URTEAN ZEHAR V IGANDEA
A zikloaIsaias profetaren liburutik 58,7-10
Honela mintzo da Jauna:
Eman zure ogitik, gose denari;
etxean hartu, aterperik gabeko behartsuak;
jantzi bilutsik dagoena,
eta ez bazterrera utzi zure hurkoa.
Orduan zure argia
egun-sentia bezala zabalduko da,
eta zure osasuna berehala erneko;
aurretik joango zaizu zuzentasuna,
eta ondotik Jaunaren aintza.
Orduan zuk hotsegin, eta Jaunak erantzungo dizu;
zuk deiadar egin, eta Harek honela erantzungo:
“Hemen naukazu”.
Uztarria, jotzeko keinuak eta asmo txarrak
zure ingurutik aldentzen ba dituzu,
gose denari zure ogitik ematen badiozu,
eta behartsuari jaten,
zure argia ilunpetan zabalduko da,
eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko.
ERANTZUN-SALMOA 111
JAUNA DUT ARGI ETA SALBAMEN.
Zintzoentzat ilunpetan argia bezala sortzen da:
onbera da, errukitsua eta zuzena.
Zorionekoa, errukitu eta eman egiten duen gizona,
bere gauzak zuzen atontzen dituena.
Sendo dauka bihotza, beldurrik gabe,
zabaltzen die eta ematen behartsuei;
beti irautekoa da haren eskuzabala,
ospez jaikiko da haren ahalmena.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 2,1-5
Senideok: Zuen artera joan nintzenean, ez nintzaizuen joan Jaungoikoaren aitormena hitz eder eta jakintsuz hotsegitera. Izan ere, ezer ez nuen nik zuen artean jakin nahi izan, Jesu Kristo besterik, eta hau ere gurutziltzatua.
Eta ni zuen aurrean argal, beldurti eta ikara haundiz agertu nintzen. Nere hitza eta erakusbidea ez zen hitz ederren jakinduriazkoa izan; Espiritu-indarraren agerpidez baizik; zuen sinesmena Jaungoikoaren indarrean oinarritua izan dadin, eta ez giza-jakindurian.
ALELUIA Ni naiz munduaren argia, –dio Jaunak–;
nere ondoren datorrenak izango du bizirako argia. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5,13-16
Aldi hartan honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Zuek zarete lurraren gatza: Eta gatza gezatzen bada, zerekin gazituko da? Kanpora botatzeko eta oinpean zapaltzeko bestetarako ez da.
Zuek zarete munduaren argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen herria. Argia ere bizten denean, ez da lakaripean ipintzen, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egin diezaien. Bego biztuta zuen argia ere gizonen aurrean, zuen egite onak ikus ditzaten, eta zeruetan dagoen zuen Aita gores dezaten”:
Homiliak
Gaurko Ebanjelio-zatiak zoriontasunen mezu handia molde txikian bizitzera ekarri gaitu. Munduaren argi izatea dugu eginkizun, baina gatzaren jokalegez, barrutik gozatuz, urtuz. Maitasunaren egintza txiki eta hurbilekoak piztu dezake Ebanjelioaren argia nonahi.
«Zuek zarete munduaren argia». Ebanjelioa ez zaigu eman, bakarka eta gordean bizitzeko. Eman zaiguna zabaldu egin behar dugu. Jainkoak bere maitasunaren ederrez poztu nahi du mundua, mundu osoa. Gizon-emakume bakoitzaren bokazioa zoriona da, joan zen igandean ikusi genuen bezala.
Argi egin, bai! Baina, argi egin entzuten dugunean, berehala bonbilak pizten hasten gara. Iruditzen zaigu argi egiteko, jendea argitara behartu egin behar dela. Jesusek ez digu esan iluna behartzeko, baizik geuk argi egiteko.
Nola egin argi, ordea? Jesusek ederki esan digu: «egintza onen bidez». Eta egintza horiek zeintzuk eta nolakoak diren, lehenengo irakurgaiak zehaztu digu nahi adina: maitasunezko egintza onak! Goseak dagoenarekin ogia banatzea, aterperik ez duenari ateak irekitzea, biluzik doana janztea. Indarkeria baztertzea, amenazuak uztea... Pobreen aldeko maitasun-egintza hauek pizten dute Jesusen argia gizartean. Jaunaren zuzentasuna erakusten duten egintzok, argia pizten dute gizartean eta norberarengan ere bai. Gure bizitza berritu eta ondu egiten da.
Jesusek hau ere esplikatu digu, gure egintza onak nola egin behar ditugun, alegia. Hori nola egin adierazteko zer jarriko eredu, eta gatza jarri ez digu ba! Gatzak urtuz gozatzen du. Deseginez erakusten du bere indar guztia. Horixe jarri digu Jesusek gure kristau-egintzen eredu. Gatzarena egin behar dugu, urtuz gozatu. Gatzak ez du indarrik, urtzen ez den bitartean. Urtzen denean erakusten du bere kalitatea.
Gu handizaleak gara, hori horrela da. Gauzak berehala eta geure estilora aldatu nahi izaten ditugu. Batez ere, besteen gauzak. Eta kristau izatea ere, eragintasunaren indarretik neurtzen dugu askotan. Eta kristau bizitza koherentzi sistema bihurtzen dugu, giza-bizitzaren arazoei argi erantzuteko. Eta kristau-bizitza maitasunaren kalitateak ematen du, ezerk ematekotan.
Gatzaren estiloko jokaera batzuk aipatzea nahi al duzu? Esate baterako, beren bizitzan eta maitasunean sor daitezkeen arazoak isilean konpondu eta etxeko bizitza gozatzen dakiten senar-emazteak, seme-alabentzako giroa gozatu nahi dutelako. Erizaina, bere profesionaltasunaren gainetik, hurbiltasuna eta kariñoa eskainiz, gaixotasuna gizatasunez gozatzen dakiena. Gure sukaldeetako hainbeste ahalegin isil eta txiki, etxeko bizitza gozoago egiteko. Kalean eskain dezakezun agur pozgarria, hitz sotil bat, jesto koskor bat... barruko bihotza erakutsiz. Lantegian buelo handiegirik gabe eskain dezakezun laguntzatxoa, hango biziera pixka bat gozatuz. Beharrean dagoenaren ondoan pasa eta, zeure kontzientzia lasaitzeko limosna bat ematea baino zerbait gehiago egiten duena: bihotza eskaini! Besteen kontzientzia errespetatzen dakiena, kosta ahala kosta. Inor askok ikusiko ez dituen egintzak izango dira. Baina horrela gozatzen da gizartea. Eta horrela jokatzea da gure estiloa.
Hauek denak esanda, seguru asko ederki asko ulertzen duzu zer den gatza izatea, argi egitea. Zeure burua txikia eta balio gutxikoa sentitzen duzula? Zeinek esan behar zuen, bonbila txiki batek areto zabala argi dezakeenik? A ba, hori horrela da. Gainera ez ezazu ahaztu San Paulok esan dizuna: hitz handiek eta jakinduria dirdaitsuek ez dute ezertarako balio hemen. Ahul eta izuturik etorri zen, Jesus gurutziltzatuaren mezua ezpainetan zuela. Eta Jainkoaren indarra hortxe azaldu zen.
Galdera bat: gure gatzak indarrean al du bere pulamentua? Bai? Ba utz dezagun gizarteko putzuan egunero, eta ura gazituko da, ura gozatuko da. Eta ez zaitez gehiagoz kezka. Eta gatza nondik hartu? Esate baterako, oraintxe Eukaristiaren ospakizunetik.
Iñaki Beristain (2017-2-1)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Mt 5, 13-16)
Fedeari bizitza gozatzea eskatuko litzaioke, eta hori eskatzen diogu. Giza bizitzari sentiduaren gozotasuna eman diezaiola, alegia. Fededun izan omen den askori hori omen da gertatu zaiona: fedeak ez diola bere giza bizitzarako ezer pozgarririk eta gozagarririk eskaintzen; eta horregatik utzi omen dute. Gazitasuna galdu duen gatza, gezatu den gatza, gozatzeko balio ez duen gatza, bota egiten da elferrikako gauzen memoria galduan. Kristau-fedeari hori ari zaio gertatzen gure gizarte geza honetan.
«Zuek zarete lurraren gatza». Horixe dugu eginkizun eta bokazio, gizartea gazitu eta gozatzea. Gizarteari bizi-sentidua txertatzea. Jesusen Berri Onaren zorion-bidez zorion-aukerak eskaintzea gizon-emakume guztiei, bestelako zorion-aukerarik ez dutenei bereziki. Eta nahi dena esango da, baina gaur jende asko dago bazterretan zorion-eske, askatasun-eske, bizitzeko pozaren eske, egiten dutenaren eta sufritzen dutenaren sentidua nork emango eske eta zain.
Eta fededunok ez gara gaurko gizartean bizi-ilusioa sortzeko kapaz. Askotan geure bizitzarako lain gatz ere ez daukagu. Eta geure bizitza gozatzeko balio ez diguna zer-nolako sinesgarritasunez eskain diezaiekegu besteei? Geure eliz elkartearen barruan bizitasuna eta nobedadea sortzeko gai ez bagara, zer eraman dezakegu kanpora? Gatza gezatu egin zaigu eta ezin giza bideak gozatu, horixe!
Baina, bada beste gauza bat kontuan hartu beharrekoa. Gatzak bere gazitasuna eta gozotasuna indarrean edukita ere, era bakar batean goza dezake janaria, urtuz. Urtuz, bai; ez bestela. Gatzak ez ditu bazterrak gozatuko, kanpotik aholku onak emanez. Eta gaur Elizari gertatzen ari zaion gauzarik txarrena, ez dela giza bizitzaren barruan urtzen. Ez daukala gizartearen arazoekin konplizitaterik. Kanpotik begiratzen diola gizarteari. Eta, era horretan, nekez gozatuko du gaurko gizartea.
Gaurko mundua zauritzen duen injustizia ikaragarrria, pobreen zoria gero eta pobreagotzen duen jokamolde liberal amorratua, gizartearen barruan kasta zokoratuak pilatzen dituen biziera gezurti eta pestosoa... hori guztia konplizitatez salatzen ez duen Elizak bota ditzake nahi dituen diskurtso eta hitz-jardun guztiak; baina ez du gizartea gozatuko. Bere doktrina soziala ederra izango du, irakaspen zoragarriak banatuko ditu han-hemen... Ez alferrik!
Eta arazo pertsonaletara etorriz, pertsonen biziera sufritua gozatu behar ez badu, zertarako da Eliza? Doktrinak mantentzeko? Homosexualen lotsakizuna, sidadunen begirada itsua, etorkizunik ez duten zaharren isiltasun hila, ezkontza eskuetan lehertu zaien bananduen egoera etsia, tratu txarrez duintasunaren ezpalak galtzen ari diren emakumeen bakardadea, kartzeletan torturaz pertsona kakaztua sentitzen dutenen ezintasuna... egoera horiek gozatzeko gatzik ez badu, zertarako ditu Elizak bere doktrina guztiak? Doktrina guztien gatza gezitua leukake, giza zori tristea gozatzen ez badaki.
«Zuek zarete lurraren gatza» esan digu Jesusek. Badakigu! Giza bizitzan urtuz gozatzen du gazitasuna mantentzen duen gatzak. Bestela, berriz, gure gatza gezatu dela erakutsiko du. Eta gezatu den gatzak etorkizunik eta konponbiderik ez du. Bota eta kitto!
Jesusen Berri Onak, ordea, badu gizartea gozatzeko bokazioa. Gure bihotza irekiko ahal diogu eta gazitasuna indarrean duen gatz gozagarriaren eraginera itzuliko ahal gara! Gazi-gozo-geza-giza!
Iñaki Beristain (2014-2-4)
(Igandeko ebanjelioa: Mt 5, 13-16)
Fedeari bizitza gozatzea eskatuko litzaioke, eta hori eskatzen diogu. Giza bizitzari sentiduaren gozotasuna eman diezaiola, alegia. Giza bizitza gozatzeko balio ez duen sinesmena, zertarako beharko genuke? Fededun izan omen den askori hori omen da gertatu zaiona: fedeak ez diola bere giza bizitzarako ezer pozgarririk eta gozagarririk eskaintzen; eta horregatik utzi omen dute. Gazitasuna galdu duen gatza, gezatu den gatza, gozatzeko balio ez duen gatza, bota egiten da elferrikako gauzen memoria galduan. Kristau-fedeari hori ari zaio gertatzen gure gizarte geza honetan.
«Zuek zarete lurraren gatza». Horixe dugu eginkizun eta bokazio, gizartea gazitu eta gozatzea. Gizarteari bizi-sentidua txertatzea. Gizatasunaren gorabeherak argitu eta pozteko aukerak eskaintzea. Jesusen Berri Onaren zorion-bidez zorion-aukerak eskaintzea gizon-emakume guztiei, bestelako zorion-aukerarik ez dutenei bereziki. Eta nahi dena esango da, baina gaur jende asko dago bazterretan zorion-eske, askatasun-eske, bizitzeko pozaren eske, egiten dutenaren eta sufritzen dutenaren sentidua nork emango eske eta zain.
Eta fededunok ez gara gaurko gizartean bizi-ilusioa sortzeko kapaz. Askotan geure bizitzarako lain gatz ere ez daukagu. Eta geure bizitza gozatzeko balio ez diguna zer-nolako sinesgarritasunez eskain diezaiekegu besteei? Geure eliz elkartearen barruan bizitasuna eta nobedadea sortzeko gai ez bagara, zer eraman dezakegu kanpora? Gatza gezatu egin zaigu eta ezin giza bideak gozatu, horixe!
Baina, bada beste gauza bat kontuan hartu beharrekoa. Gatzak bere gazitasuna eta gozotasuna indarrean edukita ere, era bakar batean goza dezake janaria, urtuz. Urtuz, bai; ez bestela. Gatzak ez ditu bazterrak gozatuko, kanpotik aholku onak emanez. Eta gaur Elizari gertatzen ari zaion gauzarik txarrena, ez dela giza bizitzaren barruan urtzen. Ez daukala gizartearen arazoekin konplizitaterik. Kanpotik begiratzen diola gizarteari. Eta, era horretan, nekez gozatuko du gaurko gizartea.
Gaurko gerra-giroa, gaurko mundua zauritzen duen injustizia ikaragarrria, pobreen zoria gero eta pobreagotzen duen jokamolde liberal amorratua, gizartearen barruan kasta zokoratuak pilatzen dituen biziera gezurti eta pestosoa... hori guztia konplizitatez salatzen ez duen Elizak bota ditzake nahi dituen diskurtso eta hitz-jardun guztiak; baina ez du gizartea gozatuko. Bere doktrina soziala ederra izango du, irakaspen zoragarriak banatuko ditu han-hemen... Ez alferrik!
Eta arazo pertsonaletara etorriz, pertsonen biziera sufritua gozatu behar ez badu, zertarako da Eliza? Doktrinak mantentzeko? Homosexualen lotsakizuna, sidadunen begirada itsua, etorkizunik ez duten zaharren isiltasun hila, ezkontza eskuetan lehertu zaien bananduen egoera etsia, tratu txarrez duintasunaren ezpalak galtzen ari diren emakumeen bakardadea, kartzeletan torturaz pertsona kakaztua sentitzen dutenen ezintasuna... egoera horiek gozatzeko gatzik ez badu, zertarako ditu Elizak bere doktrina guztiak? Doktrina guztien gatza gezitua leukake, giza zori tristea gozatzen ez badaki.
«Zuek zarete lurraren gatza» esan digu Jesusek. Badakigu! Giza bizitzan urtuz gozatzen du gazitasuna mantentzen duen gatzak.
Bestela, berriz, gure gatza gezatu dela erakutsiko du. Eta gezatu den gatzak etorkizunik eta konponbiderik ez du. Bota eta kitto! Jesusen Berri Onak, ordea, badu gizartea gozatzeko bokazioa. Gure bihotza irekiko ahal diogu eta gazitasuna indarrean duen gatz gozagarriaren eraginera itzuliko ahal gara! Gazi-gozo-geza-giza!
Iñaki Beristain (2017-2-1)