreetan gertatzen da. Bost: Erreinua ez da agertzen gure amets idealistetan, gizakiaren errealitatean mamitzen da. Sei: Erreinuak bihotza askatu eta pozten du, esker ona sortuz. Zazpi: Erreinuak pertsona libreak eta maitaleak sortzen ditu. Zortzi: Erreinuak gizarte libre eta zuzenagoa egingo duten pertsona entregatuak sortzen ditu. Eta... eta...

Hori da kontua, ezaugarriak irakurtzen jakitea. Autobusari, pasatzen den tokian itxoin behar izaten zaio; ez pasa behar lukeela iruditzen zaigun tokian. Erreinua ere ez da gertatzen, gertatu behar omen lukeela irudi­tzen zaigun tokian, gertatzen den tokian baino. Erreinuaren hauek ez dira, ez, hitz hutsak! Erreinua irakur­tzeko, beraren ezaugarriak irakurtzen jakin behar. Hori da kontua!


Iñaki Beristain (2013-12-10)

(Igandeko ebanjelioa: Mt 11, 2-11)

Joan Bataiatzaileak zorrotz eta gordin hitz egin zigun joan zen igandeko hartan. Bazetorren berritasuna, bazetorren sua, bazetorren epaiaren ordu gordina. Ez geneukan nondik ihes eginik. Hitz indartsua eta bizia en­tzun genion orduan. Mesiasen etorrerak dena hankaz gora, dena atzekoz aurrera, jarri behar omen zuen. Gaur ere Joan Bataiatzailea agertzen zaigu ebanjelioko pasadizoan. Mesias etorria zen ordurako, baina ez zuen ikusten Joanek, berak iragarritako aldaketarik eta berrikuntzarik inon gertatzen ari zenik. Ez zion inolako tankerarik hartzen Mesias berritzailearen ekintza eta jardunari.

Eta Mesiasi buruzko galdera egiten du. Jesus hura al da Mesias? Besteren baten zain egon behar ote da? Zergatik ez dira betetzen esandakoak? Mesiasen etorrerarako prestatu zirenek ez ote zuten asmatu? Hitz batean, Joanek ezin du irakurri inon mesiastasunaren presentziarik. Berak sinetsitako eta adierazitako eskemen barruan behintzat ez da ari gertatzen ezer berririk. Frustrazioaren galdera da. Engainatua sentitzen denaren galdera. Amets hustuen galdera.

Jesusen erantzuna garbia bezain txokagarria da. Mesias etorri da. Jainkoaren erregetza ari da gertatzen. Berrikuntza ari da bideratzen. Sekulako aldaketa erein da gizartearen bihotzean. Nazareteko Jesusen presen­tzia Jainkoaren eskaintza askatzailearen presentzia da. Baina, berrikuntza hori ez dator jendeak espero zuen bidetik eta modura. Ez dator, Joanek berak espero zuen modura eta bidetik ere. Mesiasek ekarri duen berrikuntza eta aldaketa ikusi nahi duenak beste toki batean eta beste era batera begiratzen ikasi behar du. Bestela ez ditu Erreinuaren ezaugarriak irakurriko.

Joanen eta Jesusen arteko galdera-erantzun hauek ez datozkigu batere gaizki gaur ere. Mesiasen etorrerari zertan antzeman diezaiokegu gaur bertan gizartean? Inon ikusten al da askatasun-promesa gertatzen ari denik? Aipatzen dugun presentzia pozemailea ez ote da amets hutsa izan, hitz hutsa? Noiz eta nola gertatuko ote da Abedu santuak eskaintzen digun mundu berriaren ernetzea? Dena frustrazio ilunaren gandutan galduko ote da? Nora begiratu behar du gure esperantzak, ikusteko?

Aldaketa handi eta ikusgarrien esperoan bizi gara beti. Gizarteko egituren berrikuntza kolpekoa espero eta nahi dugu. Aldaketaren nondik-norakoak erabaki genituen guk, aspaldi erabaki ere. Eta gauzak guk uste bezala gertatzen ez badira, ez dugu ikusten ezer gertatzen ari denik. Erreinua etorri da, baina ez guk uste eta nahi bezala. Asmatu egin behar etorrera horren ezaugarriak irakurtzen! Jesusek Joani ematen dion erantzuna: zuk espero zenuen aldaketaren zain egon ordez, hobe duzu ezaugarriak irakurtzen ikasi!

Zeintzuk dira ezaugarriak? Bat: Erreinua barruan eta barrutik gertatzen da. Bi: Erreinuaren etorrerari epe luzera antzematen zaio. Hiru: Erreinuak bitarteko eta bide oso txikiak erabiltzen ditu. Lau: Erreinua bihotz apal eta pobreetan gertatzen da. Bost: Erreinua ez da agertzen gure amets idealistetan,  gizakiaren errealitatean mamitzen da. Sei: Erreinuak bihotza askatu eta pozten du, esker ona sortuz. Zazpi: Erreinuak pertsona libreak eta maitaleak sortzen ditu. Zortzi: Erreinuak gizarte libre eta zuzenagoa egingo duten pertsona entregatuak sortzen ditu. Eta... eta...

Hori da kontua, ezaugarriak irakurtzen jakitea. Autobusari, pasatzen den tokian itxoin behar izaten zaio; ez, pasa behar lukeela iruditzen zaigun tokian. Erreinua ere ez da gertatzen, gertatu behar omen lukeela irudi­tzen zaigun tokian, gertatzen den tokian baino. Erreinuaren hauek ez dira, ez, hitz hutsak! Erreinua irakur­tzeko, beraren ezaugarriak irakurtzen jakin behar. Hori da kontua!


Iñaki Beristain (2016-12-7)