ABENDUKO IV IGANDEA
A zikloaIsaias profetaren liburutik 7,10-14
Egun haietan, Jaunak honela hitzegin zion Akaz-i:
- “Eska iezaiozu Jaunari, zure Jaungoikoari, ezaugarri bat zuretzat, nahiz lurraren barrenean, nahiz zeruen goienean”.
Eta Akazek:
- ‘Ez diot eskatuko, ez dut tentatuko Jauna’.
Orduan Isaiasek:
-“Entzun, Dabiden etxe: Gutxi derizkiozue gizonentzat aspergarri izateari? Jaungoikoarentzat ere aspergarri izan behar al duzue? Horregatik, Jaunak berak emango dizue ezaugarria. Begira, birjina haurdun dago, eta semea izango du; Emmanuel ipiniko dio izen, hau da: ‘Jaungoikoa gurekin’”.
ERANTZUN-SALMOA 23
JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU,
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Jaunaren mendira nor igoko?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena,
huskerietara jotzen ez duena.
Holakoak hartuko du bedeinkapena Jaunagandik,
zuzentasuna, salbatzaile duen Jainkoagandik.
Hau da Haren bila dabiltzanen taldea,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabiltzanena.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 1,1-7
Paulo, Jesu Kristoren serbitzaria, apostolu izateko deitua, Jaungoikoaren Ebanjeliorako bereizia; Ebanjelio hori Liburu Santuetan Profeten ahoz agindua zegoen, eta Jaungoikoaren Semeari dagokio, Jesu Kristo gure Jaunari: haragiz Dabidengandik jaioa, eta Espiritu Santuak Jaungoikoaren Seme ezarria; ahalmen guztiak hartu ditu Honek, hilen artetik biztu denez gero.
Harengandik hartu genuen guk grazia hau eta eginkizun hau: jentil guztiak sinemenera ekartzea, Haren izenaren aintzarako; haietakoak zarete zuek ere, Jesu Kristok deituak.
Grazia, beraz, eta bakea zuei, Jaungoiko gure Aitarengandik eta Jesu Kristo gure Jaunarengandik, Erroman zaudeten Jaungoikoaren maite guztioi, bere herri santuko izatera deituoi.
ALELUIA
Begira, Birjinak sabelean sortu eta semea izango du, eta Emmanuel ezarriko diote izen, hau da: ‘Jainkoa-gurekin’. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 1,18-24
Jesu Kristoren jaiotza honela gertatu zen: Jesusen ama Maria, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoelarik, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun aurkitu zen Espiritu Santuaren egitez. Haren senar Josek, gizon zintzoa bait zen, eta ez bait zuen bere emaztea salatu nahi, isilka utzi eta joatea erabaki zuen. Baina, asmo hori gogoan zerabilkiela, Jaungoikoaren aingerua ametsetan azaldu zitzaion, eta esan zion:
- “Dabiden seme, Jose: ez izan beldurrik, Maria, zure emaztea, etxean hartzeko, sabelean daraman haurra, Espiritu Santuarengandik bait dator. Semea izango du, eta zuk ‘Jesus’ ezarriko diozu izen, Horrek salbatuko bait du bere herria bekatuetatik”.
Guzti hau gertatu zen, Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin: Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du, eta ‘Emmanuel’ ezarriko diote izen, hau da: ‘Jainkoa-gurekin’.
Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen, eta bere etxean hartu zuen emaztea.
Homiliak
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
Adiskideok: gure Abenduari festaren poza nabaritzen zaio. Eguberri festa gertuan sentitzen dugu, eta badakigu, dagoeneko, Jainkoak ez digula hutsean utziko gure esperantzaren prestaera eta lana. Jainkoa zintzoa da. Jainkoak ez du huts egiten. Eguberri dugu zintzotasun horren neurria.
Ez dakit, esateko, zuri zer nolako aho-gustua utzi dizun gaurko Jainkoaren Hitzak. Niri utzi didan dejea honela bilduko nizuke: Jainkoa zintzoa da. Eta, zintzotasun horren eskutik egin du Jainkoak historia guztia. Giza-historia guztia Jainkoaren zintzotasunak blai uzten du barrutik. Atergabe agertu dizkigu Jainkoak bere zintzotasun hurbilekoaren ezaugarriak.
Akazen jokaerari inolako tankerarik hartu al diozu? Akazek nahiago du giza segurantza, Jainkoarengan oinarritzea baino. Asiriarren indar ikusgarriari seguruago irizten dio, Jainkoaren hurbileko indarrari baino. Errespetu handiko erlijiotasunez jantzi nahi du bere sinetsi nahi-eza, baina ez alferrik! Alde guztietatik ikusten zaio jokalege horri bere asmo ziztrina. Ez du sinesten Jainkoa herriaren alde eta herriaren erdian dagoenik. Jainko horrek salba dezakeenik ezin du onartu. Eta ez sinesteko, nahiago du ezaugarririk ez ikusi ere.
Jainkoa, ordea, ez da errenditzen giza jokabide makur honen aurrean. Gizakia gaizto prantatzen bazaio ere, Jainkoak zintzotasunaren neurri berriak erakusten ditu. Eta gizon-emakumeon jokabide gaiztotu hori, bere zintzotasunaren poderioz makurtuko du. Eta guk, ez sinestearren nahi ez ditugun ezaugarriak, nahi baino argiago jarriko dizkigu begi-bistan.
Eta eguberri dugu ezaugarri. Jainkoaren Semea bera dugu ezaugarri. Jesus da Jainkoak ematen digun ezaugarria. Jesusengan Jainkoa bera gureganatuko zaigu. Eta Jesusengan salbatuko gaitu. Horrela, Jainkoak erakutsiko du bere agintzaria ez zela hutsa edo gezurrezkoa. Giza-esperantza isildu-ezina ere ez zela hutsaren esperantza. Jainkoa zintzoa da bere promesa betetzen. Eta zintzoa da giza bihotzaren barnean sortu duen esperentza betetasunez asetzen. Jainkoa zintzoa da.
Baina ez pentsa Jainkoa zintzoa dela esateak guretzat probetxuzkorik ezer gutxi duenik gero! Jainkoaren zintzotasuna guretzat salbamen gertatu baita. Eta ez nolanahiko salbamen, adiskidea! Goiko salbamen, Jainkozko salbamen! Horregatik gizakiak ez du Jesusen etorreran atzaparrik sartu behar. Jainkoak berak emango digu bere zintzotasunaren fruitu, gure salbamena. Mariarengan erakusten zaigun salbazio-fruitua ez da gurea, ez da gizakiona, ez da Joserena. Espiritu Santuarena da. Gurea izan balitz, ez baikintuen salbatuko. Eta, nahiz eta gurea ez izan, guretzat da. Guri eman zaigu. Eta gaur, Abendua burutzean, pozik asko esan genezake salbatuak gaudela, Jainkoa gurekin dagoela, ez gaudela geure gisara eskutik utzita. Akazek sinetsi nahi izan ez zuena, guretzat ukatu ezinezko egia bihurtu zaigu: Jainkoa gure erdian dago gu salbatzen eta gu laguntzen.
Begira iezaiezu Paulori edo Mariari edo Joseri (hirurak agertzen zaizkigu gaurkoan fededun eta). Joserena aztertzekoa da benetan: Bere barruan a zer nolako borroka bizi izan zuen! Profetak irakurriz, otoitz eginez, Jainkoari entzunez, sinetsi zuen, ordea, gertatzen ari zen horretan Jainkoa zebilela. «Jainkoak agindu bezala egin zuen». Sinetsi zuelako. Eta Jainkoak eskuartean jarri ziona, Jainko berberaren fruitua izan zen. Zalantza, beldur, ilunpe eta barne-korapilo franko argitu eta konpondu behar izan zuen. Argitu eta konpondu sinesmenean. Hortxe dugu eredu bikain askoa. Jainkoa gurekin al dago? Gure zalantzak. Bizitzari oinarriak jarri behar zaizkionean, poza nahi dugunean... non oinarritu?
Josek eta Abenduko laugarren igande honek sinesmenerako dei larria egiten digute. Sinesmenetik kanpo jotako kolpeak eta ahaleginak ez dizute ezer onik sortuko. Sinesmenetik dator gure bekatua kentzen duena. Gure barrua garbitzen diguna. Salbazioz janzten gaituena. Gaur otoitz berezia egin behar genuke: ez diezagula ihes egin Eguberriko graziak. Barrutik poztu gaitzala espero dugunaren pozak. Ez gaitezela azalean geratu. Eguberriren edertasunak harrapa gaitzala, gure asmo on eta txarrak sortzen diren barruenetik.
Oraindik ere Abenduan gaude. Eta Mariaren eta Joseren bihotz-zabaltasun hori nahi dugu eskuratu. Haiek jaso zuten fruitu goikoa nahi dugu jaso. Gutxiagorekin konformatzea ez baita zilegi Abenduan. Eta, sinetsiz, badakigu San Paulok esan duena gertatuko zaigula: "Grazia eta bakea zuei, Jainko gure Aitagandik eta Jesu Kristo gure Jaunagandik, Jainkoaren maite guztioi, bere herri santuko izatera deituoi".
Gaur Caritas erakundeari laguntza eskaintzeko eguna ere badugu. Pobreen Eguberri poztea dagokigu. Geuretzat Eguberri alaia nahi izatekotan, besteei poza ematen ikasi behar dugu. Zure Eguberrik pobreena pozten ez badu, ez duzu zure etxean Eguberri izango. Seguru!
Zabal ditzagun, bai, gure bihotzak. Eman hegoak esperantzari. Isuri Eguberriko ur bizia Abenduko egarri sakonari. Jainkoa gurekin daukagu. Gabiltzan bakean. Jesus eman zaigu, hau da, Salbatzailea, Askatzailea. Ez dezagun izan beldurrik. Espiritu Santuaren egintzaren testigu gara.
Hori guztia gertatzera doa gure Eukaristia honetan. Gaizki esan dut, ez baita gurea. Jainkoarena da. Mariaren Semea Jainkoarena den bezala, Eukaristia hau ere Jainkoarena da. Jainkoak bere Semea eman diezagula, bera gurekin dagoela jakinik lasai eta pozik bizi gaitezen.
Iñaki Beristain (2016-12-12)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mt 1, 18-24) Kaleko argiak, argi guztiak, kolore guztietakoak, piztu dizkigute. Kaleko argi horiek eskaintzen duten kontsumokeria salbazioa omen da. Beste zerbaiten faltan, erosi egin behar da, gastatu, kontsumitu, gozatu. Bizitzari, gehiegitan ate eta leihorik gabe aurkitzen den bizitza horri, irtenbideak eskaini behar zaizkio, ihesbideak. Bestela, bizitzaren pisu astunak bizitza bera ito egiten digu. Eta ‘salbaziozko’ mezu eta eskaintza argitsuak dauzkagu han eta hemen, handik eta hemendik. ‘Salbazioa’ bizitzako laztasunari ihes egitea da, egun batzuez baikere. Gero bizitzak berak ekarriko gaitu berriro betiko pisu horren azpira, han errendi gaitezen.
‘Salbatzaile’ asko dabil suelto, ‘salbazio’ gehitxo. Ardo eta uxualezkoa ez bada ere, ihesaren mozkorra eskaintzen zaigu, bizitzaren gordintasunari leihoak irekitzeko. Ihes egin, gauza bereziak eginez. Ihes egin, egunero ez dauzkagun gozabideak aprobetxatuz. Ihes egin, jan-edanez. Ihes egin, algara eta barre handiz. Ihes egin, gozokeriaz. Eta zer? Horiek bizitza libratzen ez badigute, errua ez da gauza bereziena edo gozabideena edo jan-edanena edo barrearena. Ez. Arazoa «ihesarena» da. Ihes egiteak ez baitu bizitza barrutik libratzen. Errealitatea setatia da eta gainean jartzen zaigu beti.
«Jesus ipiniko diozu izen, berak salbatuko baitu bere herria». Eguberrik sasi-salbazioen gezurra salatzen du. Frustrazio-iturri diren dei dotoreen ezereza adierazten du. Eguberrik beste ‘Salbatzaile’ bat aurkezten digu: Belengo estalpe pobrean jaiotzen den haur pobrea. Inork argirik piztu bazezakeen, Jainkoak piztu zezakeen. Eta ez du piztu. Izar txiki eta argi-ilunezko bat piztu du. Eta izar horrek Belengo estalpera garamatza. Eta han, sekula pentsatuko ez genukeen mezua hots egiten digu: «Hona salbatzailea». Eta haur txiki eta ahul bat ikustean, gure eskema eta chip-ak aldatu beharrean gara. Aldatu nahi ez duenak eta mesianismo handien zain dagoenak, ez du Eguberri ulertuko, ez gozatuko.
Salbatzaile hau ez dator tronpeta jotzen. Isiltasun sakona behar da haur txiki honen askatasun-ahotsa entzuteko. Gure buila eta desditxek ez digute egiazko salbazioa entzuten uzten. Bakoitzak atera bitza kontuak. Norbaitek oraindik ere salbazioa «Corte Ingles»eko eskaparateari espero baldin badio, presta dadila tristurarako. Ihesari irtenbidea espero baldin badio, errealitateak zapalduko du azpian. Belenen emakume pobre baten beso gorrietan ikusten dugun haur txikiak dakar «salbazioa». Gure bizitza eta gure bakegintza argitzeko ez ditugu behar ‘herriaren salbatzaileak’, Jesus baizik, «herriaren Salbatzailea».
Iñaki Beristain (2013-12-19)
(Igandeko ebanjelioa: Mt 1, 18-24)
Han-hemenka galdezka hasiko bazina, zer izan zitekeen azken aldiotako notiziarik edo gertaerarik onena, askok erantzungo lizuke loteria tokatzea izan zitekeela notiziarik onena. Eta gehienek, noski, dezepzio tristez esango lizukete hori, ez baitzaie loteriarik tokatu, ez zaie gerta zitekeen gertaera onena gertatu. Eta pena da, notizia onak opa baitizkio batek edonori. Loteria-mutturren bat tokatu zaionak, ordea, eta askotxo tokatu zaionak zer esanik ez!, alaitasun-aurpegiz esango lizuke suertea izan duela, espero zuen loteria zorion-emalea eskuetara etorri baitzaio. Zorion horrelakoari! Eta tokatu ez zaien gehienei, berriz, zer esango diet, ba? Osasuna da hemen inportantea! Egia esateko, osasuna ez da loteria-egunean adina sekula estimatzen!
Niri loteria tokatu zait, eta asko gainera! Diruzkorik ez nuen espero, ez neukalako espero izateko biderik ere! Abendu eder bateko esperantza ostean, gaur neure eskuz ukitzen dut espero nuen zoriona. Oso bide bereziz etorri zait suertea. Baina, etorri zait, eta pozik nago! Zer loteria eta otxokuarto ari naizen galdetuko duzu, ez da? Ba begira: bakoitzak espero duen on hari deitzen dio loteria. Zuk 22ko loteria espero al zenuen? Nik ez. Abenduan zehar eskatu eta eskatu jardun, eta datorkigun Jesusen irrikarik eta egarririk ez al zenuen? Nik bai! Eta gaur, behatz-puntaz Eguberri ukitzen dugun une honetan, suertedun sentitzeko poza daukat. Abendu guztiko esperantza mamitzera doan uneko edertasun paregabe eta gozoa bizi dut. Eta zer nahi duzu esatea? Hori loteria da, loteriarik baldin bada!
Jar zaitez, nahi baduzu, pentsatzen. Zer eman diezazuke diruak? Gauza asko. Eta gauzek zer? Erosotasuna, eta beste batzuk adina edo beste batzuk baino gehiago izatea? Eta horrek zer? Besteak baino gehiago edukiz eta izanez, zeure buruari begiratu eta zer esan behar diozu? Zeure barrua libreago sentituko al duzu? Zeure burua maitatuagoa? Zeure etorkizuna zorionez jantziko al zaizu? Harreman sakon eta askatzailerik sortu al dizu sekula diruak? Badakit gauza on asko eman dezakeela diruak. Baina zeure barruaren mugak eta ezinak konpontzen ez badizkizu, diruak ez dizu bizi-zorionik emango. Eta, adiskidea, bizi-zorionik ez izatekotan...
Jesusek zer eman diezadaken? Ai, ez dakizu asko! Mugak hautsi, barrukoak batik-bat. Mugak hautsiz, libre sentitu, barrutik batik-bat. Libre sentituz, izaten hasi, bizitzen hasi, zorionez bizitzen hasi, barrutik batik-bat. Neure barne-historiaren hariak berriro ere korapilatu, etenik gabe osotasunean bizitzeko. Etorkizuna argitu, gaurkoa poztuz. Eta etorkizunaren leihoak zabalik eramateak, gauzak gozatzera eramaten zaitu. Azkenerako ikasi egiten baita: gauzak gozatzeko oso libre izan behar da.
Era berezian dator loteria hau, egia esateko. Gaurko Ebanjelioa irakurtzen baduzu, zorion honen etorbideak oso bereziak dira. Jende askok ez du honetaz ezer jakin nahi. Nahiago du bestelakoen bila eta zain bizi. Bakoitzak bere bizi-aukerak egiten baititu. Eta bakoitzak geure aukeren ondorioak bizi ditugu. «Jainkoa gurekin» sentitzea loteria ordaingaitza da, ordaindu ezina. Mariarengan gertatu ziren gertaera kontrolaezin haiek loteria ikusgarri baten bide gertatu dira. Joseren zalantzak eta beldurrak, gutako bakoitzaren zalantza eta beldurrak dira. Gauzak nola ongi bideratu? Gauzek nola gertatu behar dute? Zoriona nondik eta nola? Bide bereziotan zehar egunero datorkigun Jesus Mesias hori datorkigu loteriazko bisitan.
Sentitzen dut, eta benetan, 22ko loteria tokatu ez zaiela eta, penaz daudenengatik. Sentitzen dut, diru-loteria tokatu ez zaielako, osasun onaren loteriaz mintzatu beharra daukatenengatik. Sentitzen dut, benetan sentitzen dut! Pena da, seguru tokatzen den loteria jokatzen ez jakitea! Bada beti ateratzen den zenbakia: Eguberritakoa! Niri loteria tokatu zait! Eta pozik nago!
Iñaki Beristain (2016-12-12)