URTEAN ZEHAR XXIX IGANDEA

A zikloa


Sarrerako antifona


Deika naukazu, Jainko, entzuten bait nauzu: aldera iezaidazu belarri hori, nere hitza entzun ezazu. Gorde nazazu begi-ninia bezala, zure hegalen itzalpeak ezkuta nazala.


Kolekta otoitza


Jainko ahalguztidun betierekoa,
egizu, Zuri eskainirik bizi gaitezela beti
eta bihotz leialez serbitza zaitzagula.
Zure Seme Jesu Kristo... AMEN.


Isaias profetaren liburutik 45,1.4-6


Honela mintzo zaio Jauna bere gantzutuari,
eskutik daraman Zirori,
honek menperatuko baititu atzerriak,
eta erregei gerriko armak kenduko dizkie;
ateak bere aurrean zabalduko zaizkio,
eta sarrerarik ez zaio itxiko;
“Jakob nere serbitzariarengatik,
Israel nere aukeratuarengatik,
zeure izenez deitu zaitut,
izen haundi bat eman dizut,
zuk Ni ezagutzen ez banauzu ere.
Ni naiz Jauna, eta ez da besterik;
ez da jainkorik, Ni baizik;
Nik jazten dizkizut gerriko armak,
zuk Ni ezagutzen ez banauzu ere;
eguzki-alde batetik besteraino jakin dezaten,
ez dela Ni besterik.
Ni naiz Jauna, eta ez da besterik”.


ERANTZUN-SALMOA 95


JAUNARI KANTA, ONA BAIT DA,
HAIN DU HAUNDIA BERE BETIKO ERRUKIA.
Kanta Jaunari kantu berri,
kanta, lur osoa, Jaunari.
Kanta Jaunari, bedeinka haren izena,
iragarri egunez egun Harengandiko salbamena.
Zabaldu Haren ospea atzerrietan,
Haren mirariak herri guztietan.
Jauretsazue Jauna jantzi gurenean,
ikara zaitezte, lurbira guztia, Haren aurrean.
Esazue atzerrietan: ‘Jauna errege da,
herriak zuzenbidez epaitzen ditu’.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 1, 1-5b


Paulo, Silbano eta Timoteok, Tesalonikan Jaungoiko Aitaren eta Jesu Kristo Jaunaren elizbatzarkide zaretenoi: grazia zuei eta bakea.
Jaungoikoari eskerrak ematen ari gara beti zuen guztiongatik, gure otoitzetan etengabe gogoan zaituztegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora ekartzen ditugu zuen sinesmen-egintzak, zuen maitasun-lanak eta itxaropenaren sendotasuna Jesu Kristo gure Jaunarengan.
Badakigu, senideok, Jaungoikoaren maiteok, Hark aukaratuak izan zaretela. Izan ere, hotsegin zitzaizuen Ebanjelioa ez zen hitz hutsetan gelditu zuengan; Espiritu Santuaren indar aberats bihurtu zen eta sinesmen sakon.


ALELUIA Izar argiak bezala agertzen zarete munduan,


bizitzaren zentzubidea emanez. ALELUIA!


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22,15-21


Aldi hartan, farisearrek batzarre egin zuten, Jesusi hitzetik nola helduko zioten; eta beren ikasleetako eta Herodesen aldeko batzuk bidali zizkioten. Hauek galdetu zioten:
- ‘Maisu, ba dakigu egizale zarela, eta Jaungoikoaren bidea egiaz erakusten duzula, inorengatik atzera egin gabe, ez bait duzu nor zein den begiratzen. Esaiguzu, beraz, zer deritzazu: zilegi al da Zesarri zerga ematea, ala ez?’
Jesusek, haien azpikeria ezaguturik, esan zien:
- “Itxurazale maltzurrak! Zer zabiltzate Ni zirikatzen? Erakustazue zerga-txanpona”.
Haiek denario bat ekarri zioten. Berak orduan:
- “Norenak dira, irudi hau eta idatzi hau?”
Eta haiek:
- ‘Zesarrenak’.
Jesusek orduan:
- “Emaiozue, bada, Zesarri Zesarrena, eta Jainkoari Jainkoarena”.



Homiliak

Betikoa izan da Jainkoa eta politika nahasteko tentazioa. Gizaldiak zehar, eta batez ere Erdiaroan, ahalegin sakon eta luzeak egin izan dira, Jainkoaren Erreinua politika-proiektu jakin batekin lotzeko.

Oraindik urte asko ez dela, askok ezagutu dugu, gertuagotik edo urrutiagotik, «nazional katolizismoa» bere jainkozko asmoekin. Eta era estaliagoan izanik ere, gaur oraindik bizirik jarraitzen du betiko tentazio teokratikoak. Alegia, Jainkoa eta Zesar elkarrekin nahastu nahi ditugula oraindik ere. Dirudienez, zenbait tokitan eta zenbait garaitan, baliozkoa gertatzen zaio zenbait alderdi politikori, Jainkoa bere alde duela esatea eta agertzea. Jainkoak oraindik ere botu bakarren bat ematen ote du?

Beste ertzeko tentazioa ere ez da batere txukuna. Politika deabrutzea. Politika deabruaren ekintza eta egintza bezala begiratzea. Politikagintza guztia gaitzetsi nahi dute bateren batzuek.

Zenbaitentzat, politikan sartzea boterearen borrokan sartzea da, eta horrek ustelkeria dakar berekin. Gure egunotan politika-giroan bizi dugun ustelkeria izugarria, politikaren berezko emaitza ikusten dute batzuek. Politikari berez darion fruitua. Horientzat ez dago politika txukunik.

Bien artean, fedea politika-militantziaren iturritzat ikusten dutenak daude. Fededun izateak, Jainkoarekiko harremana bizitzeaz gain, gizarte zuzenagoa eta bizigarriagoa egitea dela pentsatzen dute horiek.

Eta, beraz, fededunak politika egin behar duela esango dizute. Fedea ez baitute ikusten otoitz egiteko sentimen huts bezala. Fededun izateak eta Jainkoarekin harremanetan bizitzeak, Jainkoaren nahia munduratzeko ahaleginean lotzen ditu.

Badira, bai, politikan baldin badabiltza, fededun direlako dabiltzanak. Fedearen eskakizunez izan ez balitz, ez ziren sekula politika-borroka horretan sartuko.

Eta esan behar da, gai honetan ez dagoela neutrala izaterik. Askotan esaten dugu: «Ni apolitikoa naiz». Beharbada, ez naiz egongo erakunde zehatz batean afiliatua; ez naiz sindikatu baten kide izango. Baina, nahi edo ez nahi, politika egiten ari gara botua ematen dugunean edo eman nahi ez dugunean, geure iritziak azaltzen ditugunean, gure herriko gertakizunak hizketatzen ditugunean; lantegiko arazoez mintzo garenean; edo, otoitz egitean, munduko gosetuen eta baztertuen alde eskatzen dugunean, munduarentzako bakea eskatzen dugunean, politika egiten ari gara.

Jesusek «Jainkoari Jainkoarena eta Zesari Zesarena» emateko esan zigun. Jainkoa ez nahasteko gure asmo eta erakundeetan. Jainkoa geure interesetara ez tolestatzeko. Era askotako politika egin daiteke, Jainko berarengan sinetsiz. Eta ezin dezake inork Jainkoa bere alderdira makurtu. Jainkoak, nahi den politika-aukera erabil dezake bere asmoak aurrera ateratzeko. Ikusi bestela lehenengo irakurgian Ziro paganoaren buruz esandakoa.

Fededunak argi ibili behar du bere aukera egiterakoan. Bereizi egin behar du une bakoitzean. Ebanjelioko asmoak aurrera ateratzeko zein ote da politika-aukerarik egokiena? Eta zintzotasunez egin aukera.

Izan ere, badira ezaugarri batzuk fedearekin eta Ebanjelioarekin hobeto uztartzen direnak. Hala nola, behartsuen eta baztertuen aldeko politika-eskaintza askoz hobeto dator Jesusen asmoarekin, agintekeria edo intereskeria edo botere-borroka soila baino. Horrek eskatzen du, eguneroko bizitza eta gizarteko errealitatea fedetik irakurtzen ikasi eta jakitea.

Eta horretarako, fededunak bere begiak irekirik eta oso zabal irekirik eraman behar ditu. Fededuna ezin daiteke jendearen bizigiroa alde batera utzita bizi. Gizon-emakumeei gertatzen zaien orok oso gertutik erasaten dio fededunaren bizitzari.

Eta fededunak, gizon-emakumeentzat onena irizten dionari eman behar dio bere botua. Kristauak ere politika egiten du eta egin behar du!

Ezin dezakegu ahaztu Jainkoari zor gatzaizkiola, Jainkoarenak gara.


Iñaki Beristain (2014-10-4)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 22, 15-21)

Gaurko ebanjelio-zatiak askotarako eman du. Eliza eta gizartea nahasteko, banatzeko, lotzeko, gerturatzeko, urruntzeko... «Zesari Zesarena eta Jainkoari Jainkoarena» esaldi erabilia ez ezik, maltratatua ere izan da. Eta egia da alde askotatik azter daitekeela esaldi horren edukia. Gaurko honetan, nik gizartearen eta Elizaren arteko harremana aztertu nahi nuke, irizpide batzuk azaltzeko baikere, eta atal honek jartzen dizkigun mugen barruan.

Gaur arazo bihurtu da gizartearen eta Elizaren arteko harremana. Harremana baino gehiago, beharbada, harreman horrek nolakoa izan behar duen. Garai luzeetan gizartea Elizaren aginduetara egon izan da, gizartea emantzipatu den arte. Eta Elizak gizarteko alor guztietan sartzeko eskubidea izan du. Baina, gaur gizartea asaldatu egin zaio Elizari, eta ikaragarri urrutiratu, etsai bihurtzeraino. Gizartearen aldetik badira harremana onean ulertzen ez dutenak eta Elizaren aldetik ere bai.

Borroka horren adierazgarri hor daude erlijio-klasea, hiritartasunari buruzko ikasgai berria, abortoa, eutanasia eta beste errealitate batzuei buruzko legeak, eliz erakundearen finantziazioa... Zenbaitentzat gatazkatsua gertatzen ari da gizartearen autonomia. Zenbaitek oraindik lotura gehiegi sumatzen du bien artean. Zenbaitek irabazitzat jotzen du banatzea, beste zenbaitek galeratzat jotzen duen bitartean. Baina, txarrena, seguru asko, zera da: zenbait eliztarrek ez duela gaur egungo gizarte autonomo honetan ebanjelizaziorako lekurik ikusten. Ez dute asmatzen atzoko gizartean erabiltzen ziren moldeetatik molde berrietara pasatzen.

«Gizarteari gizartearena, Elizari Elizarena» esango luke batek baino gehiagok gustura. Hartara, Eliza eta erlijioa kontzientziaren alor pribatura erretiratzen dituzte. Eta ez lukete gizartean zer eginik izango. Baina, fededunak bizi duen esperientzia ez du bere kolkorako bakarrik. Jesusek gizartera bidali gaitu, han Berri Ona iragartzera. Jesusek ez digu esan nolako girotan egin behar dugun lan. Enkargua hor dago, gaur atzo bezain bizirik eta indarrean.

Elizaren aldetik, gizartearen autonomia errespetatu beharrekoa izateaz gain, uste dut mesederako dela. Gauzak ez nahastea oso balio positiboa dela. Gizarteak bere bizitza antola dezakeela, eta antolatu behar duela. Eta horretan Elizak ez duela eskurik sartu behar erakunde bezala. Hori esanda, beste gauza bat ere esan behar dugu: fededuna gizarteko kide da eta gizarteko lanetan dabil. Beraz, gizarteko kide bezala, parte har dezake eta parte hartu behar du gizartearen antolakuntzan. Eta parte-hartze horretan fededun bezala jokatuko du, fededunari dagokion balio-eskema edukiko baitu.

Fededun gizon edo emakumeak, bere gizartean aritze horretan eta bere Jainkoarena izatean, arazoak izan ditzake. Baina, beti argi eduki behar du non dabilen eta zertan dabilen. Ahalegin guztia egingo du, bere fedetik, giza balioen aldeko borroka saiatua egiten. Ahalegin guztia egingo du giza balioen maila horretan kristau ez direnekin bat etortzen. Bai baita gizartearekin ados etor gaitezkeen maila, gizatasunaren maila. Eta hor ahaleginez saiatzea izan daiteke gaur egin dezakegun ekarpenik ederrenetakoa.

Bere fedean gustuko ez dituen gauzak irentsi beharko ditu kristau laikoak. Batzuetan amore eman beharko du, besteetan eginahala sendoagoa egiteko. Une bakoitzean egin ditzakeenetan zer den baliozkoena neurtzen jakin beharko du. Ez du izan behar asaldatzailea edo borrokalaria edo indarkeri zalea. Proposatu egin behar du eta ez inposatu; eskaini eta ez derrigortu; gertu egon eta ez zatiketa sortu. Legamiaren parabola ez genukeela ahaztu behar iruditzen zait: zenbaitetan egin dezakeguna oso gutxi izango da; baina egin ahal dena asko izan daiteke, asko da.

Txarrena eta kaltegarriena, nire iritziko, Zesar eta Jainkoa nahastea, berdintzea. Zesari Zesarena eta Jainkoari Jainkoarena!


Iñaki Beristain (2014-10-1)