URTEAN ZEHAR XXXI IGANDEA

A zikloa


Malakias profetaren liburutik 1,14b-2,2a.8-10


Ni naiz Errege Haundia –dio diren guztien Jaunak–,
eta nire izena beldurgarria da herrialdeetan.
Orain, apaizok, zuentzako da agindu hau:
Ez baduzue entzun nahi, eta ez baduzue ajolarik
nire izenari aintza emateko,
–dio diren guztien Jaunak–,
nere madarikapena bidaliko dut zuen gainera.
Atera egin zarete bidetik,
eta oztopo eginarazi diozue askori Legean;
hautsi egin duzue Lebiren elkartea,
–dio diren guztien Jaunak–.
Horregatik iguingarri egingo zaituztet eta zirtzil
herri guztiaren aurrean,
zuek nere bideei eutsi ez diezuelako,
eta Legeari buruz alderdikeriak egin dituzuelako,
nor zein den begiratuz.
Ez al dugu guztiok Aita bera?
Ez al gaitu Jaun berak egin?
Zergatik dabiltza, beraz, gizonak elkar saltzen,
gure gurasoen elkargoa lohituz?”


ERANTZUN-SALMOA 130


EZ EGON, JAUNA, NIGANDIK URRUN;
ZUREA NAUZU, ZATOZKIT LAGUN.
Jauna, nere bihotz hau ez dago harro,
begiak ez dauzkat behar baino gorago.
Ez nabil gauza handien atzetik,
ni baino gorago dauden harrigarrien atzetik.
Ostera, bil-bil egin naiz neuregan,
arimaren bakean,
haurtxoa bezala amaren altzoan;
haurtxoa bezala baita nere arima nere baitan.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 2,7b-9.13


Senideok: Apal agertu ginen zuen artean, bere haurrak maiteki zaintzen dituen ama bezala. Zuen maitez, ez Ebanjelioa bakarrik, baita geure bizia ere zuei emateko prest geunden; hainbesteraino maite zintuztegun. Gogoan izan gure neke eta ahaleginak: zuetako inorentzat astun ez izateagtik, gau eta egun lan eginez adierazi genizuen Jaungoikoaren berri ona.
Gu ere, Jaungoikoari beti eskerrak ematen ari gara; bere hitza gure ahotik hartu zenutenean, ez bait zenuten gizonen hitza bezala hartu, baizik-eta egiaz denez, Jainkoaren hitza bezala, zuengan –sinesten duzuenongan– ari dena.


ALELUIA Bakarra da zuen Aita: zerukoa;


eta bakarra zuen zuzendaria: Kristo. ALELUIA!


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 23,1-12


Aldi hartan, Jesus honela mintzatu zitzaien gizataldeari eta bere ikasleei:
- “Idazlariak eta farisearrak Moisesen maisu-aulkian eseri dira. Egizue, beraz, eta bete, haiek esandako guztia; baina ez egin, haiek egiten dutenik; esan, esaten bait dute; baina egin ez.
Zama astun eta eraman-ezin halakoak egiten dituzte, eta besteren bizkarrean jarri; beraiek, ordea, behatz batez ere heldu ez. Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; uhal-zirrinda luzeak erabiltzen dituzte, eta soinekoetan galartzu zabalak. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreneko aulkiak nahi izaten dituzte, eta enparantzetan agurrak; eta jendeak ‘maisu’ deitzea.
Zuek, ordea, ez utzi inori ‘maisu’ izenik zuei ematen; bakarra bait da zuen maisua, eta zuek guztiok elkarren senide zarete. Eta zuen artean ez eman inori ‘aita’ izenik lur gainean; bakarra bait da zuen Aita: zerukoa. Ez eman zeuen buruari ‘zuzendari’ izenik; bakarra bait da zuen zuzendaria: Kristo. Zuetan haundiena dena, izan bedi zuen serbitzari. Bere burua goratzen duena, beheratua izango da; eta bere burua beheratzen duena, goratua”.



Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.



Beti bidean, beti bila

(Ebanjelioa: Lk 12, 35-40) 

Azaroaren biak gure senide hildakoen akordura ekarri ohi gaitu. Santu Guztien festaburuarekin estu lotua datorren oroipena da gure hildakoena. Gaur egun bata bestearekin nahastu ere egiten du zenbaitek. Bistan dena da, Santu Guztien festaburua kanposatuak bisitatu eta hilobiak dotoretzeko erabiltzen dela. Ez baitzaizkigu hemen maite izan ditugun gure senide eta adiskideak bihotzetik itzaltzen.

Maitasunaren lokarriak heriotzaz gaindi irauten du, zorionez! Eta, maitasun horren arrazoiagatik, ondo egiten dugu gure hildakoak gogoratzea. Ondo egiten dugu haien alde otoitz egitea. Ondo, baita ere, gure kariñoa haien hilobietaraino eramatea.

Ezer kritikatzekorik baldin bada, eta bada!, hilobien inguruan sortu dugun lehia da. Kontsumoaren atzaparrak honetan ere harrapatu gaitu, eta auskalo zer gastu egiten diren hilobietarako lorak eta gainontzeko apaingarriak erosten! Ez dakigu nonbait gauzak xume eta dotore egiten. Gauzak dotoretzeko, oparotasuna eta handikeria behar izango balitz bezala.

Esaten da, maitasunaren neurriko gastua egiten duela bakoitzak. Hala balitz! Baina uste dut norgehiagokaren tirabirak ematen duela gastuaren neurria. Hark hau, nik doble. Bizitzaren alde eta alor guztietan gertatzen ari zaigun kontua da. Penagarria, baina hala da! Gure gizarte honek neurriak berreskuratu behar ez baditu, uste dut etorkizun oso iluna datorkigula. Baina hori beste kontua da.

Gaur adierazi nahi nuena, zenbaitetan denoi bihotza eta burua hartzen digun sentimendua da: hil egin behar dugula. Eta adinean aurrera egin ahala, guzti-guztia heriotzaren aztarrenak erakusten ari zaigu. Gorpu­tzak bere sendotasuna galtzen du, zimurrak, indarrik eza, gaixotasunak... Gaztetan aukera zena, zahartu ahala muga bihurtzen doakigu. Eta muga horiek gero eta gertuago ikusten dira. Eta muga horien aurrean, ihesbide diren galderak egiten hasten gara: ba al da ezer hil ondoren?, zer eta nolakoa?, noiz eta nola?, non dago eta nork demostratzen du?

Beste behin, giza esperientzien askatasuna kateatu egin nahi genuke geure kontrolez. Batek hemengo bizitza neurri batean kontrolatzen duen bezala, mundu honetako etorkizuna dirutan kontrolatzen den bezala, gerokoa ere hala kontrolatu nahi genuke. Baina hori ez da posible. Hiltzearen esperientzia seguru daukagu, egunero geure inguruan ikusten dugun bezala. Eta atzo eta gaur besteei gertatu zaiena, bihar edo etzi guri gertatuko zaigu.

Eta zer egin, kontrolatu ezin eta hain ziurra den esperientzia etetzaile horrekin? Gaurko igandean, hildakoen oroipena egitean, konfiantzarako deia egiten zaigu. Hiltzeak Jainkoaren eskuetan jartzen gaituela, guk besterik ezinda. Eta konfiantza horretatik bakarrik argi daiteke hiltzearen esperientzia iluna.

Gure giza bizitzaren atal ezin kendua da hiltzea, biziaren atala da. Eta bere bizia era libre eta gizatiarrean bizi nahi duenak, bide bakarra dauka, heriotza integratzea. Eta konfiantza da integrazio horren baliabide bakarra. Jainkoaren ontasunean sinesten dugunok, gure bizitza haren esku uzten dugu eta heriotza ostekoa ere bai. Izan ere badakigu, hemen bere maitasun neurrigabea erakutsi digunak ez gaituela gero ere eskutik utziko. Heriotzak ez diola maitasunari gainik hartuko. Eta heriotzak ezingo duela dena moztu; gauza asko moztuko ditu, giza harremanak moztean; baina maitasunak lotzen duena ezin dezake ezerk eta inork askatu eta moztu.

Hori horrela ikusten du gure fedeak. Egin behar duguna da, konfiantza landu eta konfiantza horretatik begiratu gure senide hildakoei eta geure bizitzari. Hil egin behar dugu eta!


Iñaki Beristain (2014-10-28)