URTEAN ZEHAR II IGANDEA
A zikloaIsaias profetaren liburutik 49,3.5-6
Jaunak honela esan zidan:
“Zu, Israel, nere morroi zara,
zugan dut gorespena”.
Orain honela mintzo da Jauna,
amaren sabeletik
bere serbitzurako deitu ninduena;
Jakob Beregana bihurtzeko
eta Israel biltzeko;
izan ere, halako ospea eman zidan Jaunak,
eta Jainkoa izan zen nere indar.
Eta hau esan dit:
“Oso gutxi da zu nire serbitzari izatea,
Jakoben leinuak eraikitzeko
eta gelditzen diren israeldarrak herriratzeko.
Atzerrien argi egiten zaitut,
nere salbamena
lurraren azken-mugaraino iritxi dadin”.
ERANTZUN-SALMOA 39
HEMEN NATOR NI, HEMEN, JAUNA,
EGIN DEZADAN ZUK ESANA.
Opari eta eskaintzarik ez duzu nahi izan,
baina belarriak ireki dizkidazu;
erre-opari eta hoben-oparirik ez duzu eskatu,
eta orduan esan dut nik: ‘hemen nauzu’.
Liburuan nitaz hau dago idatzia:
egin dezadala zure nahia.
Ene Jainko, gogozko zait hori,
eta bihotz-mamian daukat zure legea.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 1,1-3
Paulok, Jaungoikoak hala nahita Jesu Kristoren apostolu izateko deituak, eta Sostenes anaiak: Korinton dagoen Jaungoikoaren Elizari, Kristo Jaunagan santutuei, herri santu izatera deituei, Jesu Kristo gure Jaunaren –gure eta haien Jaunaren– izena toki guztietan aitortzen duten guztiei: grazia zuei eta bakea gure Aita Jaungoikoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
ALELUIA Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua.
Onartu zuten guztiei
Jaungoikoaren seme-alaba
izateko eskubidea eman zien. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1,29-34
Aldi hartan, ikusi zuen Joanek Jesus berarengana etortzen, eta esan zuen:
- ‘Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa, hona munduko bekatua kentzen duena. Honentzat esan nuen nik: Nire ondoren dator neri aurrea hartu didana, ni baino lehenagotik bait zen. Nik ez nuen ezagutzen; baina Bera Israeli ager zekion etorri nintzen ni, urez bataiatzen’.
Eta aitormen hau egin zuen Joanek:
- ‘Espiritua ikusi dut usoa bezala zerutik jaisten, eta Haren gainean gelditzen. Nik ez nuen ezagutzen; baina urez bataiatzera bidali ninduenak Berak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gainean gelditzen zaiola ikusten duzuna, Hura da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”. Bai, nik ikusi dut, eta aitortu ere aitortzen dut: Hau dela Jaungoikoaren Semea’.
Homiliak
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
Eguberriren oihartzuna izango balitz bezala, Jaunaren Agerkundean aurkitzen gara Joanek egiten duen aitorpen horretan. Jesu Kristo da gaur begiratzen eta barne-gozatzen duguna. Urtean zeharreko igandeetan, hurrengoetan, Mateoren eskutik, kristau-fedearen eta bizieraren alderdi asko aztertu eta jaso ahal izango ditugu. Baina gaur Jesusen pertsona dugu Jainkoaren hitzaren ardatz. Zer nolako izen kuriosoak eman zaizkion Jesusi gaurko irakurgaietan! Jainkoaren Zerbitzaria, atzerrien argia, Jaungoikoaren Bildotsa, Jaungoikoaren Semea... Kuriosoak esan dut, baina, onenean, izen adierazgarriak esan behar nuen, izan ere izen benetan esanguratsu eta mamitsuak baitira, kuriosoak baino gehiago. Joan zen igandean ere, Jaunaren Bataioa ospatzean, Jesusi Jainkoaren Zerbitzaria deitzen genion. Eta orduan bere eginkizuna betetzeko Espiritudun aitortzen genuena, gaur ere Espiritudun aitortzen du Joanek: «Espiritua ikusi dut haren gainean gelditzen». Gaur Jainkoaren nahia egiten ikusten dugun Jainkoaren Zerbitzari hau, molde bereziz azaltzen zaigu. Zerbitzariaren era apal horri, kolore berezia eransten zaio gaur: bildotsaren era, hain justu. «Jainkoaren Bildotsa» horrek juduentzat, bildotsaren irudiak alegia, azpi-sen berezia zuen. Egiptoko askatasun-unean beren ateak bildotsaren odolez margotu zituzten. Herri bezala biltzen zituen oparia, bildotsarena zen. Eta Isaiasek aurrez adierazten zuen Zerbitzaria, bildotsa harategira bezala, isilik eta menpeko joango zen, bere heriotzaz guztiona ezabatuz. Joan Bataitzaileak Jesusi Jainkoaren Bildotsa deitu zionean, esaldi horrek desafio gehiegi zuen entzun ziotenentzat. Akaso esan diezadakezu, gaurko gizon-emakumeontzat ez direla oso hizkera gertukoak suertatzen bildotsarena eta morroiarena eta... Baina, oraingoz utzi itzazu hizkerak alde batera, eta esadazu: Jainkoaren nahia egiterakoan Jesusek morroi bezala eta bildots bezala jokatzen duela esatean, hizkerak aparte, ez al duzu ulertzen zer esan nahi den?, zer estilo dagoen hitz horien barnean? Baietz uste dut. Jesusek bere izate guztia zerbitzura eman zuen, Erantzun-salmoan kantatu dugun bezalaxe: «Hona hemen ni, ene Jainko, zure gogoa egiteko». Eta zerbitzu horren muga bere buruaren heriotza izan zen. Aitaren nahia beste esplikaziorik ez zuen eskatu Jesusek, Bildots heriotzarakoak. Gogor egin zezakeen, arrazoirik ez zegoen egin ziotena egiteko, ahalmena ba ez zuen ba!? Jesusen pertsona barne-gozatzen ari garen une eskolatzaile honetan, hor daukazu datu bat: Bildotsa! Askatasuna dakar eta dager. Baina askatasuna hartzeko izanik ere, inolako gogorkeriarik ez, inolako derrigorketarik ez, inor behartu ezta pentsatu ere. Indarra, bere burua heriotzeraino ematearena! Arrazoia, ezer esan beharrik ez duen zerbitzu apalaren arrazoi ulergarria. Jesusek Espiritua zuen bere barnean, eta era horretan jokatzeko horixe behar!, Espiritua ugari! Jainkoaren Semea izaki, ez du beste era eta argumenturen beharrik, Bildots opalduaren argumentu ukaezina besterik. Esango al dugu? Jainkoak bakarrik onar dezake era honetako beherapen ikaragarria. Jainkoa izan behar horrenbeste zerbitzatzeko! Atera kontuak, entzule adiskide! Indarkeria ez du indartsuak erabiltzen, indarra beste arrazoirik ez daukanak baizik. «Horiek denak hitz politak, baina ezer egin nahi duenak indarra behar du, bestela ez dago eragintasunik». Horrela hitz egin du bateren batek. Jesusek, bere bildots-zerbitzuz, sekulako eginkizuna burutu du. «Oso gutxi da zu nire zerbitzari izatea. Atzerrien argi egiten zaitut, nire salbamena lurraren azken-mugaraino iritsi dadin». Horra betetzekoa eta Jesusek bete zuena. Aitak munduari opa dion askatasun betea, Jesus bildotsarengan bete da! Bildotsa ez baita pulamentu-gabekoaren irudia, bere bizia emateko libre denaren irudia baino. Eta bizia emateak indar asko du, bete beharrekoa betetzeko. «Lurraren azken-mugarainoko askatasuna» jarri zaigu guri ere eskuetan eta ezpainetan eta erraietan. Askotan, gehiegitan, Elizako ateak itxi egin ditugu. Gizon-emakume guztiak kabitzerainoko bihotz handi eta zabala eskatzen zaigu Jesusen jarraitzaile morroi-mirabeoi. Horrela bakarrik beteko dugu misioa, eginkizun askatzailea! Eginkizun askatzaile hori bere onean burutzeko, testiguak behar dira! Joan Bataiatzailearen antzera, «hona hemen» esango dutenak! Isaiasek, Paulok eta Joan Bataiatzaileak bezala Jesusen mezua aldarrikatuko dutenak. Sekulako ekintza builosoak egiten dituenen bat adierazi behar bagenu, tira! Edo berezikeriak egiten dituenen bat, hutsa! Baina, Zerbitzaria, Bildotsa, hiltzekoa! Bildots entregatu hone inguruan burutuko da Elizen batasuna. 18tik 25era bitartean, batasun hoir udugu amets eta asmo. Otoitzean Jesusen ingurura bildu nahi dugu denok, geure arteko ezberdintasunak ez, baizik Bildotsaren batasun maitasunezkora etor gaitezen. Orain Eukaristian, Jesus horrekin egiten dugu topo. Jesus bera da, bai, entregatua, zure bizi-beharraren morroi egina. Askatasuna dakarkizu oparo! Bera duzu bekatua kentzen duen egiazko Bildotsa. Errukitzen dakiena. Zure eguneroko bizitza eta jardunean aurrera egin nahi baduzu, eta horretarako nora begiratu ez baldin badakizu, entzun Joan Bataiatzaileari: «Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa!». Iñaki Beristain (2017-1-8)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Jn 1, 29-34) Asko idatzi da Jesusi buruz. Ez da izango beste pertsonairik ez beste gairik munduan, Jesusek baino burutazio eta gogoeta gehiago eragin duenik. Horrek garbi adierazten du nolako taupada bereziak sortarazi dituen Jesusek garai guztietako gizon eta emakumeengan. Nor da Jesus?, zer da Jesus?, izan da asko aztoratu dituen galdera. Zer dauka Jesusek? Zer dakar? Zer bizi-esperientzia biziarazten dizkio bere jarraitzaileari? Zer maitasun-bihozkada eragiten ditu?
Nor da Jesus? galderaren eskutik, asko eta asko iritsi dira Jesusekin topo egitera. Galdetzearen eta bilatzearen bidetik Jainkoak asko eraman ditu Jesus ezagutzera. Baina, kontuz: galdetzeak eta bilatzeak utz gaitzake ideien mailan. Izan ere, Jesusekin gertatu den gauzarik tristeenetakoa, hura ideia eta kontzeptu bihurtzea izan da. Azken batean, behin baino gehiagotan, Jesus eztabaidagai bihurtu dugu: ea batek zer esaten duen Jesusek bere buruaz zeukan kontzientziaz; ea besteak zer esaten duen Jesusen piztueraren gertaeraz; ea Jesus ezkondu ote zen ala ez... Eta erantzunen arabera, modernoagoa edo tradizionalagoa izango zara, hori inportantea izango balitz bezala.
«Nik ez nuen ezagutzen» esaten du igande honetako ebanjelioan Joanek, «baina Aitak esan zidan». «Nik ikusi egin dut». Ezagutu, ikusi: horiek dira esperientzia adierazten duten hitzak. Badakigu, Biblia osoan eta Ebanjelioetan bereziki, «ezagutu» hitzak ez duela buruko ariketa esan nahi, bihotzekoa baizik. Biblian bihotzez ezagutzen da, bat eginez ezagutzen da, «kontaktuan» ezagutzen da. Eta oraintxe ospatu dugun Eguberrik kontaktu horretara eraman gaitu, bihotzeko ariketara eraman gaitu.
Gaur egun gailentzen ari zaigun kulturan, kultura arrazionalista eta teknikoan, dena kontrolatuta eduki nahi dugu, dena aurreikusita, dena argituta. Dena dominatuta eduki nahi dugu. Baina, natura dominatzeko eta teknika bideratzeko erabiltzen ditugun baliabideek ez diote bihotzari eragiten eta ez dute itxaropenik eta maitasunik sortzen, ez diote giza jarduerari eta giza sufrimenduari sentidurik ematen. Ez dute konfiantzarik eragiten gizakion bihotz barruan.
Aski du batek bere bizitzan izan dituen esperientzia sakonenak gogoratzea. Ez dira ideia mailakoak izan. Ez dira pentsamolde batetik edo bestetik etorritakoak izan. Esperientzia sakonetan beti topaketa dago, aurrez aurre bat. Begiz begi, bihotzez bihotz, barruz barru: horrela gertatzen dira bizitzako une sakoneak. Eta esperientzia horiek eragin egiten digute, barrua aldatzen digute, biziarazi egiten gaituzte, konfintzaren atsedena sortzen dute, barrua poztu egiten dizute.
Gaurko gure fede-bizitzak ere, bere oinarrian, esperientzia behar du. «Ezagutzea» behar du, ez buruz, bihotzez baino. Teologi eztabaidak ongi daude esperientzia argitzeko direnean. Ideiak ongi daude topaketarako bidea erakusten dutenean. Eta egin beharreko galdera ez da ni modernoekin ala tradiziozalekin nagoen auzi batean; galdetu beharrekoa da Jesus bihotzera sartu al zaidan, Jesusekin barne-esperientziarik izan al dudan, Jesusekin topo egin al dudan.
Urtean zeharreko liturgi ibilbidean sartzean, oraindik ere Eguberriko osagai berberak dauzkagu Ebanjelioan. Joanek Jesus erakusten digu. Jesusen handitasuna azaltzen digu. Eta Jesus ezagutzera gonbidatzen gaitu. Hori bai, ezagutza horren sakonenean, goiko hitza dago: «Horrek bataiatuko zaituzte Espiritu Santuaz». Aitak, bere Espirituaz, barnean sortzen duen esperientzia horretan ikasten da jarraitzaile izaten, sentiduz bizitzen, Jesusengan uste ona jarriz lan egiten.
Non bilatzen dugu biziaren iturria: liburuetan ala begietan?
Iñaki Beristain (2014-1-17)
(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 29-34)
Eguberri, Epifania, Bataioa... Jesus ezagutzeko iturri onak izan ditugu. Nazareteko gizon egin den horrengan, Jainkoaren presentzia sumatu ahal izan dugu. Batez ere, Bataioaren bidez mesianismoaren ibilbidea azaldu digunean. Eta Jesusi begira, gauza asko dakizkigu jakin; eta esan ere, asko esan genezake. Baina, nor da Jesus? Jesus ez baita laborategian analizatu eta xehetu daitekeen zerbait. Jesus ez da, ikas daitezkeen datoez patrikaratu daitekeen zerbait.
Gaur bertan askotxorentzat Jesus, ezagutzen duten zerbait da. Sasoi batean “fededun” izan ziren. “Fededunari” zegozkion elizkizunak eta esperientziak egin zituzten, eta ustez badakite Jesusek zer ematen duen eta zer eman dezakeen. Badakite fedearen mundu ezagun horrek zer eskaintzen eta eskuratzen duen. Eta ez dute sentitzen sakontasun gehiagotan sartzeko premiarik. Fedearen mundu hori kontrolatua daukate. Eta, dena hitz batean esateko, horretatik ez dute ezertxo ere espero.
Beste batzuk, berriz, Jesus ezagutu dute eta beren bizitza guztia ezaguera horren inguruan bizi dute: elizkoiak dira, errezatzen dute, jokaera moldeatu baten arrastoan dabiltza... Eta hauek ere, beren jokaera birtuoso horren bidez, Jesus kontrolatua daukate. Dena harengandik espero dute, ez Hark ematen dielako, berek merezi dutelako baizik, hain baitira onak eta ematen zaien guztia merezi dute, zor zaie. Hauek beren bizitzako gauzak bideratzeko barne-adore gehiegirik ez baitute, Jesus patrikan daramate behar guztiak konpontzeko. Mukiak kentzeko musuzapia.
Baina, nor da Jesus? Jesus ez da ezagutu eta kontrola daitekeen zerbait. Ezin daiteke kontrola, ez ezagueraz ez birtutez. Jesus norbait da, nor bat. Eta nor oro, pertsona oro, abentura da, hitza barkatzen badidazu. Eta abentura esatean ez dut esan nahi, beti auskalo batean biziarazten gaituen norbait denik. Abentura hitz horrekin, harremana aipatu nahi nuen. Eta pertsonen arteko harremana, maitasunezkoa denean, kontrolaezina izan ohi da, ustekabeak sortzen dituen harremana, beti berria, sailkatuezina. Eta Jesus horrelakoxea da. Nor bizi eta bizigarria.
Gure izaera razionalistak zientzietarako balioko du, seguru asko. Izadia menperatzeko eta izadi-legeak bideratzeko balioko du, seguru asko. Baina, giza-bizitzarako ez du asko balio. Bizitzari sentidua emateko, sufrimendua argitzeko, harremanak berritu eta edertzeko, adiskidetasunerako, bakoitzaren historia batasunean josteko... horretan guztian ez dauka giza-razionaltasunak zer esanik eta zer eginik. Giza-mailako esperientziak ez dira kontrolatzekoak, zorionez! Eta horrek esan nahi du, giza-esperientzia abentura dela, beti ustekabekoa dela. Jeus ere horrela da!
Bai. Jesus nor den jakiteko, berarekin egon eta izatearen esperientzia egin beharra dago. Harengan mesias, salbatzailea, Jainkoa, ezagutzeko, usteonez harengana hurbildu beharra dago. Harreman maitasunezkoa da, afektiboa. Harreman pertsonala da. Abentura den aldetik, beldurra ere ematen du, ez baitakizu zer gerta daitekeen. Erreinuaren sustrai-sustraiko esperientzia egiteak bizitza osoa hankaz gora jartzen du. Eta gero eta ustekabekoago gertatzen da dena. Baina, horretan guztian Jesus ezagutzen duzu.
Jesus ezagutzen duzu edo, hobeto esanda, Jesus ezagutzen zoaz. Maite duzuna ez baitago betirako ezagutzerik. Elkar aurkitze eta elkar egite bete eta bizia sortzen da. Eta elkarrekin izan eta egitearen abentura bizi denean, ezagutza sakonenean sartzen zara. Jesusekin horrelaxe dira gauzak. Ederrak eta libreak. «Ez nuen ezagutzen... Ikusi dut». Ba al dakizu nor den Jesus?
Iñaki Beristain (2017-1-8)